Karlos Santamariaren Pentsamendua
Total Page:16
File Type:pdf, Size:1020Kb
Karlos Santamariaren pentsamendua Joxe Azurmendi IDEIA Liburu hau bi partetan dago banatua, eta Ideia deritzon lehen atal honek Santamariaren autokontzientzia intelektuala —nolabait esan— biltzen du; non kokatu duen bere burua, bere pentsamendua, garaiko autore eta joera ezberdinen artean: pertsonalismoan, hain zuzen, honek bakarrik ahalbidetzen digulakoan inspirazioa, iragan zahar hautsi batetik mundu berri gizatiarrago bat sortzeko. Orduan hemen asko baitziren, gehienak ez esateko, letrazale, artean, edo existentzialismoari edo marxismoari emanagoak (faxismoari atxikiak ez aipatzeko), Santamariak hain modan ez zegoen ikusmolde zail batekin behar izan du argudiatu bere postura zaila: kristaua —ez frankista!—, abertzalea, demokratikoa, bakezalea, eta beti pertsonaren lehentasun absolutuaren aldekoa, Estatuan bezala Elizan bertan. Ohargarria da, nolanahi ere, irabazle eta galtzaileetan, abertzale eta sozialistetan, fededun eta antiklerikaletan, eta abarretan apurtuta eta amorratuki kontrajarririk zebilen Euskal Herri minduan, jende desberdina egon dela, oposizio hondagarri haiek gainditzea lortu duena pertsonari buruzko gogoetan sakonduz: Toribio Etxebarria eibartar sozialistak, Arizmendiarrieta arrasatear kooperatibistak, eta hala Santamariak ere. Dena den, pertsonalismoa ez da euskal krisiari erantzuteko gogoeta, mundu guztiko eta Mendebaleko kultura guztiaren krisiari ihardespen globala baino. Gogoan hartu behar da, Karlos Santamaria idatz-gogoetan hasi denean, gure gerra ostean, Mundu Gerraren garaian eta ondorengo Gerra Hotzaren aldian, krisiak jota ageri dela alde orotatik mundua: ez bakarrik estatuak eta herriak mundu osoan armetan daudelako, baizik filosofiak eta ideologiak ere lerratuta eta elkarrekin zeharo aurrez aurre jarriak dabiltzalako, batak bestea suntsitu beharrean sutan, gehienean ideien atzean iskiluak oso bistan ikusten direla. Mundu bat bukatuta dago, edo bukatutzat ematen da —Errenazimentuan optimismoz beterik argitu zen Modernia—, eta mundu berriak, ahaleginak eginda, ez du aurkitzen hasierarik. Galerna apokaliptiko baten giroa nozitu da garai honetan, nahasiago ezina, «ismo» askoren gerra askorekin batera: liberalismoa, faxismoa, marxismoa, existentzialismoa, eta «guztion guztiei gerra»n, kristautasuna ere guztiekin gerran, gerra galdu duen Euskal Herrian bihurdura bihurriki bihurdikatu partikularrez, moral edo pertsonalki nahiz doktrinalki, truke zibil, politiko eta ekonomiko-soziala erlijio-gerra tankeran egiten denean, baina konfesio beraren barruan, galtzaileak ez baitira izaten armak soilik, batez ere kontzientziak baizik. Halere, krisia, Euskal Herriaz gain, Europa osokoa izan da. Pentsamendu guztikoa. «Eskuineko iraultzak» nahi zuena kriminala zen marxismoarentzat; komunismoa kriminala demokratentzat, etab.; «Mendebaleko kultura» esaten zitzaion horretatik, bazirudien ez zela tesi bat bakarra tente geratzen, guztiek onartzeko eran. Krisia, egiazki zenbaterainokoa izan den orain alde batera utzita, zeharokotzat bizitu da eta arras nabarmen sentitu du mundu guztiak. Santamariaren analisian, krisi modernoa, itxuraz ideologien gatazka bezala zirimolatsu ageri