EUSKAL HERRIAREN HISTORIA

IRALE R400 2017 Bitor Uriarte Anasagasti 1

EUSKAL HERRIKO GEOGRAFIA

Euskal Herria zazpi herrialdez osatuta dago:

a) Araba 3.047 km² b) Bizkaia 2.210 km² c) Gipuzkoa 1.997 km² d) Lapurdi 857 km² e) Nafarroa 10.421 km² f) Nafarroa Beherea 1.336 km² g) Zuberoa 789 km² GUZTIRA 20.657 km²

20.000 km² pasatxo duen euskal lurraldea 43ºko ipar paraleloan kokatzen da, hau da, Lurraren latitude ertainean, Bizkaiko Golkoaren aurrez aurre eta Mediterraneotik ez urruti. Euskal Herriaren kokapenak, Pirinioetako mendebaldean, europar kontinenteko eta iberiar penintsulako masen arteko lotura egituratzen du.1

PAISAIA

Goian esandako elementuen eraginarengatik, paisaia mota asko dago Euskal Herrian: atlantikoa, mediterraneoa, kontinentala eta mendi garaikoa. Zentzu honetan, Iparretik hegora, bost eskualde nabari dira: 1. Itsasertza eta Atlantiko aldeko ibarrak eta mendiak: Kostaldea garaia eta malkartsua da, oro har, eta sarrera eta hondartza gutxikoa. Atlantikoko alde honek, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako lurrak osorik hartzen ditu, eta bai ipar-mendebaldeko Nafarroa hezearen zati handi bat eta Arabako iparraldeko zenbait ibar ere. 2. Euskal Herriko ur-muga nagusiko mendiak: Mendebaldetik ekialdera luzatzen dira: Salbada, Gorbeia, Anboto, Aizkorri, Aralar, Pirinioak. Mendi gehienek, 1.500 m inguruko garaiera dute baina Nafarroako Pirinioetako ekialdeko mugan 2.400 m-tik gorako alturara heltzen dira.

1 MEAZA RODRIGUEZ, Guillermo (1997), 19 2

3. Ibar eta mendi subatlantikoak: Mediterraneo aldeko isurialdean daude, Araba eta Nafarroako erdialdean, Urbasa eta Andia mendikateak, Arabako lautada eta Sakanako ibarra. 4. Haran eta mendi submediterraneoak: Toloñoko mendikatetik Leirekora zabaltzen diren lurrak. 5. Ebroko zokoguneko esparru mediterraneoa: Nafarroako Erribera eta Arabako Errioxa.

ERLIEBEA

Pirinioetatik abiatu eta mendebalderantz eginez, Euskal Herriko erliebean tontor hauek azaltzen dira: - Hiru Erregeen Mahaia (2433m), Lakhura (1877), Kartxela (1982), Barazea (1893), Otsogorrigaña (1923), Orhi (2021), Ortzantzurieta (1520), Saioa (1418), Soratxipi (Zuaspi) (1064), Irakurri (1139), Mendaur (1136), Sollazbizkargaña (Hirumugarrieta) (1427) Larrunarri (Txindoki)(1341), Aizkorri (1544), Anboto (1296), Gorbeia (1475) eta Solaiera (Orduña) (1039). Mendi horiek osatzen dute Euskal Herriko mendikate nagusia. Mendilerro hori ekialdetik mendebaldera luzatzen da eta isurialde atlantikoa eta mediterraneoa banatzen dituen ur-muga osatzen du. Ur-muga hori, Ibañetan bitan banatzen da, eta bere adar batek iparralderantz egiten du tontor nagusi hauekin: Artzamendi (925), Arranomendi (750) eta Larhun (897). Mendilerro nagusi hori iparraldean utzita, hegoaldean beste bat dago, Pirinio aurrea esaten zaiona. Bertan dago, leku zentralean, Urbasa eta Andiako goi-lautada. Meseta horretatik ekialdera eginik, mendilerro hauek daude: Erreniega (1103), Itzaga (1351) eta Arangoiti (Leire) (1320). Eta meseta hartatik mendebalderantz: Iturrieta (1102), Kapildui (1177) eta Gasteizko mendiak (1006); hego-mendebaldera, azkenik: Lokiz (1114), Kodes (1415) eta Toloño mendiak (1277). Nafarroa Beherean eta Zuberoan, Pirinioen kontrahorma diren mendilerroak, Peluzegaina (1594), Eskalera (1530) eta Behorlegi (1265). Azkenik itsasertzeko mendilerroak daude. Horiek Bizkaia eta Gipuzkoan zehar tartekatzen dira. Multzo bat barnealdekoa da eta itsasaldekoa bestea: Barnealdeko mendi nagusiak Hernio (1072), Oiz (1026), Udalatx (791), Urko (791) eta Erlo (1026). Itsasaldekoa: Jata (592), Sollube (663), Arno (612), Mendizorrotz (411) eta Jaizkibel (549). Mendateak dira erliebe malkartsu horien arteko lokarriak, hau da, ibar eta ibar arteko pasabideak. Ekialdetik mendebaldera hauek dira Euskal Herriko mendate nagusiak: Erraizekogaina (1578), Urdaite (1416), Belai (1730), Uthururdineta (1664), Betzula (1590), Larrañe (1916), Arnostegi (1236), Ibañeta (1094), Belate (868), Huitzi (700), Otzaurte (607), Arlaban (617), Urkiola (688), Barazar (637), Altube (599) eta Orduña (886). 3

Erliebe horrek guztiak osatzen duen geografian zokoguneak, hau da, ibarrak, geratzen dira ikusteko. Gehienek ibaia dute jatorri, horren higadurak moldatu baititu. Hala ere, ba dago Euskal Herrian glaziar-jatorrizko ibarrik ere, Belagoa (Nafarroan), Larrañe edota Santa Garazikoak esate baterako. Isurialde atlantikoko ibar gehienak, laburrak, maldatsuak eta mendikateekiko transbertsalak dira (Oria eta Ibaizabal izan ezik). Isurialde mediterraneokoak, berriz, aldapa txikikoak, zabal eta handiak dira eta paisaia laua eratzen dute.

HIDROGRAFIA Aipatutako ur-mugak bi multzotan banatzen ditu ur-korronteak, batetik, Atlantikora eta, bestetik, Mediterraneora isurtzen direnak.

Isurialde atlantikoko urak Bizkaiko Golkora doazen ibaien eremua da eta Euskal Herriaren iparraldea hartzen du. Ur-mugatik itsasorainoko tartea laburra da, 40-60 km ingurukoa, eta, ondorioz, alde horretako ibaiak ez dira luzeak: bai, ordea, aldapa handidunak eta, hortaz, oso higatzaileak. Urolak 55 kilometroko luzera dauka, Debak, 53koa; alde horretako ibairik luzeenak, ekialdekoak dira: Bidasoak 67 km ditu, Oriak 66 km, Biduzek, 80 km eta Errobik, 75 km.

Isurialde mediterraneoko urak Eremu horretako ibaiak ur-mugatik hegoaldera doaz eta guztiek Ebrora jotzen dute. Isurialde horrek Euskal Herriko lurren %60 hartzen du: Araba eta Nafarroa osorik ia. Hego-isurialdeko ibaiak iparraldekoak baino luzeagoak dira (Argak 125 km ditu, Zadorrak 75 km), ur-mugatik Ebrorainoko tartea luzeagoa baita. Nafarroa aldeko ibaiak Araba aldekoak baino luzeagoak dira eta guztiek dute iparraldekoek baino aldapa txikiagoa. Ibai horiek ibar zabaletan zehar jaisten dira. Alde horretan erliebea ez da hain malkartsua eta zoru bigunak dira nagusi. Hala ere, ibai horien bidean kareharrizko materialak agertzen direnean, arroilak sortzen dira (Irunberrikoa bezalakoak).

KLIMA Euskal Herriko klimaren ezaugarriak elementu askoren elkarreraginek markatuta daude. Hona hemen aipagarrienak: a) Euskal Herriaren latitudea (Europako hegoaldean eta gune epelean, baina goi-presio subtropikalen gunetik oso hurbil). Latitude horretan oso ezaugarri desberdineko aire-masen zirkulazioa izaten da: haize hotz hezea (itsasoko haize polarra), haize hotz eta lehorra (kontinenteko haize polarra), haize epel hezea (itsasoko haize tropikala), haize epel lehorra (kontinenteko haize tropikala) eta bai artikoko haize kontinentala ere, biziki hotza eta lehorra. 4

b) Euskal Herriko mendikate nagusien topografiaren egitura bitxia. Mendilerroek arku bat osatzen dute, eta horrek aire-masa hezeei eta ekialdeko jarioari sarbidea trabatzen dio. Mendilerro gehienek kostaldearekiko paralelo daudenez, ez diete mendebaldeko itsas jarioei oztoporik egiten, baina aire-masa hezeei, ostera, barrura sartzea eragozten diete. c) Kokalekua. Euskal Herria, Europako kontinentearen mendebaldean dago, eta horrek mendebaldeko jarioen eragina areagotzen du: Atlantikoko aire-masa heze asko iristen dira eta prezipitazio handiak ekarri ohi dituzte. d) Bizkaiko golkoaren iparraldeko ertzean itsasoko urak ia urte guztian duen tenperatura altua. Hori dela eta, hara iristen diren aire-masak hezetasunez betetzen dira. Kostaldera heltzen direnean, aire-masa hezeok gora egin eta ur-mugako mendiak gainditzen dituzte. Gora egitean hoztu eta kondentsatu egiten dira, eta prezipitazio handiak isurtzen dituzte. Laburtzeko, ezin esan daiteke Euskal Herrian klima homogeneoa dagoenik. Hiru gune nagusi bereizten dira: kostaldeko gune ozeanikoa, itsasoaren eragin nabarmena ageri duena; gune mediterraneoa, ezaugarri kontinentalak dituena, eta aurreko bien artean, bitarteko gune bat. Azkenik, mendiko klima mota bat ere bada, 1.000-1.300 metrotik gorako eremuetan.

1. Klima ozeanikoa Klima mota hau da nagusi, oro har, Bizkaian, Gipuzkoan, Nafarroako iparraldean eta Ipar Euskal Herriko eskualdeetan. Klima horrek bi ezaugarri nagusi ditu: tenperaturen homogeneotasuna (tenperaturak ez dira izaten oso gogorrak neguan eta samurrak izaten dira udan) eta prezipitazioak sarri izatea. Klima epela da, ez da urtaro lehorrik izaten eta prezipitazioen banaketa orekatua ohi da urte osoan. Udazkenak eta neguak oso euritsuak izaten dira.

2. Barnealdeko klima ozeanikoa Klima mota hau izan ohi den guneetan, kostaldeko lerrotik hain hurbil ez daudenez, prezipitazioak ez dira hain sarri izaten, eta neguko eta udako tenperaturak muturrekoagoak izaten dira. Ezaugarri mediterraneoak eta kontinentalak dituen barnealdeko klima ozeaniko gisa defini daiteke. Atlantikoko eta Mediterraneoko eguraldiak izaten ditu.

3. Klima mediterraneoa Nafarroako Erriberan, Erdiko Nafarroan eta Arabako Errioxan. Klima epela da, urtaro lehor bat izaten du eta ezaugarri kontinentalak dauzka. Kostaldetik urrun dauden eskualdeak direnez, prezipitazio gutxi izaten dute (urtean 600 mm-tik behera). Urtaro lehorra ekainetik eta iraila bitartean izaten ohi da.

5

4. Mendiko klima Klima mota honek ur-mugako gunerik garaienak eta, bereziki, Pirinioen aldeko eskualdeak hartzen ditu. Prezipitazioak sarritan izaten dira; uda epel samarra, eta hilabete lehorrik ez da egoten. Bereziki aipagarriak dira, 1000 m- tik gorako guneetan behintzat, elur-prezipitazioak. Elurteak azaroaren eta maiatzaren artean izaten ohi dira.2

LANDAREDIA Landarediaz berba egiteko, kontzeptuei dagokienez, bereizketa bat egin behar da: - gizakiak landatutako landareez edo gizatiartutako paisaiak. - landaretza naturalak (edo potentzialak). Orokorrean, landare-elkarte moten banatzea arrazoi historikoek eta fisikoek azaltzen dute. Arrazoi historikoek landaretzaren eboluzioa markatzen dute. Arrazoi fisikoek, batik bat klimak eta zoruak, landareen disposizioa eta banatzea baldintzatzen dituzte. Hirugarren faktore bat ere gehitu behar da: gizakiaren eragina. Gizakiak, bere baliabideak lortu nahian, erabat aldatu du bere inguruko landaredia. Horrela, gizatiartutako paisaia geografia ekonomikoaren arlo bat da; faktore fisikoek soilik eratutako paisaia, aldiz, geografia fisikoarena. Oraingoan azken hori hartuko dugu kontuan. Euskal Herriko alde klimatikoak kontuan izanik, hiru landaretza mota nagusi bereiz daitezke:

Klima ozeanikoko landaretza Eremu honetan paisaia berdea da nagusi. Hariztiak, pagadiak eta errekondoetako basoak daude, batez ere. Gaur, gizakiaren eraginarengatik, pagadiak eta hariztiak ziren lekuetan pinudiak eta eukalipto-sailak nagusitu dira nabarmen.

Klima mediterraneo kontinentaleko landaretza Alde honetan, Aleppo pinua, artea eta ezpela dira nagusi. Oihanpean ipurua eta erromeroa hazten dira; erreka inguruetan, berriz, makalak, zumarrak eta lizarrak ugari.

Goi-mendiko landaretza Mailen arabera honela banatzen dira landare-elkarteak: a) beheko maila (1.000 m-raino): Hariztiak b) erdi maila: Pagadiak c) goiko maila: Izeiak, lerrak.

2 MEAZA RODRIGUEZ, Guillermo (1997), 25 6

Aipatutako baso motak (hariztia, pagadia, etab.), hainbat espeziez osatutako elkarketak izaten dira, eta horietan ugarien dagoen espeziearen izena erabiltzen da, baso bat edo bestea identifikatzeko: horrela, hariztian haritzez gain beste zuhaitz mota batzuk ere egon ohi dira. Hona hemen, Euskal Herriko alde ozeanikoko baso-elkarteen eraketak: 1) Hariztia: baso motarik zabalduena da, eskualdeko lurzoru azidoaren eraginarengatik. 500 m-ko altueratik beherako lurretan zabaltzen da, batez ere, zoru silizeo, azido eta sakonetan. Normalean, hosto erorkorreko zuhaitzak egoten dira bertan: Espezie nagusia: haritza (Quercus robur). Espezie laguntzaileak: gaztainondoa (Castanea sativa), lizarra (Fraxinus excelsior), haltza (Alnus glutinosa), ametza (Quercus pirenaica), urkia (Betula celtiberica), artea (Quercus ilex), pagoa (Fagus silvatica). Zuhaixkak: hurritza (Corylus avellana), elorria (Crataegus monogyna), sagarra (Malus sylvestris), udarea (Pyrus cordata), zumalakarra (Frangula arnus), sahatsa (Salix caprea), zuhandorra (Cornus sanguinea), intsusa (Sambucus nigra), gorostia (Ilex aquifolium). Basoazpia: txilarra (Erica vagans), beste txilar mota bat (Erica cinerea), otea (Ulex). 2) Baso mixtoa: baso mota horretan ez dago espezie nagusirik. Dibertsitatea da bere ezaugarria. 3) Artadi kantauriarra: zoru eskas eta arrokatsuetan. Batez ere, hosto iraunkorreko zuhaitzek osatzen dute baso mota hori. Espezie nagusia: artea (Quercus ilex). Espezie laguntzaileak: gaztainondoa (Castanea sativa), haritza (Quercus robur), astigarra (Acer campestre), hagina (Taxus baccata), gereziondoa (Pranus avium), ezkia (Tilia). Zuhaixkak: gurbitza (Arbustus unedo), ereinotza (Laurus nobilis), gorostia (Ilex aquifolium), elorria (Crataegus monogyna), zuhandorra (Cornus sanguinea). Basoazpia: ipurua (Juniperis comunis), isatsa (Cytisus), otea (Ulex), txilarra (Erica vagans). 4) Errekondoko basoa: erreka inguruetan eta leku zingiratsuetan. Altueraren arabera honako espezie hauek agertzen dira: Espezie nagusia: haltza (Alnus glutinosa). Espezie laguntzaileak: makala (Populus nigra), zume zuria (Salix alba), lizarra (Fraxinus excelsior). Zuhaixkak: hurritza (Corylus avellana), intsusa (Sambucus nigra), sahatsa (Salix caprea). 5) Pagadia: 600 m-tik gorako eremuetan. Espezie nagusia: pagoa (Fagus sylvatica). Espezie laguntzaileak: lizarra (Fraxinus excelsior), gaztainondoa (Castanea sativa), astigarra (Acer campestre), urkia (Betula celtiberica), hagina (Taxus baccata). Zuhaixkak: elorri zuria (Crataegus monogyna), elorri beltza (Prunus espinosa), gorostia (Ilex aquifolium), hurritza (Corylus avellana).

7

6) Padura: ekosistema hau bere gatz-giroarengatik (itsasoko urek eraginda) bereizten da. Landare mota nagusiak: tamariza (Tamarix gallica), Baccharis halimofolia.

POPULAZIOA Populazioari dagokionez, Euskal Herriko herriak eta hiriak hiru zonaldetan banatzen dira, hegotik iparrera begiratura. Gune geografikoa eta giza harremanak kontuan hartuz, sailkapen hau egin daiteke:

1) Euskal Herriko hegoaldea (populazio bildua): Herriak nahiko handiak dira eta elkarrengandik urruti samar daude. Batetik bestera ez da ia txabola bat ere. Herri horiek (edo hobeto legoke “hiri” hitza erabiltzea) oso fundazio zaharrekoak dira gehienak, erromatarren garaikoak edo Erdi arokoak (Tutera, Guardia, Los Arcos, etab.)

2) Euskal Herriko erdigunea (populazio ertaina): Herriak tamaina ertainekoak dira eta ez daude bata bestetik hegoaldekoak bezain urruti. Herrien artean auzo txikiak ere agertzen dira (Agurain, Uharte Arakil, etab.).

3) Euskal Herriko iparraldea (populazio sakabanatua): Denetariko herriak dira zona horretan. Hiri handiak daude, iraultza industrialaren ondorioz zabaldutakoak, baina, batez ere, herri eta auzo txikiak ageri dira eta bata bestetik oso hurbil daude. Eremu horretako ezaugarririk nabarmenena, oso populamendu sakabanatua izatea da. Lurralde osoa dago etxe bakunez beteta, oso bereziak diren iparraldeko euskal baserriez, hain zuzen. Gune geografiko hori Euskal Herriko ipar-isurialdeari dagokio bete- betean.3 ETXEAREN ITXURAK Etxearen itxura ere lurraldearen arabera bereizten da Euskal Herrian. Lau eremutan banatzen ditugu: 1. Hegoaldeko etxea: Era askotako materialez egina izan daiteke: harriz, adreiluz, adobez etab. Teilatua isurialde batekoa ohi dute eta, askotan, oso aldapa leunekoa (12- 20ºkoa). Etxe mota hori populamendu bilduko gunean egoten da. 2. Erdialdeko etxea: Harrizkoak izaten dira gehienetan eta isurialde biko teilatua izaten dute. Teilatuko gailurra fatxadarekiko paraleloa edo perpendikularra izan daiteke. Etxe mota hori Euskal Herriko erdialdean egoten da.

3 CARO BAROJA, Julio (1971), 25-26 8

3. Etxe pirenaikoa: Harrizkoak dira eta bi edo lau isurialdeko estalkia izaten dute. Negualdian elur gehiegirik pila ez dadin, oso teilatu aldapatsua ohi dute (40- 60ºkoa). 4. Etxe atlantikoa: Harrizko hormak eta zurezko bilbea izaten ditu. Gehienetan, bi isurialdeko teilatua dute, aldapa handirik gabekoa (20-40ºkoa). Estalkiaren gailurra, normalean, perpendikularra izaten da fatxadarekiko. Etxe mota hori gune sakabanatuan ikusten da. Euskal Herriko ohiko etxea edo euskal “baserria” dugu berau.4

EUSKAL BASERRIA Zura guztiz funtsezko osagaia izan zen baserriak eraikitzeko. XV. mendera arte behintzat, baserriak zurezkoak izaten ziren. Horrexegatik eta hainbat sute gertatzen zelako, agintariak, etxeak harriz egiten zituztenei sariak ematen hasi zitzaizkien. Hortik horrenbeste izatea gaur egun “Ormaetxea” edo antzeko deitura dutenak. Gaur egun ikus daitezkeen baserririk zaharrenek kanpoaldean ere gorde dute zurezko bilbea. Horietako asko XVI. mendearen hasierakoak dira. Eredua hauxe litzateke: Eraikinaren alderik sendoena lau harresi oso altuen gainean kokatutako lau zutoinek osatzen zuten. Zutoinetik zutoinera haga meheago batzuk jartzen ziren, zeharkako bilbea eratzeko. Trama horren gainean, azkenik, oholak josten ziren, kanpoko horma eta pareta gisa. Sarritan bilbea konplexuagoa izaten zen. Denborak aurrera egin ahala, oholen ordez adreiluak edo beste substantzia mineral batzuk ere erabiltzen hasi ziren. Bizkaiko eta Arabako baserri zahar askotan ez dira zurezko osagarri horiek hain sarri izaten, eta agertzekotan, gehienetan, fatxadaren erdialdean dira ageri. Ipar-mendebaldeko Nafarroan, Nafarroa Beherean eta Lapurdin, baserriek oso egitura berezia dute: bilbea fatxadan baino ez da agertzen eta guztiz egitura koadrikulatua izaten dute, bertikaltasuna horizontaltasuna baino nabarmenago dela. Araban eta Nafarroako erdialdean etxe gehienak bi edo hiru oinekoak izaten dira, oso-osoan manposteriaz (karez eta harriz) eginak. Batzuetan harlanduzkoak ere ikusten dira. Baserriak bi oin izaten ditu. Behekoan ukuiluak, logelaren bat eta sukaldea egoten dira. Goikoan, gela gehiago eta lastategia edo sabaia. Bestalde, etxea zabaltzean, itxura desberdineko eraikuntzak sortzen dira. Estalkien edo teilatuen egitura ere oso garrantzitsua da etxeen itxura aztertzerakoan.5

4 CARO BAROJA, Julio (1971), 111-112 5 CARO BAROJA, Julio (1971), 113-116; AGIRRE, José (1925), 141-150 9

Nafarroako Auritz, Aezkoa, Zaraitzu eta Erronkari ibarretan, aldapa handiko estalkidun etxeak daude. Horien ezaugarrietako bat hegaletako hormak, fatxada baino aurrerago abiatzea da. Teilatua oraintsu arte zurezko oholez egiten izan da. Zuberoako ohiko etxeak ere antzekoak dira.6

6 CARO BAROJA, Julio (1971), 121 10

HISTORIAURREA

BEHE-PALEOLITO AROA (k.a. 4.000.000 – 100.000) Behe-Paleolito Aroa euskal historiaurrean gutxien ezagutzen den aldia da: aztarnak oso gutxi dira eta zail gertatzen da datuak osoko marko batean egokitzea. Aurretik esan beharra dago ez dela aurkitu garai hartako gizakien hezur-aztarnarik. Hala ere, ustez, Homo heidelbergensis delako gizaki mota izan zen (Atapuercan definitutakoa), segur aski, garai haietan lurralde hauek populatu zituena. Euskal Herriko Behe-Paleolito Aroko aztarna arkeologikoak (harri landuak) hiru multzotan bil daitezke: a) Bi aztarnategi ipar-isurialdean: Lezetxiki (Arrasate) eta Irikaitz (Zestoa). b) Hego-isurialdean, Ebroko eta honen ibaiadarretako harritzetan batutako materialak: bai pieza isolatuak eta bai multzo trinkoagoak Araban eta Nafarroan (Murba eta Urbasa). c) Azkenik, Iparraldean bildu diren aztarnak, Lapurdiko itsasertzean batez ere.

Sailkapen kulturala: Europar hego-mendebaldeko Behe-Paleolito Aroa hiru bloke nagusitan biltzen da: 1) Uharriz eginiko industria arkaikoak (k.a. 4.000.000 - 200.000). 2) Printzaz eratutako industriak (k.a. 800/300.000 – 130.000). 2) Aurpegi-bikoen industrien bilakaera (k.a. 800/700.000 – 115.000). Euskal Herrian, aurpeg-bikoen bilakaeraren azken etapako aztarnak besterik ez dira ezagutzen, oraingoz. Horrek k.a. 300.000 – 80.000 bitarteko garaian ipintzen gaitu. Tresnarik bereziena, “aurpegi-bikoa” da: alde bietatik landutako harriaz eginikoa. Berarekin batera, beste tresna batzuk ere aurkitu dira: karrakailuak, puntak, etab. Bizimoduak: gizataldeak harrapariak ziren, eta ehizan eta basoko fruituak batzen ziharduten. Trebeak ziren suharria, kuartzita edo beste harkaitz gogor batzuk landuta tresnak egiten. Aire zabaleko aztarnategiek hiru bizileku mota erakusten dute: a) itsasertzekoak, hondartzetakoak. b) ibai ertzetakoak. c) mendi txikietakoak edo ibarren gaineko maldetakoak.7

7 ARRIZABALAGA BALVUENA, Álvaro (2006), 27-32 11

ERDI-PALEOLITO AROA Mousteriar kultura (100.000 - 35.000) Aurreko garaian baino lekukotasun gehiago dago eta herrialde guztietan agertzen dira Erdi-Paleolito Aroko aztarnategiak. Hona hemen esanguratsuenak: Axlor, Kurtzia eta Venta Laperra Bizkaian, Lezetxiki eta Amalda Gipuzkoan, Arrillor eta Murba Araban, Olha I Lapurdin, Isturitze Nafarroa Beherean eta Gatzarria Zuberoan. Lau bizileku mota zeuden, paisaiaren arabera: 1) Kobazuloetako ahoetan edo irtenune arrokatsuetako babesguneetan eta harpeetan. Batez ere Atlantikoko isurialdean. Axlor, Lezetxiki, Amalda, Kobalde, Olha I eta II, Isturitze, Hariztoi edo Gatzarriako aztarnategien kasua litzateke. 2) Aire zabalean, itsasertzetan. Esate baterako, Kurtzian edo Lapurdiko zenbait lekutan (Hendaian, Donibane Lohitzunen, Bidarten, Miarritzen, Angelun). 3) Aire zabalean, ibai-harritzetan. Ebro eta Aturri ibaietan (Murba, Urizaharra, Lehuntze, Urt, Bidaxune). 4) Aire zabalean, barruko lurretan eta leku altuagoetan. Inguru horretan, klima kontinentalagoa izaten da (Urbasa, Baigura).8 Axlorren topaturiko tresna-sailak (2.500 tresna baino gehiago) edo Lezetxiki, Urbasa edo Isturitzeko multzoek ikerketa tipologiko egokia egiteko aukera ematen dute. Aurkitutako giza aztarnak, nahiz eta gutxi eta partzialak izan, Homo neanderthalensisenak direla esan daiteke.

Erdi-Paleolito Aroko bizimoduak Aro luze horretan Europar hego-mendebaldeko kostalde atlantikoan, Akitaniatik Asturiaseraino, okupazioa nahikoa trinkoa izan zen. Suharria, kuartzoa, kuartzita, eskistoa, ofita eta antzeko harriak lantzen ziren, makila, adar edo hezur zati batez erauntsi, eta, gero, printzak ateratzeko, konprimagailu batez ukitu zehatzak eginez. Teknika horren bidez, era askotako tresnak sortzen zituzten, beste hainbeste funtzio espezifikori egokituak. Gehienak ehizarako tresnak ziren: karrakailuak, aiztoak, dentikulatuak, zulagailuak... Ziur dakigu garai haietan zenbait material organikoz eginiko tresneria ere erabiltzen zela (denborak deuseztatu duena, jakina): zura, zuntza eta azala, zaintxuriak, ileak, etab. Ehiza taldean egiten zuten segur aski: animalia taldeak bilatzen, inguratzen, banantzen eta akabatzen zituzten. Horrela, basa-behiak, bisonteak, zaldiak, etab. harrapatzen zituzten. Parajearen gorabeherak aprobetxatuta (ibar estuak, sakanak, leku zingiratsuak edo arro itxiak) egiten zuten ehiza.9

8 BARANDIARAN, Ignacio (1985), 76 9 BARANDIARAN, Ignacio (1985), 78-79 12

GOI-PALEOLITO AROA (35.000 - 10.000) Euskal Herriko leku askotan aurkitu dira Goi-Paleolito Aroko gizakien aztarna arkeologikoak (tresnak, okupatze-trazak, labarretako artea). Hona hemen zenbait aztarnategi: Bolinkoba, Santimamiñe, Atxeta eta Lumentxa Bizkaian; Urtiaga, Ermittia, Ekain, Aitzbitarte, Erralla eta Amalda Gipuzkoan; Berroberria eta Koskobide Nafarroan; Isturitze Nafarroa Beherean eta Gatzarria Zuberoan. Kontzentrazio-gune hauek bereiz daitezke, mendebaldetik ekialdera: Karrantza (Ventalaperra); Arenaza; Kurtziako itsasbazterra; Durangaldea (Bolinkoba...); Deba Garaia (Lezetxiki); Urdaibai (Santimamiñe, Atxeta); Lea arroaren behealdea (Lumentxa, Abittaga); Artibai arroaren behealdea (Goikolau); Deba eta Urolaren behealdeak (Urtiaga, Ermittia, Ekain, Amalda, Erralla); Gipuzkoako ekialdea (Aitzbitarte, Torre); Altxerri; Goierri garaia (Kobalde); Burunda (Koskobide, Urbasako estazioak); Gazteluko aldea (Isturitze, Haristoi, Erberua); Baztan garaia (Berroberria, Alkerdi, Lezia); Arbaila (Gatzarria, Haregi, Sinikole, Xaxixiloaga eta Etxeberri). Isturitzeko kobazuloa, E. Passemardek (1913-23) eta Saint-Périer kondeak (1928-1935) aztertutakoa, Europako aztarnategirik garrantzitsuenetarikoa da; horrek Mousteriarretik Goi Paleolitoko zenbait fasetako okupatze-mailak ditu: bertako bilduma gehienak ia Frantziako Museo Arkeologiko Nazionalean daude (St. Germain-en-Laye). Euskal Herrian aurkituriko Cromagnon gizakiaren (Homo sapiens) aztarnak ez dira asko. Isturitzen bakarrik agertu dira Goi-Paleolito Aroko giza aztarnak ugari: ehun bat atal, eta aro osokoak.10

Lurraldearen okupazioa Goi-Paleolito Aroan oso klima hotza izan zen nagusi eta gaitza zen Euskal Herriko barnealdeko leku altuetan bizilekurik jartzea, denbora luzerako, behintzat. Jardueraren araberakoak ziren bizilekuak: ehiza, bilketa, arrantza, itsas bilketa. Bizilekurik finkoenak kobazulo lehorretakoak izaten ziren, zabalak eta egoki orientatuak, ahalik eta eguzkiaren argirik eta berorik gehien jasotzeko. Aukeratutako bizilekuak, ehizatzen ziren animalien araberakoak ziren. Baso inguruetan oreinak eta orkatzak ziren espezie nagusiak; leku irekietan eta belardietan, zaldiak, bisonteak, basa-behi eta elur-oreinak; harkaitzetako paraje malkartsuetan, sarrioak eta basahuntzak. Aztarnategietako estratigrafian pilatutako janari eta ehiza-hondakinek argitzen dute bizilekua zelan aukeratzen zuten, espezializazioaren arabera: Isturitzen landa irekiko espezieak dira nagusi (zaldiak, elur-oreinak, bisonteak); Urtiagan edo Aitzbitarten, berriz, baso inguruetakoak (oreinak); Bolinkoban, Anboto inguruan, harkaitzetakoak (basahuntzak). Bizilekuak kokatzeko beste faktore bat ere bazegoen, tresnak egiteko materialen iturriak hurbil izatea; hain zuzen, silexa aurki zitekeen lekuak eskura izatea.11 Ekipamendu teknikoa eta bizimoduak

10 BARANDIARAN, Ignacio (1985), 80-81 11 BARANDIARAN, Ignacio (1985), 81-82 13

Goi-Paleolito Aroan harri landuzko lanabesak erabat aldatu ziren eta ondorioz printzak gero eta espezializatuagoak eta txikiagoak egiten ziren (mikrolitoak). Xafla edo orri motako tresna ugaltzen da. Xafla horiek ukiera mota (arrunta, malkartsua, laua, ezkatatsua) eta orientazio gradu desberdinak dituzte, tresna bereiziak egiteko: zulakaitzak, karrakailuak, harraskagailuak, zulagailuak, puntak, etab. Goi-Paleolito Aroko lehen kulturak garatzean, hezurrezko tresnak gehitu ziren. Lanabesak egiteko, zerbidoen adarrak, proboszideo handien bolia, ugaztun eta hegaztien hezurrak eta moluskuen maskorrak erabiltzen ziren. Tresnak a) Armak edo ehizan eta arrantzan erabiltzeko elementuak: azagaiak, sastakaiak, hezur-hagaxkak, puntak, arrankaziak. b) Etxeko lanetarako edo artisau-lanetarako lanabesak (zulatzeko, josteko, harrizko tresnak lantzeko eta ukitzeko): espatulak, zizel- konprimagailuak, jostorratzak, ziriak, ezkardak. c) Apaingarriak edo adierazpen sinbolikodun elementuak: idunekoak, aginte makilak, etab. Janzkiak Gorputza estaltzeko eta oinetarako, antza, ugaztunen larruak erabiltzen ziren. Horren aztarnarik aurkitu ez bada ere, aitzitik, animaliak larrutzeko erabiltzen ziren tresnak (era askotako karrakailuak, ertzetan ukitutako orriak eta printzak, zulakaitzak, etab.) ugari topatu dira. Bizilekuak Kobazuloetan okupatutako lekuetan supazterrak, jarlekuak, hormatxoak eta zoruak drainatzeko ubideak egoten ziren.

Jarraipen kulturalak 1. Erdi-Paleolito Arotik Goi-Paleolito Arorako trantsizioa: Chatelperron / Aurignaciar arkaikoa. (35.500 - 30.500). Garai horretako aztarnak, guztiak ia, Iparraldean daude (Gatzarria eta Le Basté dira ezagunenak). Aroko tresnarik bereziena “Chatelperron punta” izenekoa da. 2. Aurignaciar tipikoa (30.500 - 27.000). Isturitzen eta bai Gatzarrian eta La Bastén ere. Bereziki, orriz eratutako tresneria dotorea du: karrakailuak, zulakaitzak. Hezurrezko lanabesak agertzen dira: azagaiak, apainketa pertsonaleko zintzilikariak, etab. 3. Gravettiarra (27.000 - 18.000). Isturitzen, Bolinkoban, Gatzarrian, Lezetxikin, Koskobiden, Lezian, Aitzbitarten. Garai horretan, Europako hego-mendebaldean Goi- Paleolito Aroko hotzaldirik gogorrenak izan ziren. Harri-landuzko tresnerian, bi mota berezi lantzen dira: Gravetteko punta eta Noaillesko zulakaitza. 14

4. Solutrealdia (18.000 - 15.000). Hauek dira Solutrealdiko kulturaren ezaugarri bereziak: a. Leku-mugatasuna (ia, penintsula iberiarrean eta gaurko Frantzian baino ez da agertzen, eta hemen berton ere, oso leku gutxitan). b. Tresneriaren adierazpen kontserbadore nabarmena, hiru bat milurtekoan ia aldaketarik gabe, beti eredu berei jarraituz. Tresna horiek, gainera, oso ohikoak dira: sahats- eta ereinotz- hosto itxurako elementuak. Euskal Herrian, Solutreko kulturaren presentzia ziurra da Bizkaiko Atxeta, Santimamiñe, Atxuri eta Bolinkobako aztarnategietan, Gipuzkoako Ermittia, Amalda eta Aitzbitarten, Nafarroako Koskobiden, Lapurdiko Chabiagen, Nafarroa Behereko Isturitzen eta Zuberoako Haregin.

5. Madeleinealdia (15.000 - 8.000). Trinkotasun handiko bloke kulturalaren itxura agertzen du Madeleine aldiak. Garai hori bi bloketan zatitzen da: bata arrankazirik gabekoa eta bestea arrankaziduna. Garai hartan, lurralde franko-kantauriarrean bizi ziren jendeek, baliabide naturalak ustiatuz, bizilekuak finkatzea eta populazioa ugaltzea lortu zuten. Nabarmena da garai hartako ehiztarien espezializazioa: harrapakinak aukeratu egiten ziren eta, horretarako, sarritan ehiza-leku berberetara jotzen zuten. Animaliak, harrapatutako leku berean zatikatu eta gordetzen ziren, eta kanpamendu finkoetara zati jakinak eta azpiproduktuak eroaten zituzten. Ehiza-lanak, azkenik, beste bilketa edo itsas bilketa-jarduera batzuekin aldizkatzen ziren. Euskal Herriko Madeleine aldiko aztarnategirik inportanteenak Isturitzen, Aitzbitarten, Ermittian, Urtiagan, Ekainen, Berroberrian, Lumentxan, Santimamiñen, Bolinkoban eta beste zenbait kobazulotan ikertu dira. Isturitzeko IV. Madeleine aldia (edo erdikoa), oso aberatsa da. Bertan topatu dira goi mailako irudiz (grabatuak, behe-erliebeak) apaindutako adarrezko hagaxkak eta makil zulatuak, eta hezurrezko edo harrizko eskultura exentuak.12

GOI PALEOLITO-AROKO ARTEA Goi-Paleolito Aroa izan zen artearen historian izan den etaparik kementsu eta adierazkorrenetarikoa. Aro horretako artearen eskolak, eremuak, zikloak eta estiloak identifika daitezke. Hogei mila urte inguruko epe zabalean, berezko dinamika batekin bilakatuz joan zen artea da. Aurignaciar aldian agertu

12 BARANDIARAN, Ignacio (1985), 82-93 15 ziren lehen adierazpen figuratiboak, eta Madeleinealdiaren amaieran edo Mesolito Aroaren hasieran desagertu ziren. Ezaugarriak: 1) Euskarriaren eta neurriaren arabera, labarretako (edo paretetako) artea eta arte erabilgarria (eraman daitezkeen pieza txikiak) bereizten dira. 2) Tekniken aldetik, irudiak, zizelkatu, marratu (grabatu) edo margotu egiten ziren. 3) Motibo aldetik, animalia ugaztun ugari agertzen dira; arrain eta hegazti gutxi; giza irudi gutxi ere. Era askotako zeinuak ere azaltzen dira. 4) Estiloaren aldetik, gehienak adierazpen figuratiboak dira. Labarretako artea: Frantzian eta kostalde atlantikoan agertzen da gehienetan, eta horregatik, Arte franko-kantauriarra esaten zaio. Lascaux eta Altamira dira kobazulorik esanguratsuenak. Eremu zabal horretan aurkituriko irudiek antzeko ezaugarriak dituzte eta era bereko bilakaera sumatzen da guztietan. Horregatik, kultura berekotzat hartzen dira. Hasierako aldietan ingurune edo profil hutsa marratzen zen. Hurrengo fase batean, irudiaren barnealdea margotuz (itzalak irudikatuz), edota haitzaren sartu-irtenez baliatuz, irudiari erliebe-itxura ematen zitzaion. Bestalde, hasieran kolore bakarraz egiten ziren irudiak eta aroaren amaieran (Madeleinealdian) irudi polikromatuak ageri ziren. Eszena edo egintza bat adierazten digun konposiziorik ez dago ia: irudiak bakanka edo taldeka agertzen dira, baina ez dute, normalean, eszenarik osatzen. Garai hartako gizakiak, ehiztaria zenez, oso ondo ezagutzen zituen animalien gorputz-atalak eta naturalismo handia lortzen zuen, horiek zehatz- mehatz marraztuz. Helburua edo esanahiari dagokionez, baliteke irudi horiek animalienganako jite magikodun zeremoniak egiteko, oinarri gisa erabiltzea. Gaur egun ezagutzen diren euskal haitzuloetako santutegiak hauexek dira: Bizkaian: Arenaza, Santimamiñe eta Ventalaperra Gipuzkoan: Ekain eta Altxerri Nafarroan: Alkerdi Nafarroa Beherean: Isturitze, Haristoi eta Erberua Zuberoan: Etxeberri, Xaxixiloaga eta Sinikole. Arte erabilgarria: Era askotakoa izaten da: plakak edo harriak, animalien irudiez apainduta, ehizarako talisman legez erabiltzen bide zirenak; bai hezurrez edo adarrez 16 eginiko “aginte-makilak” ere, zulo batez hornitu eta marraztuta. Harriz edo beste material batzuez eginiko estatuatxoak. Garrantzizkoa da Isturitzen agertzen den arte erabilgarria; bai Urtiaga, Lumentxa, Haregi, Berroberria, Torre edo Ekainekoa ere.

