EPAIMAHAI OFIZIALA

JONATHAN DEMME

Presidentea

MICHAEL BALLHAUS

MARTINA GUSMAN URRUTI

MASATO HARADA

NADINE LABAKI

CLARE PEPLOE

LEONOR WATLING

EPAIMAHAI OFIZIALA

JONATHAN DEMME Presidentea

Ekoizle eta zuzendaria 1944an jaio zen Baldwin-en, Long Island, New York. Rachel Getting Married (2008) filma egin aurretik, eta ondoren, Jonathan Demmeren lehentasuna film dokumentalak egitea izan da. Oraintxe abian du Katrina urakanaren ondorengo New Orleansi buruzko Right to Return: New Home Movies From the Lower 9th Ward lana; Neil Young Trunk Show: Scenes From a Concert editatzen ari da, eta Bob Marley artistari buruzko dokumental baten aurre-produkzio lanetan sartuta dago. Dokumentala 2010. urteko otsailean ateratzeko asmoa dute, abeslariaren 65. urteurrenean. Jimmy Carter Man From Plains izan zen Rachel Getting Married filmaren aurretik egin zuen azken lana.

Demmek 27 film baino gehiago zuzendu ditu; horien artean daude: The Manchurian Candidate (2004), The Agronomist (2002), Beloved (1998), Philadelphia (1993), The Silence of the Lambs (1991), (honi esker Oscar sari bat eta New Yorkeko zinema kritikariek emandako Zuzendari Onenaren saria irabazi zituen), Married to the Mob (1988), Swimming to Cambodia (1987), Something Wild (1986), eta Melvin and Howard (1980); azken horrekin Zuzendaririk Onena izendatu zuten New Yorkeko zinema kritikariek. Bestalde, ekoizle gisa honako lan hauetan parte hartu du: Devil in a Blue Dress, Household Saints, That Thing you Do!, Ulee’s Gold, eta Adaptation.

Demmeren filmek Oscar sarietarako 20 izendapen izan dituzte. The Silence of the Lambs lan ezagunak bost Oscar sari irabazi zituen 1991n: Argazkilaritza Onenarena, Zuzendari Onenarena, Gizonezko Aktore Onenarena, Emakumezko Aktore Onenarena eta Egokitutako Gidoi Onenarena. Zinemagilearen lanek bi aldiz irabazi dute Gidoi Onenaren Oscar saria, Melvin and Howard (Gidoi Original Onena, 1980) eta The Silence of the Lambs (Egokitutako Gidoi Onena, 1991) lanengatik, hain zuzen; eta Gizonezko Aktore Onenaren bi Oscar sari, Anthony Hopkins-entzat 1990ean (The Silence of the Lambs, 1991) eta Tom Hanks-entzat (Philadelphia, 1993); gainera, Jodie Foster-ek ere Emakumezko Aktore Onenaren Oscar saria jaso zuen (The Silence of the Lambs, 1991).

Katrina urakanaren ondorengo New Orleansi buruzko Right to Return: New Home Movies from the Lower Ninth Ward da Demmeren proiektu eta pasio berria. Bere urratsek New Orleansera gidatu zuten, hiria berreskuratzeko lanak (edo lanik eza) bere begiekin ikusi eta dokumentatzeko. 2005eko udazkenean egin zuen lehenengo bisita, eta ordutik hainbat aldiz itzuli da Lower Ninth Ward auzoaren eta bertako biztanleen eguneroko bizitzaren jarraipena egiteko. “The Tavis Smiley Show” telebistako programak aste oso batez erakutsi zituen Right to Return lanaren zatiak; geroago, bildutako materialarekin dokumental luzeago bat egin zuten, Right to Return: New Home Movies from the Lower Ninth Ward, eta Silverdocs jaialdian aurkeztu zen 2007ko ekainean.