dena, funtsean da teknika espirituari gainditu zaiola, soil-soil: beraz, krisiaren azken erroa ez dago ideologien oposizioan eta borrokan, baizik teknologia berriak gizakiari eskatzen dizkion berrikuntzetan, bere barrura zein kanpora begira. Pertsonak ez dauka bere burua berrikasi eta berrirabazi beste abiapuntu posiblerik, gainditu duen mundu teknologiko honetan berriro nagusitzeko, libre izateko: pertsonagandik abiatzen dira bide guztiak historian. Orain, beraz, pertsonaren berregintzan dago mundu berriaren itxaropen bakarra. Horixe izan da Santamariaren filosofian egiteko behinena: pertsona gogoetatzea. Krisian Santamariaren ekintzak eta idazkuntzak adiera zabalean «larriunetzat» har ditzakegun une nagusiak ezagutu ditu: hasieran, Gerra Zibil ostea eta diktadura ezartzea Euskal Herrian; berehalaxe, gero, Mundu Gerra eta faxismoaren porrota nazioartean, mundua erdibitzea bi sistema (ekonomiko, politiko, ideologiko) kontrajarritan; Gerra Hotza eta, su-galda antikomunistaren gainbeheran, «68ko Maiatzaren» izenean bildu ohi den udaberritzea, Mendebalean zein Ekialdean; Vatikanoko II. Kontzilioa, eta Eliza katolikoaren aldaketa mundu modernoarekiko, haren inguruan Euskal Herrian egon den mugidarekin batez ere; ETA, frankismoaren amaia eta Autonomien Estatua antolatzea. Nolabait esan, beti «krisian» egon den aroa tokatu zaio lan egiteko. Intelektualki ere, oso esanahi «kritikoko» borroka gogorretan egokitu zaio borrokatzea: demokraziaren eta faxismoaren arteko borrokan; komunismoaren eta liberalismoaren, ateismoaren eta erlijioaren borroketan gero; integrismo erlijiosoaren eta kontzientziaren askatasunaren borroketan, etab. Dena dela, «krisiak», XX. mendeko literatura handi batean eta autore pertsonalistengan bereziki, badu beste esanahi sakonago bat ere, baliozkoa Santamariarentzat, ikusten joango garena, aro baten (Moderniaren) azkenaren edo ukoaren eta berri baten aldarriaren adieran. Krisiak, orduan, epaia adieraz lezake: modernitatearen epaia eta kondena, haren lekuan etorkizun berri bat iragartzen delarik (humanismo berri bat). Aitortu beharra dago krisiaren kontzeptua, hain erraz erabilia, nola-halakoa dela testuinguruen arabera. Jatorrizko esangura grekoan, juridikoki, epaile baten epaia esan nahi du auzi batean, eztabaidan erabakia alde batera hartzea, bereiztea (krino aditzetik); testuinguru medikoan edo militarrean, puntu larri bateko biragunea adierazten zuen alde batera ala bestera, gaixoaren heriotzara ala osasunera, indar borrokalarien garaipenera ala hondamenera. Crisis hitza batez ere adiera tekniko medikoan pasatu da latinera, gorputzaren hil ala bizi larriuneko esanahiarekin. Handik, metafora gisa jada, Estatuaren edo gizartearen egonezina eta aldakortasuna adieraztera etorri da XVIII. mende europarrera. Bi puntu ohargarri, beharbada: egungo adieran, krisiarekin beldurra edo zerbait txarra edo arriskutsua lotzen dugu; lehen, ordea, sentiera liberal demokratiko optimistaren ulerkeran alderantzizkoa zen, XVIII. eta XIX. mendeetan, krisiak, testuinguru ekonomikoan guztiz gain, esanahi guztiz positiboa baitzuen, hobekuntzaren eta aurrerabidearen agintzari bezala. Krisia aurrerabidearen eragilea zen. Orain, aurrerabide horrexen poxeluan eta oztopoan pentsarazi