Zenbait aipamen “erritualak”: Goi-Paleolito Aroaren hasieratik zintzilikari asko agertzen da (azerien eta oreinen letaginak, edo esteatitazko perlak). Isturitzen, erabileraz higaturiko burdina oxido zati ugari bildu dira. Isturitzeko Aurignaciar aldiko mailetan, E. Passemardek, ezagutzen den musika-tresnarik antzinakoenetako bat aurkitu zuen: txirula bat, mutur batetik hautsitako hegazti-hezur batez egina, hiru zulodun lerro bakarra duela.13

EPIPALEOLITO AROA (MESOLITO AROA) (10.000 - 6.000) Paleolito osteko bizimoduak Holozeno fasean kokatzen dira: garai horretan, baldintza klimatikoek hoberantz egin zuten (gaur eguneko baldintzen antzekoetara, alegia): tenperaturek eta euriek gorantz egin eta aldaketak izan ziren paisaian. Basoak gero eta zabalagoak egin ziren eta fauna ere aldatu zen, zeren izotzak atzera egitean, giro hotzeko animaliek emigratu, eta haien ordez, gaur egunean ezagutzen dugun fauna agertu baitzen. Goi-Paleolito Aroan, bizilekurik gehienak kostalde inguruan zeuden. Baina, klimak hoberantz egiten zuenean, gizakia barnealderantz ere joaten hasi zen, eremu berriak konkistatu nahian. Sasoi hartan (Mesolitoan), gizataldeak gero eta gehiagotan finkatzen ziren barnealdeko eta lurralde garaiagoetako bizilekuetan. Lehenago, nagusiki, kobazuloetan bizi zirenak, sasoi horretan, nahiago izan zituzten haitz azpiko babesleku edo aterpeak. Paisaia desberdinak (ibarra eta mendia, basoa eta larrea) kontrolatzeko moduko lekuak aukeratzen zituzten ibaietatik hurbil. Ezinbestekoa zitzaien giro haietan bizi ziren animalia- espezieak eskura izatea (zerbidoak, ahuntzak, behiak, basurdeak, hegaztiak eta arrainak). Bestalde, kostaldeko kobazulo batzuetan, hango itsaskiak ustiatzen zirela erakusten duten Mesolito Aroko maskorren pilatzeek, maskortegiek, mariskoen hondakin-piloek, alegia, itsaskiak jaten zirela erakusten dute. Mesolito Aroko horrelako maskorren pilatzeak aurkitu dira Santimamiñen, Ekainen edo Berroberrian, besteak beste. Garai horretako aztarnategirik gehienak haitz azpiko babesleku edo aterpeak izan arren, aurkitu da aire zabaleko ezarlekurik ere, esate baterako, Pareko Landakoa (Solluben).14

Kultura materialaren sekuentziak

13 BARANDIARAN, Ignacio (1985), 93-96 14 ALDAY RUIZ, Alfonso (2006), 69-76 17

Mesolito Aroa hiru fasetan banatu izan ohi da: 1) Xafla egiturazko tresnen fasea (k.a. 9.800 – 8.000) Tresnak Paleolito amaieratik eratorritako herentzia industrialak dira, gehienak ehizarako. Piezen tamaina txikiagoa egin zen eta xafla eta punta mota berriak agertu ziren. Karrakailuak, zizelak, koskak eta dentikulatuak (Atxoste, Berniollo, Mendandia, Ekain, Pareko Landa) 2) Koskadunen eta dentikulatuen fasea (k.a. 8.700 – 7.600) Eten egin zen aurreko aldiko tradizio industriala. Tresna handiagoak egiten ziren eta Goi-Paleolito Aroan hasitako mikrolitizazio prozesua eten egin zen. Ez du ematen tresna horiek egokiegiak zirenik ehizarako, ez baitzuten puntarik ez eta ertz zorrotzik ere. Seguruenik, beste materia batzuk (zurezkoak, esate baterako) erabiliko ziren horiek manipulatzeko (Atxoste, Kanpanoste goikoa). 3) Geometrikoen (triangeluak eta trapezioak) fasea (k.a. 8.100 -6.500) Tresna gehienek trapezio- eta triangelu-itxurak dituzte. Oso pieza txikiak dira, antza denez, euskarri batean seriean muntatzeko eginikoak (Kanpanoste goikoa, Mendandia, Fuente Hoz, Kobeaga, Peña de Marañon, Atxoste, Pareko Landa) - Silexezko tresnez gainera, Mesolito Aroan, beste material batzuez egindakoak ere ezagutzen dira: itsas maskorrez, esate baterako, (Mendandia, Atxoste eta Kanpanoste).15

NEOLITO AROTIK BRONTZE ARORA (k.a. 6.500 – 1.000) Neolito Aroan, gizakiak harrapari soilak izatetik, elikagaien ekoizpen artifizialera pasatu ziren. Tresna berriak eskuratu eta euren hildakoak ehorzten hasi ziren. Gizakiek abereen eta landareen hazkuntza kontrolatzen ikasi zutenean, elikadura eskura izatea lortu zuten, eta are garrantzitsuagoa zena: elikadura hori garatzeko posibilitatea. Horrekin batera, aurreko aroetako giza harreman mugatuak gainditzen joan ziren. “Iraultza neolitikoaren” eraginez bizimodu berriak sortu ziren: - “Herrixketako nekazaritza” esaten zaion bizimoduaz tresneria erabat aldatu zen: harrizko tresna leundua garatu zen (aizkora edo aitzur legez erabil zitekeena) eta bai zeramika ere (gizakiak egindako lehen gai edo sustantzia artifiziala). - Horrek guztiak, bizimodu egonkorrago batera pasatzen lagundu zuen, eta kultura materiala garatzen lagundu zuen. Euskal Herriko Neolito aroan bi fase bereizten dira: Neolito zaharra eta Neolito aurreratua.

1. Neolito Aro zaharra (k.a. 6.500 – 5.500) Bizilekuak

15 ALDAY RUIZ, Alfonso (2006), 79-85 18

Neolito Aro zaharrean (k.a. 6.500 – 5.500), Mesolito aroko fase geometrikoan erabiltzen ziren ezarlekuei eutsi zieten, eta paisaia edo giro desberdinak kontrolatzen zituzten aterpeak ere ehiza-leku bezala erabiltzen zituzten. Hala ere, beste era bateko jarduerak erakusten dituzten bizileku berriak agertu ziren: Peña Largako babeslekuan (Toloño mendilerroa) fauna domestikoa (behiak, ardiak, ahuntzak, txerriak) eta fauna basatia (oreina, orkatza, zaldia, basurdea) azaltzen dira. Mendilerro berean, baina beherago, Los Husosen, dirudienez, hesolez inguratutako barrutiak zeuden abereak gordetzeko. Bestalde, aire zabaleko ezarlekuak ageri dira, eta gainera, Los Cascajosen, esate baterako, ibarraren erdi-aldean kokatuta eta ez bazter batean.

Kultura materiala Silexa lantzean, aurreko tradizio mesolitikoari jarraitu zitzaion. Baina, geometrikoen multzoan, segmentuak ageri dira: tresna mikrolitikoak, triangeluak eta trapezioak bezala, euskarri batean seriean muntatzeko eginak, bai ehizarako tresnak edo igitaiak egiteko. Garai horretako beste ezaugarri bat alaka biko sorbatza da. Bestalde, aurreko garaietako tresna berberak erabiltzen ziren: karrakailuak, zulagailuak, xaflak, etab. Neolito Aroan zeramika da berrikuntzarik aipagarriena. Euskal Herrian lehen aztarna zeramikoak Trebiñuko Mendandiakoak dira, k.a. 5.200ean datatuak.16

2. Neolito Aro aurreratutik Brontze Arora (k.a. 5.500 – 1.000) Garai horretan, produkzio-ekonomiak finkatu ziren. Hala ere, nekazaritzari buruzko berriak oso gutxi dira.

Ezarlekuak Bizitegiak aire zabalean kokatzen ziren eta lehengo haitzuloetako egoitzak, hortaz, ez ziren handik aurrera ia erabiliko. Bestalde, etapa guztian, klima hobeak eraginda, populazioa hazi zen. Euskal Herriko lurralde guztietan ageri dira aztarnategiak, bai bizilekuak, bai hiletak erakusten dituztenak: ibarretan, mendietan, mendi-hegaletan, kostaldean edo paduretan. Aztarnategien sakabanatze horrek lurraldea kontrolatu eta ustiatzeko zegoen nahia adierazten du. Eremurik egokienak lortzeko, gizataldeen arteko lehia izango zen, segur aski; eta horrek, zalantzarik gabe, elkarrekiko muga territorialak ezartzea zekarren. Aurreko garaiko bizileku gutxi mantentzen zen. Bizitegi egonkorrez gain, jarduera zehatzak egiteko ezarleku bereiziak ere sortzen ziren. Horrek ahalegin bereziak eskatzen zizkion taldeari, beharrezkoa baitzitzaion paisaia egokitzea:

16 ALDAY RUIZ, Alfonso (2006), 92-99 19 lurrak lantzea, abereentzat larreak lortzea, etab.; eta lan horiek koordinaturik egin behar ziren. Hain zuzen, era askotako bizilekuak izateak hainbat eratako jarduerak egiten zirela erakusten du: batzuetan, silexa lantzeko lantegiak ziren, besteetan abereen bazka-lekuak, lurraldeak kontrolatzeko tokiak, etab. Ezarlekuek, beharbada, elkarrekin lotuta zeuden, euren artean nolabaiteko sarea eratuz. Kasu askotan, ibarretako ezarlekuak erabat berriak ziren, hau da, “lehen kolonizazioak”. Ezarlekuak honela sailka daitezke: - Aire zabaleko bizitegiak, herrixka modukoak, tamaina txikiko etxolez eratuta - Goialdeetan ezarritakoak edo herrixka gotortuak (Monte Aguilar, La Hoya). Azken horiek gerokoak dira, Brontze Arokoak. - Ukuilu legez erabilitako kobazulo zabalak (Los Husos, Arenaza) - Aurreko garaietako haizpeak edo aterpeak (hauek noizbehinka bisitatzen ziren).17

Kultura materiala Silexezko tresnak garrantzitsuak izanik ere, aldaketak sumatzen dira: mikrolitizazio prozesua gelditu egin zen. Geometrikoen ordez, ukitu lauko gezi- puntak lantzen ziren eta apurka-apurka, teknika berriez, pieza simetriko eta meheak egitea lortu zen. Azkenean, hegalez eta pedunkuluaz eginiko puntak agertu ziren. Gainerako ekipo litikoa lan domestikoen ingurukoa zen: Harraskagailuak, karrakailuak, aizto bezala erabilitako xaflak, etab. Denborak aurrera egin ahala, tresna berri bat garatu zen: igitaia, silexez egindako pieza txikiak euskarri batean muntatuta, horzdun sorbatzez, zerra moduan, nekazari-lanerako egokitua. Harrizko bestelako lanabes sail bat ere aipa daiteke: harri leunduaz sortutakoa. Tresna horiek, silex landuaz egindakoekin konparatuz, aparteko aukera erakusten dute. Ez zuten silex zizelkatuaren zorroztasunik, baina sendoagoak eta, kolpe handiak emateko, eraginkorragoak ziren. Tamainaren eta itxuraren arabera, aizkora, aitzur, zeio edo zizel legez erabiltzen ziren. Zalantzarik gabe, zeramika izan zen garai hartako ondare materialik esanguratsuena. Horren inguruan Euskal Herrian dauden lehen aztarnek ez dute biderik ematen zehaztasun askorik izateko: eskuz eta tenperatura moderatuetan egosirik egindako produkzioa da. Apaintzeari dagokionez, ohiko zeramikaren tratamendua nahikoa hutsala da. Hala ere, kanpai-formako ontzien kasuan, kordoiak eransten ziren, edo puntzoiez edo hatzez egindako inpresioak. Kanpai-formako zeramika Europa osoko gertakaria da. Eboluzioak eta estilo ugari agertzen ditu, eta bere zabalkundeak distantzia luzeko harremanak adierazten ditu. Euskal Herrian, besteak beste, ondoko aztarnategietan aurkitu

17 ALDAY RUIZ, Alfonso (2006), 110-115 20 da: Pagobakoitza, Sorginaren txabola, El Sotillo, San Martín, Los Husos, Peña Larga, etab. Metalez egindako elementu gehienak hilobietan jaso dira. Zail da jakitea noizkoak diren hasierako produkzioak. Ohikoa izan da, bestalde, metalaren etorrera kanpai-formako zeramikarekin lotzea. Armak nabaritzen dira metalezko piezen artean: mihidun sastakaiak, palmela-puntak, pedunkulu eta hegaldun puntak, eta aizkorak. Erauzketa-jardueren eta metalak lantzeko tresnen aztarnarik aurkitu ez denez, metalezko produktuak kanpotik ekartzen zirela ematen du.18

Hileta-adierazpenak K.a. IV milurtekoaren azken herenetik aurrera, arrunt bihurtu ziren bai egitura megalitikoz eraikitako hilobiak, eta bai kobazuloetan egindakoak ere. Horiek guztiok helburu bera zuten: komunitatearen panteoiak izatea, komunitateko kideen ondoz ondoko hobiratzeak baitziren. a) Trikuharriak Trikuharriak, gizataldeek eraikitako oroitarriak dira. Normalean monumentu horiek, multzoka ageri dira eremu jakin batzuetan: estazio megalitikoak eratzen dituzte. Batzuk mendialdekoak dira (Aralar, Entzia, Urbasa, Ataun-Burunda, etab.), beste batzuk ibarrekoak (Arabar Errioxa, Arrazua, Agurain, etab.). Trikuharrien tipologia eta tamaina, paisaiak eskaintzen zituen baliabideen (harlauza zabalak eskura izatea) edota gizataldeen ahalmenaren araberakoa izaten ziren (mendialdean baino gizatalde handiagoak izaten ziren ibarrean). Euskal Herrian bi trikuharri mota aurkitu dira: batetik, bakunak, ganbara bat besterik ez zeukatenak (zistak) (Pagobakoitza, Artzanburu, Bernoa, etab.) eta, bestetik, ganbara aurreko korridorea zutenak (Aizkomendi, San Martín, Chabola de la Hechicera, El Sotillo, etab.). Ganbara eta korridoreen alboetan eta horiek estaltzeko ere harlauzak jartzen ziren. Azkenik, trikuharri osoa lurrez edo harri txikizko tumulu batez estaltzen zen. IV milurtekoaren azken herenean hasi ziren trikuharriak eraikitzen, eta gehienak, k.a. 2700-2000ko tartean egin ziren. b) Kobazuloetako hilobiak Kobazuloetan lurperatzeko ohitura geroagokoa da: gehienak III. milurtekoak dira.

Hileta-hatuak Hilobietan luxuzko objektuak jarri ohi zituzten. Kanpai-formako ontzirik onenak, elementu metaliko bikainak, apaingarriak eta bai oso kalitate handiko silexezko zenbait pieza ere. Azken horien artean, gezi-puntak dira gehienak.19

18 ALDAY RUIZ, Alfonso (2006), 116-125 19 ALDAY RUIZ, Alfonso (2006), 130-133 21

Gizarte antolamendua Jarduerak gero eta konplexuagoak izateak, egoki antolatzea eskatzen dio gizataldeari: etxolak eraikitzeko, harlauzak jartzeko, zutoinak altxatzeko zuloak egiteko, basoari lekua kentzeko, larreak eta lurrak lantzeko eta, batez ere, egitura megalitikoak eraikitzeko (harlauza handiak bilatu, garraiatu eta eraiki), ondo antolatutako planifikazioa behar zen. Eta normala zen gero eta konplexuago bilakatzen ari ziren gizarte haietan buruzagiak agertzea. Egoera berria da: lehen ez bezalako lurralde- eta gizarte-antolakuntzak sumatzen dira eta. Zentzu horretan, erabateko garrantzia hartzen dute hilobi- sistemek. Prozesuak bat egin zuen populazioaren hazkundearekin. Inguru batzuk besteak baino egokiagoak izanik, lurraldeaz jabetzeko lehiak sortzen ziren gizataldeen artean. Talde horien kohesioa mantendu eta talde- kontzientzia ez galtzeko, eremu ideologikoa indartu behar zen. Oso garrantzitsua zen, arauak bideratzeko orduan, buruzagien eginkizuna. Eta testuinguru hartan, hilobiratze kolektiboen sistemak (batez ere megalitismoa) oso egokiak ziren taldearen lurraldea markatzeko: arbasoen hilobiak gertuko lurraldearen “jabetza” frogatzeko erakusten ziren. Denboran aurrera eginez, gizartearen eta ekonomiaren konplexutasun handiagoaz, Burdin Aroan talde etnikoak eratuko ziren, hots, idazle latindarrek aipatzen zituzten autrigoiak, karistiarrak, barduliarrak, beroiak, baskoiak20 eta akitaniarrak. AZKEN BRONTZEA eta BURDIN AROA (k.a. I. milurtekoa) K.a. I. milurtekoan dokumentatzen dira lehenengoko herrixka finkoak Euskal Herrian. Garatuta zeuden ordurako nekazaritza eta abelazkuntza. Burdin Aroan lurraldearen okupazio handia gertatu zen. Bizilagunek, herrixketatik, begiz kontrolatzen zituzten euren eremuak. Bigarren Burdin Aroan, Euskal Herriko isurialde mediterraneoak Ebroko ibarreko talde iberikoen eraginak jaso zituen. Herrialde iberiko horiek, ordurako, bazuten hiri-antolakuntza, eta horiekiko harremanek dinamizatu egin zuten bertoko talde etnikoek Bigarren Burdin Aroan progresiboki zehaztu zuten prozesua. Talde horiek osatzen zuten, idazle greko-latinoek deskribatu zuten erromatarren aurreko Euskal Herriko testuingurua.21 Mediterraneoko isurialdea eta Atlantikoko isurialdea Isurialde bietan 300 ezarleku baino gehiago ezagutzen badira, 30 batean besterik ez da induskatu. Eurotatik, 234 hegoaldeko isurialdean daude eta 72 iparraldekoan. Mediterraneoko isurialdea: Azken Brontzetik hasita Bigarren Burdin Arora arte, garapen kultural bereiziak sumatzen dira hegoaldeko isurialdean. Bilakaera horretan, zenbait faktorek jokatzen zuten: aurreko garaietako bertoko substratua zegoen, baina bai kanpoko komunitateekiko harremana ere.

20 ALDAY RUIZ, Alfonso (2006), 136-137 21 ORTIZ DE URBINA ALAVA, Estibaliz (2006), 141-142 22

Honako hauek ziren harreman eta eragin horiek: 1. Penintsulako meseta aldetik Las Cogotaseko kulturaren eragina nabari da Arabako lautadan eta Nafarroako Burundan (k.a. 1300 – 900). 2. Europa atlantikoaren aldetik sartutako elementuak: Araban eta Nafarroan aurkitutako mihidun ezpatak, edo xafla pistiliformeak dituztenak, edo orpodun aizkorak, Atlantikoko Azken Brontzeari lotuta daude (k.a. 1200 – 700). 3. Hilen errausketa praktikatzen zuten Europako erdi aldetik etorritako taldeen (Errauts-kutxatilen zelaietako kultura zaharra) eraginak ere izango dira Euskal Herriko Mediterraneoko isurialdean (k.a. 1100 – 700). Kultura materialean sumatzen diren aldaketekin batera (zeramika alorrean, burdinaren metalurgia), hizkuntza indoeuroparrak ere heldu ziren, eta hori argi ikus daiteke erromatarren aurreko bertoko onomastikan. 4. Ebroko arroan beste eragin bat ere aipatu behar da: penintsulako ekialde eta hegoaldetik etorritako kultura iberikoaren eragina (k.a. 700etik aurrera). Garapen politiko eta sozial nabarmena erakusten duen kultura urbanoa zen hura (hierarkizazioa, burdinaren metalurgia zabaldua, eltzegile-tornuko zeramika, etab.). Kultura iberikoaren ukituak, haren alfabetoa erabiltzea ekarri zuen, hizkuntza bat edo bestea grafikoki adierazteko, aurretik ez baitzen idazten Euskal Herrian.22 Ezarlekuak Azken Brontzetik (k.a. 1200 – 700) aurrera, erabateko aldaketa sumatzen da Euskal Herriko hegoaldeko bizitegietan. Geografia aldetik, bizilekuak ibaien arroetan kokatzen ziren. Hidrografia-sarea lehen mailako faktore bihurtu zen lurraldea okupatzeko orduan. Bizitegiak eratzeko, ondoko irizpideak hartzen ziren kontuan: lur emankorrak, larreak eta ura eskura izatea batetik, eta, bestetik, estrategikoki, topografia egokia, ibilbideetara sarrerak eta irteerak izatea, ingurua begiz kontrolatu ahal izatea eta defentsa naturalak zituen lekua izatea. Horrela, goi aldeetan kokatutako herrixkak egiten ziren, sarbide zaila zutenak eta menderakaitzak zirenak; baina lautadetan, defentsa naturalik ez zuten herrixkak ere egiten zituzten. Bizitegi horietan, kanpai-formako zeramika aurkitu ohi da eta, horregatik, aurreko milurtekoak zirela ematen du. Aipatu den legez, substratu horrek, Lehen Burdin Aroa baino lehenagotik, penintsulatik, Europako alde atlantikotik eta Europa erditik eratorritako eraginak jaso zituen. Bigarren Burdin Arotik aurrera, Ebroko behe- bailarako herri iberiarrekiko harremanak izan ziren. Araban La Hoya, Castillo de Henayo, Peñas de Oro eta Lastra aipa daitezke. Nafarroan, Alto de la Cruz eta El Castillar. Herrixka horietan, lekuen arabera, bizitokiak era askotakoak dira.

22 ORTIZ DE URBINA ALAVA, Estibaliz (2006), 143-149 23

Etxeek, batzuetan, oin-planta zirkularra izaten dute (Castillo de Henayo, Peñas de Oro). Hauek erdiko zutoi batez eta hesolez eraikita egoten dira eta saski-txirikordaz egindako paretak lokatzez estaltzen dira. Estalkia, seguruenik, konikoa izaten zen, zuhaitz-adarrez egina. Maizago aurkitu dira oin-planta errektangularra duten etxez eratutako herrixkak (Errauts-kutxatilen zelaien kulturakoen erakoak). Horiek adobez eginiko hormak eta harrizko edo buztinezko behegainak zituzten. Etxe bakoitzean, gela-banaketa, funtzioen araberakoa izaten da. Estalkia bi isurikoa edo bakarrekoa izaten zen (La Hoya, Kutzemendi, El Castillar, Alto de la Cruz). Hasieran, Lehen Burdin Aroan, herrixka horietan, erdiko kale baten inguruko antolamendua eta espazioaren okupazio perimetrala izaten zen, eta murrurari atxikitako etxeek erdiko gune libre zabala osatzen zuten (horrela ikusten da, esate baterako, La Hoyako lehen faseetan). Geroago, Bigarren Burdin Aroan, barruko espazio hori egin zen, eta sare-forman edo poligonalean antolatzen ziren etxeak eta kaleak (La Hoya, Alto de la Cruz). La Hoyako kasuan, kaleak eta espaloiak harrizkoak ziren eta oholezko arkupeak egiten ziren alboetako etxeetan.23 Jarduera ekonomikoak Azken Brontze Aroan eta Lehen Burdin Aroan, nekazaritza eta abereen hazkuntza batera ageri ziren. Zerealen protagonismoa azpimarratu behar da (garia, garagarra, oloa, artatxikia); lekadunak eta barazkiak ere lantzen ziren (La Hoya, Alto de la Cruz). Abereen hazkuntzan, ardiak eta ahuntzak aipatu behar dira, baina baita, gero eta gehiago, behiak eta txerriak ere. Bigarren Burdin Aroan, nekazaritza garatu zen Mediterraneoko isurialdean: lur landuak zabaltzean eta teknologia berriak (igitaiak, golde astuna, errota zirkularrak) erabiltzean, komertzializatzeko soberakinak ere lortzen ziren. Hori erakusten dute La Hoyan aurkitutako pisu-jokoek edo txanpon-aurrekotzat har daitezkeen metalezko printzek. K.a. Lehen milurtekoaren lehen partean, ugari dokumentatuta dago zeramika, bai eskuz egindakoa eta moldatua ere, bai berton egindakoa eta kanpotik ekarritakoa ere. Era askotako apainketa-teknikak erabiltzen ziren: hatzez edo azazkalez markatzea, bai ebakidurez, eszisioz, grafitoz margotzea, ildaskak egitea, eta abar. Bigarren Burdin Aroan eltzegile-gurpila eta labea agertzean, zeramikaren produkzioaren estandarizazioa gertatu zen. Besteak beste, Peñas de Oro, La Hoya, Lastra, Henayo edo Kutzemendi herrixketan aurkitutako moldeek, labeek eta arragoek, jarduera metalurgikoen berri ematen dute. Lehen Burdin Aroan brontzearen produkzioari eutsi zitzaion: metal horrekin, batez ere, apaingarriak (fibulak, zintzilikarioak, idunekoaren aleak, paparrekoak, eskumuturrekoak, eraztunak, belarritakoak, orratzak, etab.) eta armak (lantza-puntak, ezpatak, etab.) egiten ziren. Burdinaren metalugiak penintsulako ipar-mesetatik iritsi ziren Euskal Herrira. Metalurgia Lehen Burdin Arotik Bigarrenerako trantsizio garaian agertzen da inguru hauetan.

23 ORTIZ DE URBINA ALAVA, Estibaliz (2006), 149-152 24

Nekazaritzari lotuta, harrizko zenbait tresna aipatu behar dira: barku- formako errotak edota tresnak zorrozteko eta leuntzeko harriak. Geroxeago, erdialdean zulo bateko errota zirkularra hasi zen erabiltzen. Gainera, hezurrez eginiko sasoi horretako tresnak ageri dira: orein-adarrez egindako aizto- kirtenak, apaingarriak (orratzak, idunekoaren aleak, etab.), txistuak... Bestalde, La Hoya, Henayo edo Kutzemendin aurkitutako topeek (buztinez, hezurrez edo harriz eginak), ehungintza ere bazela erakusten dute.24

Atlantikoko isurialdea: Azken Brontze Aroari buruzko informazio gutxi dago iparraldeko isurialdean, kobazuloetako aztarnategietan aurkitutako material zeramikoak besterik ez baitira ezagutzen. Burdin Aroari buruz ezagutzen denak ez du biderik ematen, oraingoz, Europa erditik etorritako eraginak zehazteko.

Ezarlekuak Iparraldeko isurialdean, Bizkaian eta Gipuzkoan, goialdeetan kokatutako herrixka gotortuak ageri ziren. Hala ere, eremu horietan ez da oraindik ezagutzen herrixka haiei lotutako ehorzketa-lekurik. Aurkitu diren ehorzketak (harrespilak) Pirinio aldean daude, Leizaranetik ekialderako lurraldeetan. Azken eremu horietan, ordea, ez da bizitegirik ezagutzen. Goialdeetako herrixka gotortuen bataz besteko zabalera 5 Ha-koa ohi zen (txikiagoa Buruntzan edo Basagainen, 0,7 eta 2,8 Ha, eta handiagoa Maruelezan edo Intxurren, 8 eta 17 Ha). Herrixka horien okupazioa Bigarren Burdin Arokoa da (Berreaga, Kosnoaga eta Marueleza Bizkaian eta Basagain eta Munoaundi Gipuzkoan). Hala ere, Oria arroan, Intxur eta Buruntzako herrixkak etengabe egon ziren okupatuta Lehen eta Bigarren Burdin Aroetan. Defentsa naturalez gain, garrantzia handiko babes-sistemak erabiltzen ziren (murruak eta lubakiak), harriz, lurrez eta zurez eginikoak. Herrixka batzuk oso zabalak izan arren, ez zuten erakusten sare-forman egindako antolakuntza urbanorik, eta ez da ere hesi barruko zabalera osoa bizitokiz okupaturik. Zati handi bat, zeregin jakin batzuetarako gordetzen zen: laborantza, larre edo haziendarentzako barruti legez. Bizitokien hormak zurezkoak eta adobezkoak izaten ziren. Eraikinen oin- plantak, zirkularrak (Berreaga) edo errektangularrak (Intxur, Basagain, Marueleza) ziren eta estalkiak, normalean, zurezko bilbearen gainean jarritako landare-elementuez egindakoak, konikoak, edo isurialde bakar edo bikoak. Bizkaian, Marueleza eta Kosnoaga herrixketatik hurbil, K.a. II. mendean datatutako Gastiburuko (Arratzu) eraikin multzo berezia dago. Oin-planta pentagonala dauka eta manposteriaz eraikita dago. Ferra-formako egitura batean, lau eskalinata ageri dira. Baina leku horretan ez da aurkitu eguneroko bizimoduari legokiokeen elementurik eta bai, ordea, funtzio sinbolikoa izan

24 ORTIZ DE URBINA ALAVA, Estibaliz (2006), 155-158 25 zezaketenak. Antza denez, hura batzar-lekua edo inguruko herrixketako komunitateen arteko funtzionamendurako gunea izan zen.25

Nekropoliak eta hileta-erritoak Atlantikoko isurialdean, k.a. I milurtekorako ezagutzen diren ehorzketak harrespilak eta tumuluak dira. Harrespilak, mendebaldeko Pirinioetako mendi-lepoetan, goialdeetan edo ikuspegi zabaleko lekuetan kokatzen ziren, eta beti ere, Leizaran ibaiaren arrotik ekialderako lurraldeetan. Hortik mendebaldera, ia Gipuzkoa osoan eta Bizkaian, ez da ezagutzen gorpuak nola ehorzten ziren. Harrespilek ehorzketa-leku indibidualak edo nekropoli kolektiboak osatzen zituzten. Gaur egun Euskal Herriko Pirinio aldean, 850 bat ezagutzen dira. Lurrean jarritako harri blokeek (ortostatoak), 3-7 m diametroko gune zirkularra zedarritzen zuten. Bereziki aipagarria da Okabe mendiko harrespil- kontzentrazio handia (Hilarrita). Batzuetan, harrion erdialdean dagoen espazioak tumulu-forma hartzen du. Tumulua, harriz edo lurrez eginiko tontor formako pilaketa zirkularra ohi zen. Argi dago tumulu batzuk ehorzketa lekuak zirela, beste batzuetan, ordea, ez da ezagutzen zein eginkizun izan zuten. Ehorzketa horiek, zenotafio sinbolikotzat hartu izan dira. Gizakien hezur erraustu gutxi aurkitu da eurotan, eta aurkitu direnak, harrespilaren erdialdean jartzen ziren, lurrean, harri-pila baten azpian edo zista baten barruan; inoiz, bai ontzi baten barruan ere. Ehorzketa horietan ez da hileta-haturik izaten.26

Jarduera ekonomikoak Nabaria da garai horretan nekazaritzak eta abelazkuntzak izan zuten garapena, Intxur, Berreaga, Marueleza edo Basagain bezalako herrixketan. Garagarra, artatxikia, babak, ilarrak, lihoa, etab. ereiten ziren. Gainera, errotak, alea batzeko ontzi handiak, burdinazko igitaiak eta antzeko teknika berriak produkzioaren hazkundearen seinale dira. Zenbait animalia-espezie etxekotuta ageri dira. Berreagako aztarnategian aurkitutako buztinezko arragoak eta brontze- zepak, metala berton egiten zela erakusten dute. Brontzez, apaingarriak egiten ziren, fibulak, zintzilikariak edo eskumuturrekoak, batez ere. Bigarren Burdin Aroan, burdinaren metalurgia garatu zen. Burdinaz nekazaritzarako tresnak (igitaiak, golde-muturrak), eraikuntzarako elementuak (untzeak) eta armak (ezpatak, ezkutuak, lantzak) egiten ziren. Zeramika arloan, kono-enborraren formako ontziak egiten ziren, aho zabaldua eta azpi laua zutenak. Intxur eta Buruntzan, eskuz egindako zeramikak aurkitu dira, kordoiz, hatzez, azazkalez edo ebakiez apainduak, eta

25 ORTIZ DE URBINA ALAVA, Estibaliz (2006), 159-163 26 ORTIZ DE URBINA ALAVA, Estibaliz (2006), 160-163 26

Basagain, Munoandi, Berreaga, Kosnoaga eta Maruelezan, tornuz egindako zeramika ere topatu da. Harrizko tresnerian, printzak eta silexezko xaflak erabiltzen ziren orduan ere; bai harrizko barku-formako errotak eta zirkularrak ere. Hezurrez, espatulak, eztenak eta kirtenak egiten ziren. Aurkitu diren idunekoen edo eskumuturrekoen beirazko aleak, gehienetan urdinak dira, kanpotik ekarritakoak segur aski. Halaber, Axtrokin (Eskoriatza) topaturiko urrezko kaikuak ere kanpoko harreman komertzialekin lotu behar dira.27

27 ORTIZ DE URBINA ALAVA, Estibaliz (2006), 165-168 27

ANTZINAROA

HERRIAK IDAZTIETAN Antzinaroko Euskal Herriaren berri ematen duten informazio-iturriak, I eta II. mendeetako autore erromatarrek idatzitakoak dira; batez ere honako hauek28:

Julio Zesar: De bello gallico eta De bello civile (k.a. I. mendekoa) Estrabon: Geographica (Aro aldaketaren garaikoa) Tito Livio: Ab urbe condita (Aro aldaketaren garaikoa) Ponponio Mela: Chorographia (k.o. I. mendearen erdialdekoa) Plinio Segundo, “Plinio zaharra”: Naturalis Historia (k.o. I. mendearen azken aldikoa) C. Ptolomeo: Geographia (k.o. II. mendekoa)

Penintsula aldeko herriak Idazle horien arabera, penintsula iberiarreko iparraldean, mendebaldetik ekialdera –asturiarren eta kantabriarren ondoren–, herri hauek zeuden: autrigoiak, karistiarrak, barduliarrak eta baskoiak; eta hegoalderago, gaurko Errioxan, beroiak. Agiriek herri horietako hiriak ere aipatzen dituzte: Autrigoien hiriak: kostaldean Flaviobriga (Castro Urdiales), eta barnealdean, Uxama Barca (Osma), Segisamonculon (Cerezo del Rio Tiron), Virovesca (Briviesca), Antecuia (Pancorbo), Deobriga (Larrazubi edo Komunioi), Vindeleia (Cubo de Bureba) eta Salionca (Poza de la Sal). Beroien hiriak: Tritium Megallum (Tricio), Libia (Herramelluri) eta Vareia (Varea). Karistiarren hiriak: Suestasion (), Tullica (Tuyo) eta Veleia (Iruña Oka). Barduliarren hiriak: kostaldean, Menosca, eta barnealdean, Gebala (Gebara), Gebalaika, Tullonion (Dulantzi), Alba (Durruma), Segontia Paramica (Kontrasta edo Okariz), Tritio Tuboricon eta Tabuca. Baskoien hiriak: kostaldean, Oiasso (Irun), eta barnealdean, Iturissa (Auzperri), Pompailon (Iruñea), Bituris (Bidaurreta), Andelos (Andion), Nemanturissa (Santacris. Eslaba), Curnonion, Iacca (Jaka), Gracurris (Alfaro), Calagorina (Kalagorri), Casconton (Cascante), Ergauica (Berbintzana?), Tarraga (Uncastillo?), Muscaria (Tutera), Segia (Egea de los Caballeros) eta Alauona (Alagón). 29

28 AZAOLA, José Miguel de (1972), 163 29 ORTIZ DE URBINA ALAVA, Estibaliz (2006), 275-276 28

Idazle horiek ematen duten informazioaz, nolabait, tribuen arteko mugak ere ezarri daitezke: a) Autrigoien eta karistiarren artekoa, Nerbioi ibaian. b) Karistiarren eta barduliarren artekoa, Deba ibaian. c) Barduliarren eta baskoien artekoa, Urumea eta Oiartzun ibaien arteko tartean. d) Autrigoiek, karistiarrek eta barduliarrek, Trebiñun (Trifinium: “mugarri hirukoitza”) mugatzen zuten elkarrekin. e) Beroiek, autrigoiekin, karistiarrekin eta barduliarrekin Toloño mendian. f) Baskoiak ekialdetik, Gallego ibairaino zabaltzen ziren.

Pirinioez iparraldeko herriak Pirinioen iparraldean eta Garona ibairaino akitaniarrak zeuden. Akitaniako herriak ez ziren zabalera handikoak eta ez zuten hiri bat baino gehiagorik izaten. Akitanian honako herri hauek aipatzen dituzte, besteak beste, iturri klasikoek: tarbelliak (hiria: Aquae Augusta – Akize), bigerriak, elusateak, auskiak (hiria: Eliumberrum - Auch), kokosateak, konbeniak (hiria: Lugdunum – St. Bertrand de Comminges), sibillateak, vasateak (hiria: Cossium – Bazas), etab. Gaurko Ipar Euskal Herriaren eremuan zeudenak tarbelliak (iparraldetik Akizeraino) eta Sibillateak (Zuberoan) ziren.30

ERROMATARREN KONKISTA

Ebro erdialdeko ibarra Erromako armadek, II. Gerra Punikoa zela eta, k.a. 218. urtean Ampuriasen lehorreratu ostean, azkar menderatu zituzten Ebro beheretik Zaragozarainoko herriak. K.a. 178. urte inguruan konkistatu zuten Ebro ibarraren erdialdea, Tiberio Sempronio Graco buru zela. Graccuris hiria (Alfaro) fundatu zuten. Oso goiz ekin zion Erromak Ebroko ibarraren ustiatze sistematikoari: bertatik gari-kopuru handiak bidaltzen zituzten Erromara, eta hainbat soldadu ere batzen zuten bertan. Ebro erdialdeko ibarrean izandako borrokarik ezagunena Sertorioren gerra izan zen. Erromatarren arteko gerra zibila izan zen hura. Sertoriok harreman estuak zituen ibarreko herriekin, eta kontrario zuen Ponpeio, aldiz, baskoiekin aliatu zen. Ponpeiok, Pompaelo hiria (Iruñea) fundatu zuen, k.a. 75. urtean.

30 SANTOS YANGUAS, Juan (1998), 48-49 29

Sertorio k.a. 72an hil zen Oskan (Huesca), baina gerrak hurrengo urteetan ere iraun zuen: batetik Ponpeio eta haren semeak zeuden, eta bestetik, Julio Zesar (Sertorioren aldekoa). Hura izan zen gerra zibilaren azken fasea.