Demmek komunitate horretako jendearen istorioak entzuteko egin dituen etengabeko bidaiek beste lau biopic edo lan biografiko osagarri inspiratu dituzte, baina oraindik garatzen ari dira; hona hemen haien izenburuak: The Harrisons of New Orleans, The Carolyn Parker Story, Pastor Mel, eta The Blue House. Azkenak, Common Ground erakundeak komunitatean egin duen ahalegin heroikoari buruz hitz egiten digu.

Demme giza eskubideen defendatzaile sutsua da eta Haitiko egoera larriari buruzko hainbat dokumental ere egin ditu: The Agronomist; Haiti: Dreams of Democracy; Haiti: Killing the Dream; Tonbe Leve; eta Courage and Pain. Horrez gain, Cousin Bobby dokumentala zuzendu zuen eta Oscar sarietarako izendapena jaso zuen Mandelaren biografia ekoitzi zituen, baita Into the Rope! Double Dutch kirolari buruzko lana ere; The Uttmost, Kenny Utt ekoizleari buruzko erretratua; eta One Foot on a Banana Peel, the Other Foot in the Grave, HIESarekin bizitzeari buruzkoa. Bestalde, Peabody saria jaso duen Beah: A Black Woman Speaks dokumentala egin du, Beah Richardsen bizitzan oinarrituta.

EPAIMAHAI OFIZIALA

Demmeren sormenak eta talentuak musikaren alorrean sartzera eraman dute. Kontzertu bati buruzko film txalotua egin zuen 2006an, Neil Young: Heart of Gold. Baina aurretik ere lan egin zuen Neil Youngekin, "Sleeps with Angels" albumeko sei abesti erakusten zizkigun The Complex Sessions lanean, 1994an. Halaber, Storefront Hitchcock, Robyn Hitchcocken kontzertuari buruzko filma zuzendu zuen, baita saria jaso zuen Talking Heads taldearen kontzertu bati buruzko Stop Making Sense lana ere. Horretaz gain, bideoklipak zuzendu ditu Bruce Springsteen, Les Frères Parent, The Neville Brothers, New Order, KRS-One eta Feelies taldearentzat, besteak beste. Gainera, Haitiko musikari buruzko Konbit albuma ekoitzi zuen.

MICHAEL BALLHAUS

Michael Ballhaus argazkilaritza zuzendaria Berlinen jaio zen 1935ean. Gaur egungo zinemako argazkilaritza zuzendari garrantzitsuenetakoa da eta errealizadore ospetsuekin lan egin du; Alemanian Rainer Werner Fassbinder zuzendariarekin, esaterako, eta Estatu Batuetan Martin Scorseserekin. Horrez gain, hiru aldiz proposatu dute Oscar sarietarako honako film hauengatik: Broadcast News (James L. Brooks, 1987), The Fabulous Baker Boys (Baker Boys zoragarriak, Steve Kloves, 1989) eta Gangs of New York (Martin Scorsese, 2002).

Michael Ballhausek hamabost filmetan lan egin zuen Rainer Werner Fassbinderrentzat, eta horien artean Alemaniako zinemaren izenbururik esanguratsuenetako asko daude, hala nola Die Bitteren Tränen der Petra Von Kant (1972), Mutter Küsters’ Fahrt zum Himmel (1975), Despair (1978), Die Ehe der Maria Braun ( 1979) eta Lili Marleen (1981).

1983an estreinatu zen zinema estatubatuarrean John Sayles zuzendariaren Baby, It’s You (1983) filmean eta ondoren Francis Ford Coppolarekin egin zuen lan Bram Stoker’s Dracula (Drakula Bram Stoker-ena, 1992) filmean; Wolfgang Petersenekin Outbreak (Eztanda, 1995) eta Air Force One (1997) egin zituen; Mike Nicholsekin Postcards From the Edge (1990), Primary Colors (1998) eta Working Girl (1988); Robert Redfordekin Quiz Show (1994) eta The Legend of Bagger Vance (2000), eta Barry Levinsonekin Sleepers (1996).

