Euskal Nazionalismoa Eta Hezkuntza Publikoa: Ikastolen Publifikazioa
Jakintza-arloa: Hezkuntza.Soziologia Euskal nazionalismoa eta hezkuntza publikoa: ikastolen publifikazioa Egilea: TXOLI MATEOS GONZALEZ Urtea: 1999 Zuzendaria: JULEN ZÁBALO Unibertsitatea: UPV/EHU ISBN: 978-84-8438-162-4 Hitzaurrea Doktore tesi honek Euskal Autonomia Erkidegoan 1993an ebatzi zen Euskal Eskola Publikoaren Legeak eragindako eztabaidetan du jatorria. Momentu hartan, lurralde horretako ikastolek sare publikora biltzeko edo sare pribatuan geratzeko erabakia hartu behar izan zuten. Ordurarteko egoera atipikoari amaiera eman gura izan zitzaion lege harekin, ondorio praktiko guztietan, ikastolek sare bereizi bat osatzen baitzuten. Gauza jakina da lege hark hautsak erabat harrotu zituela. Eta jakina da ere zelango tirabira mikatzak gertatu ziren non-nahi, eta nolako zatiketa giroa indartu zen mundu abertzalean. Horrez gain, deigarria izan zen, itxuraz behintzat, lerro politiko eta ideologiko antzetsu batean kokatzen ziren abertzaleek ere, batzuetan, oso ikuspuntu kontrajarriak adierazten zituztela auzi hartan. Denak abertzale izanik, zergatik zen batzuentzat publiko berba sakratua, besteentzat ikastola zen bitartean? Abertzaleen artean gorpuztu zen eztabaida hura ulergarri egiteko, nazionalismo eta hezkuntzaren arteko harremanen markoan kokatu nuen gaia, baina eremua pixka bat gehiago mugatuz. Izan ere, hezkuntzaren norabideaz kezkaturik abertzale guztiak agertu baziren ere, argi ikusi nuen gehiago zorroztu behar zela, zeren bazirudien auzian egon zela hezkuntza publikoaren ulerkera. Publiko eta pribatu kontzeptuak, horrela, behin eta berriz azaleratu ziren eztabaida guztietan, eta ez adiera berarekin, noski. Horrez gain, ikastolarekin zer egin behar zen proposatzearekin batera, eskola publikoari buruzko jarrera jakin bat zetorren, eta biek banaezinak ziruditen. Nazionalismoari eman nion protagonismoa eta hezkuntza, aldiz, nazionalismoak eragin nahi duen esparru moduan ulertu nuen. Horrekin zehaztu gura dut aztergai nagusia abertzaleen diskurtsoa izan zela, eta ez gizartean, edo hezkuntza-sare ezberdinetan gertatu zena deskribatzea.
[Show full text]