Beroiak, autrigoiak, karistiarrak eta barduliarrak: Ebro erdialdeko borrokak izan zirenean, beroiak eta autrigoiak erromatarren inguruan zeuden (Ponpeioren aldekoak ziren), baina karistiarrak eta barduliarrak, aitzitik, ez dira aipatzen gerra horietan, eta ezta Erromak kantabriar eta asturiarren kontra izaniko gerran ere (k.a. 29-19). Dakigunez, gerrate horien artean (Sertorioren gerren eta kantabriarren kontrako gerraren artean, alegia), zenbait ekintza militar izan zen Araban, hain zuzen, kostaldeko lurraldeak eta barnealdekoak banantzen diren mendietan. Andagosteko mendixkan (Jokano, Kuartangon), erromatar legionarioen kanpamendu baten aztarnak aurkitu dira (armamentua eta txanponak). Dirudienez, borrokaren bat izan zen inguru hartan k.a. 40-30 urteen artean. Gatazka hura erreferentzia ona da, erromatar legioak kantabriar eta baskoien arteko mendialdean noiz sartu ziren jakiteko. Erromatarren barneratze horrek, beharbada, Arabako iparraldearen –eta, agian, Gipuzkoako eta Bizkaiko kostaldeen– okupazioa ekarriko zuen.31

Akitania Galiaren konkista, Hispaniarena baino azkarragoa eta gora-behera gutxiagokoa izan zen. K.a. 125ean, Narbonensis probintzia sortu zuten erromatarrek Galiako hego-ekialdeko muturreko lurraldean. Konkistaren bigarren fasea Julio Zesarren ekintzei lotuta dago. K.a. 49. urtearen amaieran, Zesarrek, Gallia Comata delako herrialdea konkistatzea erabaki zuen: lurralde horrek hiru zati zituen: Akitania, Gallia Celtica eta Belgica. Zesarrek aginpide militarra behar zuen, iritzi publikoaren aurrean sendo agertu, finantza baliabide autonomoak lortu eta bere konfiantzazko indar armatua antolatzeko. Horregatik, Galiaren konkista, Erromaren barne-politikako arazo bilakatu zen. K.a. 46-45ean Zesar herrialdea konkistatzera abiatu zen. K.a. 39an oraindik, erresistentzia-gune batzuk gelditzen ziren Galian: Agripak, hego-mendebaldean akitaniarren aurka eta, ipar-ekialdean, belgikar leinuen kontra borrokatu behar izan zuen. Hamar urte geroago, k.a. 29an, Valerio Messalaren kanpainek azkena eman zioten akitaniar herrien erresistentziari.32

ADMINISTRAZIOA

Bai konkistarako eta administrazio-sailak jartzeko, erromatarrek Pirinioak hartu zituzten mugatzat.

31 SANTOS YANGUAS, Juan (2006), 221 32 SANTOS YANGUAS, Juan (1998), 51 30

Hispanian Italiaz kanpoko lurraldeak konkistatu ahala, erromatarrek horien administrazioa antolatzen zuten. Penintsula iberiarrera helduta eta lehen konkisten bultzadarekin, k.a. 197an, bi probintziatan banatu zuten : - Hispania Citerior (Ebro ibaiaren ingurukoa) - Hispania Ulterior (Guadalquivir ibaiaren ingurukoa) Ia bi mende geroago, Hispaniako konkista aurreratuta zegoelarik, Augustok beste probintzia-antolamendu bat egin zuen. Une hartan, k.a. 27. urte inguruan, hiru probintziatan eratu zen Hispania: - Ulterior Baetica - Ulterior Lusitania - Hispania Citerior edo Tarraconensis (besteak beste, autrigoiak, karistiarrak, barduliarrak, beroiak eta baskoiak barnean hartzen zituena) K.o. 297an (Behe Inperioan), Dioklezianoren berregituratze politiko- administratiboa izan zen eta lehenagoko Hispania Citerior izeneko probintzia hiru barrutitan zatitu zen: - (asturiarrak eta galaikoak barne hartzen zituena) - Tarraconensis (Ebroko arroa; besteak beste, kantabriarrak, autrigoiak, karistiarrak, barduliarrak eta baskoiak barne hartzen zituena) - Carthaginiensis (hegoaldean) Probintzia horien zabalerarengatik eta lurralde haietako hiri-garapen desberdinak zirela eta, beste administrazio-egitura bat sortu zen, probintziaren eta hiri-komunitateen artean, conventus izenekoa. Conventus horiek, batez ere, izaera juridikoa eta erlijiosoa zuten eta, bai funtzio politikoak, administratiboak eta ekonomikoak ere. Citerior edo Tarraconensis delako probintzia (Hego Euskal Herria hartzen zuena, alegia), zazpi conventutan zatitu zen. Horietako bik, C. Cluniensis eta C. Cesaraugustanus izenekoek barruan hartzen zituzten gaurko Euskal Herriko lurraldeak.33

Galian K.a. 125. urtean, Erromak, Galiatako hegoaldeko lurraldeetan, Narbonense probintzia sortu zuen. Augustoren berrantolatzearen ondorioz (k.a. 27an), lau probintziatan banatu ziren Galiak: Akitania, Galia Lugdunensis, Belgica eta Provenza. Esan behar da Zesar izan zela Akitania izena erabili zuen lehena: izen hori Pirinioetatik Garona ibairainoko lurraldeei ematen zien.

33 SANTOS YANGUAS, Juan (1998), 51 31

Dioklezianoren berregituratzearen ondorioz (k.o. 297an), Galiaren hegoaldeko probintziak Viennense izenekoan bildu ziren: horien artean Novempopulania, Aquitania Prima eta Aquitania Secunda zeuden. 34 Novempopulania (“bederatzi herriak”) izan zen Zesarrek Aquitania deitzen zuen lurraldeari ipini zitzaion izena. Izan ere, Akitaniarrak, lehenago, beste herrialde batzuekin bildu zituzten erromatarrek barruti berean, eta tenore hartan, Verus izeneko akitaniar buruzagiak aparteko herrialdea eratzea eskatu zuen Erroman; eta hala Novempopulania izeneko lurraldea sortzea lortu zen, Galiatik bereizita. Hazparnen aurkitutako inskripzio batean honela azaltzen da hori: FLAMEN . ITEM . DV(V)MVIR QUAESTOR . PAGIQ(V)E . MAGISTER VERUS . AD . AVGUSTVM LEGATO . MVNERE . TVNCTUS PRO . NOVEM . OPTINVIT . POPVLIS SEIVNGERE . GALLOS VRBE . REDVX . GENIO . PAGI HANC . DEDICAT . ARAM (Flamen eta dumviro, lurraldeko kuestorea eta magisterra den Verusek, enperadorearen ordezkariak, Galiarrengandiko bereiztea lortu zuen bederatzi herrientzat. Erromatik itzultzean aldare hau eskaintzen zaio lurraldeko jainkoari)35

EKONOMIA Erromatarren garaiko jarduera ekonomikoak estu lotuta zeuden estatuaren funtzionamendu politikoarekin. Lurraldeetako baliabideak eta zerga- sistema zeharo kontrolatuta zeuden eta hirietan fiskalitatea zorrotz ezartzen zen. Bi zerga zuzen (tributa) dira aipagarri: bata, lurrari eta ondasun higiezinei ezarritakoa (tributum soli), eta bestea, pertsonala (tributum capitis), ondasun higigarrien eta aberastasun pertsonalaren gainekoa. Komunitateek zeharkako zergak ere ordaintzen zituzten (uectigalia): aduana-zergak (portoria), salgaien gainekoak; larre-zergak (pascuae); edo herentziei (uicesima hereditatium) eta esklaboen emantzipazioari (uicesima libertatis) jarritakoak. Tiberio Sempronio Gracoren garaian (k.a. II. mendean) oso sistema fiskal antolatua ezarri zen, eta ordukoak, hau da, aldi errepublikanoaren amaierakoak dira agertzen diren txanpon-ekonomiaren lehen berriak. Baskoien, autrigoien eta beroien artean ere berton egindako txanponak zabaldu ziren, eta aurkitu direnetan, markak alfabeto iberikoan eta zeltiberiarren hizkuntzan eginda daude. Txanpon horiek Sertorioren gerren ostera arte egin ziren.36

34 SANTOS YANGUAS, Juan (1998), 52 35 ESTORNES LASA, Bernardo (1969), 76 36 ORTIZ DE URBINA ALAVA, Estibaliz (2006), 301 32

Euskal Herriko inguruekin lotzen diren zenbait izen ageri dira txanpon horietan: Alaun, Arsakos, Arsaos, Baskunes, Bentian, Kaiskata, Kalakorikos, Kueliokos, Iaka, Olkairum, Ontikes, Umambaate edota Uarkas.

Lurraldeko baliabideen kontrola Estatu erromatarrak zehatz-mehatz ezagutzen zituen konkistatutako eremuetako geografia fisikoa eta politikoa, eta ebaluatu egiten zituen eskuragarri zeuzkan giza baliabideak eta materialak. Censoreek, herritarrak sailkatzen zituzten, zama fiskalak, militarrak eta politikoak haien artean banatzeko. K.a. II. mendean, zentsu-lanak zehaztasun gutxiagorekin hasi ziren egiten, eta k.a. I. mendean, azkenik, desagertu egin zen zentsua. Zer ikusirik izan zuen horretan, bai Italia aldeko hiritar erromatarrak lurraren gaineko zerga zuzenetik kanpo geratu izanak eta bai armadara soldadu boluntarioak sartu izanak ere. Handik aurrera, bost urtez behin egiten zen zentsu-lana lekuko magistratuen esku geratu zen: duumviri quinquennales izenekoek egin behar zuten euren eremuko populazioaren ebaluazioa eta aberastasunaren kalkulua.37

Nekazaritza eta abelazkuntza Nekazaritza izan zen Euskal Herrian erromatarren garaian bizi ziren komunitateen jarduera nagusia, eta landutako produktuak zerealak, lekak, barazkiak, mahatsa eta olibak ziren batik bat. Era berean, bestelako lehengaiak ere lortzen ziren: zura, espartzua, lihoa... Baskoiek eta beroiek eraikuntza hidraulikoak ezagutzen zituzten. Garai hartan, laborantza ureztatuak garrantzia handia zuen. Argi erakusten dute hori Andeloseko ur-biltegiak eta akueduktuak, eta Alcanadre-Lodosako akueduktuak, adibidez. Abeltzaintza nekazaritzari lotutako ezinbesteko jarduera zen. Abereok, kontsumorako edota lanerako hazten ziren, eta horien artean behiak, ardiak, ahuntzak eta txerriak zeuden. Nekazaritza-jardueren helburua soberakinak lortu eta komertzializatzea zen. Nafarroako Erriberako eta Arabako Lautadako lurren emankortasunak eta horietan ezarritako laborantza-zentroek (uillae rusticae), nekazaritzatik ateratako mozkinen berri ematen dute. Bazegoen, gainera, produktuak komertzializatzeko komunikabiderik ere: Ebroko ibai-bidea, kostaldekoa (uia maris), Astorgatik Bordelerako galtzada (ab Asturica Burdigalam), edo Astorgatik Tarragonarakoa (ab Asturica Terracone). Nekazaritza garatzean, fundiak inperioko mendebaldeko ekonomiaren oinarri bihurtu ziren. Laborantza-etxalde horiek 1.000 eta 1.500 Ha arteko neurria izaten zuten, bataz beste.

37 ORTIZ DE URBINA ALAVA, Estibaliz (2006), 303-304 33

Uillae direlakoekin lurra lantzeko sistemak aldatu egin ziren, eta bai eraikitzeko teknikak, bizimoduak eta landa-eremuko eredu ekonomikoak ere. Uillae horietan, produkziorako finkez (fundi) gainera, jabearen (dominus) egoitza osatzen zuten eraikinak, langileen etxeak, biltegiak eta lantegiak ere egoten ziren. Euskal Herrian aurkitu diren gehienak, flaviotarren garaiaren ondokoak dira. Uillaerik zabalenak Ebro arroan zeuden. Gainerakoak txikiagoak ziren (aipagarriak dira Arabako ekialdeko ibarretakoak edo Bardeatakoak). Uillaerik gehienak baskoien eremuan zeuden (Tutera, Santakara, Funes, Faltzes). Ardogintzaren lekukotasunak ere aurkitu dira horietan (mahatsa zapaltzeko dolareak, esate baterako). Bereziki aipatzekoa da, Ilumberri (Irunberri) inguruko Ledeako uilla: bertan, II. mendetik IV. mendera arteko eraikinak zeuden: egoitzak, ardo eta olio-dolareak, tinak (dolia) edo zalditegiak.38

Meatzeak, harrobiak eta gatzagak Bizkaiko Golkoaren ekialdean aurkituriko aztarnategiek burdina, beruna eta zinka ustiatzen zirela erakusten dute. Meatzeak zulo estu eta ganga- formakoak dira eta beherantz egiten duten mailadi zizelkatuak ageri dira horietan. Aipagarriak dira Gipuzkoan, burdina eta zilarra ateratzeko, Arbiun (Zarautz) eta Arditurriko (Oiartzun) meatzeak eta bai Leintz Gatzagako ur gaziko iturria ere. Bizkaian, Ereñoko arrosa-koloreko kaltzio karbonatoaren (marmol antzekoa) erauzketa eta Triano mendietako burdina aipatu behar dira. Gainera, zenbait metalurgia-lantegi ere topatu da bertan, esate baterako, Berreagan edo Foruan. Araban burdinazko puskak, plakak, barrak edo hagatxoak aurkitu dira Osman, Espejon eta Veleian (Iruña Oka); Metalezko hatuak Atxan (Gasteiz), Cabrianan (Komunioi) eta Uralden (Trebiñu); eta burdina lantzeko lantegiak Alorian (Amurrio) eta Gesaltza Añanako gatzagak. Nafarroan Lantz eta Txangoako haitzuloetako burdina-meatzeak, Aritzakuneko (Aribe) haitzuloko urrea eta Santacriseko (Eslaba) burdina eta kobrea aipatu behar dira. Bardeatan eta bai Arguedas eta Valtierran ere, eraikuntzarako karea egiten zen.39 Erromatarrek Baigorri ibarreko meategi aberatsak ere ustiatu zituzten. Emankorrenetako bat, Bankako zilar- eta berun-ustiategia izan zen.

Zeramika Erromatarren garaian eltzegintzak garapen handia izan zuen; gehitu egin ziren ustiategiak eta eltze-ereduak. Produktu zeramikoak erabilera domestikoetarako, elikagaiak kontserbatu eta biltzeko edo garraiatzeko egiten

38 ORTIZ DE URBINA ALAVA, Estibaliz (2006), 309-313 39 ORTIZ DE URBINA ALAVA, Estibaliz (2006), 313-316 34 ziren. Terra sigillata hispanica-erako zeramika nabarmendu zen, berniz gorrikoa eta eltzegilearen izenpea (sigillum) grabatuta zeukana. Produkzioa maila lokalean, eta eskualdean zabaltzen zen. Hori gertatzen zen beroien artean Tritium Magallumeko (Tricio) terra sigillata-erako zeramikarekin. Autrigoien, karistiarren eta barduliarren artean ez da officinaerik (lantegirik) dokumentatu, eta gutxi dira baskoien eremuan berton egindako zeramikazko ontzien aztarnak. Italiatik, Galiatik eta Afrikatik ekarritako terra sigillata erabiltzen zen. Beste zeramika batzuen aztarnak ere aurkitu dira: sukaldeko lanabesen artean, bertoko tradizioko zeramika margotua; ardoa, olioa eta gatzunetako arraina garraiatzeko, Tarraconensen eta Betikan egindako anforak; beirazko ontziak, etab.

Bide-azpiegiturak: lehorrekoak, ibaikoak eta itsasokoak Bide-sarea armadarentzat egin bazen ere, behin konkista amaituta, Erromak egindako galtzadek (uiae publicae), erraztu egin zituzten harreman komertzialak, kulturalak eta politiko administratiboak. Lehorreko bideetan (galtzadetan), geltokiak egoten ziren tarte jakinetan. Horietan, zelabereak eta lor-abereak aldatu egiten ziren (mutationes), eta erabiltzaileek beharrezko hornidura eta ostatua hartzen zituzten (mansiones). Galtzadan zehar mugarriek distantziak adierazten zituzten (milia pasuum): batetik bestera, gutxi gorabehera, 1479 metro zeuden. Euskal Herritik igarotzen ziren bide publiko nagusiak hauexek ziren: - Astorgatik Bordelera zihoana, Ebroko iparraldeko ibarra Akitaniarekin lotuz (De Hispania in Aquitania ab Asturica Burdigalam). Beraren nondik norakoa “Antoninoren Ibilbideak” deskribatzen du: Geldiune hauek zeuden autrigoien, karistiarren, barduliarren, baskoien eta akitaniarren lurraldeetan: Virovesca, Vindeleia, Deobriga, Veleia, Suestatium, Tullica, Alba, Aracaeli, Pompaelo, Iturissa, Imus Pyrenaeus, Carasa, Aquae Tarbellicae. Galtzada horretan aipagarria da Urkuluko dorrea Arnostegiko mendatetik Pirinioa zeharkatzean ageri-agerian egoteko eraiki zena. - Pompaelon bide hori Oiassotik Ebro ibarrerantz egiten zuenarekin batzen zen. - Item ab Asturica Terracone Astorgatik Tarragonara luzatzen zen galtzada. Honako geldiune hauek zeuden bertan: Libia, Tritium, Vareia, Barbariana, Calagurris, Gracurris eta Cascantum.

Ibai ondoetako ibilbiderik garrantzitsuena, jakina, Ebrokoa zen, baina baziren beste batzuk ere: Nerbioi, Oka, Urola edo Bidasoa ondokoak. Itsasoko bideak ere funtsezkoak ziren (uia maris): kabotajekoak eta itsas zabalekoak zeuden. Euskal Herrian, itsasbideak penintsulako iparraldeko kostaldea Akitaniarekin lotzen zuen. Hauek ziren Bizkaiko Golkoko hiru portu 35 nagusiak: Portus Victoria Iuliobrigensium (Santander), Flauiobriga (Castro Urdiales) eta Oiasso (Irun).40

Jarduera komertziala K.a. I. mendean hasi ziren Euskal Herriko lurraldeetan erromatar produktuak sartzen. Aztarnategietan, bai Akitanian, bai Iruñean edo Irunen, Campaniako eta Arezzoko estiloko zeramikak aurkitu dira, hasieran behintzat, Italiatik ekarritakoak. Merkataritzarako baldintzak ezin hobeak bilakatu ziren Augustoren garaiko bakealdian. Julio-klaudiotarretatik aurrera, garatu egin ziren harreman komertzialak, bai barnealdekoak eta bai kanpoaldekoak ere. Inportanteak ziren kostaldeak Ebro ibarrarekin eta Galiatako hegoaldearekin zeuzkanak. Lehorreko bideetatik, nekazaritza- eta abelazkuntza-produkzioaren soberakinak inguruko herriei saldu, eta haiei berriz, era askotako produktuak erosten zitzaizkien: ardoa horien artean. Kostaldetik barnealdera zihoazen zeharkako bideek (ibai ondoetan zein lehorrean) zenbait portu edo ainguraleku sortzen lagundu zuten, eta horrela, erraztu egin ziren inguruko zentro metalurgikoekiko loturak. Bizkaiko Golkoan egiten ziren itsas garraioak, antza, tradizio mediterraneoko corbita izeneko itsasontziez egiten ziren edo, bestela, edukiera handiko ponto izeneko itsasontzi galiarren bidez. Karistiarren eta barduliarren kostaldeko zenbait puntutan ezarlekuen aztarnak agertu dira: Foruan eta Lekeition, esate baterako, eta agian, Portuondon eta Bermeon ere egon zen horrelakorik. Horietako zentro batzuek, IV. mendearen erdialdean utzi egin zioten euren aktibitateari, Foruak, adibidez; baina beste batzuek, Lekeitiok, kasu, gutxienez V. mendera arte eutsi zioten. Baskoien eremuan, Oiasso (Irun) zen portu nagusia. Horren jarduerak goraldia izan zuen I. eta II. mendeetan, eta III. mendetik aurrera, ordea, gainbehera etorri zen. Oiasso Aiako Harriko meatzaritzari (Arditurri) lotuta zegoen, baina baita Ebro ingurutik eta Akitaniatik zetozen produktuei ere.41

GIZARTEA

Erromanizazio-aurrea Antzinaroan, Euskal Herrian bizi ziren populien antolamendu soziala definitzerakoan, gens motako edo tribu erako gizartea zela uste izan da denbora luzean. Gisa horretako antolabidean ahaidetasun-harremanak oinarrizkoak izaten ziren eta ondasunen jabetza komunitatearena ohi zela uste da. Baina, dirudienez, ahaidetasun-harremanak ez ziren gizartea eratzen zuten harreman-modu bakarrak. Populi indigena horien baitan, beharbada,

40 ORTIZ DE URBINA ALAVA, Estibaliz (2006), 318-322 41 ORTIZ DE URBINA ALAVA, Estibaliz (2006), 322-324 36 beste era batzuetako harremanak eta taldeak ere izan ziren, lurraldetasunak eta hurbiltasunak eragindakoak.42 Estrabon da erromanizazioaren aurreko garairako informazio-iturri nagusia. Horrek bere aurreko historialariek emandako berriak jaso eta ikuspegi orokorreko testigantza bikainak utzi zituen bere Geographican. Hauxe zioen berak penintsulako iparraldeko herriez aritzean:

“Menditar guzti hauek soiltasunean bizi dira: ez dute ura besterik edaten, lo lurrean egiten dute eta ilea, emakumeen antzera, luze daroate, gerrarako xingola batez bekokian lotzen dutelarik. Nagusiki, akerraren haragia jaten dute; akerrak, zaldiak eta gatibuak sakrifikatzen dizkiote Aresi; biktima bakoitzetik, grekoek bezala, hekatonbeak egiten dituzte, Pindarok esango zukeen bezala, ehunka immolatzen dituzte. Borroka gimnastikoak, gudukoak eta hipikoak praktikatzen dituzte, borrokarako, lasterketetarako eta borrokaldietarako arituz. Urtearen hiru laurdenetan, ez dute ezkurrak besterik jaten, ogia egiteko eho egiten dituztelarik. Zithosa edaten dute eta oso eskasa duten ardoa lortzen dutenean, familia-jai handietan, berehala ahitzen dute. Olio gisa, gantza erabiltzen dute. Horma ondoan ipinitako aulkietan jesarrita jaten dute, adinaren eta duintasunaren arabera jarririk; jakiak, eskuz banatzen dituzte; jan eta edaten duten bitartean, gizonezkoek, txistuen laguntzarekin dantzatzen dute, gora saltatuz eta belaunikatuta jaitsiz. Bastetanian, emakumeek ere, gizonekin nahastuta eta batzuek besteei eskuez lotuta dantzatzen dute. Gizonak beltzez janzten dira, sagonez gehienak eta lo ere berarekin egiten dute, lastozko ohantzetan. Zelten antzera, zurezko ontziak erabiltzen dituzte; emakumeek, lorez apainduriko janzkiak daramatzate. Euren artean, txanpona erabili beharrean, espezieak trukatzen dituzte, edota noizik behin zilarrezko plakak. Kriminalak, haitzetatik behera amiltzen dituzte eta parrizidak, harrikatu eta, euren hiri edo herriaren mugetatik kanpora bidaltzen dituzte. Grekoen gisan ezkontzen dira; gaixoak, antzinako asiriarren artean bezala, bideetan jartzen dituzte, gaixotasun bera izan dutenek senda ditzaten. Broutosen espedizioa baino lehen, paduretatik eta lakuetatik nabigatzeko, ez zeukaten larruz egindako ontziak besterik, baina gaur, zuhaitz enborrez egindako ontziak erabiltzen dituzte, oso gutxitan baina. Haien gatza gorrixka da, baina ehota, zuritu egiten da. Esan bezala, Iberiako iparraldeko menditar horiek, horrela bizi dira. Hau da: Kallaikoiak, Astoureak, Kantabroiak eta Ouaskoiak, Pireneraino, eta denek biziera bera dute. Herri hauen izendegia luzeagoa egin nezake, baina zerrenda aspergarri horren ekiteari uko egiten diot, inori ez bailitzaioke atsegin izango Pleutauroi, Bardjetai, Allotrigei eta beste izen itsusi eta ezezagunei buruz hitz egiten entzutea”43

Estrabonen kontaerari jarraituz, Euskal Herriko menditarren antolamendu soziopolitikoaren zenbait xehetasun ezagut daiteke: Hierarkia arloan, aulkietan, adinaren eta nagusitasunaren (edo ohorea, duintasuna, mailaren) arabera esertzen ziren. Horrela argi ikusten da menditar komunitate horietan bazela bertako elite indigena bat, beharbada, gainerako gizarte mailetatik bereizia, aginpidea eduki eta eginkizun politikoak betetzen zituena. Justizia arloan, hiltzera kondenatuak amildu eta parrizidak harrika hiltzen zituzten.

42 GONZÁLEZ, María Cruz (1998), 61-62 43 GARCIA Y BELLIDO, Antonio: España y los españoles hace dos mil años. Según la “Geografía” de Estrabon. 1978. Espasa Calpe. 120-122 37

Lurraldeari dagokionez, gizatalde haiek bazuten euren lurraldearen mugen kontzeptua ere, parrizidak mugetatik kanpora bidaltzen baitzituzten.

Erromaren eragina Gizarte erromatarra hierarkikoa zen. Hiritar-kondizioak, hau da, lege komunaren menpean egoteak, erromatar libreak berdindu egiten bazituen ere, horrek ez du esan nahi guztiak berdinak zirenik. Desberdintasunak era askotakoak ziren: sexuaren, adinaren, jaiotzaren, aberastasunaren eta abarren araberakoak. Erromak Europako hainbat herrialde menperatu eta estatuari erantsi zizkionean, desberdintasun juridikoak sortu ziren: batetik, erromatar hiritarrak (ciues) zeuden, ahalmen juridiko osoa zutenak eta, bestetik, peregriniak, probintzietako pertsona libreak, baina erromatar hiritar ez zirenak. Erromatar hiritarrek hiru osagaiko izena (tria nomina) erabiltzen zuten: praenomen, nomen eta cognomen direlakoak, eta horien bidez identifikatzen ziren. Horiek zuzenbide erromatarra (ius ciuile) gozatzen zuten eta batzarrean bozkatzeko (ius suffragii) eta bai magistratura karguetarako hautagai (ius honorum) izateko eskubidea zuten. Peregriniak, esan bezala, zuzenbide erromatarretik kanpo zeuden pertsona libreak ziren. Hori zen probintzietako ciuitate gehienetako populazioaren egoera, eta horixe, hortaz, penintsula iberiarreko iparraldeko herritarrena ere. Hala ere, Vespasiano enperadoreak, k.o. 74. urtean, Hispaniako herriak aliatu legez hartuz, Zuzenbide Latindarra (ius Latii) eman zien. Bereizketa juridiko hori, pertsonen onomastikan ere islatzen zen, izenak estatus juridikoa erakusten baitzuen: probintzietan, tribua edo familia hiritartasunaren osagai bereizgarria izanik, probintzietako hiritar horien izena triburen bati lotuta agertzen zen. Gainera, peregrinusa, hiritar erromatarra bihur zitekeen soldadutza zerbitzuan jardun eta gero: Armadan hogeita bost urte eman ondoren, erromatar izendatzen zen soldadua. Izan zen Cohors II Vasconum ciuium romanorum bat, k.o. II. zenbait inskripzioetan agertzen denez. Carieteen (karistiarren) kohorte bat ere izan zen, eta bai barduliarren beste kohorte bat ere44. Konkistatutako lurraldeetan ezarri zen oinarrizko antolamendu erromatarra civitas delakoan oinarritzen zen. Beraz, erromatartu aurretik, leku bakoitzean, lehendik zegoen errealitatea gutxi-asko aldaturik, Euskal Herriko populi haiek civitates bihurtuta, Erromako inperioan txertatu ziren. Komunitateek, horrela, ciuitasaren testuinguruan berrantolatu behar izan zituzten harreman sozialak. Epigrafiek, hirietan eliteak zeudela erakusten dute. Municipiumetako magistratuak, euren aberastasunarengatik edo ospearengatik goreneko mailan kokatuta zeuden. Hiriko edo herriko justizia-administrazioa magistratu horien

44 Erromako armadan, kohortea mota bereko soldaduez osatutako unitatea zen. Hamar kohortek legioa osatzen zuten. 38 esku egoten zen, eta eurek cuestoreekin batera hiriaren ondasunak kudeatzen zituzten. Karakala enperadoreak 212. urtean hiritartasuna zabaldu zien pertsona libre guztiei (landa-eremukoei eta mugetako barbaroei izan ezik).45 Baziren legez libre ez zirenik ere, libertoak eta esklaboak, esate baterako. Ilarduian eta Kontrastan (Araban) aurkitutako inskripzioetan, barduliarren artean, seruus bat eta ancilla bat aipatzen dira.46

Epigrafietan agertzen diren zenbait aspektu: Inperioaren mendebaldeko lurraldeetan, epigrafiak lehenik, aita/seme- filiazioa erakusten du: aitaren izena genitibo kasuan jarri, eta, ondoren, latinez seme edo alaba esan nahi duen hitza jartzen da (filius/filia): Annia Buturra Viriati filia (Gastiaingo zutarri batean) Amaren bidezko filiazioa ere agertzen da, eta bai ezkontza bidezkoa ere: soror, coniux, maritus, uxor, pater, filio, mater, eta antzeko berbak erabiliz. Argi ikusten da, onomastikak erakusten duen bezala, antroponimia latindarraren eta sistema erromatarraren bidez, konkistaturiko populazioen asimilazioa. Antroponimia eta sistema erromatarra ere egokitu egin ziren tradizio indigenetara. Hona hemen adibideak:

Valerius Beltesonis [f(ilius)] beltzez, izen indigena Minicius Reburrus Reburrini f(ilius) beltzez, izen indigena Aurelia Boutia Flacci Atesuclon/-m f(ilia) beltzez, tribuaren izen indigena

Erromatarren garaiko Euskal Herriko gizarteak, orokorrean, erromatarren antolakuntza eta jarduerak bereganatu zituen. Veleiako (Iruña Oka) aztarna materialek bizi-giro erromatarra erakusten dute. Hango monumentuek, marmolezko frisoek, kapitelek eta kolomek, eredu erromatarrari jarraitzen zioten. Esan daiteke II. mendeko Euskal Herriko gizartea Erromako kulturan integratuta zegoela. Onomastika latinoa nagusitu zen eta bertoko bizilagun gehienak tria nomina eta tribu-aipua erabiltzen zituzten hiritar erromatarrak ziren.47

ANTZINARO BERANKORRA (III. eta IV. mendeak) III. mendean, Inperio erromatarraren eredu politiko administratiboa jausten hasi zen, eta krisiak egitura inperialaren oinarriak eurak jo zituen. Batetik, armada, 250. urte inguruan, huts egiten hasi zen, eta godoek Danubio ibaia, eta frankoek eta alamanek Rin ibaia igarotzea lortu zuten. Bestalde,

45 CIPRÉS TORRES, Pilar (2006), 282-284 46 GONZÁLEZ, María Cruz (1998), 66 47 CIPRÉS TORRES, Pilar (2006), 285-287 39 administrazioaren eta, bereziki, armadaren gastuak izugarri handitu ziren eta produkzio ekonomikoa ez zen gauza izan egoera hura gainditzeko. Dioklezianok (284-305) eta Konstantinok (306-337) erreformak egin zituzten Estatuak indarrean iraun zezan: armada indartu, eta administrazioa zentralizatu eta burokratizatu egin zituzten. Azkenik, enperadorearen irudia bera ere, indartu nahian, konfirmazio jainkotiarrez jantzi zen. Teodosio I.aren garaian, hartu zuen Estatuak bere azken forma, 380. urtean erlijio ofizialtzat, kristautasuna inposatu zenean. Teodosio I.a hil eta gero bi zatitan banatu zen inperioa: pars occidentalis eta pars orientalis. Penintsula iberiarreko administrazioan, ondorioz, aldaketak izan ziren: Hispania Citerior izeneko probintzia, hiru zatitan banatu zen, Gallaecia, Carthaginiensis eta Tarraconensis sortu ziren (antzekoa egin zen Betica probintzian), eta Emerita Augusta (Merida) ezarri zen hiriburu. Bestalde, Hispania, Galia eta Britainiako diozesiak elkartuta, Galiako prefektura osatu zen, hiriburutzat Augusta Trevirorum (Treveris) jarriz. Aldaketa horiek guztiek ez zuten gorabehera handirik eragin Euskal Herriko lurraldeetan lehenago bezala, Tarraconense probintzia barruan geratu baitziren. Baina Hispaniako hiriburua Meridan eta Galiako prefekturakoa Treverisen egonik, hau da, erabaki-gune nagusiak lehen baino urrunago izanik, Euskal Herria baztertuago geratu zen. Hala ere, Hegoaldeko Galiako diozesiko hiriburutzat Bordele jarri zenez, euskal lurraldeetan igarotzen zen galtzada nagusia (Ab Asturica Burdigalam), egitura politiko-administratiboaren elementu estrategiko bezala, indartuta geratu zen. IV. mendean, galtzada horretako ibilbidean zeuden bi hiri nagusien ospea eta balio politikoa, Veleiarena (Iruña Oka) eta Pompaelorena (Iruñea), alegia, handitu egin ziren. Bestalde, via maris edo kostaldeko herri eta portuek, Goi Inperioan eragin ekonomikoa izan zutenak, IV. mendean, ordea, gainbehera etorri ziren. Oiassok beheraldia izan zuen arren –Arditurriko meategien ustiatzeari utzi egin baitzion–, ainguraleku gisa erabili zen VI. mendera arte. IV. mendearen erdialdean, Foruak utzi egin zion aktibitate metalurgikoari. Forutik gertu, Portuondoko senadia (Sukarrieta), berriz, erabiltzen segitu zen. Lekeition, populazioak itsasertzeko bizilekuak utzi eta auzo garaiagoetara jo zuen. Bizkaiko zenbait lekutan (Mendrakan, Finagan, Morgan...) okupazioak V. mendera arte iraun zuen. Hainbat herri desagertu egin ziren edo ahulduta geratu zen haien jarduera ekonomikoa. Jendea, dirudienez, berriro hasi zen haitzuloak erabiltzen (Anton Koba Oñatin, Sastarri Ataunen, Iruaxpe Aretxabaletan, Kobairada Subillan, Los Husos Guardian, Solacueva de Lacozmonte Jokanon). Antza denez, segurtasunik ezak edo hiriak jasaten ari ziren presio fiskalak eraginda: populazioak ezkutuko bizitegiak bilatzen zituen. Ebroko ibarrean, ordea, uillae direlakoen indarberritzea izan zen. Horietako asko, III. mendean, hondatuta edo bertan behera utzita geratu ziren arren, IV. mendean berreraiki egin ziren eta, gainera, luxu handiagorekin: zabalduta eta monumentaltasuna bilatuz, jabeen botere ekonomikoaren erakusgarri. Mosaiko ederrez apainduta ageri dira Cabrianakoa (Araba) edo 40

Arellanokoa (Nafarroa). Uillae horiek nekazaritzari loturiko landa-eremuko bizitegiak ziren. Garai nahasiak ziren eta ez zegoen egonkortasunik ez politikan, ez gizartean eta ez ekonomian. Uillae batzuk, esan bezala, berehala indartu eta handitu ziren berriro. Oso fundi handiak osatu ziren. Izan ere, ez zuten zerga presiorik. Fenomeno hori Behe Inperioaren garaiko landatze-prozesuaren adierazle izan zen: hirien krisi orokorraren aurrean, uillaeak indarberrituta gertatu ziren. IV. mendearen amaieran, beste krisi bat izan zen: bagauden mugimenduak sortutakoa. Bagaudek kontra egiten zioten indarrean zegoen aginpideari eta bai fundien jabeei ere. Bagaudak (jende baztertua) Ebro aldeko baskoien lurraldean zabaldu ziren batez ere. Gatazkok erromatar armadaren kontrako borroka bihurtu ziren batzuetan, esate baterako, Aracellin (Arakil).48

SINESTEAK, ERLIJIOA Erroman, erlijioa erritualista, komunitarioa eta politeista zen. Ez zuen izaera unibertsalik. Ez zegoen testu sakratuetan oinarrituta eta ez zen doktrina- edo fede-aitorpenik eskatzen. Erlijioa testuinguru sozialari zeharo lotuta zegokion, eta ciuitas delakoa zen gizakiak eta jainkoak batzen ziren gunea. Erlijio-ekintza bizitza sozialean gauzatzen zen, eta esan daiteke, jainkoak, gizakiekin batera, kolektibo sozialetako, hau da, hiri, auzune, herrixka, familia eta lanbideetako parte zirela. Horrela bada, erromatar hiritarra, jainko bati lotzen zitzaionean, ez zen aukera intelektuala egin zuelako, gune sozial batekoa zelako baizik. Inperioan, civitas bakoitzak bere sistema erlijiosoa zuen; bere tradizioak eta bere jainkoak zituen. Erroman ez zen erlijiorik inposatzen. Herrialde bat konkistatzean, herritar berriek arazorik gabe hartzen zituzten Erromako kultuak, eta, halaber Erromak ere herrialde horietakoak. Ez zen harritzekoa, beraz, erromatar hiritarrek jainko indigenak onestea. Judaismoa edo kristautasuna erlijio proselitistak ziren; Erromatarren joera, berriz, ez: besteen jainkoak ez ziren faltsutzat hartzen. Erromatarren garaiko erlijio-sentimenduak latinez idatzitako epigrafeetan adierazten ziren, eta, ondorioz, agertzen zaiguna ez da errealitate indigena hutsa, errealitate indigena-erromatarra baino. Nolabaiteko akulturazioa jasan zuen jendearen erlijio-adierazpena da. Askotan bertoko jainkoen izenak agertzen dira, baina errealitate erromatarraren testuinguruan kokatuta. Jainkoei aldareak eskaintzen zizkieten herritarren izen pertsonalen latinizazio-mailak akulturazio hori erakusten du. Komunitateek harreman sozialak ciuitasaren testuinguruan berrantolatu behar izan zituzten bezala, berdin jazo zen jainkoekiko sinesteekin ere. Euskal Herrian jasotako inskripzio erlijiosoek botoak eta promesak adierazten zituzten. Gehienak II. eta III. mendeetakoak dira, eta gehiago dira landa-eremukoak hirietakoak baino. Botoa, erromatar ereduari jarraituz egiten zen: votum soluit libens merito (“merezi zuelako, promesa bete egin du”), sacrum (halakori edo besteari

48 TORREGARAY Pagola, Elena (2006), 348-364 41

“kontsakratuta”), pro salute (halakoren edo bestearen “osasunean”), pro salute et reditu (haren edo bestearen “osasunean eta itzul dadin”).49 Hona hemen, adibidez, Foruko aldare-harriko inskripzioa: IVILIAE SACRVM M CAECILIVS MoN TANVS Pro SALV TE FVSCI FILI SVI POSviT QVNO.FECI. [Iuiliae sacrum M(arcus) Caecillus Montanus pro salute Fusci fil(i) sui posuit Qvno feci(t)] Iviliari kontsakratu. Marko Zezilio Montanok jarri zuen, bere seme Fuskoren osasunerako. Kunok egina.50

Idazle klasikoek utzi dizkiguten aipamen urrien artean, arreta berezia merezi du Estrabonek. Iberiako iparraldeko menditarrez ari delarik, haiek Ares edo Marteren antzeko jainko bati eskaintzen zioten kultuaz egiten du berba, eta haren ohoretan, akerrak, zaldiak eta gatibuak sakrifikatzen zituztela dio. Novempopulania aldean, hain zuzen ere, Marteri asimilaturiko kultu autoktonoen berri ematen duten inskripzio ugari aurkitu da: Mars Arixo, Mars Dahus, Mars Leheren, Mars Lelhunnus, Mars Sutugius eta antzeko jainkoak aipatzen dira bertan.51 Euskal usaina izan lezaketen jainko-izenen artean, hauek aipa daitezke: Erriape, Erge, Leherenn, Lelhunnus, Herauscorritsehe, Astoilun, Baeserte, Harbeles, Ilurberrixo, Lurgorr, Ilixo, Beissirisse, Arixo...