Martin Scorseserentzat egin zuen lehen lanean, After Hours (1985), Independent Spirit Awards sarietarako izendapen bat lortu zuen Michael Ballhausek. Zazpi filmetan egin du lan New Yorkeko zuzendariarekin; horien artean daude The Color of Money (1986), The Last Temptation of Christ (Kristoren azken tentaldia, 1988), Goodfellas (Gutako bat, 1990) eta The Departed (2006).

Michael Ballhausek telebistarako bi dokumental zuzendu zituen 1971n: Fassbinder produziert Film Nr. 8 eta Die Verabredung mit der Wirklichkeit.

2006an Berlingo zinema jaialdiko Kamera jaso zuen zinemari egindako ekarpenagatik.

MARTINA GUSMAN URRUTI

Martina Gusman Urruti Argentinan jaio zen 1978an eta ekoizlea da. Arte konbinatuetan lizentziatu zen Buenos Aireseko unibertsitatean eta antzezpen ikasketak egin zituen Carlos Gandolforen eskolan. 1998tik 2000. urtera arte publizitate-zinema ekoizten jardun zen. 2001ean Pablo Traperoren Sargentina zinema ekoizpen-etxean hasi zen lanean.

EPAIMAHAI OFIZIALA

2002an Matanza Cine sortu zuen Pablo Traperorekin. Zinema independentea ekoizten duen enpresa horren bitartez honako film hauetan parte hartu du: Pablo Trapero zuzendariaren El Bonaerense (2002) eta Sarasa (2002); Enrique Bellande zuzendariaren Ciudad de María (2003); Raúl Perroneren La mecha (2003); Pablo Traperoren Familia rodante (2004); Albertina Carri zuzendariaren Géminis (2005); Alex Bowen zuzendariaren Mi mejor enemigo (2005); eta Dí buen día a papá (2005), Fernando Vargas zuzendariarena (2005, ekoizkidea).

Ekoizle exekutibo gisa Philip Cox-ek eta Valeria Mapelman-ek zuzenduriko Mbya, tierra en rojo (2006) dokumentalean lan egin du; baita Pablo Traperoren Nacido y criado (2006) lanean; Albertina Carriren La rabia (2007), eta Pablo Traperoren Intersección (2007) eta Leonera (2008) lanetan ere.

Ekoizpenaren arloan egiten duen lanaz gain 2005ean aktore gisa jardun zuen Nacido y criado filmean, eta 2007an Pablo Traperoren Leonera filmeko protagonista izan zen.

MASATO HARADA

Zinema zuzendari, idazle eta aktore hau Numazu-n jaio zen, Japonian, 1949ko uztailaren 3an. Ikusi zuen lehen filma Fred Zinnemann zuzendariaren The Search (1948) izan zen eta Montgomery Cliftek gerrako umezurtz bati (Ivan Jandl) ogi zati bat ematen dioneko atala Haradaren irudi zinematografiko gogokoena bilakatu zen. Lumet, Pontecorvo, Frankenheimer eta Kurosawaren zuri-beltzeko lehenengo lanen izaera errealistak eragin handia izan zuen zuzendari japoniarrarengan. 1954an izan zuen lehenengo kontaktua errodajeen munduarekin, Gotemba-n zegoenean, Haradaren hiritik gertu, Seven Samurai filmatzen. Laster Toei Companyren chanbara jidaigeki edo samuraien ezpata borrokak irudikatzen zituzten garaiko filmekin zaletu zen.

1972ko udan Donostia Zinemaldian izan zen Kinema Jumpo-ren korrespontsal gisa. Urte hartan, gainera, Howard Hawks zen epaimahaiko presidentea eta hementxe ezagutu zuen bere babesle izango zena. Haien arteko "harremanak" bost urte iraun zuen; Hawks hil zen arte 1977an.

