Auzoetarako Bisita Gidatuen Programaren Hirugarren Edizioak Deustu, Zorrotza, Indautxu, Atxuri Eta Errekaldeberriko Historia Eta Ondarea Ezagutaraziko Ditu
Total Page:16
File Type:pdf, Size:1020Kb
AUZOETARAKO BISITA GIDATUEN PROGRAMAREN HIRUGARREN EDIZIOAK DEUSTU, ZORROTZA, INDAUTXU, ATXURI ETA ERREKALDEBERRIKO HISTORIA ETA ONDAREA EZAGUTARAZIKO DITU Orain arte ia 6.000 pertsonak parte hartu dute Bilboko Udaleko Kultura eta Euskara Sailak bultzatutako ekimen honetan Doako 200 bisita baino gehiago egingo dira maiatzetik urrira bitartean, eta izena emateko nahikoa da 94 435 60 36 telefonora deitzea, 9:00etatik 13:00etara “Bilbo: hil bakoitzean, auzo bat” programa Uriko ondarea ezagutarazteko eratu den Bilbao Izan deritzon ekimenaren baitan antolatu da, paisaia, hirigintza, arkitektura edo historia bezalako alorren gaineko ezaguerak sustatzeko asmoz Bilboko Udaleko Kultura eta Euskara Sailak sustatzen duen “Bilbo: hil bakoitzean, auzo bat” izenburuko bisita gidatuen programak hirugarren edizioa hasiko du maiatzaren 3an Deustuko “errepublika zaharrean” barna antolatutako ibilaldi batez. Programa urriaren hondar aldean amaituko da. Bost hilabete hauetan, abuztuko oporraldiari dagokion etena tarteko, Uriko historia eta ondareaz interesatuta daudenek Zorrotza, Indautxu, Atxuri eta Errekaldeberri barrutietako historia txikian murgiltzeko aukera izango dute. Duela bi urte Bilbao Izan programaren baitan abiarazi zen ekimen honek arrakasta nabaria lortu du herritarren artean. Orain arte, ia 6.000 pertsonak parte hartu dute bisita programa honetan, horien erdiak lehen edizioan (Zorrotzaurre, Sarriko-San Ignazio, Zazpi Kaleak eta Begoña ezagutzeko bisitaldietan), eta beste horrenbeste bigarrenean (Bilbo Zaharra, Santutxu, Begoñaibarra-Castaños, Abandoko Zabalgunea eta Olabeagan zehar). Ibilaldiak oinez egiten dira, dohainik eta gidari baten laguntzaz, eta interesatuek izena eman eta ikustaldia euskaraz ala erdaraz egin nahi duten azaldu besterik ez dute egin behar. Taldeak 20 lagunekoak izango dira gehien jota eta ordutegi desberdinak egongo dira eguenetan, barikuetan eta zapatuetan, hiru egun hauexetan antolatuko baitira programatutako bisitaldiak. Ibilaldiak maiatzean (Deustu), ekainean (Zorrotza), uztailean (Indautxu), irailean (Atxuri) eta urrian (Errekaldeberri) egingo dira, guztira 203 bisitaldi aurrikusi direlarik. Informazio gehiago lortu eta erreserbak egiteko 94 435 60 36 telefonora deitu behar da, 09:00etatik 13:00etara bitartean. Deustu izango da “Bilbo: hil bakoitzean, auzo bat” programaren hirugarren edizio honen abiapuntua, eta maiatz osoan, “antigualeko Errepublika” hau izango da bisitarien bilgunea. Tomateak ospetsu egin duen auzo honetako ibilaldia Pio XII.a Plazan hasiko da, Artxandako tunelerako sarbidearen ondoan kokatuta dauden bi dorreen aldamenean. Deustuko Zubia, Unibertsitatea, trenbidea, Done Betiriko plaza eta eliza, Bidarte osasun-etxea (oraingo Udaltegia) eta San Felizisimo eta Salestarren tenpluak dira ibilaldi honetako zenbait geraleku, elizate zahar honetako hirigintza baldintzatu duten beste industri eta etxebizitza-eraikin batzuekin batera. Bisitan zehar, Deusturen jatorria eta Bilborekin bat egin arte izan zuen bilakaera historikoa aztertuko dira, bai eta bertako biztanleen bizimodua markatu zuten jarduera ekonomiko eta sozialak ere. Hil bakoitzean, auzo bat Ekainean, Zorrotza auzoaren historia eta gaur egungo ezaugarriak aztertuko dira. Horri esker jakingo dugu triangelu itxurako penintsula zorrotz batean duen kokapen bereziak —hortik dator, hain zuzen ere, auzoaren izena— bertako jarduera ekonomikoak eta itsasgintza eta industrian jarduteko bokazioa markatu dituela. Udan sartuta, uztailean, Indautxu auzoaren historia ezagutzeko aukera izango dugu, jatorriz baserritarra, baina 1981etik aurrera, Abandok Bilborekin bat egin zuenez geroztik alegia, aristokraten bizileku bihurtu eta XX. mendearen hasieran txalet, jauregi eta lorategi erromantikoz beteta zegoena. Gerora, etxebizitza-eraikinen ugaltzeak —batzuk interes handikoak dira— errotik aldarazi zuen auzoaren itxura. Abuztuko oporraldiaren ostean, irailean, Bilboko sarreraren ondoan garatu zen Atxuri auzoaren txanda iritsiko da. Trazaketa irregularra duen arren, bertan, historia eta zerbitzu handiko eraikin ikusgarriak topa daitezke, hala nola, Gizakunde komentua, barruan Eliz- Barrutiko Museoa duena; Europako ospitale-eraikinik aurreratuena izan zena, Atxuriko tren-geltokia edota eskolak, besteak beste. Azkenik, bisita gidatuen hirugarren edizio honi amaiera emanez, urrian, Errekalde auzoaren historia —hasieran Zugastinobia eta Artazu esaten zioten— ezagutu ahal izango dugu. Eraikin ahulez osatutako lehen populaketaren haritik, gaur egungo auzo jendetsu eta bizizalea sortu zen. Ibilaldi honek historia berri eta erakargarria duen esparru hau ezagutzeko aukera emango digu. “Bilbo: hil bakoitzean, auzo bat” programak Uria berrezagutu eta bertako ondarearen alderdirik ezezagunenak erakusteko aukera eskaintzen du, hiria ezagutzeko modu berri bat bihurtu delarik. Ekimena Bilbao Izan kultur hedapenerako programaren barruan mamitu da, eta Uriaren aberastasun artistiko eta arkitektonikoa ezagutzera ematea du helburu, bai eta materiaz gaindiko ondarea ere, kale eta auzoen historia eta Bilboko seme-alabarik argitsuenen obraren ezagutza. Bilbao Izan Udaleko Kultura eta Euskara Sailak bultzatutako ekimena da, eta denetariko jarduerak hartuko ditu bere baitan, hala nola, hitzaldiak, erakusketak, argitalpenak eta abar. Bilbon, 2007ko apirilak 30 UDALA · AYUNTAMIENTO Prentsa Kabinetea – Gabinete de Prensa E. Erkoreka Plaza, z/b 48007 Bilbao Tfn: 94 420 52 15 / 94 420 59 92 Faxa: 94 420 52 16 H. elek: [email protected] www.bilbao.net .