HIZKUNTZA ANTZINAROAN Hizkuntzalari gehienen arabera, gaurko Euskal Herriaren eremuan erromatarrak iritsi aurretik euskararen aurreko hizkuntza bat mintzatu bide zen. Hizkuntza haren aztarna gehienak Pirinio zentralean aurkitu dira. Ez horrenbeste, ordea, gaurko Euskal Herrian. Alabaina esan daiteke errealitate linguistikoa askotarikoa zela. Protoeuskararekin batera, beste hizkuntza batzuen presentzia ere nabari zen. Euskal Herri penintsularrean, mendebaldean batik bat, hizkuntza zeltikoak erabiltzen ziren, eta ekialdean iberikoak. Ipar Euskal Herrian, aldiz, Garona ibarrean zehar, hizkuntza galiarra (zeltera) sartu zen Pirinioetaraino. Iberiar penintsularen hegoaldean, idazkera-sistema propioa sortzea izan zen herri kolonizatzaileekin (feniziar, kartagotar, greko eta, azkenik, erromatarrekin) izandako harreman kulturalaren ondorio nagusia. Penintsularen kasuan, idazkera-sistema horrek hiru aldagai izan zituen, eta horiexek izan ziren gehienetan agertzen zen idazkeraren oinarria. Hiruretatik, idazkera

49 CIPRÉS TORRES, Pilar (2006), 328-334 50 GORROCHATEGUI, Javier, YARRITU, María José: Carta arqueológica de Vizcaya. Universidad de Deusto. DFV. 1984. 144 orr. 51 LARRAÑAGA, Koldo 42 iberiarra izan zen erabiliena. Horrek bi hizkuntza zeharo desberdinetan idazteko balio zuen: iberieraz eta zeltiberieraz. Behin Erroma penintsula iberiarrean nagusituta, latina inposatu zen aurrekoen gainean, hizkuntza idatzi eta ofizial legez. Argi ikus daiteke hori garai hartako hainbat agiri, txanpon eta hilarritan.52

Antzinateko euskararen eremuak Antzinaroko euskara arkaikoaren aztarnarik garbienak erdialdeko Pirinioetan eta Gaskoniako mesetaren alderdi handi batean daude, hau da, antzinako Akitaniaren eremuan. Ehunka inskripzio aurkitu dira, eta euretan pertsonen eta jainkoen izen asko dago: Cison, Sembeco, Senico, Hanabi, euskal hitz arrunten bidez argitu daitezkeenak, hala nola, gizon, seme, sein, edo anai. Emakumezko izenen artean aipatzekoak dira Andere eta Nescato. Lehenengo ondorio garbia, hortaz: antzinako akitaniarren hizkuntza, gaurko euskararen familia berekoa zen. K.a. II. eta I. mendeetan, Ebro ibarreko eta Mesetako hainbat hirik iberiar idazkerako hitzak grabatzen zituzten eurek egindako txanponetan. Hitz horiek aztertuz, bi multzo linguistiko bereiz daitezke: iberiar hitzak eta zeltiberiarrak. Inperioaren garaiko pertsona-izenen onomastikak, Gomez Morenoren arabera, bi kulturen eta bi hizkuntzen eragina erakusten du gaurko euskararen eremuetan: Nafarroaren mendebaldean eta Araban, onomastika zeltiberiarra nagusitzen da; ekialdean, berriz, Zaragozarekiko mugan iberiarra. Garai hartako baskoien dokumentuetan ez zuen G. Morenok euskara zaharraren arrastorik aurkitu. 1960an, ordea, Lergan (Nafarroa) erromatar epitafio bat aurkitu zen, akitaniar erroko onomastikan aurkitu zirenen parekoa zena. Bertan, hiru izen nagusi bereizten dira: Vmmesahar, Abisunhar eta Narhugesi. Hurrengo urteetan, ezaugarri bereko izen nagusi batzuk aurkitu ziren, baskoi-geruza autoktonoa adierazten dutenak. Lizarra aldean, esate baterako, zeltiberiar izenekin batera, teonimo autoktonoak aurkitu dira, hala nola, Loxsa, Selatse, Larrahe, etab. Aurkitutako aztarna horiek kontuan hartuz, esan daiteke baskoien lurraldean hizkuntza-komunitate propioa izan zela, eta haren hizkuntzak harreman estua zuela Pirinioez iparraldean erabiltzen zen akitanierarekin. Halaber, Nafarroa eta Huescako Pirinio aldeko ibarretan agertzen den toponimo mota berezi batek erakusten du lurralde horiek ere erromatarren aurreko hizkuntza-eremu berean sar daitezkeela; hau da, -ués / euskarazko - oitze atzizkiaz osatutakoak / -os gaskoiaren berdina (Navascués-Nabaskoitze, Garrués-Garrotze, Uscarrés-Uskartze, Aragüés, Arnos, Bizanos...). Gaurko Araban aurkitutako aztarnek onomastika indoeuroparraren eragin sakona erakusten dute. Hala ere, han ere azaltzen dira euskararekin lotu ohi diren izen batzuk. Egoera, beharbada, Nafarroan ikusitakoaren antzekoa zen oso, alegia, hizkuntza zeltikoaren presiopean, protoeuskara erabiltzen zutenak dokumentuek erakusten dutena baino gehiago ziren.

52 GORROCHATEGI, Joaquín (1998), 68 43

Zailagoa da ezer esatea gaurko Bizkaia eta Gipuzkoari buruz, ez baitago daturik. Laburbilduz, esan daiteke Antzinaroan euskal hizkuntzaren aurrekoa erabiltzen zen eremua, ondorengo garaietakoa baino asko zabalagoa zela, batez ere ekialdera eta iparraldera. Latina sartu aurretik, hiru hizkuntza indartsu zeuden protoeuskara edo akitanieraren inguruan: galiera iparraldean, zeltiberiera hegoan eta mendebaldean, eta iberiera ekialdean. Euskara arkaikoak latinaren eragin sakona jasango zuen luzaro. Euskal Herriaren latinizazio hau erromatartzearekin hasi zen eta, ondoren, Elizaren eskutik egin zuen aurrera, kristautzearen bidez, garai modernora arte.53

53 GORROCHATEGI, Joaquín (1998), 70-72 44

GOI ERDI AROA (V.-X. mendeak)

Europako testuingurua Herrien migrazio-mugimendu nagusiak IV. mendetik aurrera jazo ziren. Lehen “uholde” handiaren protagonistak hunoak, alanoak, bandaloak, sueboak, burgundiarrak eta godoak izan ziren. Godoak izan ezik, beste herriek sortutako egitura politikoek ez zuten luze iraun. Iraunkorragoak izan ziren, aldiz, bigarren mugimenduaren ondorioak. V.- VI. mendeetan, frankoek, saxoiek, angloek, jutoek, piktoek, eskotoek eta bretoiek inperio erromatarraren parte handia okupatu zuten. VI. mendearen hasieran, baretu egin ziren migrazioen astinaldiak eta, hurrengo mendeetan Europako mapa eratuko zuten formazio politikoak hasi ziren sortzen: frankoena Galian; bisigodoena Hispanian, anglosaxoiena Bretainian eta ostrogodoena Italian. Migrazio horien ostean, VII. mendean, nolabaiteko lasaitasun-aldia izan zen Europako mendebaldean.

Pirinioen mendebaldeko eremua

A) Penintsulan, baskoiak bisigodoen kontra Pirinioen ingurua ez zen uholde izugarri horietatik libratu. Bertatik sartu baitziren sueboak, alanoak eta bandaloak penintsulara, eta geroxeago, Akitaniatik abiatuta, bai bisigodoak ere. Horiek Euskal Herriko eremua kontrolatu eta ordena berrezartzeko kanpainetan ibili ziren, bai bagauden kontra, bai sueboen kontra. V. mendearen hasieran, Rekiario errege sueboa izan zen baskoiei eraso zien lehena: 448an lapurretak eta sarraskiak egin zituen. “Vasconias praedatur”, esaten zuen San Isidorok. Frantziako hegoaldean nagusi zela, Teodoriko II.a bisigodoa penintsulan sartu zen erromatarren federatu gisa, sueboak menderatzeko. Handik itzultzean, Euskal Herritik pasatu omen zen eta Lapurdumetik (Baionatik, alegia) eta Ilurotik (Oloroe) irteten behartu omen zituen hantxe zeuden erromatar armadak. 581ean, Leovigildo bisigodoen erregeak baskoien kontrako kanpaina hasi zuen. Joan Biclarakoak zioenez, Baskoniako parte bat okupatu eta Victoriaco izeneko hiria sortu zuen. Behin eta berriro aipatzen dira garai hartako kroniketan baskoien eta bisigodoen arteko borrokak. Rekaredo (586-601), Gundemaro (610), Sisebuto (612), Suintila (621), Txindasvinto, Rezesvinto (653), Wamba (673) eta Rodrigo (711) errege bisigodoen agintaldietan jazo ziren. Suintila errege bisigodoak, 621ean, Oligicus fundatu zuen (Olite). 45

Wambaren ekintza bereziki gogorra izan omen zen: “prius feroces vascones in finibus Cantabriae perdomuit”, esaten da Albeldako Kronikan. Horren arabera, zelaiak “suntsitu”, mendiak “desegin”, herriak “lapurtu”, hilketak eta erreketak egin zituen, eta horrela, baskoiak errenditu egin ziren. Baina errendizio hori, antza, laburrerako izan zen, zeren berriro jokatu zuten baskoiek, bisigodoen hurrengo errege Rodrigoren kontra, Iruñean, hain zuzen, musulmanak penintsulako hegoaldetik sartu ziren une berean (711). Hortaz, bederatzi errege godok, gutxienez, mobilizatu behar izan zituzten euren armadak penintsulako baskoiak kontrolatu eta menderatzeko. 54 Baskoien erasoetako batzuk bortitzak izan ziren. Adibidez, Rezesvintoren erreinaldian, 653. urtean, Zaragoza setiatzen hartu zuten parte. Honela azaltzen zion setioa Tajon Zaragozako apezpikuak Bartzelonako kidea zuen Kirikori: Froia Rezesvintoren kontra altxatu zen, eta baskoien herri krudela, Pirinioetatik aterata, lurrak errautsiz sartu zen Iberian. Kristau askoren odol errugabea isuri zen; batzuei lepoa moztu zieten, beste batzuk geziz eta era guztietako arma jaurtigaiez zauritu zituzten. Preso-kopuru handia eta sekulako harrapaketak egin zituzten. Aldare sakratuak suntsitu zituzten. Ezpatak hartu eta elizgizon asko txikitu zituzten eta gorpu asko utzi lurperatu gabe, zakurren eta hegaztien janari. Hitz horiek adierazten dutenez, baskoiek Pirinioetako eskualdean independenteak izateaz gainera, bazuten antolamendurik eta indarrik, eurena baino askoz nazio boteretsuagoen aurka jokatzeko.55

B) Kontinente-aldean baskoiak frankoen kontra Frankoak V. mendean iritsi ziren Galiara eta baskoien iparraldeko auzokide bihurtu ziren. Horiek baskoiekin erakutsi zuten jarrera, bisigodoena bezala, etsai erasokorrarena izan zen.56 Klotario frankoak, 541ean, iparraldeko baskoien kontra egin zuen borroka, eta galtzaile atera zen. Urte batzuk geroago Gregorio Toursekoak kontatzen zuenez, baskoiak mendietatik jaitsi ziren, mahastiak eta soroak suntsitu, etxeak erre, aziendak ostu, eta anitz gatibu eraman zituzten. VI. mendearen azken herenean, Pirinio iparraldeko baskoiak erreinu frankoan sartu nahian zebiltzan, non finkatu bila. Eta lortu egin zuten hori, antza; zeren Ravennako kosmografoak, VII. mendearen amaieran zioenez, Akitaniari Guasconia (baskoien herria, alegia) esaten baitzitzaion. Urte batzuk lehenago, Gregorio Toursekoak Baskonia hitza Akitaniaren hegoaldea izendatzeko erabiltzen zuen. VII. mendean, Teodoberto II.ak, Teodoriko II.ak, Txariberto II.ak, Dagoberto I.ak, Pepin Herstalekoak eta abarrek etengabeko liskarrak izan zituzten baskoien kontra.57

54 ZABALA, Federico de (1971-1973) I lib., 54-55 55 AZKARATE, Agustín (1998), 93-94 56 ZABALA, Federico de (1971-1973) I lib., 60 57 AZKARATE, Agustín (1998), 94 46

- 602-660. Franko merovingiarren kontra Baskoiak menderatzeko, frankoek Baskoniako Dukerria sortu zuten. 602an, Austrasia eta Burgundiako erregeek zerga bat ordaintzen behartu zituzten baskoiak eta, gainera, frankoek ezarritako buruzagia ere onartu behar izan zuten. Lehenengoa Genial duke frankoa izan zen. Baina dukerria sortu zen arren, baskoiek, dirudienez, frankoen aurrean, nolabaiteko independentziari eutsi zioten. Frankoen domeinua, gehienetan, nominala besterik ez zen izaten. Garai hartan, Kariberto Toulouseko errege frankoa baskoiak menperatzen ahalegindu zen, baina horien erantzuna haren erreinua inbaditzea eta suntsitzea izan zen. Dagoberto errege frankoak ere baskoiak menperatu omen zituen, baina ez zuen lortu Pirinioak erabat kontrolatzerik, zeren hara bidalitako armada frankoa (Arinberto dukearen agindupekoa) Zuberoan garaitu baitzuten baskoiek 635ean.58

- 660-778. Baskoiak eta akitanoak Dagoberto I.aren heriotzarekin batera (638), merovingiarren monarkia frankoa ahultzen hasi zen, eta egoera horretan, tradizio zaharreko Akitaniak hartu zuen protagonismo politikoa. Arian-arian, “botere akitaniarra” sendotu eta errege frankoen menpetik libratu zen. Toulouseko erreinu frankoa desagertu eta gero, 660an, Akitaniako dukerria sortu zen, eta Baskonia erakunde horri lotuta geratu zen. Duke berriak baskoiak izan ziren: Lupo eta Eudon. Monarkia frankotik erabat independente, Akitaniako Dukerriak 768ra arte iraun zuen. Urte hartan, berriro konkistatu zuten frankoek (dinastia karolingiarrak). Frankoek, Felix izendatu zuten printze. Berak baskoien gainean zuen aginpidea eta haiekiko hitzarmena zirela bide, akitaniar-baskoien multzoa osotasun bakartzat har zedin jokatu zuen, eta batasun hartan baskoiek gerlarien zeregina ohi zuten. Horrela, errealitate politiko berria sortu zen, frankoetatik guztiz bereizia. Lupo haren ondorengoak areagotu egin zuen prozesua, buruz-buru frankoen aurrean jarriz. Eudonekin, are modu ageriagoan. Eudonen Printzerria Galia osorako eredu eta Austrasiaren eta Neustriaren arteko gatazkaren arbitro ere bilakatu zen, eta bere independentzia aitortzea eta regnum titulua ekarri zizkion horrek. Botere karolingiarraren kontrako erresistentzia prozesuan, Akitaniak bere independentziari eusteko, funtsezkoa zuen baskoien armada. VII. mendean sendotzen joan zen baskoien protagonismoa. Gerlari baskoiak hainbat ekintzatan nabarmendu ziren: aginpide merovingiarraren aurka Lupok zuzendu zuen matxinadari laguntza emanez; Paulo duke godoak Wambaren aurka altxatu zituen soldadu-sailetan esku hartuz; Eudes printzeari Karlos Martelen aurka lagunduz; Hunaldo dukearekin batera, Karlomagno eta Pepinen aurka matxinatuta, edota, Akitaniako Wafarius printzearekin, Pepin Laburraren aurka izan zuen borroka luzean.

58 ZABALA, Federico de (1971-1973) I lib., 61-66 47

Dirudienez, akitaniarren armadaren erasoko sail nagusia baskoiena zen. Haien ahalmen militarra, antza, zalditerian oinarritzen zen. Etsaia inguratzeko mugimendu azkarrak egiteko gai ziren, eta horrek, abantaila handia ematen zien oinezko soldadu merovingiar aurrean. Akitanian, errege-dinastia berriak (Eudon, Hunaldo I.a, Wafarius, Hunaldo II.a) karolingiarren kontra izan zuen borrokak VIII. mendeko parterik handienean iraun zuen. Mendebaldean musulmanek izan zuten lehen porrota ere Eudonen eskutik etorri zen (721). Hain ospe handia lortu zuenez, princeps eta rex izendatu zuen bere burua. Ezin izan zituen gainditu, ordea, aldi berean izan ziren musulmanen eta Karlos Martelen erasoak. 731an Karlos Martelen oldarrak jasan ondoren, 732an, Abd al-Rahman al-Gafiqiren aurrean, izugarrizko porrota nozitu zuen. Harrezkero, akitaniarren gainbehera karolingiarren goraldiarekin batera gertatu zen. Pepin Laburrak, Karlos Martelen semeak, Akitania menderatu zuen, bederatzi urte luzez iraun zuen (760-769) kanpaina sistematikoaren ondoren. 769an, ostera ere matxinatu zen Akitania bere errege Hunaldo II.arekin. Karlomagnoren armadari ihes eginik, matxinaturiko Akitaniako erregea baskoien artean babestu zen, eta Karlomagno ez zen Garona ibaia zeharkatzen ausartu. Baskoiek, Lupo izeneko bat buru zutela (iturri idatzietan Wasconum dux eta Princeps wasconum esaten zaio), Hunaldo eta haren familia Karlomagnoren esku utzi zituzten. Harrezkero, Garonatik hegoalderako eremua bertako biztanleen esku utzi zuen karolingiar erregeak, eta 781ean lurralde horretan bere seme Ludovikorentzako erreinua sortu zuen.59

Baskoiak Pirinioen bi aldeetako baskoiak gai ziren euren inguruko bi monarkia nagusien bizitzan, frankoen eta bisigodoen bizitzan, indarrez esku hartzeko. Karlomagnoren seme Ludovico Pioren biografoak kontatzen zuen errege gazteak erabiltzen zuela euskaldunen tankerako “jantzi motz eta biribila, atorrako mahukak erakutsiz, zangoak estalita, ezproiak oinetakoetan lotuta eta xabalina bat eskuan”. Izango zuten indarrik baskoiek, monarkiako seme lehenak gortean horrela aurkezteko.60 Ekintza horien atzetik, nahitaez, azpiegituraren batek edo antolamendu militarren batek egon behar zuen eratuta, eta segur aski hiri gotortuak ere izango zituzten. Harritzekoa da baskoien lurralde txikia konkistatzen hain gaitza gertatzea. Euren etsaien aurrean independentziari eusteko, bi bide erabiliko zituzketen, seguruenik: diplomazia eta armak. Etsaiek iparraldetik eta hegoaldetik erasotzean, ezinbestekotzat hartu beharreko elementuetan oinarritu behar zen borroka. J. Caro Barojaren ustean, lehenengo, populazio-dentsitate handia zegoela pentsatu behar da; bigarren, populazio hori zeharo sakabanatuta egongo zela; eta hirugarren, batetik bestera arin mugitzeko bide-sare egokia ere izango zela.

59 AZKARATE, Agustín (1996), 66-69 60 AZKARATE, Agustín (1998), 94 48

Koldo Mitxelenaren ustez, X. menderako, euskal hizkuntzaren sakabanatzea (euskalkietan zatikatzea, alegia) hasita zegoenez, koine haren garaia ezin izan liteke askoz lehenagokoa eta, horregatik, VI.-VIII. mendeen inguruan kokatu behar litzateke “euskara batu zahar” haren eboluzioa. Eta hizkuntza batu hura ezin izan zen berez egin. Batasun hura iristeko, hizkuntzaz kanpoko faktoreren bat behar zen. Agian, garai hartako kontzentrazio soziopolitikoa izan zen prozesu haren eragilea.61 Antza denez, garai hartan, Euskal Herriko lurraldeak, botere aristokratiko batzuen domeinupean zeuden. Talde horien jatorria eta goratze soziala oso ilunak dira, eta beharbada, zer ikusirik izan zezaketen horretan prestigio sozialak eta militarrak. Argi dago aristokrazia hura bazela. Aztertutako hilerrietan (Aldaieta, Finaga, etab.), aurkitutako hatu eta horniduretatik ondorio hori ateratzen da: Indusketek nagusitasun soziala zuten taldeak bazirela erakusten dute argi, eta seguruenik, abantaila hori jarduera militarretik zetorkien.

- 778-824 Franko karolingiarren kontra VIII. mendean aldaketak izan ziren monarkia frankoan. Errege merovingiar ahulen ordez, karolingiarren leinuko erregeak jarri ziren agintean: Pepin Laburra eta bere seme Karlomagno. Karlomagnok Akitania menderatu zuen eta ondoren, baskoiei erasoz, Pirinioak zeharkatu zituen. Baina 778an, Orreagako gatazkan, umiliazio izugarria jasan zuen baskoien aurrean. Zaragozako islamdar gobernadore zen Suleimanek laguntza eskaini zion Karlomagnori: hiriko ateak berak zabalduko zizkiola eta, horrela, Zaragoza konkistatzeko aukera emango ziola esan zion. Karlomagnok gerra-espedizio handi bat antolatu eta Pirinioak zeharkatu zituen. Baina Zaragozara iristean, hiriko ateak itxita aurkitu zituen. Traizionatu egin zuten. Gobernadoreordeak ez zion pasatzen utzi. Orduan Karlomagnok, suminduta, inguratu eta setiatu egin zuen hiria, indarrez hartzeko asmoz. Gauzak horrela zeudela, inperio frankoaren iparraldean saxoiak matxinatu ziren berria heldu zitzaion Karlomagnori, eta hark setioari utzi eta Frantziara itzultzea erabaki zuen. Iruñetik pasatzean, hiria errautsi zuen. Bidegabekeria horrek, beharbada, herria frankoen aurka asaldarazi eta Orreagako mendatea igarotzen ari zenean, baskoiek eraso egin zioten Karlomagnoren armada handiaren atzealdeari. Karlomagno bera ez zuten hil, aurretik zihoalako, baina bai haren buruzagirik onenak, besteak beste, Antselmo jauregi-kondea, Eginardo errege-mahaiko burua eta denetatik famatuena bilakatuko zen Errolan, Bretainiako Markako kondea.62 Handik hiru urtera, 781ean, kronista arabiarrek Ximeno Sendoa aipatzen dute baskoien buruzagi gisa. Horixe bera izan zen, beharbada, baskoien burua Orreagako gatazkan. Karlomagnok Akitaniako erreinu berria eratu zuen, eta bere seme Ludoviko Pio ezarri zuen hango errege. Erreinu horren eremua kontinentean eta penintsula aldean ere zabaltzen zela badakigu, 799an frankoen okupazioaren kontrako matxinada izan baitzen Iruñean. Hurrengo urtean, 800ean, baskoiek frankoen menpetik askatzea lortu zuten, baina gutxirako. 806an, berriro zeuden Karlomagnoren menpean. 812an,

61 AZKARATE, Agustín (2004), 91 62 AZAOLA, José Miguel de (1972), 193-194 49 berriz matxinatu ziren, baina berriro ere, Ludovico Piok menperatu egin zituen eta Iruñeraino iritsi zen. Bertan, bere agintepeko gobernadorea izendatu zuen: Belasko gaskoia. Hala ere, 816an berriro altxatu ziren baskoiak eta, orduan, Eneko Arista buruzagiak frankoengandik behin betiko askatzea lortu zuen. 824an, baskoiak nagusitu ziren berriro. Azken garaipen horrek ondorio garrantzitsuak izan zituen Nafarroako baskoien artean. Eneko Aristaren inguruan nolabaiteko konfederazioa osatu zen, gerora Iruñeko erreinuaren sorburua izango zena.63 Erreinu hura sortzeko eragin handia izan zuen Nafarroako ekialdean hazten ari zen mugimendu monastiko indartsuak (Igal, Olast, Urdaspal, Leire...). Tribu-gizartetik erregetzaren patrimonioan oinarritutako “monarkia”ra igarotzeko, monasterio haien kultura-maila altua behar zen.

C) Penintsula aldean, VIII. mendetik aurrera, musulmanen kontra Iberiar penintsulan, 711tik aurrera, islamdarren presentzia garrantzitsua gertatzen da. Bisigodoak menperatu ondoren, laster azaldu ziren Euskal Herriko mugetan. Islamdarrek gaurko Nafarroako hegoaldea erabat kontrolatu zuten eta euren espedizioetan (aceifak) Iruñera ere iristen ziren. Arabako hegoaldea ere euren menpean zeukaten. Handik aurrera eta hurrengo mendeetan, islamdarrak nagusi izango ziren ia penintsula osoan, eta Euskal Herriko hegoaldeko lurraldeak ere kontrolatu zituzten. Hasieran, haien erakunde politiko nagusia Kordobako emirerria izan zen. • 718an, islamdarrak Iruñera iritsi ziren. • 721ean, Narbonako Galia garaitu ondoren, musulmanek Eudon baskoiak gobernatzen zuen Toulouse hiriari eraso zioten, baina Eudonek atzera bota zituen. • 781ean, Abd al Rahman I.ak Zaragozatik abiatuta, Ebro ibarrean gora Logroñoraino iritsi zen. Lizarra alderaino jarraituz, Iruñera heldu eta ondoren, Pirinioetara eginda, Ximeno Sendoaren gotorlekua konkistatu zuen; handik Aragoira jo (hain zuzen, Jaka aldera, Ibn Belaskoten lurretara), eta ondoren Kordobara itzuli zen. • 791tik 799ra, musulmanen erasoak izan ziren Ebro arroko Araba aldean. • 801ean, berriro islamdarrek, Ebrotik gora eginda, Arabari eraso zioten. Alabaina, Argantzungo haitzartearen inguruko gatazkan galdu egin zuten.64 Batzuen ustez, 799ra arte egon zen Nafarroa musulmanen menpean. Hala ere, 792tik 795era baskoiek Asturiaseko Alfonso II.arekin eta Toulouseko Gilen kondearekin aliantzak burutu izanak, Nafarroak erakunde politiko gisa nolabaiteko independentzia bazeukala erakusten du.

63 ZABALA, Federico de (1971-1973) I lib., 65-67 64 ZABALA, Federico de (1971-1973) I lib., 69-71 50

Banu-Kasitarrak Nafarroako hegoaldean Nafarroako hegoaldean, jatorri godoa zuten Banu Kasitarrek (Cassius handiki godoaren familiakoak) Ebroko arroa menperatzen zuten. Tuteran zeukaten erdigunea, eta, Iruñeko Aristatarrekin bat eginda, behin eta berriz matxinatzen ziren Kordobako emirren kontra. • 803an, Banu-Kasitarrak Kordobako emirerrira lotuta zeuden; Iruñea, berriz, frankoen erreinuari lotuta. Alderdi biek, elkarri lagunduta, menperatzaileen aurka altxatu eta nolabaiteko independentzia lortu zuten; baina ez zen luzerako izan. • 806an, berriro zeuden Kordobako emirraren eta errege frankoaren mendean. • 822an, 823an, 825ean, 838an, Arabari eraso zioten musulmanek. 823an Guerniq izeneko arroilaraino iritsi ziren. • 842an, Musa ibn Musa, Banu Kasitarren buruzagia, Aristatarrek lagunduta (Gartzea Enekones, Eneko Aristaren semea ere hantxe aritu baitzen), Kordobako emirra Abd al Rahman II.aren kontra matxinatu eta garaitzea lortu zuen. Mendeku hartzeko, Abd al Rahmanek Eneko Aristari eraso zion, eta Iruñeraino iritsi zen. Horrelako beste ekinaldi batean, Kordobako emirra berriro Iruñeraino iritsi eta garaitu egin zuen. Gatazka horretan, Eneko Aristaren anaia zen Fortun Enekones hil zen. 844an, Aristatarrek eta Banu Kasitarrek bakeak egin zituzten Kordobako emirrarekin. • 850ean, Musa berriz matxinatu zen emirraren kontra. 852an hil zen Eneko Arista, eta haren seme Gartzea Enekonesen garaian aldatu egin zen Iruñeko erreinuaren politika; Banu-Kasitarrak etsai hartuta, Oviedoko erreinura hurbildu zen Nafarroa. • 859an, Banu-Kasitarren kontra borrokatu zen Gartzea erregea Albeldako bigarren guduan eta Musa ibn Musa garaitu zuen. • 860an, Kordobako emirrak Nafarroa inbaditu zuen. Zenbait gotorlekuz jabetu eta Iruñeko erregearen seme nagusia zen Fortun Gartzez preso eroan zuen (20 urtez egongo zen Kordoban gatibu). • 871n, Banu-Kasitarrak berriro matxinatu ziren emirraren aurka eta Zaragoza eta Huesca konkistatu zituzten. Matxinadan Aristatarrek ere hartu zuten parte, berriro ere Banu-Kasitarrekin bat eginda. • 872an, emirrak Banu-Kasitarrei eta Iruñeari berari ere eraso zien. Gero berriro 874an eta 878an. • Fortun Gartzez printzea askatu zuten urte horietan. • 882an, emirraren soldaduak Banu-Kasitarren lurraldeari eraso eta Araban ere sartu ziren. Baina Vigila Ximenez Arabako kondeak menderatu egin zituen Cellorigoko gotorlekuan. 51

• Muhhammad Ibn Lope, Banu-Kasitarren buruzagiak, Iruñeko erregearekiko harremanak hautsita, eraso eta irabazi egin zuen Aibarren. Bertan Iruñeko errege Gartzea Enekones hil zen. • 905ean, Lope Ibn Muhammad, Banu-Kasitarren azken buruzagiak eraso egin zion Iruñeko errege Santxo Gartzez I.ari (Ximeno errege-etxeko lehenari, alegia). Nafarrek Kordobako emirerriarekin izaniko harremanetan musulmanen etengabeko erasoa izan zen ezaugarri nagusia. Hala ere, haiek ezin izan zuten Nafarroa menderatu. Behin baino gehiagotan iritsi ziren islamdarren armadak Iruñeraino eta bai Pirinioetaraino ere, baina euren kontrolak ez zuen inoiz luze iraun: algara edo aceifa esaten zitzaien espedizioak baizik ez ziren izaten.65

Ximeno etxeko erregeak Nafarroan Santxo Gartzezekin, 905ean Nafarroako errege-leinu berria ezarri zenetik, (Ximenotarren leinua, alegia), Banu-Kasitarrekiko haustura erabatekoa egin zen. Errege berriek, Asturiaseko (une hartan Leoneko) erreinuarekin egin zituzten aliantzak. Bestalde, ordura artean, musulmanak izaten ziren erasotzaileak, baina handik aurrera, nafarrak izango ziren hala jokatuko zutenak. • 920an, Santxo I.a, Deio izeneko eskualdea konkistatzen hasi zen eta Lizarrako hegoaldeko lurraldeak eskuratu zituen Ebroraino. • Abd al Rahman III.a (Kordobako lehen kalifa) Nafarroan sartu zen Cascantetik. Valdejunqueran, baina, Iruñeko Santxo I.a eta Leoneko Ordoño II.a elkartuta, aurrez aurre jarri zitzaizkion. Islamdarra nagusitu zen eta, ondorioz, Iruñeko erreinuak Errioxa galdu zuen. • 923an, Santxo I.ak berriro erasoka, eta Leoneko Ordoño II.arekin bat eginda, Errioxa berreskuratu zuen. Leongo erregeak Naiara konkistatu zuen eta Iruñekoak Viguera. • Abd al Rahman III.ak beste espedizio bat antolatu zuen, Iruñeari erasotzeko. Zarrakaztelutik iparraldera eginez, Zangoza okupatu eta Nabaskozeraino iritsi zen. Erronkarin borrokatu ziren Abd al Rahman eta Santxo. Gatazka hartan erronkariarrak sutsuki lehiatu zirenez, erregeak noble izendatu zituen ibarreko herritar guztiak. Ondoko erregeek, Gartzea Santxez II.ak, Santxo II.a Abarkak, Gartzea III.a Dardartiak eta Santxo I.ak eskuratutako eskualdeei eustea lortu zuten, baina Santxo Abarkaren garaian, Almanzorren erasoak izan ziren ostera ere. Santxo Abarka Nafarroa Beherean zegoelarik, Almanzorrek Iruñeari eraso zion. Errege nafarrak elurrez gainezka zeuden Pirinioak zeharkatu behar izan zituen; hala ere, Iruñera iritsi eta setioa altxatzea lortu omen zuen. Errege hori Santxo Abarka izenaz ezagutzen da, Pirinioak abarkak jantzita igaro omen zituelako.

65 ZABALA, Federico de (1971-1973) I lib., 71-76 52

Mendea baino gehiago igaro zen Nafarroak bere osotasuna lortu arte: Santxo V.ak, Arguedas, Cadreita eta Murillo de las Limas hartu zituen, eta haren seme Alfontso I. Borrokalariak 1114an Tutera eskuratu zuen. Araban, Toloñoko mendilerroaren hego-mendebaldea okupatu zuten islamdarrek, Kordobako armadaren bide nagusia zelako. Baina inguru horretan arabarrek, musulmanen erasoei eusteko, gotorleku-lerrokada bi eraiki zituzten: bata Ebrorekin paraleloki zihoana eta bestea, Toloño mendilerroa baino iparralderago (Valpuestatik Kanpezuraino), ondoko gaztelu hauek eraiki zituzten, besteak beste: Zellorigo, Buradon, Bilibio eta Portilla.66

Euskal Herria eta monarkia asturiarra Monarkia asturiarra, monarkia bisigodoaren jarraipentzat hartu izan da. Agian horregatik, Asturiarrak lehenago bisigodoek legez, baskoiak menperatu nahian aritu ziren. Alfontso I.a Katolikoa (739-757), Asturiasetik atera eta zenbait lurraldetan ibili zen horiek populatzeko asmoz, baina hain zabalak zirenez, ezin izan zuen bere helburua bete. Testuek azaltzen dutenez, Araba eta Bizkaiko mugetara iritsi zen. Alfontso III.aren Kronikaren arabera, Araba, Bizkaia, Alaone (Aiara) eta Orduña, betidanik hango biztanleen esku egon ziren, Iruñea, Deio eta Berrotza bezala. Errege asturiarrak aipatutako lurralde horietako bat ere ez zuen konkistatu. Baina dirudienez, antzinaroko autrigoien eremu zabal bat menperatzea lortu zuen; hau da, gaurko Burgoseko iparraldea, gaurko Arabaren mendebaldea eta Ebro ibaiaren ezkerreko aldea. Asturiaseko Alfontso II.a, erreinutik egotzi zuten eta, amaren ahaideekin babestuta bizi behar izan omen zen Araban. Errege haren aitaren garaian, Fruela I.arenan alegia, matxinatu ziren baskoiak eta asturiarrak haiek menperatzera etorrita, Munia izeneko arabar neska gazte bat eroan omen zuten gatibu. Munia, Fruela erregearekin ezkondu eta gero, Asturiaseko Alfontso II.a izango zen haien seme. Baskoien matxinada hura, 757-758 inguruan jazo zen, eta gertalekua, seguruenik, Alfontso I.ak menperatuta zeukan Euskal Herriko eremua izango zen. Dirudienez, neska gaztea preso hartu izanak kanpaina hura razzia antzeko erasoaldia izan zela adierazten du. Bestalde, Alfontso II.a Valpuestan (Muniaren jaioterrian) bizi izan zen deserriturik eta beraz, argi dago herri hori ez zegoela orduan Asturiaseko erregeen menpe. Ordoño I.ak, 860an, Amaya izeneko hiria gotortu zuen, Burgoseko iparraldea, hau da, Bardulia izeneko eskualdea menperatzeko basea izan zedin. Alfontso III.aren sasoian ere baskoien matxinada izan zen: Arabako Eylo kondea oldartu zen eta, asturiarrek preso hartuta, Oviedora eroan zuten. Sanpiroko Kronikak, gertakari hura Araban kokatu zuen, seguruenik, asturiarrek menperatzen zuten Arabako eremuan.67

66 ZABALA, Federico de (1971-1973) I lib., 76-80 67 ZABALA, Federico de (1971-1973) I lib., 81-84 53

EKONOMIA ETA GIZARTEA GOI ERDI AROAN

VIII. eta X. mendeen arteko aldian, honako gertakari hauek aipatu behar dira: - Aurreko garaietan idazkiek aipatzen zuten izen bakarraren aurrean, Goi Erdi Aroan, Mendebaldeko Pirinioen inguruko gizataldeen unitate txikiagoak aipatzen dira. Horietan, besteak beste, gaurko euskal herrialdeen izenak azaltzen dira lehenengoz (Nafarroa, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Aiara, Urduña...). - Ximeno familia nagusitzearen ondorioz, Iruñeko erreinua sortu zen. Musulmanei konkistaturiko lurralde berriak ohore eta benefizio gisa, familia handiei banatzen zitzaizkien. - Bertoko aristokraziak bere nagusitasuna sendotu zuen, lehenengo, funtzio militarrean oinarrituta, eta gero, lurren eta pertsonen kontrolaren bidez. Populazioa enkoadratzeko, jabetza partikularreko elizak erabili ziren. - Goi Ardi Aroko herrixkak agertu ziren. - Kristautasuna ezarri zen.68

Goi Erdi Aroko aristokraziak Prozesu horietan paper handia izan zuen bertoko aristokraziak. Eskualde batzuetan (Arabako lautadan, Iruñeko arroan eta Ebro ibarrean) aristokraziaren autoritatea landa-eremuko ondasunen jabetzatik sortu zen, antza. Hipotesi horren alde egin zuen J. Caro Barojak, -ana eta –ano amaieradun toponimoen jatorriaz jardutean, horiek antzinaroko villaen jabearen izenari erantsita sortu zirela azalduz. Gisa berekoak lirateke haren ustez –ain amaieradunak ere. Beste eskualde batzuetan, aristokrazien autoritatea, beharbada, ondasun publikoen kontroletik sortu zen. Aparatu administratibo erromatarra desagertzean, bertoko aristokraziak eskuratuko zituen meategien, uren, basoen eta larreen kontrola. Azkenik, lurraldearen defentsan aristokraziak zeukan funtzio militarrak ere eragin handia izan zuen. 69

Antzinaroko lurraldeko populazio-egituren desagertzea Antzinaroko civitas batek, behintzat, bere hartan iraun zuen: Iruñeak. Hiri horren izena aukeratu zuen Santxo Gartzez I.ak bere erreinua izendatzeko – Iruñeko erreinua–, eta berak konkistatutako lurraldeak ere erresumari erantsi zizkion. Ez du ematen, VIII. mendetik X.era bitartean populazioaren antolakuntzan, antzinaroko villaek iraun zutenik. Bizitegi zahar haiek abandonatu egin ziren, edota nekazaritza-instalazio, eliza edo nekropoli bihurtu zituzten.