ohi digu gehiago hitz horrek. Santamariak, bada, krisia berez ez dela ez positiboa eta ez negatiboa esetsiko du. Erabaki egin behar dela, zertara hartu eta nola jokatu. Krisian egiterik ez dagoena da bertan geratu. Bigarren: krisia ia hitzetik hortzera edozertarako erabiltzen da gaur1; Testamentu Zaharraren Septuaginta itzulpenean, historiaren Azken Judizioa esan nahi zuen denboraren azken krisiak (epaiak) edo historiaren krisi handiak; gero, historia bera dela historiaren egiazko Azken Judizioa edo krisia irakatsi da idealismoan; pertsonalismoan (Santamariaren filosofian), modernitatea mamitu duen balioen sistemaren porrota esan nahi du orain gauden krisiak, balio-sistema eta gizarte berri baten beharra, hortaz. Krisian gaudela ulertzeak erakusten du ulertzen dugula aldakuntzan gaudela. Krisiak egoera bat «erabakitzen» du, egoera batetik beste batera behartuz edo bultzatuz, uste zaharrak apurtuz eta problema berriak planteatuz. Beraz, krisiak aldakuntza bat seinalatzen du2. Arrisku bat, halaber, geuk nola jardun, atera baitaitezke gauzak ongi ala gaizki. Gauden egoerari krisia irizteak, hemen ez dela ezer pasatzen esan ordez, dei bat inplikatzen du aldakuntzan parte hartzera. Aldakuntzak ez dauka zertan puntuala izan. Oraingo krisia esaten duguna (aurtengoa edo) izan liteke peripezia txiki bat, Moderniaren akabera izan daitekeen krisi handian, mende osoa iraunez eta nahi bada gehiago3. Kontua da, hitz batean, gure aldiari, kulturari, funtsean jada usteldutakoa eta galdutakoa iriztea: «Se vendrá abajo esa civilización, se vendrá abajo como los muros de Jericó»4. Bukatu da horrena. Ez dauka zer eginik. Etorkizunean eduki behar ditugu begiak. Santamaria oraintasunaren Maritainen diagnosiaz baliatu da5. Modernitatearen krisian gaude. Sekularizazioaren historiaren buruan eta porrotean gaude, humanismo antropozentrikoaren tragediaren orduan. Historia modernoaren irakurketa horren arabera, Erdi Aroan Jainkoari begira zegoen gizakia eta haren mundu guztia, Berpizkundeaz gero, bere buruari begira jartzera bihurtu da hura eta haren kultura, ikerketa, ekintza guztia. Berpizkundeko humanistei baino kasu gehiago egiten zaio Erreformari Santamariaren azalpenean: Erreformak muturreraino eraman du pesimismo agustindarra, gizakia bekatuak deseginda eta Jainkoaren ahalmenaren azpian zanpatuta ikusiz. Esta visión aterradora de la grandeza de Dios y de la miseria del hombre, que el jansenismo recogerá, produce un efecto paradójico. Puesto que el hombre no vale para el cielo —azaltzen du Santamariak dibulgazioko hitzaldi baterako apunteetan—, tendrá que valer para la tierra6. Gizakia negozioetan murgiltzen da, Jainkoaz ahaztu egiten da, mundua profano bihurtzen da. Sekularizazio prozesu luze horretan, dena ez da izan negatiboa. Humanismo berriak salbatu beharko dituen balio handiak ditu. Baina, azken batean, humanismo hori trokan behera amildu da, ez humanismoa zelako, baizik antropozentrikoa zelako, horrexegatik bere buruari ezin eutsiz deusezaren amilburuan (zingiran erori eta buruko mototsetik tiraka atera zitekeen Münchhausengo baroiak egin omen zezakeena). Egungo historiaren ebidentzia beste egiaztapenik behar ez duen gertakaritzat jo dute Maritainek eta Santamariak humanismo horren