1973an Harada Los Angelesera joan zen bizitzera eta Mizuho Fukuda kazetariarekin ezkondu zen 1976an; 1979an idatzi eta zuzendu zuen lehenengo film luzea, Goodbye Flickmania komedia, Hawksek egiten zituenen antzekoa. Ordutik bere film guztien gidoiak idatzi ditu. Haradak 2002an egin zuen aktore gisa lehenengo lana, Omuraren rola eginez The Last Samurai filmean. Geroago berriz aritu da aktore lanetan Spirit (2006) filmean.

Hona hemen Masato Haradak zuzendu dituen filmeak: Goodbye Flickmania (1979), Windy (1984), Onyanko the Movie (1986), The Heartbreak Yakuza (1987), Gunhead (1988), Painted Desert (1993), Kamikaze Taxi (1994), Trouble with Nango (1995), Rowing Through (1996), Bounce KO Gals (1997), Jubaku/Spellbound (1999), Inugami (2001), Totsunyuuseyo! Asama Sanso Jiken (The Choice of Hercules, 2002), Jiyuu Reani (Bluestokings) (2005), Densen Uta (The Suicide Song) (2007), Moryo no Hako (The Shadow Spirit) (2007) eta Kuraimazu Hai (Climber’s High) (2008).

Japoniako zinema akademiak hiru aldiz izendatu du: zuzendari onena gisa Jubaku/Spellbound (1999) filmagatik, eta zuzendari eta gidoilari onena gisa Totsunyuuseyo! Asama Sanso Jiken (The Choice of Hercules, 2002) lanagatik.

EPAIMAHAI OFIZIALA

NADINE LABAKI

Nadine Labaki zuzendaria Libanon jaio zen 1974an eta komunikazioaren arteak ikasi zituen Beiruteko Saint Joseph unibertsitatean. 1997an lizentziatu zen. 11 rue Pasteur karrera-amaierako proiektuak Beiruteko Zinema Jaialdiko film laburren lehenengo saria irabazi zuen 1997an, baita IMAren Zinema Arabiarraren Bienalean ere.

Ondoren, publizitate-iragarki eta bideoklip ugari zuzendu zituen Ekialdeko artista ezagunentzat eta haiei esker hainbat sari jaso zituen 2002an eta 2003an.

2004an Canneseko zinema jaialdiaren egoitzan izan zen bere lehenengo film luzea, Caramel, idazteko. Filma 2007an estreinatu zuten Cannesen, Errealizadoreen Hamabostaldian barruan, eta Publikoaren TCM saria eta Donostia Zinemaldiko Gazteriaren saria jaso zituen.

CLARE PEPLOE

Clare Peploe zuzendaria Tanzanian jaio zen 1942an baina Ingalaterran eta Italia hazi zen. Sorbonako eta Peruggiako unibertsitateetan ikasi zuen. Oso gaztea zenetik erakutsi zuen zinemarekiko eta artearekiko interesa, eta argazkilaritzaren alorrean egin zituen lehenengo lanak. Zinema industrian Antonioniren eskutik sartu zen, Zabriskie Point (1969) filmean laguntzaile eta lankide gisa aritzeko, eta ondoren bere senarra Bernardo Bertolucci zuzendariarekin egin zuen lan Novecento (1975) filmean eta La Luna (1979) filmaren gidoian.

Couples and Robbers (1982) film laburra izan zen zuzendari gisa egin zuen lehen lana eta hari esker Oscar sarietarako eta Bafta britainiar sarietarako izendatu zuten. Peploeren lehenengo film luzea High Season (1987) izan zen eta Mark Peploe bere anaiarekin idatzi zuen gidoia. Filmak Jacqueline Bisset, James Fox, Irene Papas eta Kenneth Branagh izan zituen protagonista eta Zilarrezko Maskorra irabazi zuen Donostia Zinemaldian.