68 GARCÍA CAMINO, Iñaki (2004), 128-137 69 GARCÍA CAMINO, Iñaki (2004), 137-139 54

Burdin Aroan sortu eta goialdeetan kokatutako herrixka gotortu haiek ere ez zuten iraun Goi Erdi Aroan. Berreaga, Kosnoaga, Marueleza, Murugain, Intzur edo Basagaineko aztarnategiek ez dute erakusten k.o. II. mendearen ondoko materialik. Berdin gertatzen zen hego-isurialdeko herrixketan ere (La Hoya, etab.). Antzinaroko lurralde-egiturak, beraz, nabarmen ahulduta edo zeharo desagertuta zeuden VIII. eta X. mendeen bitartean. Baina populazioaren eta ekonomiaren hazkundeak dinamismo eta autonomia handiagoak ekarri zituen, eta nekazariak “herrixketan” finkatutako talde egonkorretan antolatu ziren.70

IX.-X. mendeetako hazkundea Populazioa, antza, lehenago aipatu legez, herrixketan finkatutako talde egonkorretan antolatu zen. IX. mendearen hasieran eta, gainera, idatzizko iturriek aipatzen dituzten kolonizazio- eta luberritze-prozesuekin batera, beste herrixka berriak ere sortu ziren. Herrixkaz hauxe ulertu behar da: bilduta zeuden bizilekuez osaturiko nekazarien eta abeltzainen ezarlekua eta nolabaiteko autonomia sozioekonomikoa zuena. Herrixka horretan, eremu pribatuez gain, eremu publikoak ere egoten ziren (basoa, esate baterako), taldeak beretzat hartu eta era komunalean ustiatzen zituenak. Herrixka, izatez, Erdi Aroko nobleek errentak jasotzeko eta populazioa – nahiz eta gehiengoa librea izan– egitura feudaletan kokatzeko unitatea zen.71

Elizak eta monasterioak Elizek eta monasterioek ere, nekazari-komunitateetan txertatuta, zeudenez, populazioa sistema feudalean sartzen lagundu zuten. Sistema horren oinarrian, laborarien lanetik jaunek irabazten zuten mozkina zegoen. Gizarte feudalean, boterea lurraren jabetzatik eta bertan lanean ziharduen jendearen kontroletik zetorren, eta elizek eta monasterioek horretan lagundu zuten, hain zuzen, herritar bakoitzari haren espazio zehatza egokitzen, eta, horrela, populazioa egitura feudaletan finkatzen. Elizak garai hartan, jabetza partikularrekoak izaten ziren eta, beraz, saldu eta dohaintzan eman zitezkeen. Elizak, apezpikuek, jaunek edota nekazariek eraikiarazten zituzten eta eurak izaten ziren jabeak. Eliza handi eta boteretsuek, txikiagoak irensten zituzten eta, hasieran, nekazari-familia aitzindariak ageri baldin baziren eliza horien jabe, gerora, jabe handiek eskuratu zituzten haien patronatuak eta, jakina, horietatik lortzen ziren baliabideak euren onuran erabili ohi zituzten (besteak beste, nekazarien mozkinak eskuratzeko). Elizak, X. mendeko paisaian, elementu sozial nabarmenenak ziren; baina artean eraikin xumeak eta txikiak baino ez ziren izaten.72

70 GARCÍA CAMINO, Iñaki (2004), 140-142 71 GARCÍA CAMINO, Iñaki (2004), 146 72 GARCÍA CAMINO, Iñaki (2004), 147 55

Nekropoliak Elizen inguruan nekropoliak egoten ziren. Izatez, eliza baten fundazioak hilerria ezarri beharra zekarren berarekin, eliza beraren ezaugarri eta pribilegio berdinez hornitua. Bertan lurperatzen ziren eliza horri lotutako komunitatean hildakoak. Hilobiak lurpean edota harrian, giza antzeko irudian, zulatuta (Remellurin bezala), egoten ziren. Lurrazpikoak, sarritan, harlauzez egindakoak ohi ziren. Badaude harrizko bloke handiez landutako hilobi exentuak ere. Horiek oso landuak izaten ziren (adibidez Argiñetakoak) eta, beraz, handikientzat eginak. Lurpeko hilobien seinaleak oso adierazkorrak izan ohi dira; askotakoak daude: oso gutxi landutako harlauzak, landutako hilarri disko-formadunak, etab.73

Herrixketako antolamendua Batzuetan, herrixka, bi edo hiru eraikinez osatutako ezarleku txikiak izaten ziren, euren inguruko lur landuekin eta basoekin. Gehienetan, eraikinen artean, elizatxo bat egoten zen. Horrelako herrixka, nekazariek lanean batera bilduta jardun beharrak markatzen zuen, hau da, naturari aurre egiteko (basoak luberritzeko, etab.) elkartuta jokatu beharrak. Beste batzuetan, eliza edota hilerria izaten ziren herrixkako biztanleei komunitate-zentzua ematen zietenak, inguruan sakabanatuta zeuden basetxeak ere elizbarrutian sartuta. Herrixka horiek mendien magaletan kokatuta egoten ziren, baina ez lekurik altuenetan, nekazaritza eta abelazkuntzarako gune egokietan baizik. Gainera, kostaldean baziren itsasoko baliabideak ustiatuz bizi ziren beste herrixka batzuk ere. Herrixka horietako etxeak bilduta edo sakabanatuta egoten ziren, eta seguruenik, zurezko eraikin xumeak izango ziren; gutxi gorabehera, 15 metro karratukoak, eta bi gunetan banatuta: bata bizitegia eta bestea ukuilua edo biltegia. Ez ziren guztiak era berekoak, eta XI. mendeko agiriek bereizketak erakusten zituzten, jauregiak eta kasa edo casa populata izeneko etxeak aipatzen baitziren.74

Lurren antolamendua Europako Goi Erdi Aroko forma produktiboak Antzinaroko egitura ekonomikoen krisiaren emaitza izan ziren. Herrialde batzuetan, lurraldea ustiatzeko era berriak erabili ziren: halakoetan askatasun handiagoko nekazari-taldeak izaten ziren protagonistak, antzinako lur-jabe handien kontroletik (villae izeneko produkzio-unitateetatik) kanpo zeudenak. Beste eremu batzuetan, ordea, Goi Erdi Aroko forma produktiboak Burdin Aroko “herrixka gotortuetako” produkzio-sistemen eboluziotik sortu ziren, hots, herrixkak ustiatutako lurren bazter batean kokatuta egon beharrean,

73 GARCÍA CAMINO, Iñaki (2004), 156-164 74 GARCÍA CAMINO, Iñaki (2004), 164-168 56 espazio landua, herrixka gotortuetan bezala, herrixken inguruan egituratzen zen. Euskal Herrian, bai iparraldeko isurialdean eta bai hegoaldekoan, bizi- iraupenera bideratutako nekazaritza eta abelazkuntza konplementarioak praktikatzen ziren. Antza denez, jarduera bietan, era ibiltarian jokatzen zen, beti ere hurbileko lekuak aldatuz, urtaroen arabera. Herentziak zirela eta, ustiapen-unitate familiarrak gero eta zatituagoak, sakabanatuagoak eta txikiagoak bihurtzen zirenez, ez ziren gai familien iraupena bermatzeko. Horregatik herritarrak behartuta egoten ziren familia boteretsuen babesean jartzera, euren jabetzak haiei emanez eta, ondorioz, haien menpean jartzen ziren. Eskualdeetako baldintza ekologikoetara egokituz, Euskal Herriko ipar- isurialdean sagardiak eta larreak nagusitu ziren eta hegoaldean, laboreak. Etxeen inguruetan ortuak lantzen ziren: barazkiak, fruta-arbolak, etab. Herrixketatik urrutiago, basoa, larreak eta eremu komunalak ohi zeuden. Abereak bazkatzeko larreak leku guztietan ziren. Basoen ustiapena komuna zenean, zenbait agiritan ikusten denez, ohiko arauez antolatzen zen (antiquo uso determinatis). Baina, ordurako, monasterioek, erregeek eta jaunek euren artaldeak eta haziendak mantentzeko, baso zati handiak eskuratzen ahalegintzen ziren eta, ondorioz, eskubide kolektiboak moztuta gelditu ziren. Horrela, basoari lekua kenduta, larre berriak zabaldu (amenibus pratis) eta esparru itxiak eratu ziren. Agian esparru horiek –agiriek dehesa izendatzen zituztenak–, Behe Erdi Aroko agirietan gaztelaniaz sel eta euskaraz korta edo saroi izenez agertzen ziren eremu zirkularrak izan litezke. Nekazaritza hedatzearen beste seinale bat errota asko izatea zen. Burdinaren aprobetxamenduan ere nabarmen aurreratu zen, 1.025eko Donemiliagako goldea deitutako agiriak ondo erakusten duenez. Burdina lortzeko, mendialdean kokatutako haize-olak edo agorrolak erabiltzen ziren. Itsasoko baliabideak lortzeko jarduerek ere autohornikuntza-maila erakusten zuten. IX. mendean jadanik, kostaldean ezarritako bizitegien eta herrixken aipuak daude. Dirudienez, hondartzetan hondoa jota geratzen ziren baleak larrutu eta kostaldeko itsaskiak aprobetxatu egiten ziren. Oinarrizko arrantza errazetan aritzen ziren itsasaldeko biztanleak. Horren berri ematen du, Donemiliagako monasterioak Bizkaiko kostaldeko herrixkak kontrolatzeko zuen interesak.75

Gizartea Testigantza arkeologikoek eta idazkiek erakusten dutenez, bereizketak zeuden gizartean. Batetik, argi ikusten da hilerrietan, hilobi batzuk gune pribilegiatuetan daudela, elizaren hormetatik hurbil kokatuta; eta bestetik, batzuek besteek baino egitura konplexuagoa dutela. Gainera, zenbaitetan hildakoen izenak eta maila sozialak azaltzen dira.

75 GARCÍA CAMINO, Iñaki (2004), 168-171 57

Agiriek azaltzen dutenez, gizartean maila desberdinetako egoerak zeuden: collazoak, homines, milites, seniores, etab. Estratifikazio hori ez zen berdina euskal lurralde guztietan. Hala ere, denborak aurrera egin ahala, botere feudalak gizartean sartzen joan ziren neurrian, egoerak berdindu egin ziren eta, oro har, bi talde nagusi bereizten ziren: nobleak eta nekazariak. 1. Lekuko aristokrazia zaharra. IX. eta X. mendeak baino lehenagotik dago horren presentziaren berri. Nobleek erregearengandik hurbil izanik (hari laguntza militarra ematen baitzioten) euren boterea mantendu edo handitu egin zuten. Talde horren barnean, maila batzuk bereizten ziren autoritatearen eta aberastasunaren arabera: goikoan, baroiak zeuden, Nafarroako leinuei lotuak. Haien boterea handitu egin zen X. mendean, kargu militarrak euren esku geratu zirelako. Beherago, milites, seniores edota domini deitutakoak zeuden. Horien boterea ere erregeak emandako zerbitzu militarretik zetorren, ordainetan jabetzak eta benefizioak eskuratzen baitzituzten. 2. Nekazari libreen taldeak. Hauek aristokraziaren autoritatetik ihes eginik, baso, mendi eta landu gabeko lurrak kolonizatu zituzten. Horretarako, Iruñeko erregeen babesa izan zuten –Nafarroako ekialdean gertatu bezala–, edo Gaztelako kondeena –Arabako mendebaldean bezala–. Horrela, jabetzadun nekazari talde handiak sortu ziren, baso eta lur komunalen aprobetxamendurako eskubideak lortu zituztenak. Horixe zen gizatalderik handiena. Lantzen zituzten lurren jabe ziren eta herentzian utz zitzaketen. Haiek izan ziren Goi Erdi Aroko nekazaritzaren hazkundearen protagonista nagusiak. 3. Azken mailan, agiriek collazos deitutakoak zeuden, hots, menpeko nekazariak edo nekazari-morroiak. Inoren lurretan behar egiten zuten eta, gainera, lurrari atxikita bizi behar ziren, hau da, jabeak haiek saldu edo donatuz gero, nekazariak ere jabe berriaren menpean geratzen ziren, lurrekin batera. Collazoek lantzen zituzten sailen gozamena edo erabiltzeko eskubidea zeukaten. Horrelako nekazariak, antza, gehiago ziren Pirinioetako ekialdeko eremuetan.76

Kristautasuna Kristautasuna erromanizazioari estu-estu lotuta zabaldu zen. Nabarmena zen garai hartan, kristautasunak hirietan zuen presentzia eta horregatik gune horietan izaten zituzten apezpikuek euren egoitzak. Landa-eremuan edo pagusean, aldiz, ez zen elizarik izaten, kristau-komunitaterik ez zelako. Euskal Herrian ere, berdin gertatu zen: hiri erromatartuetan zabaldu zen kristautasuna. Kalagorri apezpiku-egoitza izan zen, eta denbora luzean kristautasuna ez zen landa-eremuetara igaro. J. M. Lacarraren ustez, V. mendeko germaniarren inbasioen garaira arte ez zuen kristautasunak aurrera egin: ez dago horren berririk, behintzat; ez da aurkitu erromatar inskripzio kristaurik eta. Iruñearen pareko hirietan ez da VI. mendera arte apezpikurik aipatzen.

76 GARCÍA CAMINO, Iñaki (2004), 171-173 58

Iruñeko lehen apezpikua godoak heldutakoan dokumentatzen da: Liliolo apezpikua, Toledoko III. kontzilioan, 589an. Euskal Herriko ipar-isurialdean, ostera, artean kristautasuna sartu gabe zegoen. San Amandoren esanetan, Ipar Euskal Herriko herritarrak kristautzeko zailak ziren, eta euren antzinako sinesteei eusten zieten. 653an, Zaragozako Tajon apezpikuak, “gens afera” (“herri basatia”) deitzen zituen euskaldunak. Goi Erdi Arotik aurrera, Euskal Herria, apezpikutzaz (Kalagorri, Jaka, Iruñea, Armentia) eta monasterioz (Donemiliaga eta Albelda Errioxan, San Juan de la Peña eta San Zacarias Aragoin, Leire, Igal eta Urdaspal Nafarroan) inguratuta zegoen. VIII. mendetik aurrera, Euskal Herriko ekialdean maila intelektual handiko kristau-gune garrantzitsua zegoen. Hantxe sortu ziren aipatutako monasterioak: Leire, San Zacarias, Urdaspal, Igal, Cillas... San Eulogiok horiek bisitatu zituen 848an eta haien liburutegietan Kordoban ere ezezagunak ziren obrak aurkitu zituen. Segur aski, iparraldetik, pizkunde karolingiarrak eragindako gune kultuetatik ekarritakoak ziren: San Agustinen Jainkoaren hiria, Virgilioren Eneida, Juvenalen lan poetikoak, Horacioren Satirak, Porfirioren lanak, etab. Euskal gune kultural hartan Europako kulturarik aurreratuenaren eragina ageri zen, eta hura erabakigarria izan zen Nafarroako monarkia antolatzeko. Euskal Herriaren iparraldeko isurialdean kristautasuna X. mendetik aurrera zabaldu zen. XI. mendera arte ez dago inguru horretan monasterioen daturik (mende horretan hasten dira monasterioak aipatzen dituzten agiriak). Lehenago Iruñeko apezpikutza (589) aipatu da. IX. mendearen bigarren zatian sortu zen Arabakoa (Armentia), Naiarakoa bezala, Kalagorrikoarekin elkartu zena. 804an, Okako apezpikutza zaharra, islamdarren kontrako gerra zela eta, Valpuestara aldatu zen: horietatik sortu zen gerora Burgosekoa. Ipar Euskal Herrian, Baionako apezpikutza aipatu behar da: 1106an azaltzen da lehen aldiz hori dokumentuetan. Beste egoitza batzuk, Akizen eta Oloroen zeuden. XII. mendeko bidaiarien kronikek ez zituzten euskaldunak oso kristau deskribatzen, anker, krudel, eta edozein gaiztakeria egiteko prest baizik. Aymeric Picauden Erromesen Gida (Codex Calixtinus) fama txar haren lekukotasunik argiena da.77

77 ZABALA, Federico de (1971-1973) I lib., 87-92 59

ERDI ARO KLASIKOA

NAFARROA Bi dinastia izan ziren Iruñeko erreinuan: Aristatarrak IX. mendean eta Ximenotarrak X. mendetik XIII. mendearen hasierara arte. Hona hemen Iruñeko erregeen zerrenda: 1. Eneko Arista (824?-851) ARISTAtarrak 2. Gartzea Enekones (851-882) 3. Fortun Gartzez (882-905) 4. Santxo I Gartzez (905-926) XIMENOtarrak 5. Gartzea I Santxez (926-970) 6. Santxo II Gartzez “Abarka” (970-994) 7. Gartzea II Santxez “Dardartia” (994-999) 8. Santxo III Gartzez “Nagusia” (999-1035) 9. Gartzea III Santxez “Naiarakoa” (1036-1054) 10. Santxo IV Gartzez “Peñalengoa” (1054-1076) 11. Santxo V Ramirez (1076-1094) din. aragoitarra 12. Pedro Santxez (1094-1104) din. aragoitarra 13. Alfonso I Santxez “Borrokalaria” (1104-1134) din. aragoitarra 14. Gartzea Ramirez “Berrezarlea” (1134-1150) 15. Santxo VI Gartzez “Jakituna” (1150-1194) 16. Santxo VII Santxez “Azkarra” (1194-1234)

Baskoiak VIII. mendearen hasieran Iruñeko erreinua baskoiek beste herri batzuen aurrean autodefentsan jokatu behar izanak sortarazi zuen. J. M. Lacarraren ustez, baskoiak musulmanen kontra borrokatu ziren garaian, hiru gune kristau bereiz zitezkeen haien eremuan: bat, Iruñea aldea; beste bat, ekialdean Leireko monasterioaren ingurua, eta hirugarrena, mendebaldean, Araba aldea. Nafarroan Iruñea izan zen, inguruko lurraldea gizarte eta politika aldetik artikulatu zuen hiria.78

Euskal Herriko musulmanak: Banu-Kasi. Bisigodoen garaiko Kasio kondea, beste godo asko bezala musulmanengana hurbildu eta islamdar bihurtu zen. Haren ondorengo Banu- Kasitarrak nagusi zirela, ondoko bi mendeetan (VIII.-IX.), Islama zeharo nagusitu zen Ebro arroan.

78 ZABALA, Federico de (1971-1973) I lib., 105 60

Horrela, espazio bi markatu ziren gero eta zehatzago, elkarren artean oso ahaide-harreman estuak zeuzkatenak, baina gero eta oinarri ideologiko bereiziagoekin: Banu-Kasitarrak eta Aristatarrak. Behin baino gehiagotan aritu ziren elkarrekin kanpaina militarretan; baina azkenean, elkarren kontra jokatu zuten, Al-Andaluseko emirrek, Banu-Kasitarren bidez, iruindarrek ordaindu gabe zituzten zergak kobratu nahi izan zituztelako.

IX. mendea. Lehen errege-erregina nafarrak: Arista leinua 781ean, Abd al Rahman I.ak eraso zuenean, Ximeno Sendoa zen baskoien buruzagia. Kronika arabiarrek erakusten dutenez, Ximeno Aragoitik hurbil zegoen finkatuta, Irunberritik iparraldean, hau da, Zaraitzuko arroan. Ez dakigu zehazki Iruñeko erreinua noiz sortu zen. Historialari gehienek 824. urtearen inguruan izan zela diote, orduantxe aipatzen baita Eneko Aristaren Orreagako garaipena Akitaniako Aznar eta Eblo kondeek gidatutako frankoen armadaren gainean. A. Ortuetaren ustez, Eneko Aristak ez zuen aginpiderik izan Ipar Euskal Herrian, lurralde horretan frankoengandik independenteki jarduten zuten buruzagiak baitzeuden. Ekialdetik, Eneko Aristak Aisa eta Canfranc inguruak kontrolatuko zituzkeen eta, segur aski, bai Jaka ere. Hegoaldeko muga, Aragoi ibaiak markatuko zukeen, Zangozaraino. Garai haietan, Nafarroa erdiko arroak musulmanen kontrako borroka-lekuak izaten ziren. Azkenik, Andia, Urbasa, Burunda, Arakil eta Arabako lurraldeak baskoien esku zeudekeen. Hori horrela bazen, orduko erreinua antzinaroko baskoien eremuan besterik ez zen zabalduko; Gipuzkoa eta Bizkaia, antza, haren domeinutik kanpo zeuden. Aristatarrek Banu-Kasitarrekin zituzten harremanak, zalantzarik gabe, Ximeno Sendoaren garaietatik zetozen, Karlomagno Orreagan garaitu zutenetik, alegia. Ordukoxeak ziren euren arteko ahaidetasun-loturak: Eneko Aristaren ama, alarguntzean, Musa ibn Fortun, Banu-Kasitarren buruzagiarekin ezkondu zen; eta horien seme Musa ibn Musa, berriz, Eneko Aristaren alaba Assonarekin: horrela, Musa ibn Musa buruzagi ospetsua, Eneko Aristaren anaia (Ama berarenak ziren) eta suiha zen, batera. Eneko Arista 852an hil zen. Berak sortu zuen Iruñeko erreinua. Horren ostean, haren semea, Gartzea Enekones, izan zen errege. 882ra arte gobernatu eta erreinua sendotzea lortu zuen. Haren helburua lurraldeak zabaltzea izanik, Banu-Kasitarren eremuetara zuzendu zen, hau da, Nafarroako Erriberara eta Errioxara. Handik aurrera, Banu-Kasitarrak garaitzeko, errege nafarrek asturiarrengan bilatuko zituzten laguntzak. 859an normandoak (bikingoak) heldu ziren Iruñeraino. Nafarrak bentzutu eta haien erregea Gartzea Enekones hartu zuten preso. Erregea askatzeko, nafarrek 70.000 dinarreko bahisaria ordaindu behar izan zuten. 860an, musulmanek preso hartu zuten Fortun Gartzez, erregearen semea, eta hogei urtez eduki zuten Kordoban gatibu. Aita hil aurretik askatu zuten eta Iruñeko errege egin zen. Haren erregealdiak 905era arte iraun zuen eta bizitzaren azkenean, fraide sartu zen Leireko monasterioan. Haren seme- alabetatik bat ere ez zen errege edo erregina bihurtu. Haren alaba Oneka ere gatibu egon zen berarekin eta Abd Alah, Muhammad emirraren semearekin 61 ezkondu zen. Baina 879an, senarrak zapuztuta, aitarekin itzuli zen Iruñera. Han, Aznar Santxez Larraungoarekin ezkondu zen. Haren alaba Tota, Santxo I.a Gartzez errege iruindar berriarekin ezkondu zen. Fortun Gartzez Arista leinuko azken erregea izan zen.79

Ximeno leinua a) X.-XI. mendeak: Ximeno nafarrak

1) Erreinua zabaltzea. Santxo I.a Gartzez (X. mendearen hasiera) 905. urtean Santxo I.a tronura igotzeak aldaketa handiak ekarri zituen aginpide politikoaren kontzepzioan eta lurraldearen antolamenduan. Une hartan, erreinuaren muina Iruñea, Irunberriko arroa eta Zangotzako lurrak ziren. Musulmanen kontrako gatazka eta erlijio-liskarrek, batetik, eta Pirinio aldeko mendi bazterretako monasterioen eraginak, bestetik, baldintzak hobetu zituzten, ordura arte biztanle egonkorrik apenas zuen lurralde horietan populazio berria finka zedin. Egoera hartan, erregeak Islamarekiko mendekotasun-harremanari buelta ematea lortu zuen. 907 inguruan, Banu Kasitarren kontra lortutako garaipenaz, ia egungo Lizarrako merindade osoa eskuratu zuen, Egak Ebrorekin bat egiten duen lekuraino. Handik gutxira, Iruñeko erregeak, Arga eta Aragoi ibarretatik aurrera eginda, Falzes eta Kaparroso okupatu zituen (915). Hamar urteren buruan, Santxo I.ak Iruñearen aginpideko eremua nabarmen hedatu zuen. Abderrahman II.ak, bestalde, ezin izan zuen eragotzi Errioxako zatirik handiena iruindarrek eskuratzea (923an). Horrela, Banu-Kasitarren aginpidea deuseztatuta geratu, eta Iruñeko monarkiarentzat mundu berria ireki zen, askoz aurreratuagoa, bai ekonomian, bai gizarte-harremanetan eta bai kulturan ere: hiriguneak eta nekazaritza eta abeltzaintza hedatzeko eremu egokia iparraldeko soberakin demografikoentzat. Santxo I.ak Aragoiko konderria ere eskuratu zuen. 920. urtetik aurrera, Galindo II.a kondea Iruñeko erregearen menpe jarri zen eta, gainera, harremana sendoagoa egiteko, alaba Iruñeko erregearen semearekin ezkondu zuen. Amaitzeko, X. mendearen bigarren zatian, antza, errege iruindarrak Bidasoa aldera eta Gipuzkoako lurraldera zabaltzen ahalegindu ziren, XI.ean inguru horiek Iruñeari lotuta agertzen baitira.80

2) Erreinua sendotzea. Santxo III.a “Nagusia” (XI. mendea) Santxo III.a “Handia” edo “Nagusia” (1004-1035) izan zen Elizako Erreforma klunitarra sartu zuena. Arau berrien menpean ezarri zituen bere eskumeneko zenbait monasterio: San Juan de la Peña, Leireko San Salbatore,

79 ZABALA, Federico de (1971-1973) I lib., 107-116 80 MIRANDA GARCÍA, Fermín (1998), 103-104 62

Iratxeko Andre Maria, San Martin de Albelda, Donemiliaga, San Pedro de Cardeña, San Salvador de Oña... Horrela, kultura kristaua oinarri sendoetan finkatuta geratu zen Euskal Herriko lurraldean, eta horrek Nafarrroako monarkia egituratzen lagundu zuen, garai hartan Europan orokorra zen izaera feudala onartuta. Santxo III.ak, Euskal Herriko eremuetan errege izateaz gainera, beste lurralde batzuk ere menperatu zituen. Erreinuaren agintea ekialdera eta mendebaldera zabaldu zuen, baina gero, zabaltze-kanpainei berriro ekin barik, muga-lurraldeak sendotzea erabaki zuen. Inguruko erreinu kristauekin familia- loturak zituenez, esku-hartze handia izan zuen horien politikan. Horrela, Aragoi aldeko Sobrarbe (1017) eta Ribagorza (1018) monarkiaren eremuari gehitzea lortu zuen. Mendebaldean, errege iruindarraren emaztea zen Muniak, neba Gartzea hil zitzaionean, Gaztelako konderria heredatu zuen, eta horrekin batera Araba eta Bizkaiko lurrak ere.81

GAZTELA NAFARROA

Santxo Gartzea

Gartzea Munia Santxo “Nagusia”

1. Ramiro 2. Gartzea 3. Gontzalo 4. Fernando (Aragoi) (Nafarroa) (Sobrarbe-Ribagorza) (Gaztela)

Santxo “Peñalengoa”

Santxo III.aren testamentua 1) Santxo III.aren testamentuak utzitako erregetza bakarra, lehen semearena izan zen: Gartzea III.arena. Berak jaso zituen Iruñeko erreinua osatzen zuten lurrak: Nafarroa, Errioxa, Bidasoa aldea eta Gipuzkoa. 2) Ramiro sasikoak Aragoiko konderria bereganatu zuen, baina Iruñeko erregearen mende geldituta. 3) Gontzalo seme gazteenari Sobrarbe eta Ribagorza eman zizkion, ez baitziren jatorriz Nafarroaren jabetzakoak, ondoren gehitutako lurraldeak baizik. 4) Beste muturrean, Gaztela zegoen. Berez Leongo erreinuko konderria zen, eta haren eskumenean zeuden Araba eta Bizkaiko zati bat. Hori guztia Fernandoren esku geratu zen. Fernando, 1037an, Leongo errege bihurtu zen.

3) Gainbehera: Gartzea III.a “Naiarakoa” eta Santxo IV.a “Peñalengoa”.

81 ZABALA, Federico de (1971-1973) I lib., 120-122 63

Iruñeko erreinuarentzat arazorik larrienak, islamdarrengandik barik, erreinu kristauetatik etorri ziren. Fernando I.a Leongo tronuaz jabetu zenean, Gaztelako nobleak berehala hasi ziren Gartzea Naiarakoaren gobernua estutzen, erreinuaren mendebaldeko mugetan.82 Zirkunstantziak eraginda, bai Aragoik eta bai Gaztelak aurrea hartu zioten Iruñeari hegoaldeko lurraldeak konkistatzeko lehian. Batak mendebaldetik eta besteak ekialdetik, bideak itxi zizkioten. Hain zuzen ere, Fernando Gaztelakoak eta Gartzea Iruñekoak gerrak izan zituzten elkar jotzen zuten Nafarroaren eta Gaztelaren hegoaldeko mugetan. Gaztelako Fernandok gerra deklaratu zion anaia Gartzeari, errege nafarrari, alegia. Gartzea 1054an Atapuercako gatazkan hil eta gero, Santxo IV.a Peñalengoaren kontra jarraitu zuen Gaztelakoak, eta 1056an Oña eta Villarcayo inguruak konkistatu zituen. Hala ere, 1060an, eremu horiek eta Okako mendiak ere berriro zeuden Iruñeko erreinuaren eskumenean. 1064an, Fernando Gaztelakoak atzera eskuratu zituen Burebatik mendebalderako lurraldeak eta handik iparralderakoak, itsasoraino. Gaztelako Fernando 1065ean hil zen. Haren seme Santxo I.ak nafarren kontrako borrokari eutsi zion, eta Vianaraino iritsi zen. Santxo IV.a errege iruindarrak, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko indarrak erabiliz, eta Aragoiko errege Santxo Ramirezek lagunduta, gaztelauak menperatu, eta Bureba eta Okako mendiak nafarrentzat berreskuratzea lortu zuen. Santxo IV.a, bere neba-arrebek (Ramonek eta Ermesinda) asasinatuta hil zen (1076). Peñalengo amildegitik behera bota zuten. Gertakari hark eragin handia izan zuen Nafarroaren historian. Erreinua hildako erregearen bi lehengusuek eskuratu zuten: Gaztelako Alfontso VI.ak eta Aragoiko Santxo Ramirezek. Nafarrek ondo hartu zuten Aragoiko Santxo Uxuen, eta errege izendatu zuten Iruñean. Gaztelako Alfontsok, egoera aprobetxatuta, Bureba, Errioxa, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaia bereganatu zituen. Horrela, Santxo Nagusiak eraikitako erreinua deseginda geratu zen. Gaztelako erregeak mendebaldeko eremu horiek okupatu zituen, Eneko Lopes Bizkaiko jaunak lagunduta, zeren Iruñeko erregearen agintepeko lurraldeak horren ardurapean baitzeuden. Haren ordainetan, Eneko Lopesek bere familiarentzat eskuratu zuen Bizkaiko jaurerria. Ordura artean Iruñeko erregearen izendapeneko kargua zena, handik aurrera, herentziazko jaurerri bihurtu zen, Gaztelako erregearen eskutik saritzat jasota.83 b) XI.-XII. mendeak: Ximeno aragoitarrak Nafarroa Aragoirekin lotuta egon zen 58 urtez, hiru erregeren agintaldietan (Santxo V.a Ramirez, Pedro Santxez eta Alfontso I.a Santxez “Borrokalaria”), 1076tik 1134ra arte. Hirurok Santxo Nagusiaren ondorengoak ziren. Santxo Peñalengoaren ondotik egon ziren agintean eta Iruñeko eta Aragoiko errege ziren batera. Errege horiek Iruñeko erreinua berreraikitzen ahalegindu ziren.

82 MIRANDA GARCÍA, Fermín (1998), 105 83 ZABALA, Federico de (1971-1973) I lib., 126-127 64

Dinastia aragoitarrak islamdarren lurraldeak konkistatzeko politikari, hau da, kristandadea gerraren bidez zabaltzeko Gurutzadari ekin zion. Aragoiko leinuko hiru erregeok, ia 30 urtean borrokatuz, Zaragozako erreinu musulmana menderatzea lortu zuten. Santxo V.ak Estellako hiria fundatu zuen Lizarran, eta Alfontso VI.a Gaztelakoaren kontra borrokatu zuen, azken hori Zangozaraino heldu zenean. Bestalde, islamdarren eskuetan zeuden Arguedas eta Cadreita berreskuratu zituen. Alfontso I.ak ahalegin handiak egin zituen Iruñeko erreinua berreraikitzen. Urraka Gaztelakoarekin ezkondu zen, eta ezkontza desegin bazen ere, Bizkaiko eta Arabako lurraldeak –1076an galdutakoak– berreskuratu egin zituen Iruñeko erreinuarentzat. 1114an Tutera konkistatu, 1117an Errioxa berreskuratu, eta 1124an Donemiliaga hiria fundatu zuen. Gaztelako Alfontso VII.arekin akordioak sinatu zituen (1127ko Tamarako tratatua84), Errioxa eta Bureba lortuz (Okako mendietaraino); bai Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia ere. Bere erreinaldiaren amaieran, 1130ean, gerra deklaratu zion Gilen Akitaniako Dukeari, Ipar Euskal Herriko lurraldeak babesteko. Borroka horietan Baionaz jabetu zen. Baina Alfontso I.ak lortutakoak gutxi iraun zuen. Bera hil ondoren, Gaztelako Alfontso VII.ak berriro okupatu zuen Errioxa. Ipar Euskal Herriko eremuak ere orduan galdu ziren. Garai horretan, biziagotu egin zen europar eragina Nafarroan: Donejakuerako erromesaldiek garrantzia handia hartu zuten. Lehenagotik, Santxo Nagusiak hegoaldeko bidea sustatu zuen (Iruñea–Gares), baina Santxo V.ak eman zion benetako indarra, Estellako hiria (Lizarra) fundatuz. Behin bidea finkatuta, Europatik jende asko etortzen zen, eta euretariko asko Nafarroan bertan geratuko zen betiko, Iruñean, Zangozan, Lizarran eta beste hirietan. Alfontso Borrokalaria seme-alabarik utzi gabe hil zen eta, testamentuan, Tenpluko Ordena Ospitalarioari utzi zizkion bere agindupeko lurraldeak. Hala ere, ez aragoitarrek, ez nafarrek, ez zuten testamentua onartu: aragoitarrek Don Ramiro (Alfontso Borrokalariaren anaia) izendatu zuten errege; eta nafarrek Gartzea –Gartzea IV Ramirez “Berrezarlea”–, Santxo IV.aren anaia zen Ramiroren biloba.85

Hiri-iraultza Donejakue bideak, erromes-bidea izateaz gainera, eragin handiko beste funtzio batzuek ere betetzen zituen. Hasiera-hasieratik jakin zuen Iruñeko monarkiak bide horri inportantzia eta balioa ematen. Santxo I.ak, Errioxan

84 Hitzarmenean esaten denez, Gaztela 1054 eta 1076 urteetan zituen mugetara itzuliko zen, Gartzea Naiarakoa eta Santxo Peñalengoa hilda gero Iruñeko erreinuari kendutako Ebro inguruko lurrak Nafarroako erreinuari emanda. Hau da, Iruñeko eta Aragoiko erregeari itzuliko zitzaizkion Santxo III.aren testamentuan izendatutako Nafarroako lurrak: Bureba, Errioxa, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia.

85 ZABALA, Federico de (1971-1973) I lib., 127-130 65 zehar, Iruñea Gaztelarekin lotuko zuen ibilbide berria bultzatu zuen, Sakanan eta Araban zehar zihoan galtzada zaharraren ordez. Santxo Ramirezek eta ondorengoek argi ikusi zuten bide hura zela hiriak eta ekonomia garatzeko oinarri nagusia eta horregatik, Donejakue bidean eskulangintzatik eta merkataritzatik biziko ziren hiriak sortzea erabaki zuten. Bitxia bada ere, protagonistak ez ziren izan, Europako beste lurralde batzuetan bezala, nekazaritzatik soberan gelditutako bertoko bizilagunak, Pirinioez beste aldetik etorritakoak baino. Frantziako Midi aldetik heldutakoak batez ere, monarkiak berak horretarako erraztasunak eskainita. Jaka eta Estella izan ziren sorturiko edo indarberrituriko lehenengo hiribilduak (1076-1077), Nafarroako Donejakue bidearen mutur banatan, izen bereko herriaren gainean bata eta Lizarra izenekoan bestea. Foru edo arautegi bereziak eman zitzaizkien, eta horien bidez bermatu ziren, bai kolektiboaren eta norbanakoaren eskubideak, eta bai nornahirekin merkataritza-tratuak egitekoa ere. Biztanleei frankoak esaten zitzaien eta hitz hori, denbora luzean, pribilegio eta zerga gabeziaren sinonimo izango zen. Foru berezi horietan –hala baitzegoen aginduta–, nafarrek ezin zuten parterik hartu hiria osatzeko lehen fasean. Izan ere, jaunei ez zitzaien komeni nekazariek bat-batean lurrak uztea, zerga txikiagoak zituzten hirietara joateko. Iruñean, hiribildu berria sortu zen herri zaharraren ondoan (1129), eta San Sernin izendatu zen, bertako lehen biztanleen jatorriaren oroigarri; izan ere huraxe zen Toulouseko lehen apezpikuaren eta hango eliza nagusiaren izena. Gares, Zangoza (1112) eta Elo (1149) ere politika horren fruitu izan ziren.86 c) XII.-XIII. mendeak: Ximeno berrezarleak 1134tik 1234ra luzatu zen errege horien garaia: 100 urtez, beraz. Gartzea “Berrezarlearen” erreinalditik Santxo “Azkarrarenaren” amaierara arte. Bien artean, Santxo Jakituna izan zen errege. Garai horretako ezaugarri nagusia, Nafarroak bere auzokoekin (Aragoi eta Gaztelarekin) izaniko etengabeko borroka izan zen. Gaztelako Alfontso VI.ak erabat itxi zizkion Nafarroari hegoaldera zabaltzeko bideak.

Gartzea IV.a Ramirez “Berrezarlea” (1134-1150) Alfontso “Borrokalaria” hil zenean, Gaztelako erregeak Errioxa konkistatu zuenez, Iruñeko Gartzea IV.ak lurralde hura berreskuratzea zuen helburu. Aragoi eta Gaztelakoek, elkartuta jokaturik, Nafarroaz jabetzeko saioak egin zituzten. Gaztelako Alfontso VII.a Iruñeko harresiraino iritsi zen. Bitartean Bartzelonako kondeak (Aragoiko nagusiak, alegia) Ebrotik Tuteraraino egin zuen. Hala ere, Nafarroako erregeak bioi aurre egitea lortu zuen. 1141ean, Nafarroak eta Gaztelak bakea sinatu zuen eta Iruñeko erregearen alaba Gaztelakoaren seme nagusiarekin ezkondu zen. Handik

86 MIRANDA GARCÍA, Fermín (1998), 106 66 gutxira, gainera, Iruñeko erregea bera Alfontso Gaztelakoaren alaba zen Dona Urrakarekin ezkondu zen. Gartzea “Berrezarleak” Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere gobernatu zuen, zeren herrialde horiek Iruñeari lotu baitzitzaizkion euren borondatez 1134an. Nafarroan, Erriberri-Olite (1149), Larrasoaña-Esteribar (1174) eta Auritz-Burguete (1189 baino lehen) hiribilduak fundatu ziren.87

Santxo VI.a “Jakituna” (1150-1194) Santxo VI.ak 1159an, Aragoirekin bakea egin zuen, eta Errioxa berreskuratzen saiatu zen, baina ez zuen lortu ez Naiara ezta Viguera ere. Handik gutxira, 1179an, Aragoirekin berriro elkartuta, Gaztelako Alfonso VIII.a Errioxan sartu zelarik, Iruñeko erregeak akordioa egin zuen berarekin: Nafarroak Errioxa eta Bureba utzi zizkion Gaztelari, eta hark Nafarroari subiranotasuna aitortu zion “Ichiar eta Durangotik, eta Zufivarrutiatik eta Badayatik, Zadorra Ebrorekin batzen zen uneraino”. Beste era batera esanda, Durango aldea eta Araba Nafarroarentzat geratu ziren. Santxo VI.a “Jakituna” erreinua gorpuzten ahalegindu zen, bai lurraldez eta bai erakundez. Orduantxe hartu zuen erreinuak Nafarroa izena, Iruñearen ordez. Santxo VI.ak ere foruak eman zizkion zenbait hiri nagusiri, horien artean, Donostiari (1180) eta Gasteizi (1181). Aurretik, Guardia (1165) eta San Vicente de la Sonsierra (1172) fundatu zituen. Santxo VI.ak babes-sistema sendoa eratu zuen. Lehen defentsa-lerroa, Gasteiztik mendebaldera, Portillako gotorlekuak, Zadorra ibaiak eta Arganzon, Zaitegiko gazteluek eta Urkiola eta Anbotoko haitzek eratzen zuten; lerro horren atzealdean, Aitzorrotzeko gaztelua zegoen. Bigarren lerroa Buradoneko gotorlekuek (Haro aurrean), Toloño eta Trebiñuko mendikateek osatzen zuten. Eta hirugarrena Guardia, Puñicastro, Marañon, Arluzea, Antoñana eta Kanpezuk; lerro horrek Entzia eta Urbasa mendikateetatik aurrera egiten zuen; atzealdean, Lizarra zegoen. Santxo “Jakitunak” 1191n, bere alaba Berengela anderea, Ingalaterrako errege eta Akitaniako dukea zen Rikardo I.a “Lehoi-bihotza”rekin ezkondu zuen. Esan behar da errege horren eskumenekoak zirela une hartan Lapurdi eta Zuberoa. Rikardoren heriotzarekin, aliantza amaitu egin zen.88

Santxo VII.a “Azkarra” (1194-1234) Haren seme Santxo VII.ak ezin izan zuen eragotzi Arabako eta Gipuzkoako nobleak Gaztelaren mende jartzea, eta, nahiz eta hiri berriak Gaztelako armadari kontra egiten gogor ahalegindu (1198-1200), Arabako hegoaldea besterik ez zen geratu Nafarroaren esku. Errege nafarra Afrika aldean zela, Gaztelakoak harekin zituen meniak hautsi eta, bost hilabeteko setioaren ondoren, Gasteiz konkistatu zuen. Hala ere, gertakari hori ez zen oztopo izan, handik hamabi urtera, Santxo Azkarrak islamdarren kontra parte har zezan gaztelauekin eta aragoitarrekin batera, Navas de Tolosako guduan (1212).

87 ZABALA, Federico de (1971-1973) I lib., 131 88 ZABALA, Federico de (1971-1973) I lib., 133-135 67

Pirinioen beste aldean, berriz, aukera berriak ireki ziren. Garazi, Amikuze eta Izurako lurraldeetako zenbait handiki, pixkanaka-pixkanaka, Nafarroaren mendera etorri ziren 1200 inguruan, “Bortuez haraindiko lurrak” izeneko lurraldea eratu zen arte. Lurralde hori Nafarroako erregearen mendean egon zen XVI. mendera arte, etenik gabe. Lapurdi eta Zuberoa, ordea, Akitaniako dukeari eta Ingalaterrako koroari lotu zitzaizkion. 1234an Santxo VII.a hil zenean, Nafarroako erreinua zeharo mugatuta geratu zen: gaurko Nafarroako, Errioxa arabarreko eta Behe Nafarroako lurraldeek osatzen zuten. Errege horren ondoren, haren loba Teodebaldo I.a jarri zen tronuan (Nafarroako erregearen arreba Zuriaren eta Champagneko Teodebaldoren semea). Gero ere, 1234tik aurrera, jatorri frantseseko dinastiak ezarri izanak ez zituen erreinuaren mugak aldatu. Frantziako Capet leinua Nafarroako tronuan esertzean ere (1276-1328) ez ziren aldatu.89

Gizartearen antolamendua XI., XII. eta XIII. mendeetan, zenbait faktorek eraginda, gizartearen egitura aldatu egin zen. a) Gerra Herritar gehienak nekazaritzan eta abelazkuntzan ari ziren bitartean, etengabeko gerrak zirela eta, leinuetako buruak profesionalizatu egin ziren gerlari moduan. Gainerako herritarrengandik gero eta bereziago egiten joan ziren: nobleak (gerlariak) ziren.90 b) Monasterioen eragina Monasterioen eraginez, erregea, ordura arte leinuetako buruzagien pareko kide berezi bat besterik ez bazen ere (primus inter pares), konkistatutako lurren jabe bihurtu zen. Printzipio hori erabili zuen handik aurrera, basailutza hitzarmenaren bidez, leinu-buruen fidelitate-zina lortzeko. Gainera, denborak aurrera egin ahala, konkistatuko ziren lurren patrimonioa ere erregearena izango zen. c) Donejakuerako erromesaldiak Donejakuerako bidaiariak Euskal Herrian zehar pasatzeak bertoko hiri eta herrixka zaharren pizkundea eragin zuen. Giroa aprobetxatuta, hiri berriak sortu ziren, eta merkataritza eta artisautza izugarri aurreratu. Horren guztiaren ondorioz, pertsona libreen talde berriak sortu ziren, hau da, hirien antolamenduan protagonistak izan ziren burgesak. 91 d) Musulmanen lurren konkistak Konkistaturiko lurraldeak erregearen jabetza bihurtu zirenez, biziki hazi zen haren boterea eta nafarren errege izatetik, Nafarroako errege izatera pasatu zen. Lurrak eskainita, erregeak kontrolpean zeuzkan leinuetako buruzagiak: feudoak eta jaurgoak ematen zizkien. Hala ere, jokabide horrek, azkenean, erregearen ahulezia eta nobleziaren indartzea eragingo zuen

89 ZABALA, Federico de (1971-1973) I lib., 136 90 ZABALA, Federico de (1971-1973) I lib., 137 91 ZABALA, Federico de (1971-1973) I lib., 138 68

Horrela bada, Nafarroako monarkia, Erdi Aroko monarkia tipikoa bihurtu zen, eta haietan legez, autoritate-eskubidea lurraren jabetzatik sortzen zen. Erdi Aroko estatua oinarrizko printzipio horren gainean eraikitzen zen: erregeak beste pertsona bati –noble edo monasterio bati– lur-eremu bat feudo gisa ematean, bertako biztanleen gaineko autoritatea ere ematen zion.

Jaurgoak Jaurgoak jabetza-kontzeptu horren adierazle dira. Lurraldeko herritarrak jaurgoa jaso zuen jaunaren eskumenean jartzen ziren. Jaun horiek laikoak (nobleak), eklesiastikoak (eliza, apezpikutza, monasterioa) edo kolektibo bat (udala, esate baterako) izan zitezkeen. Udalaren kasuan, herritarren taldea zen lurraren jabea eta, ondorioz, bere autoritatea ezartzen zuen eremu horretan. Udal horiek erregearengandik foruak eta pribilegioak jasotzen zituzten. Horrela, hirietako biztanle talde berria sortu zen, Nafarroan ruanos (“kaletarrak”) deitzen zirenak. Jaunek zeukaten autoritatea erregeak emandakoa zen, eta trukean harenganako fideltasun-zina gorde behar zuten.92

Gizarte taldeak Nafarroan era askotako nobleak zeuden. Beste guztien gainean kokatuta, ricohomes izenekoak zeuden. A. Campionen ustez, horiek “leinuetako buruzagien” ondokoak ziren. Hasieran funtzionario kargu altuak zeuzkaten eta haienak ziren erregeak emandako jaurerri nagusiak, gehienetan, gerran parte hartu izanagatik sari moduan jasoak. Jaun handi horiek, apezpiku eta monasterioetako abadeekin batera, Kuria edo Errege Kontseiluko kideak ziren, eurok azaltzen baitira errege-agiriak aitortzen edota lekuko bezala. Beherago zaldunak eta infantzoiak zeuden. Horiek jaurgo txikietako jabeak izaten ziren. Normalean, erregearen edo noble handien basailuak ziren. Bi eratako infantzoiak zeuden: batetik, jaiotzezkoak eta, bestetik, euren infantzoi-maila agiri batez lortu zutenak. Horrela, batzuetan erregeak eskualde jakin bateko herritar guztiei eman izan zien, agiri batez, infantzoitasuna. Nobleziaz kanpo ruanoak (edo kaletarrak) zeuden. Horiek hirietako pertsona libreak ziren. Asko frankoak ziren, jatorriz frantsesak zirelako (Frantziako hegoaldekoak). Nekazariek beste talde bat osatzen zuten, populazioaren zatirik handiena, alegia. Nafarroan horietako asko lur-jabe txikiak ziren, hots, lantzen zituzten lurren jabeak eta, auzokide ziren aldetik, lur-ondasun komunalak gozatzeko eskubidea zutenak. Azkenik, collazoak edo behe-mailako nekazariak zeuden, nekazari- morroiak. Horiek, lantzen zuten lurrari lotuta zeuden. Lurra saltzen zenean, eurak ere jabe berriaren eskumenean jartzen ziren. Behartuta zeuden zergak ordaintzen eta bai jaunari zenbait zerbitzu ematen ere (adibidez, “onbazenduafaria”, “opilarinzada” edo “oztarate” izenekoak). Jopu horiek ez

92 ZABALA, Federico de (1971-1973) I lib., 139 69 ziren, izatez, esklaboak, jabetzak zituzten eta, baina auzotasunik ez zuten eta, ondorioz, ezta status horrek ematen zuen eskubiderik ere.93

Euskal Herriko eremuen zabaltzea Hegoaldeko lurraldeak konkistatzean, armadekin batera, Euskal Herriko emigranteak ere iritsi ziren eremu horietara, batez ere Iruñea eta Erribera bitarteko lurraldeetara. Horrela, Mendigorrian, Deikaztelun, Mirandan, Artaxonan, Larragan, Arronizen, iparraldetik hara joandako populazioa finkatu zen. Euskal elementuen hedatzea gertatu zen, beraz. Garai hartan, euskararen atzeratzea barik, euskararen zabaltzea izan zen (J. M. Lacarra). Errioxa menderatzeak izan zuen ondorioez, iritzi desberdinak daude. J. B. Merino Urrutiaren ustean, Errioxako euskara oso antzinakoa da, Erdi Aroa baino aurreragokoa; beste batzuen ustez, ordea, Errioxako euskara Erdi Aroan izandako euskaldunen populatzearen ondorioa litzateke.

Udalerriak Nobleak gero eta botere handiagoa lortzen ari ziren eta erregeek, haiei aurre egiteko, udalerriak sortzeari ekin zioten. Horretarako, hiribildu berriei hainbat eskubide eman eta nobleen jaurgoetatik kanpo utzi zituzten. Hiri edo udalerri horiek, gainera, harresiz inguratu zituzten eta antolamendu zibil eta erlijioso sendoz eratu. Udalerrietan askotariko jendea zegoen, horien artean aitoren semeak – edo hidalgoak–, nobleen pareko eskubideekin; kaletarrak –edo ruanoak–, hauek ere libreak (artisauak eta merkatariak); frankoak, Frantzia aldetik etorriak; baina baita petxeroak –zergak ordaindu behar zituztenak–, islamdarrak eta juduak ere. Azken horiek auzo bereizietan bizi ziren, euren meskita, sinagoga, autoritate eta kontzejuekin. Bereizketek, sarritan, auzoen arteko errietak eta borroka krudelak eragiten zituzten, Iruñean adibidez, San Sernineko frankoen eta Nafarreriako herritarren artean; edo Lizarran, San Martineko frankoen eta San Migeleko nafarren artean. Behe Erdi Aroan, udalerrien bateratzea lortu zen, herritar guztiak kontzeju bakar batean bilduta. Orduan bi eratako kontzeju edo batzarrak izaten ziren: kontzeju irekiak (hiriko auzokide guztiek hartzen zuten parte) eta kontzeju itxiak (hiriko autoritateen batzarrak).94

Erregea eta Gorteak Monarkia nafarrak, hasieran, izaera militarra zeukan. Erregea armadako buruzagia izateaz gain, leinuetako nagusien parekoa, baina nabariena, izaten zen (primus inter pares). Eta horretan zegoen, hain justu, monarkiaren ahulezia. Gobernuan leinuetako buruzagiek hartzen zuten parte, eta erregearen botereari mugak ezartzen zizkioten.

93 ZABALA, Federico de (1971-1973) I lib., 141-147 94 ZABALA, Federico de (1971-1973) I lib., 148 70

Erregea igotzeko forua mugatze horren adierazle zen. Ohitura horren arabera, erregeak, igo aurretik, zin egin behar zuen ezarrita zeuden foruak edo legeak beti ere hobetzea eta inola ere ez kaltetzea. Gainera, erregea atzerritik etorritakoa bazen, ezin zitzakeen eduki, bere gobernuan eta justizian, bost atzerritar baino gehiagorik; ezin zuen justiziarik egin ere, Nafarroako buruzagien aholkurik gabe; ezta gerrarik edo bakerik egin ere, bertoko hamabi buruzagi edo adineko hamabi jakintsuren aholkurik gabe. Foru horren arabera: a) Erregeak zuzenbidearen arabera jokatu behar zuen b) Ezarrita zeuden foru eta askatasunak ezin ken zitezkeen, ezta kaltetu ere (herritarren ikuspuntutik esan nahi da); hobetu, ordea, bai. c) Lurraldeko ondasunak lurralde horretako bizilagunenak ziren, inola ere ez kanpokoenak. d) Justizia erregeak ezartzen zuen, baina “buruzagiek” lagunduta. e) Erregeak ezin zuen gerra edo bakerik egin bere kabuz; beharrezkoa zuen 12 buruzagien aholkua. Nafarren ordezkaritza, hortaz, 12 buruzagi horietan zegoen hasieran, baina bilakaera historikoak horren zabaltzea ekarri zuen. Hala ere, hiribilduek, herritar libreek eta aitoren semeek ez zuten izan ordezkaritzarik XIII. mendearen azken zatira arte, orduantxe hartu baitzuten talde horiek nobleziaren pareko eragina.95 d) XIV. eta XV. mendeak: Dinastia frantsesak CHAMPAGNE 17. Teodebaldo I.a (Zuria Nafarroakoren semea) (1234-1253) 18. Teodebaldo II.a (--1271) CAPET 19. Enrike “Gizena” (1271-1274) 20. Joana Nafarroakoa (Filipe IV.a “Ederra” Frantziakoarekin ezkondua)(-1305) 21. Luis X.a “Setatia” (-1316) 22. Filipe V.a “Luzea” (-1322) 23. Karlos IV.a “Ederra” (-1328) 24. Joana Nafarroakoa (1328-1349) (Filipe Evreuxeko kondearekin ezkondua) EVREUX 25. Karlos II.a Nafarroakoa (1349-1387) 26. Karlos III.a Nafarroakoa (-1425) (Gaztelako Leonorrekin ezkondua)

95 ZABALA, Federico de (1971-1973) I lib., 154-157 71

27. Zuria Nafarroakoa (-1451) 28. Karlos “Vianako Printzea” (-1461) 29. Leonor Nafarroakoa (-1479) (Gaston Foixekoarekin ezkondua) FOIX 30. Frantzisko Febo Nafarroa eta Foixekoa (1483)

--- Fernando Aragoikoak (Errege Katolikoa) Nafarroa Garaia konkistatu zuen (1512)

NAFARROA BEHEREA: ALBRET 31. Katalina (-1517) (Joan Albretekoarekin ezkondua) 32. Enrike II.a Albret Nafarroakoa (-1555) 33. Joana Albret Nafarroakoa (1572) 34. Enrike III.a Nafarroakoa (1589an, Enrike IV.a Frantziakoa)

Foruak Teodebaldo I.ak (1234-1253), gobernatzeko arazoak izan zituen nobleziarekin eta kleroarekin. Errege berriak ez zituen Nafarroako usadioak eta foruak ezagutzen. Frantzia aldeko gobernatzeko moduekin ohituta, topo egin zuen handiki eta infantzoiekin, horiek ohituta baitzeuden liga eta elkarteetan bilduta, euren foru eta pribilegioak gordetzen. Erregeak foruak eta ohiturak idatzi eta ezagutarazteko, hogei ordezkariko batzorde bat izendatu zuen: 10 handikiz (ricoshomes), 10 elizgizonez, eta horiekin batera, Iruñeko gotzainaz, erregeaz eta beronen Kontseiluaz osatua. Batzordean ez zegoen herri xehearen ordezkaririk eta, beraz, erabat aristokratikoa zen.96

Liga edo elkargoak Champagneko (1234tik 1305era) eta Kapet (1305etik 1328ra) dinastien garaian, nobleen elkarteek garrantzia handia hartu zuten eta, geroago, hiribilduetakoek ere. Nafarroako gobernura atzerriko dinastiak etortzean, elkarte horiek euren foruen defentsari ekin zioten. Ospetsuena, Obanoseko infantzoien liga izan zen. Santxo Azkarraren erreinaldian eratu zen, gaizkileen kontra borrokatzeko. Dinastia atzerritarrak agintean jartzean aldatu egin zen elkartearen eginkizuna. Handik aurrera, infantzoien eskubideak zaintzeko erakunde bihurtuko zen; hain zuzen ere, erregeak edo haren ordezkariek libertateak kaltetu ez zitzaten: non ficiessen tuerto a los infanzones en su infanzonia. 1297an, elkartea hiribilduekin kidetuta ageri zen, hau da, infantzoiak eta hiriak elkartuta zeuden, botere handiko jendearen eta erregearen

96 ZABALA, Federico de (1971-1973) II lib., 66 72 boterearen aurrean, foruak defendatzeko. Aipagarria da, zentzu horretan, Obanoseko infantzoien zigiluaren inskripzioa: “Pro libertate patriae, gens libera state”, euskaraz, “izan zaitezte libre aberria ere librea izan dadin”.97

Erakundeak Elkarteetan antolatuta, hiriek urrats handia egin zuten erreinuaren gobernuan parte hartzeko. Lehenengo Gorteak 1274koak izan ziren, eta hiribilduetako ordezkariak, noblezia eta apaizeria gizarte-mailaka bildu ziren haietan. Gorteek protagonismo handia lortu zuten Frantziako dinastien garaian, errege-erreginak askotan kanpoan egoten zirelako. Sarritan istiluak eta eztabaidak sortzen ziren erregearen eta Gorteen artean. Esate baterako, errege-ondoretzaren inguruan, gorteek, Nafarroako ohiturari jarraituz, erregearen alaba bat erregina izenda zezaketen, eta errege- familiak, ordea, Frantziako dinastien ohiturari –lege salikoari– jarraituz, errege berriak gizonezkoa izan zedila agintzen zuen. Horrela, Karlos I.a “Burusoila” oinordekorik gabe hiltzean, nafarrek Luis I.a Hutinen alaba Joana II.a izendatu zuten erregina (1317an Filipe Evreuxekoarekin ezkondutakoa). Frantziako koroa, ordea, lege salikoa erabiliz, Luis I.aren anaia Karlos Valoisekoak hartu zuen. Frantziako errege berriak Nafarroako Gorteei erregetzat bera aitor zezatela eskatu zien, baina Gorteek Garesen bilduta ezezko bete-betea eman zioten. 1328ko maiatzean, Joana izendatu zuten erregina, eta hark foruak zin egin artean Nafarroako aginteaz ardura zitezen, Joan Corbaran Lehetekoa eta Joan Martinez Medranokoa izendatu zituen gobernadore. Joana II.aren semea, Karlos II.a Gaiztoa, bere garaiko erregerik iskanbilatsu eta gaiena izan zen. Helburutzat bere patrimonioko lurraldeak berreskuratzea (Champagne, Brie, Evreux) hartu zuen, eta bai lehenago Nafarroari loturik egondako Euskal Herriko lurraldeak ere (Araba, Errioxa eta Gipuzkoa). Horretarako, hainbat gerratan sartu behar izan zuen eta, ondorioz, diru-eskasia handiak sortu zitzaizkion. Diru-faltak eraginda, Gorteetara jo behar izaten zuen, haiek, bozketa bidez, zerga bereziak ezartzea onar zezaten. Egoera horri esker, Nafarroako Gorteek ahalmen handiak lortu zituzten zerga- bilketan eta handik aurrera, errege-erreginek trubutuak kobratzeko, ezinbestean Gorteen baimena lortu behar zuten.98

Udalak Nobleekin arazoak zituztenez, Champagneko dinastiako erregeek haien kontra jokatu zuten. Horretarako, nobleen menpeko jaurerriak “errege-herri” bihurtzeko prozesua hasi zuten. Horren bitartez, eremu horietako biztanleak “franko” bihurtzen ziren, hau da, libreak euren gainetik zeuden nobleekiko loturetatik aske eta gainean erregearen agintea besterik ez zutela.

97 ZABALA, Federico de (1971-1973) II lib., 68 98 ZABALA, Federico de (1971-1973) II lib., 69-74 73

1312ko Etxarri-Aranatzeko foruak erakusten du ezarritako udal antolamendua: 6 zinegotziren bidez gobernatzen zen udal berria (2 aitoren seme eta 4 laborari). Sei horiek, zerrenda bat igorri behar zioten erregeari, 3 gizon zintzoren izenak emanda, hark horietariko bat alkate izenda zezan. Gainera, udal-milizia ere antolatzen zen, almirante-titulua zeukan auzokide baten buruzagitzapean. Karlos IIIa. Prestuak hidalgia aitortu zien Irunberriko franko eta ruanoei, eta bai Larraun eta Oibarrekoei ere. Lesakakoei eta Berakoei eskubideak eman zizkien. Errege berak 1423an Iruñeko hiru auzoak batu zituen kontzeju bakarrean: Nafarreria, San Sernin eta San Nikolas. Lizarrari ere ordenamendu berria eman zion.99

Nafarreriako gerra Enrike I.a hil zenean, 1274an, haren alaba eta oinordeko bakarrak, Joanak, 2 urte baino ez zuen eta bere ama Zuriaren zaintzapean geratu zen. Zuriak Gorteak deitu zituen, Erreinuko gobernadore nagusia izendatzeko. Hiru hautagai zeuden: Pedro Santxez Montagutekoa, Kaskanteko jauna; Kontzalu Ibanez Baztanekoa, errege-banderaren alfereza; eta Gartzea Almoravit, Iruñea eta Mendialdeko epailea. Zuriaren eskariz, Pedro Santxez Montagutekoa hautatu zen kargurako. Afera hartan, bi erreinu boteretsu lehiatzen ziren Nafarroa bereganatzeko: Frantzia eta Gaztela. Frantziaren alde, erregina ama, Zuria zegoen eta, Gaztelaren alde, ordea, Gartzea Almoravit. Egoeraz ohartuta, Aragoiko errege Jakue I.ak Aragoiko oinordekoa, Nafarroako Joanarekin ezkontzea proposatu zien nafarrei: horrela, Nafarroako foruak gordeta geratuko ziren. Oliteko Gorteek onartu egin zuten proposamena eta, beraz, koroa berean batuko ziren Aragoi, Katalunia eta Nafarroa, baina erreinu bakoitzak bere gobernu propioari eutsita. Hala ere, ez erregina amak (Zuriak) ez Gartzea Almoravitek eta ez Nafarreriako kontzejuak ere ez zituzten aragoitarren proposamenak onartu. Ordurako mobilizatuta zuen Gaztelak bere armada: Mendabia okupatu eta Viana hartzen ahalegindu ziren. Zuriak bere alabarekin Frantzia aldera egin zuen 1275ean, Frantziako erregearen babesean jarri, eta Joana haren seme Filipe Ederrarekin ezkonarazteko asmoz. Nafar gehienek onartu egin zuten azken aukera hori, eta Gartzea Almoraviten alderdi Gaztela zalea bakarrik zegoen ezkontzaren kontra; Iruñeko Nafarreria auzoan zuen hark indar-gune nagusia. Gaztelako errege Alfonso X.a Jakintsuaren seme Don Fernando hil zenean, okerragotu egin zen Gaztelaren eta Frantziaren arteko etsai-giroa. Bien arteko gerra-mehatxua zabaldu zen, Nafarroa bion artean zegoela. Bitartean, Nafarroako gobernadoreak, Pedro Santxez Montagutekoak kargua utzi zuen, eta erreginak Eustakio Beaumarches frantsesa izendatu zuen horretarako.

99 ZABALA, Federico de (1971-1973) II lib., 75-77 74

Iruñea 3 auzunez –San Sernin, San Nikolas eta Nafarreria– osatuta zegoen, bakoitzak bere kontzejua zeukala. Biztanleak denetarikoak ziren: Nafarrerian nekazariak ziren nagusi; San Nikolas eta San Serninen, ordea, merkatariak eta artisauak. Azken horiek libreak ziren. Nafarreriakoek, berriz, ez zeuzkaten eskubide berak eta, gainera, zergak ordaindu behar zituzten. Noble gehienak landa-eremukoak ziren, Nafarreriako biztanleak bezala. Horiek Gartzea Almoravit egin zuten buruzagi. Gaztela zaleak izanik, frantses gobernadore berriaren –Eustakio Beaumarchesen– kontra zeuden. Azken horrek foruen kontra jokatu izanak hainbat nafarren haserrea sortu zuen. Gaztelako armada –Bizkaiko jauna zen Lope Diaz Harokoa buru zela–, Lizarra partetik sartu zen. Gobernadore frantsesa San Sernin auzoan ezkutatu eta nafar nobleek setiatu egin zuten. Horrela ba, nafarrak bi alderditan banatuta zeuden: - batetik, nobleak eta Nafarreria auzoko kideak; hau da, landa-eremuko mundua (Gaztela zaleak) - bestetik, San Sernin eta San Nikolaseko merkatari eta artisauak (Frantzia zaleak) Borroka gero eta latzagoa egiten zenez, gobernadoreak Frantziako erregearen laguntza eskatu zuen. Frantziaren eta Gaztelaren interbentzioek arriskuan jartzen zuten Nafarroaren independentzia. Frantsesak Iruñean sartu eta gaztelauak Erreniegako mendietara heldu ziren (1276). Frantsesek Nafarreria isolatzea lortu zuten eta, Gartzea Almoravitek ihes egin behar izan zuen. Nafarreriako auzokideak, buruzagiek alde egin zutela ikusita, bakea lortzen saiatu ziren. Baina Frantsesek auzo osoa okupatu, suntsitu eta arpilatu egin zuten. Nafarreriako gerraren ondoren frantsesen eragina nagusitu zen Nafarroan, hau da, laborarien eta nobleziaren gainetik, merkatarien eta artisauen garaipena izan zen.100

Nafarroa zatituta Behe Erdi Aroan, Nafarroaren zatitzea eta konkista gertatu ziren. Horretarako zeuden arrazoietako bat Nafarroaren kokapena zen: erreinua bi potentzia handiren artean zegoen. Batetik, Gaztela-Aragoi eta, bestetik, Frantzia. Une hartan biok elkarren kontrako gerran zebiltzan Italian eta areriotasun horrek tartean hartu zuen Nafarroa. Nafarroaren krisia azaltzen duen kanpo-faktore bat da hori, baina bazen krisia azaltzen zuen barne-faktorerik ere: nobleziaren hegemonia eta koroaren ahulezia.101

Noblezia XIII. mendean Champagneko erregeek nobleen kontra egiteko, hiribilduen alde jokatu bazuten ere, bestelakoa izan zen XIV. eta XV.

100 ZABALA, Federico de (1971-1973) II lib., 81-90 101 ZABALA, Federico de (1971-1973) II lib., 111 75 mendeetan Karlos III.a Prestuak eta Aragoiko etxeak egin zuten politika. Garai hartan leinu berriak sortu ziren, aberats eta boteretsu, erregeak berak mesedetu zituelako; baina noblezia berri horren ondoan noblezia zaharra zegoen. Leinu zaharrak bizirik zeuden: Lukuze, Agramont, Lakarra, Etxauz, Artieda, Aianz, Garro, Lehete, Ezpeleta, Urtubia, etab. XIV. mendearen amaieran sortu ziren leinu berriak, Nafarroako errege- leinuko adar bastartak ziren: Beaumont, Nafarroa, Peralta, Korteseko kondeak, etab. Leinu berri horiek ez ziren izatez oinetxe batean oinarritutakoak. Ez zeukaten Nafarroako jatorri zaharrik, errege-leinutik eratorritakoak baitziren, eta ez zeuden inola ere Nafarroan errotuta. Horien boterea bat-batean sortutakoa zen, erregearen mesedeen bidez eskuratua. a) Errege-jatorrikoak izanik, beste leinuak baino gorago zeuden; eta horixe zen euren nahia: boterean lehenak izatea. b) Nafarroan errotuta ez zeudenez, ez zuten erreinuaz interes handirik erakusten. Herriarekin lotura solidariorik ez zuten. c) Leinu horiei erregeak emandako dohaintzak oso jaurerri zabalak ziren: herriak eta hiribilduak noble taldeon eskumenean geratu ziren eta horietatik zergak jasotzen zituzten. Herri horiek errege-herri izatetik, jaurgo izatera pasatu zirenez, bertako biztanleek ez zuten izan harrezkero, ordezkaririk Gorteetan. d) Leinu berri eta boteretsu horiek, gainera, elkarren kontra jokatzen zuten, boterea lortzeko lehia bizian. Bi bando sortu ziren: agaramontarrak eta beaumondarrak. Eta borroka hori izan zen Nafarroako erreinuaren hondamenaren arrazoi nagusia. Karlos III.a Prestua izan zen bere ahaideak sarituta, noble horien boterea handitzen hasi zena. Vianako Printzeak eta haren aitak –Joan II.ak– berdin jokatu zuten; hark beaumondarrekin eta honek agaramontarrekin.102

Monarkia Santxo VII.a Azkarraren heriotzaz geroztik (1234), 278 urtean (1512raino, alegia), 6 errege-leinu izan ziren: Champagne (1234-1305), Frantzia (1305-1328), Evreux (1328-1441), Aragoi (1441-1479), eta Foix / Foix- Albret (1479-1512). Hasierako errege-leinua (Ximenotarrena) ahitu zenetik, besteek ez zuten lortu Nafarroan benetan finkatzerik. Ez zeuden Nafarroan errotuta, atzerriko errege-familiak zirelako. Askotan euren herrialdeetan zituzten jabetzez arduratzeko, atzerrian egoten ziren. Horregatik, erreinua euren ordez goberna zezaten, gobernadoreak eta erregeordeak izendatzen zituzten. Hori guztia dela eta, errege-erregina haiek herritarrengandik guztiz urrunduta bizi ohi ziren.103

102 ZABALA, Federico de (1971-1973) II lib., 112-118 103 ZABALA, Federico de (1971-1973) II lib., 123 76

ARABA Araban, bisigodoen garaitik XIII. mendera arte, borrokak eta gerrak izan ziren etengabe. Esan izan da, erreinu bisigodoa deuseztatu zenean, hango hainbat lagun Araban ezkutatu zela eta, Asturiaseko godoen ereduari jarraituz, haiek ere baskoiekin bat eginda, islamdarren kontrako erresistentzia antolatu zutela. Baina bisigodoak euskaldunen etsai amorratuak izanik, gaitz egiten da sinestea, eurentzat hain larria zen une hartan, arerioen lurraldean ezkutatzea pentsatuko zutenik.104

Bilakaera politikoa Arabaren lehen aipu historikoa “Alfonso III.aren Kronikan” agertzen da Bizkaiarena bezala. Kronika horretan, Alfonso I.aren kanpainak kontatzean (739-759) hauxe esaten zen herrialde horiei buruz: “Araba, Bizkaia, Alaon eta Urduña, betidanik bertako biztanleen eskuetan egon ziren”, hau da, musulmanek ez zituztela inoiz menderatu. 105 Ez dago argi VIII. mendean Arabak eta Asturiaseko erreinuak euren artean zelako harremanak zituzten. Asturiaseko errege Fruelak I.ak baskoien kontrako kanpainari ekin zion 757-769 bitartean, eta baskoien mendebaldeko eremuak asturiarren kontrolpean geratu ziren, antza. Fruela, Munia arabarrarekin ezkondu zen gero eta, horrela, herrialde bion arteko loturak estutu egin bide ziren. Arabako aginte publiko bati buruzko lehen aipua matxinada bati lotuta agertzen da: 868an, Asturiaseko Alfonso III.ak Arabaren kontrako ekintza batean, Eylo kondea (“qui comes illorum videbatur”) hartu zuen preso. Handik aurrera, Arabako lurraldearen buruzagitza bertako kondeen esku agertzen da. Gaztela, Lantaron eta Arabako kondea zen Fernan González 970ean hil ondoren, Gaztelako konde berriak ez zuen bere burua Arabako konde izendatu. Iruñeko Santxo II.a, berriz, inguruko agintari goren bezala ageri zen 984. urteko auzi batean. 1076ra arte, Iruñeko monarkiaren eskumeneko lurraldea izan zen Araba, “senior” edo konde baten agindupean. 1076an, Santxo IV.a “Peñalengoa” hil zutenean, Araba, Gaztelaren mendean geratu zen berriro, Nafarroaren mendebaldeko beste lurraldeekin batera. XII. mendearen hasieran, Aragoiko eta Iruñeko errege Alfonso I.aren eta Gaztelako Urrakaren arteko ezkontzak zalantzan jarri zuen Araba zein eremutara lotu. 1121etik aurrera, behintzat, Alfonso erregearen kontrolpean egon zen. 1199an, Gaztelako Alfonso VIII.ak, Nafarroako Santxo VII.a Afrikan zela aprobetxatuta, Araba, Durangaldea eta Gipuzkoa bereganatu zituen. 1258az geroztik (agian lehenagotik), Arabako edo Arriagako Kofradiaren kontrolpean egon zen jatorrizko Araba. Kofradia horretan, lurraldeko jaunak,

104 ZABALA, Federico de (1971-1973) II lib., 12-13 105 ZABALA, Federico de (1971-1973) II lib., 13 77 zaldunak, ezkutariak eta aitonen semeak (hidalgoak) batzen ziren euren jauna hautatzeko. Gaztelako erregeak erabakia berretsi behar bazuen ere, eskubide hori haiei zegokien. 1332an, Arriagako Kofradiako kideek Arabako jaun hautatu zuten Gaztelako Alfonso XI.a, eta kofradia bera desegitea erabaki zuten, zenbait pribilegio jasotzearen truke. Hala ere, ez zuen luzaro iraun erregearen mendeko eta 1384rako lurraldearen %80 jaunen kontrolpean zegoen berriro: Gasteiz eta Guardia hiriak besterik ez ziren erregearen eskumenean geratu.106

Antolamendu politikoa Arabako gobernu-erakunde nagusia, Arriagako Kofradia, ez da agertzen dokumentazioan XIII. mendera arte. Hala ere, horrek ez du esan nahi aurretik ez zegoenik. Kofradia, hidalgoek eta nekazariek osatzen zuten. Batzarretan emakumeek ere parte har zezaketen, eta gainera, bai Kalagorriko apezpikuak eta apaizek ere. Kofradia Arriagan biltzen zen San Juan egunean eta bere esku zeuden Arabako gai politiko eta administratiboak. Kofradiak Arabako lurralde osoan zeukan subiranotasuna, eta inork ez zezakeen herririk edo hiririk funda, erakundeak horretarako eremu bat eman ezean. Kofradiak 4 epaile edo “gizon zahar” izendatzen zituen Araba urtebetean goberna zezaten. Gainera, buruzagi militar bat ere izendatzen zen, Konde edo Jaun izena hartzen zuena. 1332an, Araba bere borondatez Gaztelako Alfonso XI.ari elkartu zitzaionean, Kofradia deseginda geratu zen eta haren ordez, Arabako Batzar Nagusiak sortu ziren. Historian Arabako zenbait konde ezagutu dira: Eylo, Vigila edo Bela Ximenez (883), Munio Belaz (919), eta 932 inguruan, Fernan González, geroago Gaztelako lehen konde independentea izango zena. Azken hori, A. Ortuetaren ustean, Nafarroako Santxo I.aren alaba Santxarekin ezkonduta zegoen, eta agian ezkontza horregatik zen Arabako kondea ere. Horrela bazen, garai hartan, Araba, Nafarroaren eskumenekoa izango zen. Arabako kondeen kargua ez zen oinordetzazkoa, izendatua baizik. XI. mendean, Nafarroako erregeak ziren Arabako konde (Santxo III.a, Garzea Naiarakoa, Santxo Peñalengoa), gero Gaztelakoak, eta gero, berriro Nafarroakoak (Santxo Azkarraren garaira arte). 1200etik aurrera, berriro Gaztelakoak. Aipatutako erregeek, beste pertsona batengan delegatzen zuten konde-kargua. Kondeen funtzioak ekintza militarretara mugatzen ziren eta ez zuten eginkizun zibilik Araban. Horretarako, Arriagako Kofradia zegoen. En todos los tiempos pasados ningún rey hubo señorío en esta tierra, nin puso oficiales para facer justicia, salvo en las villas de Vitoria y Treviño, que eran suyas; y aquella tierra, sin aquestas villas, llamábase Cofradia de Alaba107.

106 DÍAZ DE DURANA, J. Ramón eta FERNÁNDEZ DE LARREA, J. Andoni (1998), 113 107 Alfonso XI.aren kronika. 78

Kondearen kargua Nafarroako erregeen esku zegoenean ere ez zegoen Nafarroa eta Arabaren arteko batasun errealik: Araban ez zen aplikatzen Nafarroako zuzenbide politikoa. Arabak bere independentziari eutsi zion 1332ko borondatezko entrega jazo arte.108

Gizartea Hiru talde sozial bereizten ziren Araban Gaztelarekin elkartu baino lehen: nobleak, nekazariak eta nekazari-morroiak (collazos direlakoak). - Hasiera batean Arabako nobleziak izaera militarra bazuen ere, territoriala bihurtu zen, jabetzak jaurerri bilakatuz. Jaurgoei eta collazoei buruz mintzo zen 1258an, Gaztelako erregea Alfonso X.a Jakituna Arriagako Kofradiarekin eginiko hitzarmen-izkribuan: et los collazos que compraremos o ganaremos o obieremos otrosi, que los hayamos a aquel fuero que vos los fijosdalgos avedes los vuestros - Nekazari libreak: batzuk lurren jabe ziren eta beste batzuk, inoren lurretan egiten zuten lan. - Horien azpian, nekazari-morroiak zeuden. Horiek jaun bati lotuta bizi ziren, baina ez lotura pertsonalez, lantzen zuten lurrekiko loturez baizik: ez zitezkeen lur horietatik alden. Jabeak lurra saltzean, ugazaba berriari lotuta geratzen zitzaizkion, lurrari uztartuta, alegia.109

1332. Borondatezko Arabaren entrega Santxo VI.a Jakitunaren garaian Nafarroako erreinuaren defentsarako, Gasteiz, Guardia, Bernedo eta San Vicente de la Sonsierra fundatu ziren. Geroago, Gaztelako Alfonso X.ak Salbaterra sortu zuen. Hiri horiek fundatzeko, erregeak Arriagako Kofradiaren baimena behar zuen. Gasteiz eta Salbaterra, Arabako lautadan zeuden, Kofradiaren eremuan. Hiri horiek fundatu eta gero, Kofradia ez zen jada Arabako autoritate bakarra izango, orduan beste autoritate bat sartu baitzen hango eremuan, erregearena, bera baitzen hirietako nagusia. Bi botere zeuden, hortaz, bata bestearen kontra ari zirenak. Azkenean, Kofradia deuseztatuta geratu zen. Horrela bada, botere bion arteko enfrentamendua lehertu zen: bai Gasteizek eta bai Salbaterrak inguruko lurren kontrola –printzipioz kofradiari zegokiona– behar zutenez (mendi, lur, larre), beren eskumenera ekarri zituzten eremu horiek, Kofradiaren kaltetan eta erregearen mesedean. 1258ko akordioarekin, Arriagako Kofradiak hiriei, haien inguruan zeuden 16 herrixka eman behar izan zizkien. Bazirudien akordioarekin istiluak amaituko zirela, baina ez zen horrela izan, erregeek ez baitzuten hitzarmena bete: Gaztelako Alfonso X.ak Uhulako monasterioa eman zion Salbaterrari eta Santxo IV.ak, Okariz eta Muniain herrixkak Salbaterrari eta, Lasarte, Gasteizi. Hain gogorrak bihurtu ziren hirietako kaletarren eta Kofradiako infantzoien arteko borrokak, non debekatu egin zitzaien arabarrei (kofradiakoei, alegia) Gasteizen sartzea. Gasteizek, Alfonso XI.aren laguntzarekin ahaleginak

108 ZABALA, Federico de (1971-1973) II lib., 18-23 109 ZABALA, Federico de (1971-1973) II lib., 11-18 79 egin zituen, Kofradiaren eskumenean zeuden 45 herrixka eskuratzeko. Bakea lortzeko bidean, arbitro jardun zuen Joan Martinez Leybakoak (Aramaioar jatorriko Gaztelako Maiordomo nagusia), eta 41 herrixka eman zizkion Gasteizi, hori bai, herrixka gehiagorik ez eskatzeko baldintza ezarrita. Hala ere, 1331n, Gasteizek beste 15 herrixka eskatu zizkion erregeari eta lortu egin zituen horiek ere. Borrokaren amaiera Kofradiaren desegitea izan zen 1332an, Alfonso XI.ari “Arabaren borondatezko entrega” delakoa egitean. Sasoi hartako Arabako nobleek Gaztelako nobleziaren botereaz eta indarraz liluratuta zeuden eta eurek ere haiekin parekatu nahi ziren. Dirudienez horrek pisu handia izan zuen erabakia hartzerakoan. Aurrerantzean Arabako infantzoiek ez zuten zergarik ordaindu beharrik izango eta euren lurretan zeuden nekazari-morroien gaineko agintea izango zuten, lehenago ez bezala. Arabako aitoren semeak aurrerantzean Soportillako foruez antolatu ziren, Gaztelako nobleak bezala.110

BIZKAIA Bizkaia Alfontso III.aren Kronikan aipatzen da lehenengoz. Alfontso I.aren kanpainak kontatzean (739-759), Araba, Bizkaia, Alaon,… beti bertako biztanleen eskuetan egon zirela esaten da (alegia, musulmanek ez zituztela aurretik inoiz menderatu). X. mendean, Rodako Genealogietan, Momo izeneko konde bat ageri da, “comitis bischaiensis” bezala, Iruñeko errege Santxo I.aren (905-925) alaba Belaskitarekin ezkonduta (hala ere, zalantzazkoa da hori Bizkaiko kondea izatea, izan daitekeelako Nafarroako Oibarreko “Bizkaia” eskualdekoa111). Bizkaiko agintari publikoari buruz egiten den lehen aipamen segurua 1040koa da: Eneko Lopez, bizkaitarren kondea. Hura zen Gartzea III.a Iruñeko erregearen ordezkaria Bizkaian. Garai horretan, Bizkaiaren mendebaldeko eskualdeak (Ugarte, Colindres, Mena,..), Lope eta Galindo Belakoz jaunen eskumenean zeuden, horiek ere Iruñeko erregearen aginpidez. Durangok berriz, 1072tik, bere autonomia zeukan Iruñeko koroaren eskumenean. 1076ra arte, Bizkaia Nafarroaren menpe egon zen. Handik aurrera, Gaztelako koroari lotu zitzaion. Hala ere, lehengo familia beraren agindupean iraun zuen: Eneko Lopezen familiarenean, alegia112. 1124-1179 bitartean, Bizkaiko Jaurerria Iruñeko erregeari leial izan zitzaion familia baten eskura igaro zen, Ladron Iñigezen familiarenera. Baina gero berriz Harotarren –Eneko Lopezen ondorengoen– eskuetara pasatu zen Bizkaia. 1212an, Gaztelako erregeak emanda, Bizkaiko jaunek Durangaldea eskuratu zuten, Diego Lopez II.a Harokoak Navas de Tolosako guduan izandako jokabidearen saritzat.