Zuzendariak istorioak kontatzeko duen zaletasuna agerian geratzen da bere lan guztietan, baita norberaren nortasuna eta aberria bilatzeko nahia eta ikuspegi multikulturala ere. Rough Magic (Maien ibilbide magikoa, 1995) izan zen idatzi eta zuzendu zuen hurrengo filma eta hari esker Bridget Fondak Emakumezko Aktore Onenaren saria irabazi zuen Sitgeseko zinema jaialdian.

1998an berriz lan egin zuen Bernardo Bertoluccirekin ekoizle lagun eta gidoigile gisa Besieged (Inguratuta, 1998) lanean. Film horrek, gainera, Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean parte hartu zuen, lehiaketatik kanpo. Bere hurrengo luzea, Marivauxen lanean oinarrituriko The Triumph of Love (Maitasuna garaile, 2001), Veneziako zinema jaialdian lehiatu zen.

EPAIMAHAI OFIZIALA

LEONOR WATLING

Leonor Watling Madrilen jaio zen 1975ean. Pablo Llorca zuzendariaren Jardines colgantes (1992) izan zen zineman egin zuen lehen lana. Bere prestakuntzarekin jarraitzen zuen bitartean telebistan eta zineman lan egin zuen rol protagonistak zein bigarren mailakoak egiten honako hauetan: Felipe Vega zuzendariaren Grandes ocasiones, (1996), Pablo Llorcaren Todas hieren (1997) eta La espalda de Dios (1999), Miguel Albaladejoren La primera noche de mi vida (1997), Juan Potau zuzendariaren No respires, el amor está en el aire, eta Víctor García Leónen Los aficionados (1999). Antonio Mercero zuzendariaren La hora de los valientes (1998) filmean egin zuen lanari esker Emakumezko Aktore Onenaren Goya sarirako izendatu zuten. Bigas Lunaren Son de mar (2001) filmeko Marinaren rolagatik interpretazio sari ugari lortu zituen; horien artean, nabarmentzekoak dira Mediterraneoko zinema gaztearen Emakumezko Aktore Onenarena (2000) eta Ojo Crítico de Cine saria (2001). Ondoren, berarentzat komediako lehen lana izango zena egin zuen, Daniela Fejerman eta Inés Parísen A mi madre le gustan las mujeres (2002) filmean, eta lan horregatik berriz izendatu zuten Goya sarirako; horrez gain, Zilarrezko Fotogramas saria eta Cartagenako (Kolonbia) zinema jaialdiko India Catalina saria jaso zituen, besteak beste.

2002. urtean Pedro Almodóvarren Hable con ella filmaren protagonista izan zen, Aliciaren rolean. Geroago, Gerardo Veraren aginduetara jarri zen Deseo filmean. 2003an bigarren mailako zenbait rol aukeratu zituen: Isabel Coixeten My Life Without Me film txalotuan, frantsesez egin zen Patrick Alessandrin zinemagilearen Mala lechen eta Cesc Gayren En la ciudad filmean. Aktorearen azken lanak honako hauek dira: Crónicas, Sebastián Cordero zuzendariarena; bertan John Leguizamorekin egin zuen lan, eta Joaquín Oristrellen Inconscientes, 2004an; Alex de la Iglesiaren La habitación del niño, eta Isabel Coixeten La vida secreta de las palabras, biak ere 2004an; Manuel Huergaren Salvador, Vicente Arandaren Tirant Lo Blanc, eta Manuel Martín Cuencaren Malas temporadas, 2005ean; Ray Lorigaren Teresa, eta Isabel Coixeten Paris je t’aime, 2006an; eta Alex de la Iglesiaren Los crímenes de Oxford, eta Alessandro Bariccoren Lecture 21, 2007an.

Aktore gisa lan egiteaz gain musikaria ere bada: Marlango taldeko abeslari eta letra-idazlea da eta orain arte hiru album atera ditu haiekin: Urrezko Diskoa irabazi zuen Marlango (2004), Automatic Imperfection (2005) eta The Electrical Morning (2007).