110 ZABALA, Federico de (1971-1973) II lib., 23-29 111 MAÑARICUA, Andrés E. (1984), 180-181 112 Gaztelako erregeak, Eneko Lopez Bizkaiko jaunak lagunduta, nafar erreinuaren mendebaldeko eremuak konkistatu zituen. Ordainean, Eneko Lopezek bere familiarentzat eskuratu zuen jaurgoa, herentziakoa bihurtuz. GOYHENETCHE, Manex (1999), I. lib., 258 80

1217an eta 1218an Balmaseda eta Urduñako hiribilduak gehitu zitzaizkion Harotarren jaurerriari. 1288an, Santxo IV.ak Bizkaiko Lope Diaz III.a hil zuen Alfaroko Gorteetan. Diego Lopez IV.a oinordekorik gabe hil zen eta, orduan, jaurerriaren jabetzari buruzko auzi luzea hasi zen hildakoaren osabaren eta arrebaren artean: 1295ean Diego Lopez V.ak jaurerriaz jabetzea lortu zuen eta karguan egon zen hil arte (1310). Orduan, María Diazek eskuratu zuen jaurgoa. Hura hilda gero (1349), haren senar Joan Nuñez IV.a Larakoak hartu zuen kargua; baina urte bete geroago hil zenez, 1350-1352 bitartean Nuño Larakoa izan zen Bizkaiko jaun eta, horren ondoren, bere arreba Joana, Tello Trastamarako infantearekin ezkondua (Gaztelako Pedro I.aren sasiko anaia).113 1370ean Larako familia ahitu zenean, Trastamarako Enrike II.aren emazte Joana Manuelek heredatu zuen Bizkaiko jaurerria. Bizkaiko jatorrizko gunea Busturialdeko lurraldeak izan ziren, Markina, Arratia eta Uribe aldeekin batera. Geroago, Enkarterria eta Durangaldea gehitu zitzaizkion. Azken bi lurralde horiek, aparteko jaurerriak ziren Bizkaiari batu arte, euren lege eta foruak zituztela.114

Enkarterri Bederatzi bailarak, hamar kontzejutan eratuta, Avellanedako Batzarrean elkartzen ziren, euren gaiak erabakitzeko. Behin Bizkairekin elkartu eta gero ere, Enkarterrik nolabaiteko autonomia izan zuen 1803ra arte. Hala ere, 1574an, 1526ko Bizkaiko Foru Nagusia onartu zuen arautzat. Enkarterriko kontzejuak ez ziren denak batera Bizkaira elkartu. Horietako batzuk antzinako denboretan batu ziren, Santurtzi edo Gordexola, kasu. Lanestosa, esate baterako, Lope Enekonesen emazte Tota andereak ekarri zuen Bizkaira dote moduan, XI. mendearen amaieran. Balmaseda Bizkaiko jaunen ondasuna zen, baina ez zen, hala ere, Bizkaiko parte. Karrantza eta Somorrostro, XIII. mendean Bizkaia ziren, eta Sopuerta XII. mendearen amaieratik gutxienez.115

Durangaldea Durangaldearen jatorria ez da ezagutzen. Euskal Herriko beste herrialde batzuen antzera, Iruñeko erregeen babesa bilatu zuen XI. mendean. Nafarroako erreinuarekiko elkartasuna, “konfederazio” antzeko kidetza bat izan zen. Antza denez, lurralde horiek (Bizkaia, Durango, Gipuzkoa, etab.) nolabaiteko independentziari eusten zioten barne-antolamenduan, arau eta foru propioez gobernatzen baitziren. Nafarroako erregeak “konde” bat izendatzen zuen lurralde horietako bakoitzean, herrialdea ordezka eta funtzio militarrak bete zitzan. 1053an, Munio Santxez zen Durangoko kondea.

113 DÍAZ DE DURANA, J. Ramón eta FERNÁNDEZ DE LARREA, J. Andoni (1998), 114

114 ZABALA, Federico de (1971-1973) II lib., 37 115 ZABALA, Federico de (1971-1973) II lib., 38-40 81

XII. mendearen amaieran, Bizkaia, Nafarroarekiko loturak hautsita, Gaztelako erregeen eskumenean zegoenean, Durangaldeak Iruñeko erreinuaren inguruan iraun zuen, 1179ko Gaztelaren eta Nafarroaren arteko akordioan adierazten den legez. 1201ean, Gaztelako Alfonso VIII.ak Gasteiz konkistatu zuenean, Durangaldea ere Gaztelaren ingurura pasatu zen, Bizkaiari erantsita geratu baitzitzaion. Hala ere, Durangaldeak bere autonomia gorde zuen Bizkai barruan, eta hango gaiak Gerediagako Batzarrean erabakitzen ziren. Bertan Durangaldeko 12 elizateek hartzen zuten parte.116

Bizkaiko Lur laua Bizkaian, XIII. mendetik aurrera, bi errealitate geografiko eta juridiko bereizten ziren: batetik, Bizkaiko Lur zabala eta, bestetik, hiribilduak. Bi ekonomia-eredu eta bi biziera desberdin: bata, landa-eremukoa eta jentilizioa, eta, bestea, urbanoa eta merkataria. Dualtasun horrek antagonismo handiak sortu zituen, eta batzuetan borroka bortitzak azaldu ziren beragatik. Lur laua Bizkaiko jatorrizko eremua zen, hiribilduak sortu aurretik zegoena. Bizkaiko jaunak hiribildu bat sortzeak, hiria eraikiko zen eremua Lur lauaren testuingurutik ateratzea zekarren eta, horrela, hiritar berriak handik aurrera ez ziren Bizkaiko lege zaharraren arabera (Foruen arabera, alegia) gobernatuko, haientzat beste arautegi bat sortu baitzen: hiribilduaren foru propioa. Bi mundu: a) Batetik elizateak, lurralde zabala, hasierakoa, landa-eremua, “lur laua”, harresirik gabea eta araudi forala zuena. b) Bestetik “hiribilduak”, kale-ingurua, harresiz inguratua. Hiri bakoitzak bere araudia izaten zuen: normalean hori fundazio-agirian agertzen zen. Hala ere, hirietako bizilagunek ez zuten jatorrizko bizkaitartasuna galtzen.117

Gizartea Jatorrizko bizkaitarrak infantzoiak ziren, aitoren semeak, kapareak, gizaki libreak, eta nobleziaren estatusa aitortzen zitzaien. Bizkaitarrari noblezia sortetxeak ematen zion, bera jaio zeneko baserriak edo etxeak. “Etxe ezagunean” jaio izanak ematen zion bizkaitarrari auzotasuna, eta auzokidea izanik, herriko ondasunak goza zitzakeen. Bizkaitarrari familiak ematen zion noblezia; noble-izaera kolektiboarena zen, bizkaitarrena, ez norbanakoarena. Kaparetasun edo noblezia horretan, bazegoen talde bat besteetatik bereizten zena, besteek baino botere handiagoa zuena: ahaide nagusiak. Gizatalde horren jatorria antzinako tribu-antolamenduan bilatu behar da. Tribuko kide guztiak jatorri berekoak ziren sustrai beretik zetozelako, baina,

116 ZABALA, Federico de (1971-1973) II lib., 40-43 117 ZABALA, Federico de (1971-1973) II lib., 43-44 82 denborak aurrera egin ahala, talde zabal horretako adarrak, leinuetan edo klanetan banatu ziren. Klan bakoitzean bazegoen familia bat, besteen gainetik gero eta botere handiagoa lortzen zuena: buruzagiaren familia, hau da, ahaide nagusiaren familia. Ondorengoak, leinuko buruzagitza oinordekotzaz jasoko zuen, eta, horrela, klanaren barruan, adar nagusitzat hartuko zena besteen gainetik finkatzen hasi zen. Leinuaren ondasun nagusiak ere ahaide nagusiaren esku egoten ziren. Infantzoien ondoan, 1452ko Bizkaiko Foru zaharrean, beste talde bat ageri zen, haietatik erabat bereizita: nekazari zentsariak. Horiek Bizkaiko Jaunaren jabetzako zergapeko etxeetan bizi ziren, etxe zentsariak esaten zitzaienetan. Nekazari horiek etxeari eta lurrari lotuta zeuden, eta horietako bat ahaiderik gabe hiltzean, etxea Jaunaren eskuetara itzultzen zen (mortuorio izeneko eskubidea zen hori). Nekazari zentsari –edo labradoriego– horiek ez zuten infantzoien noblezia-estatusik; ez ziren libreak haiek bezala. Zergak ordaindu behar zituzten, petxeroak ziren; collazo –nekazari-morroiak– ere deitzen izan zaie agirietan. Ezin zuten Jaurerriko kargu edo bestelako ofiziorik izan. Hala ere, denborak aurrera egin ahala, beste bizkaitar guztien maila lortu zuten, hain zuzen, 1526ko Bizkaiko Foru Berrian bizkaitar guztiontzako “kaparetasun edo hidalgia unibertsala” aldarrikatu zenean.118

Antolamendu politikoa Bizkaiko antolamendu politikoa errepublika libreen federazioa bezalakoa zen. Hiru erakunde nagusi zeuden: elizateak (edo errepublikak), Batzar Nagusiak eta Jaurerria.119

- Elizateak Antolamendu lokalean, jatorrizko eremuak bailarak izaten ziren. Artzain- kulturatik zetozen, eta larreen aprobetxamendu komunean oinarritzen ziren. Nekazaritzara pasatzean, baserriak finkatu ziren lurraldean, lur landuen inguruetan. Baserriek elkarrekiko loturak zituzten, interes komunak zituztelako: auzolanak, basoen ustiakuntza komunala, etab. Elizateak harreman horietatik sortu ziren. Elizateak auzoen elkarteak ziren eta Bizkaiko egitura politikoaren oinarria osatzen zuten. Eurak izan ziren Gernikako Batzar Nagusien eratzaileak eta Lur lauaren antolamendu politikoa osatzen zutenak. Elizateek euren esku zeukaten gobernua, eta hori gauzatzeko, batzarrak egiten zituzten: kontzeju zabalak edo irekiak, eta haietan elizateko auzokide guztiek hartzen zuten parte. Bertan nagusi bat aukeratzen zuten, fidela, elizateko milizietako burua izateko eta diruak administratzeko. Berak exekutatu behar zuen batzarretan erabakitzen zena. Edozein auzokide aukera zitekeen bai fidel (gaurko alkatea) eta bai erregidore (gaurko zinegotzia).

118 ZABALA, Federico de (1971-1973) II lib., 45-48 119 ZABALA, Federico de (1971-1973) II lib., 49 83

Bizkaiko elizateak eremu zabalagoa hartzen zuten eskualdeetan elkartzen ziren: merindadeetan. Burua, merioa izaten zen. Elizateetako ordezkariek aukeratzen zuten. Merindadeek funtzio judizialak izaten zituzten eta “batzar” propioak egiten zituzten: Durangaldekoak, Gerediagan; Uribekoak, Arbilduan120; Enkarterrikoak, Avellanedan. Uribe, Busturia, Markina, Bedia, Zornotza eta Arratia ziren Bizkaiko jatorrizko merindadeak. Geroago, Durango, Enkarterriak eta Orozko lotu zitzaizkien.121

- Batzar Nagusiak Bizkaiko Erregimen foraleko erakunde legegilea ziren. Bertan biltzen ziren Bizkaiko elizateetako eta hiribilduetako ordezkariak. XV. mendearen amaierara arte, Batzar horietara bizkaitar guztiak joaten ziren: “Bizkaitarren batzarra” izaten zen. Garai hartan, ahaide nagusiek egiten zuten batzarrerako deia. Denborarekin, Batzar Nagusiak elizateetako eta hiribilduetako ordezkariez osatu ziren. Batzarrerako deia Bizkaiko mendi nagusietatik adarra joz egiten ei zen: Gorbeiatik, Oiztik, Sollubetik, Ganekogortatik eta Kolitxatik. Gailur horietan suak ere pizten ziren horretarako. Batzar Nagusien eginkizun nagusia Bizkaiko lege-antolamendua erabakitzea zen. Erakunde horren eta Jaunaren eskuetan zegoen legeak egitea (Jaunaren funtzioa onespena edo “santzioa” ematea izaten zen, normalean). Batzar Nagusiak, gainera, Jaunak egindako edozein aginduri pase forala ezartzeko ahalmena zeukan.122

- Jaurerria Bizkaiko jaun edo konde karguaren lehen aipamena, X. mendeko Meya- ko Kodizean (Rodako Genealogietan) ageri da: Momo izeneko bat, “comitis bischaiensis”, Iruñeko errege Santxo I.aren (905-925) alaba Belaskitarekin ezkonduta. Baina, aurretik esan den bezala, ez da segurua pertsonaia hori Bizkaiko konde izatea. Era seguruan dokumentatutako Bizkaiko jaun edo kondeen zerrenda XI. mendean hasten da, Eneko Lopezekin. Eneko Lopez, segur aski, Nafarroako gorteko jaun bat zen, erregeak Bizkaiko konde-karguarekin jantzitakoa eta, beraz, haren menpekoa. Garai hartan, kargu hura izendapena besterik ez zen, eta erregeak kendu egin ziezaiokeen beste bati emateko. Konde horren ahalmenak militarrak izaten ziren, batez ere. Bizkaia mugako herrialdea zen Nafarroako erreinuan, eta mendebaldetik, euskaldunak ez ziren herriekin mugatzen zuen. Dirudienez, horixe izan zen Bizkaiko konderriaren jatorria: lurraldea babesteko premia.

120 Loiuko Lauroeta auzoan dago parajea; Arbilduako San Migel ermita dago bertan. 121 ZABALA, Federico de (1971-1973) II lib., 49-52 122 ZABALA, Federico de (1971-1973) II lib., 53-54 84

Tradizioan, jauna bizkaitarrek hautatutako buruzagi militarra zen. Ezaguna da Arrigorriagako gatazkaren legenda. Kontakizun mitiko horren arabera, bizkaitarrek borroka hartan Asturiaseko armada garaitu zutenean sortu zen Bizkaiko Jaurerria, orduantxe aukeratu baitzuten Jaun Zuria Bizkaiko buruzagi. Narrazio hori XIV. eta XV. mendeetako legenda da. Bizkaitarrek, buruzagia hautatzerakoan, eskumenak eman omen zizkioten, baina, antza, ez guztiak. Bizkaitarren kolektiboak bere esku zituen subiranotasunaren hainbat aspektu. Zentzu horretan, Bizkaiko aitoren semea bi arrazoirengatik kontsideratzen zen subiranotasunaren partaide: 1. Orube edo oinetxe libreen (alodioa) jaun eta jabe izateagatik. 2. Lurraldearen lehen hartzailea eta antolatzailea zelako.

Gainera, Bizkaiko Jaunak, lau aldiz egin behar zuen bertako arauen juramentua: Bilbon, Larrabetzun, Gernikan eta Bermeon.

Hona hemen Bizkaiko jaurgoaren ezaugarriak: a) Jatorriz haren izendapena hautazkoa zenez, bizkaitarrek beti eduki izan zuten Jauna kargutik kentzeko eskubidea. b) Jaunaren botereak erabat mugatuta zeuden. c) Jaunaren ahalmen nagusia botere judiziala zen (justizia banatzekoa). d) Jaunak, Jaurerria bere izenean goberna zezan, Korrejidorea izendatzen zuen.123

- Jaurerria eta Gaztela Bizkaiko Jaunak, pertsona pribatu legez, Gaztela aldean jabetzako lurraldeak zituen, hau da, ondasun propioak zituen (gehienetan hango erregeak emandako feudoak). Lurralde horien jabetzak Gaztelako erregearekiko loturak sortzen zizkion. Baina lotura horiek pertsonalak ziren eta ez ziren Bizkaiarekin nahasi behar. Bizkaiko Jaunak Gaztelan lurralde haiekin loturak izateak ez du esan nahi Bizkaia Gaztelaren menpekoa zenik. Bizkaiko Jauna bera Gaztelako erregearen basailu izan zitekeen, baina Bizkaia ez zen horregatik Gaztelaren parte. Bizkaiak bere independentziari eutsi zion eta garai hartako bizkaitarrak bizkaitar sentitzen ziren eta ez gaztelau. Bizkaiko jauna Gaztelako erregearekin aliatzean, hango koroaren inguruko bihurtu zen pertsonalki; eta are gehiago, oinordekotzaz124, Gaztelako errege ere bihurtu zenez: pertsona bera zen, aldi

123 ZABALA, Federico de (1971-1973) II lib., 57-62 124 1350-1352 bitartean, Nuño Larakoa izan zen Bizkaiko jauna eta ondoren, bere arreba Joana, Tello infantearekin ezkondua (Pedro I.a Gaztelakoaren sasiko anaia). Lara familia ahitu zenean, Trastamarako Enrike II.aren emazte Joana Manuelek heredatu zuen Bizkaiko jaurerria, 1370ean. Aurrerantzean Gaztelako erregeak, aldi berean, Bizkaiko jaunak ziren. 85 berean, Gaztelako Errege eta Bizkaiko Jaun. Orduan, pertsona-loturak sortu ziren, ez lurraldeen artekoak.125 Ez zen izan ez konkistarik ezta borondatezko entregarik ere. Gaztelako erregeek eurek aitortzen zuten Bizkaia “aparteko nazioa” zela. Geroago, XVII. mendean, Filipe IV.ak ere horixe adierazten zuen Bizkaiaz, Arabaz eta Gipuzkoaz126.

GIPUZKOA 1025ean aipatzen da Gipuzkoa lehen aldiz izkribuetan Iruñeko erreinuaren eskumeneko eremu gisa (939ko Fernan Gonzálezen Botoak edo Donemiliagako Botoak izeneko agiria faltsutzat hartzen da). 1076an Gaztelak bereganatu zuen Gipuzkoa (Araba, Durango eta Bizkaia bezala), baina 1109an berriro Iruñearen eskumenean zegoen, eta hala egon zen 1134tik aurrera. 1081-1188 bitartean azaltzen diren Gipuzkoako jaunak aldi berean Arabako konde ere baziren. Batzuetan Nafarroaren, eta besteetan Gaztelaren mendean egon ondoren, 1368an Gaztelako koroari lotuta geratu zen. Araban gertatu zen bezala, Gipuzkoaren behin betiko lurralde-antolamendua Ermandadearen bidez gauzatu zen. 1397ko Ermandadea izan zen garrantzizkoena, orduan idatzi baitziren ordenantzak lehenengo aldiz (Ermandadearen Koaderno Zaharra).127

Gizartea Gipuzkoako bizilagun gehienak nekazari libreak ziren, infantzoiak. Horien gainetik, ahaide nagusiak zeuden, familia zabalen edo tribuen buruzagiak. Gipuzkoarren hidalgia edo noblezia, jadanik 1397ko Ordenantzetan aitortzen zen, eta bai 1463koetan ere. Noblezia mota unibertsala zen hura, gipuzkoarren kolektibo osoari aitortua. Nekazaritzaren eta abelazkuntzaren bilakaerak, handik aurrera, baserri izenez ezagutuko zen eredu berria ekarri zuen. Familiaren baserriak ematen zion gipuzkoarrari infantzoi-izaera eta auzokide izatea, ondorio juridiko guztiekin: eremu komunalak (baso, larre, etab.) aprobetxatzeko eskubidea, besteak beste. Dirudienez, Gipuzkoan ez zegoen nekazari-morroi edo collazorik. Hala ere, bada idazki bat non, 1087an, Galindo Iñigez izeneko batek Leintz Gatzagan zituen zenbait ondasun dohaintzan ematen zizkion Albeldako monasterioari, eta horiekin batera bai collazo bat ere. Baina garai hartan Leintz ez zen Gipuzkoa.128

125 ZABALA, Federico de (1971-1973) II lib., 62-64 126 Filipe IV.ak (1621-1665): “aunque la dicha provincia ha estado y está incorporada en mi corona..., se ha reputado por provincia separada del reino..., porque de todo es libre y exenta, así como lo son mi Señorío de Vizcaya y la mi Provincia de Guipúzcoa”. 127 DÍAZ DE DURANA, J. Ramón eta FERNÁNDEZ DE LARREA, J. Andoni (1998), 114 128 ZABALA, Federico de (1971-1973) II lib., 75-78 86

Antolamendu politikoa - Bailarak Gipuzkoari buruzko izkriburik zaharrenetan, populazioa haranetan banatuta agertzen zen. Haran horiek “unibertsitate” izena hartzen zuten. Bidasoa eta Pasaiako lurrak Oiartzungo haranaren barnean sartzen ziren, Hernaniko haranean Donostia, Lasarte eta Urnieta. Beste alde batzuk ere populatuak zeuden: Berastegi, Elduain, Iraurgi, Saiatz, Itziar, Altzo, Tolosa, Aia, Elkano aldeak Aralarreraino; Leintzeko harana, Astigarribia, Sasiola, Mendaro, Alzola, Markina (Elgoibar, Eibar, Soraluze), etab. Eremu edo haran horietan guztietan, beti ageri zen ahaide nagusien etxeren bat edo gehiago: Oiartzunen, Ugarte etxea; Hernanin, Altzaga eta Murgia etxeak; Altzo-Tolosan, Olazabal eta Jurramendi etxeak; Berastegin, Berastegi, Azkue, Leaburu eta Etxezarreta; Iraurgin, Oinaz, Loiola, Balda, Enparan eta Iraeta; Bergaran, Gabiria eta Ozaeta; Mendaron, Sasiola; Elgoibar eta Eibarren, Olaso eta Unzueta. Kokatze horrek ondo erakusten du leinu-etxe horiek oso zaharrak zirela. Haranetan ezarritako populazioaren jatorria, beharbada, ahaide nagusien kokapenean zegoen eta etxeok, seguruenik, haranean finkatuta zeuden klan edo tribuko buruzagiaren etxe nagusiak ziren. Giza antolamendurako ohiturak eta usadioak, bi zentzutan gauzatzen ziren: batetik, etxez etxekoa, auzokidez auzokidekoa; bestetik, haraneko kide guztien artekoa. Azken harreman horiek izaera publikoa zuten, hau da, haraneko kontu komunak antolatzeko, gobernatzeko eta administratzeko. Horretarako, segur aski, auzokide guztiak, noizbehinka, batzar zabaletan bilduko ziren, ohi bezala, zuhaitz baten babesean.129

- Gipuzkoako jaunak Gipuzkoa Iruñeko erreinuaren ingurukoa izan zen 1076ra arte. Urte horretan, Gaztelako erregea hartu zuten buruzagi. 1123an, berriro aukeratu zuten errege nafarra nagusitzat, eta egoera horretan iraun zuen 1200. urtera arte. Orduan, berriz hartu zuten Gaztelako erregea nagusitzat: Alfonso VIII.a J. Luis Banusen ustez, Gipuzkoaren egoera horrenbestetan aldatzeko arrazoia, mugako lurraldea izatean bilatu behar da. Hortik sortzen ziren defentsa-premietatik zetorkion izaera militarrean, alegia. Lurralde menditsu horretan gaztelu eta gotorleku asko zegoen. Dena dela, Gipuzkoa, Nafarroaren inguruko edo Gaztelaren inguruko izan, beti agertzen zen lurralde bereizi legez, erreinu horietako lurralde propioetatik aparte, nagusitzat errege bat edo bestea aukeratzean libreki jokatzen zuena. Errege horiek, 1200era arte, Gipuzkoarako ordezkari bat aukeratzen zuten: Gipuzkoako jauna. J. A. Llorente eta G. Balpardaren ustean, jaun horiek leinu-etxeetako jauntxoak ziren. Fausto Arocenak ohorezko karguak zirela pentsatzen du, inolako botere exekutiborik gabekoak. Ez zeukaten, adibidez, hiriak fundatzeko ahalmenik. Horien jaurgoa ez zen jaurgo jurisdikzionala. Jaun horiek erregearen

129 ZABALA, Federico de (1971-1973) II lib., 79-83 87 ordezkari soilak ziren. Euren autoritatea aginte delegatua besterik ez zen. Gainera, erregearen autoritatea bera ere, herrialdearen ohituren eta usadioen arabera, alor militarrera mugatuta zegoen. Arturo Campionen ustez, 1200ean, gipuzkoarrek Gaztelako Alfontso VIII.a aukeratzeko izan zuten arrazoia, Nafarroako Santxo VII.ak, herrialdeko ohiturak edo foruak hautsiz, Gipuzkoan zeukan aginpidearen mugak gainditu izana izan zen. Dirudienez, haranetako ordezkariek batzarrean bilduta aukeratu ohi zuten euren jauna, Bizkaian eta Araban egiten zen legez.130

1200. Gipuzkoa eta Gaztelako Alfonso VIII.a Esan bezala, 1200ean Gipuzkoak Gaztelako Alfonso VIII.a aukeratu zuen nagusitzat. Batzuen ustez, Gipuzkoa armen bidez konkistatu zuen Gaztelako erregeak. Beste batzuen arabera, ez zen konkistarik izan; gipuzkoarren erabakia izan zen Nafarroako erregearengandik aldentzea eta Gaztelakoarengana hurbiltzea. Hirugarren iritzi bat ere bada: Alfonso VIII.a azpikeriak erabiliz jabetu zela Gipuzkoaz. Izkribuen arabera, Alfonso VIII.ak “eskuratu”, “bereganatu”, “hartu” edo “harrapatu” egin zuen Gipuzkoa. Konkista bat izan zela dirudi. Baina kronikak, Arabaren kasuan, Gasteizen setioaz eta errendizioaz mintzo diren bitartean, Gipuzkoaren kasuan ez da halakorik aipatu ere egiten eta ez da inon esaten gatazkarik egon zenik. Araban izaniko gatazkak aipatzen ziren, baina ondoren Gipuzkoan halakorik ez, eta aurrera jarraituz, errege gaztelarrak Lapurdira egin zuenean, berriro aipatzen ziren haren kanpainak. Garaipen militarrak beti aipatzen ziren kroniketan, batez ere, erregearen balentriak goratu nahi zirenean, eta Gipuzkoaren kasuan ez da horrelakorik azaltzen. Gaztelako erregeak, izendatu zutenean, zin egin zuen Gipuzkoako ohiturak eta usadioak gordeko zituela. Gipuzkoaren egoera juridikoa ez zen aldatu. Gipuzkoa ez zen hargatik Gaztelara sartu. Gaztelako erregea bera aukeratu zuen Gipuzkoak bere jaun izateko, besterik ez.131

Oñati Oñati, XIX. mendearen erdira arte Gipuzkoatik bereizita iraun zuen jaurerria izan zen. Gipuzkoako beste haranetan ez bezala, Oñatikoan bertako jaun propioa zegoen: Gebara leinuko ahaide nagusia. Gebarakoen jaurgo hori 1149an aipatzen da lehen aldiz, hain zuzen, Oñatiko maiorazkoaren fundazio-agirian. Bertan, Ladron Iñigezek eta horren emazte Teresak euren seme Bela Ladronekoari, Oñatin zuten guztia ematen zioten: “Oñati osoa, sarrera eta irteerekin, hau da, gurea den guztia, bai pertsonak, bai monasterioak, etxeak, eta ortu, zelai, baso eta errekak ere...”

130 ZABALA, Federico de (1971-1973) II lib., 86-92 131 ZABALA, Federico de (1971-1973) II lib., 92-95 88

Segur aski, XII. mende hasieratik edo lehenagotik, Gebarakoak izan ziren hango jaunak. Gebara arabarrak Nafarroako monarkiari estuki lotuta egoten zirenez, beharbada, Oñatiko jaurerriaren jatorria, Nafarroako erregeek emandako kontzesioa izan zen. Garai hartako Oñatiren historia oñatiarrek euren jaunen kontra izandako borrokak markatzen du. Gorrotagarria egiten zitzaien jaunak zeukan justizia ezartzeko boterea, hamarrenak ordaindu beharra eta alkatea eurek aukeratzerik ez izatea, inguruko haranetan ohi ez bezala. Oñatiarrak ez zeuden zama horiei eusteko prest. Hori erakusten dute, behintzat XIV. mendetik aurrera Beltran Gebarakoaren kontra, jaun-eskubideak zirela eta, izaniko auziek. Besteak beste, Garibai eta Uribarri leinuetakoek bultzatutako herritarren presio horrek bere fruituak eman zituen: XV. mendeko lehen zatian: azkenean, Pero Gebarakoaren alargunak, Konstantza Aiarakoak, oñatiarrei alkatea aukeratzeko eskubidea aitortu zien. Gebarakoez gain, bi leinu nagusi zeuden Oñatin: Garibai eta Uribarri, ganboarrak lehenak, Gebarakoak bezala, eta oinaztarrak bigarrenak. Herritar gehienak aitoren semeak ziren, baserritar jatorrikoak. Hala ere, bazegoen nekazari petxerorik ere (jaunaren etxeetan egonda, petxak ordaindu behar zituztenak). XVI. mendearen hasieran petxero (edo labradoriego) horiek 33-40 bat ziren Oñatin; 1626an 27 bat.132

IPAR EUSKAL HERRIA 845. urte inguruan normandoak iritsi ziren Lapurdiko kostaldera. 884an Baiona okupatu eta, beharbada, euren gotorleku bihurtuta, bertatik abiatzen ziren lehorreko eta itsasoko espedizioetan. 982ra arte egon ziren normandoak Euskal Herriko kostalde hartan, harik eta Gaskoniako dukearen semea zen Gilermo Santxok garaitu zituen arte. Ipar Euskal Herria penintsula aldea bezala, haranez eratutako lurraldea zen: haranak edo “herrialdeak” (pays) esaten zitzaien. Horrela, Santxo Gilermo, Gaskoniako dukeak Iruñeko Santxo Nagusiari Lapurdiko, Arberoako, Garaziko, Baigorriko eta Orzaizeko herrialdeak eman zizkiola esaten da.133

LAPURDI Santxo Nagusiak Lapurdiko bizkonderria sortu zuen 1023an. Urte berean, beste bizkonderri bat sortu zuen Baigorriko lurraldean. Errege horren heriotzaren ondoren, Lapurdiko bizkonderria Gaskonia eta Akitania inguruan zegoen, baina bere independentzia eta arauak gordeta, Erdi Aroan ohi zen bezala. XI. mendean, Lapurdi Gaskoniako dukerriaren barruan zegoen. Akitaniako dukea zen Gilermo VIII.ak eskuratu zuen dukerria. 1152an, Leonor Akitaniakoa Enrike Plantagenetekin ezkondu zen eta hau, 1154an,

132 ZABALA, Federico de (1971-1973) II lib., 96-100 133 ZABALA, Federico de (1971-1973) II lib., 110-111 89

Ingalaterrako errege bihurtu zenean, Ingalaterraren eskumenean gelditu zen Lapurdi, harik eta 1451n, frantsesek konkistatu arte. Lapurdi, beraz, Gaskoniako dukerriko bizkonderria izan zen. Bertako bizkonde baten lehen aipua 1059koa da: Lope Santxez da ezagutzen den lehena. 1193an, Gilen Erramun Saultekoa, Lapurdiko bizkondea hil zenean, duke-erregearen administrazio zuzenaren menpe gelditu zen Lapurdi, eta handik aurrera “baile” batek, hau da, jaun-administrazioaren ordezkariak gobernatu zuen. XV. mendearen erdialdean amaitu zen Akitanian ingelesen agintea. Nahiz eta dukerrian ingelesen aldeko sentimendu indartsuak izan –dukerriaren eta britaniarren arteko merkataritza-harremanengatik, batez ere–, frantsesek gero eta gogorrago eraso zioten. Azkenean, 1451n, Foixeko Gaston IV.ak okupatu zuen Lapurdi. Bai ingelesen garaian eta bai gero, frantsesen inguruan zeudenean ere, lapurtarrek nagusitzat Frantziako erregea onartuta ere, euren usadioei eta ohiturei (foruei) eutsi zieten.134

ZUBEROA Zuberoa ere Santxo Nagusiaren garaian, Lapurdi eta Baigorri legez bizkonderri bihurtu zen, baina errege nafarraren heriotzaren ondoren Gaskonia eta Akitaniaren eskumenera igaro zen, haiek bezala. Zuberoako bizkondeek harreman estuak izan zituzten Iruñea eta Nafarroako erregeekin. Horregatik, 1120an, Garzea Zuberoakoa Aragoi eta Iruñeko Alfontso I.aren ondoan borrokatu zen Ebro aldeko musulmanen kontra. 1234an, Gilen Erramun IV.a bizkondeak leialtasun-zina egin zion Teodebaldo Nafarroakoari, aldi berean Ingalaterrako erregearen basailu izan arren. Duke-erregeen mendean iraun zuen Zuberoak “Ehun Urteko Gerra” amaitu zen arte. 1449an, Foixeko Gaston IV.aren armada frantsesak konkistatu zuen Mauleko gaztelua. 1500-1510 bitartean, azkenik, Zuberoa Frantziaren mende geratu zen. Lapurdik bezala, Zuberoak ere, Frantziako monarkiaren eskumenean egon arren, bere foruak gorde zituen.135

NAFARROA BEHEREA Nafarroa Beherea Arberoa, Garazi, Baigorri eta Orzaizeko eremuekin Santxo Nagusiak eratutako herrialdea da. Lurralde horiek, errege nafarraren heriotzaren ondoren, Gaskoniaren eta Akitaniaren eskumenera igaro ziren. 1189an, herrialde haiek Amikuze eta Oztibarrekoekin batera Nafarroara itzuli

134 DÍAZ DE DURANA, J. Ramón eta FERNÁNDEZ DE LARREA, J. Andoni, 108 135 DÍAZ DE DURANA, J. Ramón eta FERNÁNDEZ DE LARREA, J. Andoni, 108 90 ziren: Orduan sortu zen Nafarroa Beherea izeneko merindadea (Nafarroako “Seigarren merindadea”), Donibane Garazi hiriburutzat hartuz. Erdi Aroan osoan, Nafarroa Beherea batasunik gabeko lurralde multzoa izan zen. 1189an Martin Txipia zelako batek Nafarroako erregearen eskuetatik jaso zituen Garaziko lurrak. 1194rako, bazen nafarren gaztelua Donibane Garazin eta, 1196an, Tartaseko bizkonde eta Amikuze eta Oztibarreko jauna zen Arnaut Erramunek, leialtasun zina egin zion Santxo VII.ari. Handik gutxira, inguruko beste zenbait jaunek ere basailutza aitortu zioten eta lurraldea Nafarroako erregeen agindupean egon zen. 1512an Gaztelak Nafarroa konkistatzean, “bortuez haraindiko lur” hori izan zen Nafarroako ohiko erregeek gorde ahal izan zuten erreinuaren azken zatia.136

Gizartea Hego Euskal Herrian bezala, kontinente aldean ere antzinako gizartea jentilizioa zen. Haraneko edo herrialdeko komunitatea jabetza familiarrean eta komunalean oinarritzen zen. Auzotasunak ematen zituen noblezia eta eskubideak: baliabide komunalak aprobetxatzekoa eta herrialdeko gobernuan parte hartzekoa. Hementxe ere, Euskal Herri penintsularrean bezala, antolamendu tribaleko buruzagi militarrak izaten ziren: ahaide nagusiak. Haiek, klanaren edo leinuaren barnean, jaun-eskubideak lortu, eta eremu komunalak (baso eta larreak) jabetzan hartu zituzten, euren mendekoen gozamen-eskubideak onartzen bazituzten ere. Lapurdin, jaun handien kasta noblea zegoen (baroiak eta bizkonde txikiak), Senpere eta Makeako bizkonderriak eta Donibane Lohitzuneko eta Ezpeletako baroierriak euren esku zituztenak. Leinu boteretsuak ziren, besteak beste, Sault, Urtubia eta Garro ere. Nafarroa Beherean, zazpi etxek osatzen zuten goi mailako noblezia: Lukuze, Oztibarre, Landibarre, Gramont, Bergouey, Sorhapuru eta Behorlegi. Etxe horiek eskubide jurisdikzionalak zituzten, justizia administratzen zuten euren lurraldean eta, gainera, armada partikularrak zituzten. Noblezia txikiari zegokionez, Zuberoako aitoren semeak eta Nafarroa Behereko eta Lapurdiko infantzoiak zeuden (33 bat familia Lapurdin eta 87 inguru Nafarroa Beherean) Herri-xeheak nobleziari zegozkion eskubideez gozatzen zuen. Herritar gehienak etxe eta lurren jabeak ziren. Bazeuden lantzen zituzten lurren jabeak ez zirenak ere. Haiek osatzen zuten gizarte-mailarik xumeena. “Botoys” eta “fivatiers” esaten zitzaien. Lurrengatik zentsu bat ordaindu behar zuten.137

136 DÍAZ DE DURANA, J. Ramón eta FERNÁNDEZ DE LARREA, J. Andoni, 109 137 ZABALA, Federico de (1971-1973) II lib., 114-119 91

Antolamendu politikoa Feudalismoa desagertzean, nobleziak bere botere politikoa galdu zuen eta Lapurdin hori erabatekoa izan zen. Horrela bada, noblezia lapurtarrak ez zeukan inolako pribilegiorik, ez botererik beste herritarren gainean. Lapurdiko biltzarrean, nobleek herritarren maila berean hartzen zuten parte. Nafarroa Beherean eta Zuberoan, ordea, nobleek nolabaiteko botereari eutsi zioten: Biltzar nagusietan, aparteko talde gisa hartzen zuten parte. Nafarroa Behereko egoera, beraz, Nafarroa Garaikoaren antzekoa zen. Zuberoako 1520ko Foruak herrialdean joputzarik ez zegoela adierazten zuen, zuberotarrak libreak zirela esaten baitzen, herritarrari ezin zitzaiola jazarpenik ezarri, ezta hango haziendari eta nekazarien jabetzei inoren eskubiderik inposatu ere.138

BANDOEN ARTEKO BORROKAK EUSKAL HERRIAN

Behe Erdi Aroan (XI.-XV. mendeetan), Euskal Herriko populazioaren zati handia leinuetan edo klanetan antolatuta zegoen. Leinuetan eratutako gizartea segur aski aurreko garaietako gizarte gentilizioaren bilakaeraren emaitza izan zen. Hura lurraldean finkatuta eta kideen arteko odolezko loturak oinarrizkoak zituen gizartea zen. Beste klan batzuen aurrean indartsu agertzeko, kohesio handiko taldeetan eratutako gizartea zen. Lurra, sortetxea eta leinua, hiru elementu horiek elkarri lotuta ageri ziren. Leinua odolezko loturetan eta elkarkidetasunean sustraitutako komunitatea zen: leinuak denbora luzean hartzen zuen forma, belaunalditik belaunaldira. Horrela, klaneko lerro nagusia osatzen zen, sortetxe edo etxe nagusitik zetorren lerroa, alegia. Lerro nagusitik denborarekin, hegaletako lerroak sortzen ziren. Bigarren mailako lerro horiek, lerro nagusiarekin asaba komuna zeukaten eta, beraz, odol berekoak ziren. Lerro nagusiaren inguruan bildu ohi ziren gainerako ahaide, neba-arrebak, iloba eta maila guztietako lehengusu-lehengusinak. Horiek guztiek leinua (klana) eratzen zuten. Leinuaren burua, klaneko buruzagia, lerro nagusiaren ordezkaria zen, hain zuzen, “ahaide nagusia” esaten zitzaiona. Ahaide nagusiak eman edo uka ziezaiekeen klaneko kideei leinuaren zeinu edo arma heraldikoak erabiltzeko baimena. Bera zen gerrarako burua ere. 139 XIV. eta XV. mendeetan, leinuen arteko borrokaldiak izan ziren (bandoen arteko borrokak) Euskal Herri osoan. Esan bezala, leinu bereko senide izateak solidaritate-loturak sortzen zituen eta zenbat eta ahaide gehiago izan leinuak, hainbat eta boteretsuagoa bihurtzen zen gerrarako ere. Sarritan, leinuak arerioen kontra botere handiagoz jokatzeko, beste leinu batzuekin elkartzen ziren, eta horrela alderdiak eta bandoak sortzen ziren. Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako leinuak Ganboa eta Oinaz izeneko bandoetan egon ziren banatuta. Bizkaian, Butroi leinuko ahaide nagusia zen Oinaz bandoko burua eta Abendaño leinukoa, Ganboa alderdiko nagusia. Gipuzkoan,

138 ZABALA, Federico de (1971-1973) II lib., 119-120 139 CARO BAROJA, Julio (1956), 14-24 92

Oinaz alderdiko buruzagia Lazkao leinuko ahaide nagusia zen, eta Ganboa alderdikoa Olaso leinukoa. Leinuetako kideak gehitzea oso inportantea zenez, ezkontza-bidez eginiko leinuen arteko elkartzeek garrantzia handia izaten zuten. Emakumeak, beraz, elkartasun-eragile izateaz gain kasu horietan, adiskidetze-eragile ere izaten ziren maiz. Gainera, gatazkak gizonezkoek bezala bizitzen eta sentitzen zituzten. Garai hartako hainbat poema eta kantu emakumeek egindakoak ziren.140 Borroka haiek, batzuetan, aurrez-aurreko guduak izaten ziren, baina gehienetan, matxinadak, iskanbilak eta zigorrezko edo mendekuzko erasoak, erreketak, lapurretak, etab. izaten ziren.141 Sarraski ankerrak egiten ziren: amaren eskuetan zegoen haurra hiltzea, laurogeita hamar urteko itsuari burua moztea, eta antzekoak. Guztiz larriak izaten ziren eragindako kalte ekonomikoak ere: etsaien dorreak suntsitzea, uztak erretzea, errotak eta burdinolak erraustea, abereak ostea, merkatariei lapurretak egitea...142 Badago gertakari haien kronika bat, gatazka hartako protagonista batek kontatua: Libro de las Bienandanzas e Fortunas, Lope Gartzia Salazarrekoak idatzia. Bere narrazioan, liskarren jatorria zein izan zen azaltzen du idazleak: prozesio batean, andak eramateko era zela eta hasi omen zen eztabaida: batzuek esaten zuten sorbalda gainetan edo goian (“gain boa”) eraman behar zirela eta besteek, berriz, eskuan, behetik (“oinaz”). Baina istorio hori mitikoa da, Erdi Aroan tipikoa baitzen gauzei jatorri fantastikoak ematea. Borroka haien benetako arrazoiak bestelakoak dira, eta zerikusia zuten, zalantzarik gabe, garaiko zailtasun ekonomikoekin. Musulmanen kontrako gerra gelditu izanak eta diruaren debaluazioek gabeziak eragin zituzten nekazarientzat, elizgizonentzat edo jaunentzat, eta Euskal Herriko nobleziako familia-taldeen errentek behera egin zutenean eta zailtasunak larritu, ahaide nagusien arteko borrokak areagotu egin ziren.143 Krisia nozitzen zutenen artean boteretsuenak noble horiek ziren eta beste inork baino nabarmenago azaldu zuten haserrea. 1300 inguruan, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko familia nobleek ziurtatuta zuten euren nagusitasuna: ondareak kontzentratzen zituzten ezkontza bidez, eta lurrak edo burdinolak indarrez hartuta edo erosita, euren errentak handitu zituzten. Euskal Herriko noblezia oso heterogeneoa zen: batetik, familia aberats gutxi batzuk nabarmentzen ziren besteen gainean: Haro, Belasko, Mendoza, Aiara, Gebara, Salazar... arabarrak guztiak ia eta Gaztelako Gortean eragin handia zutenak; bestetik –gehienak–, noblezia txikiko familiak ziren. Azken horietatik sortu ziren leinuetako ahaide nagusiak, batez ere Gipuzkoan eta Bizkaian. Esan bezala, XIV eta XV. mendeetan, leinu horiek elkarren aurkako bi alderditan bildu ziren: oinaztarrak eta ganboarrak.144 1) Ganboarrak:

140 “Milia Lasturkok, Joana Olasokok, Santxa Otxoa Ozaetakok, (...)”. AZURMENDI, Joxe (1992), 470 141 DÍAZ DE DURANA, J. Ramón (1998), 172 142 CARO BAROJA, Julio (1956), 29-34 143 DÍAZ DE DURANA, J. Ramón (1998), 170 144 DÍAZ DE DURANA, J. Ramón (1998), 171 93

Bando horri izena, Ganboa leinutik datorkio. Leinua Uribarri Ganboan (Araban) zegoen finkatuta, eta bere iturburua Gebara leinua (Arabakoa) zen. Joan Lopiz Ganboakoa Zumaian finkatu zen eta bere iloba, Fernan Ganboakoa Olasoko (Elgoibar) andrearekin ezkondu zen. Horrela, Ganboarrak, Ganboa-Olaso edo Olaso legez ezagutzen ziren Gipuzkoan. Geroago leinuak Usurbileko Atxegakoekin lotu zen eta ezkontza bidez Martin Ruiz Abendañokoarekin ere, hain zuzen, Urkizuko (Arratia) eta Legutioko (Araba) jauna zen Bizkaiko Ganboarren bandoko buruzagi nagusiarekin. Izan ziren beste ezkontza batzuk ere: Olasotarrak, Baldako (Azkoitia) eta Iraetako (Zestoa) ahaide nagusiekin lotu zituztenak. Era berean, Ganboako beste adar bat Errenteriako Ugarte leinuarekin eta Berako Altzatekoarekin elkartu zen.145

2) Oinaztarrak: Hauek ziren Oinaztarrren buruzagiak: Mendoza Araban, Butroi-Muxika Bizkaian eta Lazkao Gipuzkoan. Mendozatarrena, Gaztelari hertsiki lotuta zegoen leinu indartsua zen. Butroi leinua: Lope G. Salazarrekoak zioenez, Ajangizko jaunaren bigarren semea, Joan Perez Ajangizkoa, Billelara joan zen bizitzen. Horrek legebidezko hiru seme izan zituen: Joan Santxez, Billela heredatu zuena. Eneko Ortiz, Ibarguen populatu zuena; eta Joan Perez, Butroin finkatu zena. Azken horren semea Otsoa Butroikoa izan zen, eta honena, Gomez Butroikoa. Gomez Butroikoa, andere Maior Abendañokoarekin ezkondu zen eta horien iloba, Gonzalo Gomez “zaharra”, andere Elbira Zamudiokoarekin (Ibarguengo jabearekin). Butroi leinua sendotzen eta indar handia hartzen ari zen. Gainera, Gomez Gonzalez Butroikoa andere María Alonso Muxikakoarekin ezkontzean, lotuta geratu ziren ondoko leinu guztiak esku berean: Butroi, Ibarguen, Aramaio eta Muxika. Horrela, indar handiko leinua bihurtu zen. Lazkao leinua: XIV. mendearen hasieran, Martin Lopez Muruakoa, Lazkao, Amezketa eta Ozaeta leinuetako burua zen. Haren ondokoek Murgia, Yarza eta Loiolako leinuekin loturak egin zituzten ezkontzaz. Geroago, bai Lapurdiko Urtubiakoekin ere. Amezketakoak, gainera, lapurtar Senperekoekin uztartu ziren.146

Leinuen boterea Leinu baten indarra bere aberastasunean oinarritzen zen. Leinua, nahiz eta aspaldikoa izan, ahula zen ondasunik ezean. Lope G. Salazarrekoak, garrantzia handia ematen zien leinuen errentei. Horrela, Lazkaokoaz esaten zuen “Gipuzkoa guztiko errentarik aberatsenak zituela”; Loiolakoari buruz, “Oinaz leinuko inork ez zuela gainditzen, Lazkaokoek izan ezik, errenta, diru eta ahaideetan”; Baldakoaz, “oso ahaltsua zela ahaide eta errentetan, eta Olasokoak kenduta, Ganboa zela taldeko boteretsuena”. Zenbat eta aberatsagoa izan, handiagoa zen leinu horren eragina. Nekazari-ekonomian, indarra, lur eta abereen jabetzan dago, jakina. Leinuetako ahaide nagusiak euren oinetxearen jabe ziren, baina baita inguruko lurralde osoarenak ere. Errotak eta burdinolak zituzten, errenta-bide eroso zirenak. Elizetako patronatuek ere irabazi handiak ematen zizkieten. Beste errenta batzuk kargu eta enplegu publikoetatik sortzen ziren: probestu, merio, baleztari nagusi, etab. izatetik.

145 ZABALA, Federico de (1971-1973) II lib., 128 146 ZABALA, Federico de (1971-1973) II lib., 132-141 94

Bestalde, ahaide nagusiak industria- eta merkataritza-jardueretan ere sendo ahalegindu ziren. Burdinola eta errota gehienen jabegoa haien esku zegoen. XV. mendearen lehen zatian, Euskal Herriko itsasoko nahiz lehorreko merkataritzaren mugimendua oso kementsua zen eta horretan ere aritu ziren zenbait ahaide nagusi. Itsasoko merkataritzan Gipuzkoako ganboarrak gailendu ziren eta lehorrean, Nafarroako muga inguruan, oinaztarrak ibili ziren. Bizkaian asko izan ziren merkataritzan jardun zuten leinuak: Salazarrekoak burdinaren salerosketan; Legizamon, Arbolantxa eta Zurbarangoak, Bilboko komertzioan; Adan Yarzakoak Lekeition; Iraetatarrak Zestoan. Nafarroako mugetatik hurbil kokatuta zeuden oinaztar giputzen jarduerak kontrabandoa eta abere-lapurreta izaten ziren askotan. Nafarrek ere haiekin berdin jokatzen zutenez, Gipuzkoa eta Nafarroaren arteko muga, “gaizkileen muga” izenaz ezagutzen zen. Aberastasun-mailaren eredu gisa, Loiolako etxeak zituen errentak eta ondasunak aipa daitezke: 1556an, Martin Gartzia Oinaz Loiolakoak, Oinaz eta Loiolako etxeetako nagusiak (San Inazioren anaia zenak, alegia), honako ondare hau zeukan: Loiolako etxearen ondasun bezala (maiorazkoari lotutako jabetzak ziren horiek): 8 baserri, hiribilduko 4 etxe, 2 oinetxe, burdinola 1, zenbait errota, 23 korta, zenbait gaztainadi, sagasti, harizti eta intxaurdi, Soreasuko San Sebastian monasterioaren patronatua eta Korrejimenduko eskribautza erdia. Parrokiako patronatuak 1.000 dukat ematen zizkion, lur- ondasunek 700 dukat, eskribautza erdiak, 200 dukat. Guztira, urteko 1.900 dukateko errenta zeukan. Hala ere, ahaide nagusien errentak Gaztelako, Aragoiko edo Nafarroako etxe handiek XV. mende buruan zituztenekin konparatzerik ere ez dago. 1523an, baziren Gaztelan 61 familia, bataz beste, bakoitza, urtean 20.000 dukateko errentaren jabe zirenak. Nafarroan, Beaumont eta Peraltako etxeek, bakoitzak 20.000 dukatekoa zeukan. Baina gizarte hartan ez zen nahikoa errenta aberastasun handia izatea, beharrezkoa zen leinuak gerrarako indarra edukitzea ere. Ahaide nagusiarentzat funtsezkoa zen jarraitzaile asko izatea. Ahaideek osatzen zuten leinuaren armada-indarraren oinarria eta, beraz, zenbat eta ahaide gehiago izan, indartsuagoa zen leinua. Horregatik, funtsezkoa zen seme asko izatea. Ondorioz, sasiko semeek eta bestelakoek balio handia zeukaten gizarte hartan, har eta emeek. Sasikotasuna ez zen desohore inorentzat. Seme asko izatearen eredu klasikoa, bizkaitar kronista Lope Gartzia Salazarrekoaren aitona dugu, Joan Lopez Salazarrekoa: 122 seme izan ei zituen, haietariko 120 sasikoak. Baina leinua ahaideek osatzen bazuten ere, leinuarekiko arrotz izanik, hari lotutako pertsonak ere baziren. Ahaide nagusiak odol bereko ez zirenengan ere agintea eta eragina izaten zuen. Leinuz kanpoko horien lotura, kontratu bidez egiten zen. Zentzu horretan, bi eratako hitzarmenak zeuden: meniak eta gomendioa. Menietan (“treguak”) jartzea maila bereko kideen artean egindako ituna izaten zen. Hori, nolabait, indarrak erostea zen eta, ahaide nagusien artean egiten zen, antzeko indarra izan edo ez. Pertsona-lokarriak ziren meniak edo treguak. Horien bidez, leinu bat edo pertsona bat ahaide nagusiari jarraitzera 95 behartzen zen, gerratean nahiz bakealdian, hura defendatzera eta babestera. Basailutzaren antzekoa zen, baina desberdintasun batekin: basailutza bizitza guztirako zen bitartean, meniak dirutza bat ordainduz hauts zitezkeen.147 Gomendioa (“enkomienda”), harreman ekonomikoa zen. Horrelakoxea zen, esate baterako, 1382an, Nabarra Martinez Oinazkoaren (Murgiako anderea), eta Astigarragako auzokoen artean egindako kontratua: Astigarragakoak etxe bakoitzeko, urtean Murgiako etxeari 500 marabedi ordaintzen behartzen ziren eta Murgiakoaren mendietan bazkatzen ziren txerri-talde bakoitzeko txerri bat ematen. Astigarragako etxe bakoitza Murgiakoarentzat zenbait lan egiten behartuta zegoen: artatxiki eta gari-sailak jorratu eta garbitu, hango soroak landu eta garraio-lanetan lagundu. Astigarragakoek debekatuta zeukaten beste herri batera bizitzen joatea edo beste jaun batekin gomendioan jartzea. Murgiako andrearen betebeharra Astigarragako auzotarrak defendatu eta babestea zen, haren asabek egin ohi zuten bezala; Murgiako sailetara lanera zetozen gizon eta emakumeei jaten eta edaten ematea; bere abereak Astigarragako larretara ez bidaltzea; Astigarragakoei Ergobiko ubidean tasarik ez kobratzea.148 Azkenik, Astigarragako auzokoek euren kontzejua hautatzeko eskubidea zeukaten. Amaitzeko, leinuaren zerbitzuan gerra-taldea osatzeko beste era bateko jendea ere erabiltzen zen: morroiak eta lekaioak, eta bai gaizkileak ere, justiziak auzipetu eta jazarriak, eta ahaide nagusiek, beharrezko zitzaizkien neurrian babesten zituztenak. Sarritan, jende mota hori ahaide nagusiaren dorretxe inguruan bizi ohi zen.

Bandoen borrokak Bandoak leinuak elkartuta osatzen ziren, baina aliantza haiek ez ziren beti iraunkorrak izaten. Elkartutako leinu horien artean kontrakotasunak sortzen ziren eta orduan, beste leinu batzuengana jo ohi zuten laguntza bila. Gehienetan, elkar hurbiltze horiek ondo kalkulatutako ezkontzen bidez egiten ziren. Elkarren kontrako lehia horien arrazoia garai hartako euskal gizartearen egituretan bilatu behar da. Aginte komunik ez zuten leinuez eratuta zegoen gizarte hura, hots, ez zegoen autoritate publiko sendorik. Bizkaian, esate baterako, bazen “jaun-agintea”, baina ahuleziak jota, aginte hori talde batera edo bestera alderatuta egoten zen. Esan daiteke egoera hartan leinuen boterea zela nagusi: leinu baten boterea ez zuen ezerk mugatzen beste leinu baten botereak baizik149. Hortik sortzen ziren norgehiagokak. Alderdi haien arteko errietak edo altxamenduak, sarritan, gaur lelokeriatzat hartuko genituzkeen arrazoiengatik sortzen ziren: “bestea baino gehiago” izateagatik, gehienetan.150 Hona hemen zenbait gertakari, Lope Gartzia Salazarrekoaren Kroniken arabera:

147 ZABALA, Federico de (1971-1973) II lib., 141-154 148 AROCENA, Ignacio (1959), 72-75; ZABALA, Federico de (1971-1973) II lib., 154-155 149 ZABALA, Federico de (1971-1973) II lib., 157-158 150 CARO BAROJA, Julio (1956), 26 96

Arratoko gatazka (1200an gutxi gora behera). Ezagutzen den borrokarik goiztiarrenetakoa Araban izan zen: Inigo Gebarakoaren emaztea - Lope Gonzalez Mendozakoaren arreba -, nebarengana joan ei zen kexu, senarra beste batekin oheratzen zela eta. Mendoza, koinatua laidotzearren, bere arrebarekin oheratu zen eta, gainera, Gebarakoari arrebaren dotea itzultzeko eskatu zion. Horrela, bien arteko borroka-eguna ezarri zen, eta batak eta besteak norbere ahaideak bildu zituzten: Gebarak jendetza handiagoa Mendozak baino, Gipuzkoako ganboar leinuak laguntzera etorri zitzaizkiolako. Borrokaldia gogorra izan zen, eta bi alderdietatik asko hil ziren, euren artean Lope Gonzalez Mendozakoa. Mendozari, hilda zetzan lekutik, eten-uhala ebatsi zioten eta Gasteizko azokara eraman zuten saltzera. Baina, Oinaztarren sarraski hori ez zen erantzunik gabe geratu. Urteak pasatu zirenean, Mendozakoaren semeak, Jakue Lopez Mendozakoak, erronka egin zion Inigo Gebarakoari eta gau batez, ilargitan joan zitzaion jende askorekin. Zalaparta entzutean, Gebarakoa armatu eta ateak zabaltzeko agindu zuen. Hain azkar atera zen, non bekokiaz ateburua jota, bertan zerraldo erori baitzen. Mendozakoak lepoa moztu eta bere aitaren eten-uhala saldu zuten toki berera bidali zuen haren burua. 1275. urtean, Oinaztar eta Ganboatarren arteko areriotasuna Bizkaira ere zabaldu zen: Butroi eta Ibarguengoen artean – lehengusu izan arren –, ea “gehiago nor ote zen” delako horretan lehiatu ziren. Ibarguengoak Zamudioko leinuaren laguntza eskatu zuen. Otsoa Butroikoak, laguntza-eskaera horren berri izan zuenean, biziki haserretu zen, eta haren gorrotoa are suminagoa bihurtu zen, atso zahar bat oihuka etorri eta, Zamudioko gazte batzuk Butroikoaren ostatu batean sartu eta gaztainak lapurtu zituztela esan zionean. Butroikoa bere gizonekin Ibarguenera joan eta han sortu zen borrokan, Fortud Santxez Zamudiokoak Otsoa Butroikoa hil zuen; horren semeak, berriz, Ibarguengo nagusia. Butroikoaren semea zaurituta eta hil zorian, Butroira itzuli zen ihesi. Zamudiokoa etxeratu zenean, bere lobak jantziak odolez beterik zetorrela ikusirik, “aita vichia” – esan omen zion –, eta Kronikak jarraitzen du, “que dise en vascuence padre hermosas vichias e cosas. E dijole a su sobrino, si sopieras que vichias yo he oy ganado para ti y para tu linaje, no te alegraías como te alegras”. 1393an, Gontzalo Gomez Butroikok Joan Santxez Billelakoa hil zuen, eta horren semeak Joan San Joan Abendañokoarengana jo zuen laguntza eske; eta horrela piztu zen bi leinu boteretsu horien (Butroi eta Abendaño) arteko ezin-ikusia. Bi talde horien gerra-legea etengabea izan zen XV. mendearen lehen zatian. Garai hartan, Abendañok indar handia zeukan: 1410ean Abendañokoak Bilbon sartu eta Arbolantxakoen dorrea inguratu zuten. María Alonso Muxikakoa, Gontzalo Gomez Butroikoaren emaztea, Arbolantxakoak laguntzera joan zen bere oinaztar guztiekin, senarra gortean baitzen orduan. Oinaztarren alde azaldu ziren Salazar eta Arteaga; eta Ganboarren alde, Gipuzkoako Ganboa eta Abendaño. Gonzalo Moro Bizkaiko korrejidoreak bakea egitea lortu zuen, eta bakoitza bere etxera itzuli zen. Beste behin, Joan Abendañokoak Joan Muxika-Butroikoaren gotorlekua erre zuen Otxandion. Muxika-Butroikoa, bere ahaide guztiekin hara abiatu eta bertan aurkitu ziren bata eta bestea. Hantxe zen Joan Lopez Ganboakoa –Abendañokoaren aitona– ere, Gipuzkoako ganboar guztiekin, eta atzetik, Migel Lopez Lazkaokoa, giputz oinaztar guztiekin. Ganboarrek, oinaztarrak handik ateratzeko, su eman zioten hiribilduari eta handik irtetean oinaztar asko hil zituzten. 1420an, eraso egin zuten ganboarrek Lazkaoko dorretxearen kontra. Gabon gauaz, ilargitan atera ziren Fernando Ganboakoa eta Ladron Baldakoa. Laster hurbildu ziren Lazkaora Zarautz, Iraeta eta Antxietakoak ere, ganboarren armada osoarekin. Joan Lopez Lazkaokoak, ustekabean harrapatu eta, atorra-hutsean leihotik salto egin behar izan zuen errekara. Ganboarrek 10 gizon hil zituzten etxe barruan. Umea zen Martin Lopez Lazkaokoa amaren besoetan garbitu zuten. Ganboarrak itzulbidean zihoazela, egun argitan, oinaztarren erasoa jasan zuten, Yarza etxekoena, batez ere. Ganboarrak erruz hil omen ziren, Fortun Baldakoa, beste askoren artean. Oinaztarrak Baldaraino heldu (Azkoitia) eta hango dorretxea eta beste etxe asko erre zituzten. Bandoen arteko borrokarik sonatuena 1448ko Mondragoiko gatazka izan zen. Pedro Belez Gebarakoa, Oñatiko jauna, Mondragoira joan zen, Guraiakoen (oinaztarrak) 97

eta Bañezekoen (ganboarrak) artean sortutako arazoak baretzera. Baina zirudienez, haren asmoa hiribilduaz jabetzea zen. Izan ere, 2.500 gizonekin agertu omen zen bere aldeko ganboar askorekin Joan Abendañokoak gidatuta. Guraiakoek, euren buruak etsaiez inguraturik ikusita, Gomez Gonzalez Butroikoari abisatu zioten eta, biharamunean, han azaldu zen bera 800 gizonekin eta, Guraiatarren laguntzarekin, hiri barrura sartu eta Mondragoiz jabetu zen. Laster heldu ziren ganboar indar berriak Gipuzkoatik eta Bizkaitik: Martin Ruiz Olasokoa, Ladron Baldakoa, Atxegako jauna eta Peru Abendañokoa, besteak beste, guztiekin 2.000 gizonetik gora. Baina nahiz eta oinaztarrak baino gehiago izan, ezin izan zituzten haiek hiritik bota. Orduan Mondragoiri su ematea erabaki zuten. Hiri osoa erre omen zen. Butroikoei ez zitzaien irtetea besterik geratu eta Bergara aldeko atetik atera ziren, bestea ganboarrek zaintzen zutelako. Ganboarren artean bazegoen Martin Ruiz Olasokoa oinaztarren buruzagia zen Gomez Gonzalez Butroekoaren suhigaia zena. Butroikoaren bizia salbatzeko Olasokoak ohar bat bidali zion mandatari baten bidez, ihesbidea libre utziko ziola adierazteko. Baina oharra jaso zuena Unzuetako oinaztar nagusia izan zen, eta hantxe hil ziren oinaztar gehienak, hiritik irtetean 4.000 ganboarrekin topo egin zutelako.151

Enfrentamenduen amaiera XV. mendean, erregeak hiriek lagunduta, ahaide nagusien boterea suntsitu zuen. Horien indarra ezabatzeko, Ermandadeak sortu ziren, nekazariek, kaletarrek eta hidalgoek osatuta. Lehen saioa, Gonzalo Moro korrejidoreak egin zuen, 1390ean Bizkaiko Ermandadearen aurrean jarrita, ahaide nagusiak borrokatzeko. 1394an, Gernikako Batzarrean eta 1397an Getariakoan, Ordenantzak idatzi eta Justizia antolatu zuen legea hausten zuenari zigor gogorrak ezartzeko. Oztopoz betetako bidea izan zen, esate baterako, hor zeuden 1448ko Mondragoiko erreketa izugarria edo ahaide nagusiek 1456an Gipuzkoako 8 hiribilduri (Azkoitia, Azpeitia, Deba, Mutriku, Getaria, Tolosa, Ordizia eta Segurari) egindako “desafioa”. Azken hori ahaide nagusien erreakzioa izan zen, zeren 1451tik 1456ra, Gipuzkoako Ermandadeek hainbat dorretxe erre eta zenbait ahaide nagusi Gipuzkoatik kanporatu baitzituzten.152 1457an, Enrike IV.ak indar handiz eraso zituen ahaide nagusiak. Haien dorreak eraisteko agindu eta ahaide nagusirik “gaiztoenak” Granadako erreinuaren mugetako borrokara bidali zituen.153 Mendebaldeko Euskal Herrian, istilu horiek guztiak Ermandadeak nagusituta amaitu ziren. Ahaide nagusiek zenbait pribilegio gorde zituzten, baina behin kaparetasun unibertsala ezarrita (1526tik aurrera), Bizkaian eta Gipuzkoan behintzat, berdindu egin ziren infantzoien eta bestelako nekazarien egoera juridikoak. Behe Erdi Aroan, Erregimen foralek egitura juridiko-politiko berezia eman zieten euskal herrialdeei. Bandoen kontra antolatutako Ermandadeek markatu zuten Euskal Herrietako foruak aldarrikatu ziren testuingurua. Lehendabiziko kode osoak XV. mendearen amaieran ezarri ziren: Bizkaiko Foru zaharra (1452), Gipuzkoako Ermandadeko koaderno zaharra (1457) eta berria (1463), eta Arabako Ermandadeko koadernoa (1463). Bizkaian, araudia berriztatu egin zen 1526an, Bizkaiko Foru berria egin zenean.

151 ZABALA, Federico de (1971-1973) II lib., 159-168 152 CARO BAROJA, Julio (1956), 38; AROCENA, Ignacio (1959), 137 153 CARO BAROJA, Julio (1956), 39 98

HIRIBILDUAK Euskal Herrian, hiribilduen fundazio-prozesua XI.-XIV. mendeetan jazo zen. Herrialde bakoitzean eta fase desberdinetan azal daiteke hori: Nafarroan XI. mendean, Araban XII. mendean, eta Gipuzkoan eta Bizkaian XIII.-XIV mendeetan. Honako hauek izan ziren fundazioen arrazoi nagusiak: 1) Ekonomikoak: Hirien fundazioa, lehenagotik harreman komertzialak handitu eta ugaldu egin zirelako gertatu zen. Hiriek merkatarien ibilbideak ordenatu zituzten: a) Donejakue Bidea (Ekialde-Mendebalde) b) Lehorraldea itsasaldearekin lotzen zituena (Hegoalde- Iparralde)154 2) Populazioaren hazkundea azaltzen dute: XI.-XIII.mendeetako fundazioak lehendik biztanleak zeuden lekuetan egin ziren, baina 1300-1340koetan, toki berriak eratu ziren hiriak sortzeko. 3) Arrazoi politikoak ere izan ziren batzuetan: Hiri batzuk nekazariak babesteko fundatu ziren (Mungia), eta bai mugak zaintzeko ere (Markina, Salbaterra, Guardia…).155

Fundazio-agiria Hiribilduari fundatzaileak, agiri batez, eskubideak edo “askatasunak” ematen zizkion eta, horrela, hiria antolatzen zuen. Hona hemen fundazio- agiriaren zenbait aspektu: 1. Lehen eta behin, hiriari lege edo foru bat ematen zitzaion (Logroñokoa edo Jakakoa, kasuen arabera). Hirietako araudi horiek agertzean, bikoiztasun juridikoa gertatu zen Euskal Herrian: batetik, lur lauko legea zegoen, hau da, herrialde bakoitzeko lur zabaleko foruak, eta, bestetik, hirietakoa, hiribildu bakoitzari ematen zitzaiona, alegia. 2. Agiriak hiriari haren eskumeneko lurraldea ematen zion, mugak zehaztuta. 3. Astean behin azoka egiteko eskubidea. Merkatu hori hiria nekazari- produktuez horni zedin, egiten zen. 4. Batzuetan harresia eraikitzeko aukera ere ematen zitzaion hiriari. 5. Eta, azkenik, hiribildu batzuek pribilegioak lortu zituzten, Bilbok, esate baterako, itsas adarreko trafiko komertzialaren monopolioa zeukan.

Hiriak sortzea, bestalde, ekonomia-jarduera berrien seinale izan zen: Euskal ekonomia dibertsifikatu egin zen garai hartan. Besteak beste, honako jarduera hauek aipa daitezke: 1) Burdinaren produkzioa (XII.-XIII. mendeetan).

154 GARCÍA FERNÁNDEZ, Ernesto (1998), 120 155 ZABALA, Federico de (1971-1973) III lib., 35 99

2) Arrantza (XII.-XIII. mendeetan). 3) Nekazaritzaren hazkundea.

Etapa nagusiak hiribilduen fundazioan

1) XI.-XII. mendeak Iruñeko erregeak nahiko goiz hasi ziren toki jakin batzuk populatzen. XI. mendearen azken urteetan eta XII. mende osoan, Donejakue Bidearen inguruan sortutako gizarte- eta ekonomia-pizkundea babesteko, bultzada berezia eman zieten Iruñea, Lizarra, Zangoza eta Gareseko hiribilduei. Sasoi hartan, Pirinioez bestaldeko jendea etorri zen horietan finkatzera. XII. mendearen hasieran, Baionari eman zitzaion lehenengo bultzada.156

2) XII.-XIII. mendeak XII. eta XIII. mendeetan, Iruñeko erregeek honako hiribildu hauei eman zizkieten foruak: Gasteiz, Biasteri, Trebiñu, Argantzun, Antoñana, Bernedo, Labraza, Los Arcos, Tutera, Viana... Nafarroako erregeek zuzendu zituzten Arabako lehen hirien fundazioak, XII. mendean. Gipuzkoan ere antzeko prozesua gertatu zen, gaskoiak etorrarazita, Donostia fundatzean, 1180an.157

3) XIII.-XIV. mendeak XIII. mendean izan zen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hirien bigarren aurrerakada garrantzitsua: Gipuzkoan, Gaztelako Alfonso VIII.ak inportazioak eta esportazioak bultzatzeko eta, beharbada, arrantza indartzeko ere Hondarribia (1209), Getaria (1209) eta Mutrikuko (1209) hiribilduak fundatu zituen, eta era berean, Fernando III.ak Zarautz (1237). Horietan guztietan Donostiako forua hartu zen eredutzat. Bizkaiko jaunek, 1199an Balmaseda fundatu eta gero, Urduña (1227), Bermeo (1236) eta Otxandio (1254) sortu zituzten. Horrela, merkataritza-bideen kontrola eta kostalderako irteerak ziurtatu ziren. Alfonso X.aren garaiko errege-administrazioak Araban bereziki bultzatu zituen hiribildu berrien fundazioak. Nafarroarekiko mugak sendotzeaz gainera, Gaztelak kostako portuekiko eta Europarekiko merkataritza-harremanak indartu nahi zituen. Ondoko hiriak fundatu ziren orduan: Agurain auzunea oinarri hartuta, Salbaterra (1256), Artziniega eta Kontrasta. Gipuzkoan, Deba ibaiaren arroan: Mondragon (1260), Villanueva de Bergara (1268) eta Itziar (1294). Oriaren arroan: Villafranca de Ordizia (1256), Segura (1256) eta Tolosa (1256). Garai horretan ere, Bizkaiko jaunek Lanestosa (1287), Durango (1290?), Ermua (1290?) eta Plentzia (1299) fundatu zituzten.

156 GARCÍA FERNÁNDEZ, Ernesto (1998), 120 157 GARCÍA FERNÁNDEZ, Ernesto (1998), 122 100

Hiribilduen ugaltze hori Gaztelako merkataritzaren garatzeari eta Gasteizen gorakadari lotuta dago. Hiri-sare horri esker garatu ziren, batetik, Gaztelako artilearen Flandeseko esportazioa eta, bestetik, 1282an hasita, merkataritza hori kontrolatzeko Itsasaldeko udal-elkarteen eraketa. 1296an, “Las villas de la marina de Castilla” izeneko ermandadean, Santander, Laredo, Castro Urdiales, Bermeo, Getaria, Donostia Hondarribia eta Gasteiz “anaitu” ziren. XIV. mendearen erdialdera arte, gutxienez, Gipuzkoako kostako portuek irabazi handiak atera zituzten Gaztelako artilearen esportaziotik, Gipuzkoako burdinatik eta Flandesetik ekartzen ziren ehun landuen merkataritzatik. XIV. mendearen hasieratik 1338ra bitartean gauzatu zen hiribilduen hirugarren fasea. Garai hartan, hiribildu berrien fundazioak testuinguru berrian kokatu ziren: gizarte feudalaren krisian. Araban: San Vicente de Arana, Villarreal, Monreal de Zuya, Alegria Dulantzi eta Elburgo. Gipuzkoan: Salvatierra de Azpeitia, Villanueva de Oiarso (Errenteria), San Martin de Iraurgui (Azkoitia), Salinas de Leniz, Elgeta, Monreal de Deba, Plazenzia de Soraluze, Villanueva de San Andres (Eibar), Villamayor de Markina (Elgoibar) eta Villagrana de Zumaia. Bizkaian: Bilbo, Portugalete, Lekeitio, Ondarroa eta Villaro (Areatza). Hiri horien garatzea Europako mendebalde osoko krisialdiaren erdian gertatu zen: geroagoko urrutiko merkataritza iragartzen zutela pentsa liteke.158

4) XIV.-XV. mendeak Laugarren etapa bat izan zen Gipuzkoan eta Bizkaian. Bizkaian, XIV. mendearen erdialdetik aurrera zortzi hiribildu berri fundatu ziren: Markina, Elorrio, Gernika, Gerrikaitz, Miraballes, Mungia, Larrabetzu eta Errigoiti. Herri horien fundazio agirietan argi ikusten da krisi garaian sortu zirela, hain zuzen, herri horietako biztanleak Bizkaiko nobleen eraso bortitzetatik babesteko modua zirela. Gipuzkoan, bost hiribildu fundatu ziren. Belmonte de Usurbil, Villarreal de San Nicolas de Orio, Hernani, Santa Cruz de Zestona eta Villarreal de Urretxua. Fundazio horien atzean biztanleriaren berrantolatze-prozesua zegoen. Seguritatea zen arrazoi nagusia, bai barne arazoetatik babesteko (ahaide nagusien arteko borroketatik), bai kanpokoetatik (Gaztelaren eta Nafarroaren arteko gerretatik). Oiartzun 1453an eratu zen hiribildu gisa, urte horretan banandu baitzen Errenteriatik. Hiribilduen fundazioek oro har lurraldearen eta biztanleriaren antolatzeko era berria ekarri zuten. Bestalde, kostaldeko portuak, Bizkaikoak bereziki (Bermeo, Plentzia, Bilbo, Portugalete, Ondarroa eta Lekeitio), gero eta munta handiagoa hartzen joan ziren XIV. eta XV. mendeetan, hegotik iparrerako merkataritza-ardatza indartu ahala.159

158 GARCÍA FERNÁNDEZ, Ernesto (1998), 122 159 GARCÍA FERNÁNDEZ, Ernesto (1998), 122 101

Hirien egitura Hiriaren planoa irregularra denean, hiribildua berez eratu zen seinalea izaten da (Gesaltza). Planoa erregularra denean, ordea, hiribilduaren forma aurretik planifikatu zelako izaten da. Hiribilduan eremu publikoak eta pribatuak bereizten ziren. Batetik, kale, plaza eta leku publikoak zeuden (azokak, elizak, dendak, biltegiak, kartzela, harategia, pikota, herriko etxea…), eta bestetik, etxeak egiteko orubeak eta gainerako espazio pribatuak (etxe ondoko ortuak, etab.) Arabako hiribildurik gehienen hiri-planoak, ipar-hegoko norabidean eginda daude. Bizkaiko eta Gipuzkoako hiribilduak (Hondarribia salbu), berriz, ekialde-mendebaldekoan. Hiribildurik jendetsuenak eliza bat baino gehiago izan ohi zuten. Askotan, eliza harresiaren kontra eraikita egoten zen, horrela sendotu egiten baitzen hiribilduaren murrua. Harresiak eraso militarren aurkako defentsa izatez gainera, hiribilduek zituzten berezitasun juridiko-politikoen ezaugarrien muga ere adierazten zuten. Gainera, landa-eremuan sortutako suteetatik babesteko balio zuen. Harresiko portaleen kopurua desberdina izan ohi zen hiribildu batetik bestera. Sei ate zituzten Urduñak eta Durangok, bi Ermuak, zazpi Bermeok, hiru Markinak...160

Eguneroko bizitzako zenbait ezaugarri Familia bakoitzari banatzen zitzaion orubeak antzeko neurria izaten zuen. Orube horiek kaleetan lerrokatuta antolatu ohi ziren. Zura izaten zen eraikitzeko erabilitako material nagusia. XV. mendean, etxe bizitza asko zurezkoak baziren ere, arau batzuek zuraren ordez harria erabiltzen behartzen zituzten hiritarrak. Etxeek behekoa eta lehen solairuak besterik ez zuten izaten; baina denborak aurrera egin ahala, etxe altuagoak egiten hasi ziren. Teilatua oso irtena izan ohi zen, horrela, etxaurrea gorde eta kaleko ibilbidea euritik babesten zuen. Askotan, suteen kontrako neurriak ezartzen ziren. Xede horrekin zenbait agindu ematen ziren: sutondo guztiek harriz edo lur kareztatuz estalita egon behar ziren, zuziak eta argi-ontzi guztiak burdinazko esekitokietan eta hormetatik bereizita; labeak ere hormetatik kanpo ezarri behar ziren. Hiri barruan lastorik, bikerik, edo su har dezakeen bestelako edozein gairik gordetzea debekatuta egoten zen. Sutea gertatuz gero, biztanle guztiak zeuden behartuta parte hartzen amatatzeko. Hiriak jakien hornidura egoki lortu behar zuen. Biztanleek premiazko elikagaiak izan zitzaten ardura hartu behar zuen, eta bai produktuen kalitatea ziurtatu ere. Horretarako, jakiak pilatzea debekatzen zen. Ordenantzak jartzen ziren etxean behar baino haragi gehiago ez gordetzeko edo labeetarako behar baino irin gehiago biltzen zuten okinen aurka, etab.

160 GARCÍA FERNÁNDEZ, Ernesto (1998), 123 102

Merkatua zaintzeko neurri zorrotzak ezartzen ohi ziren eta haiek betearazteko, salerosketa-tokiak finkatu eta salmenta-orduak zehazten ziren. Pisu eta neurri ofizialen sistema jartzea udal-kontzejuaren esku egoten zen.161

Hiribilduak ahaide nagusien aurka Hiribilduak sortzean, horien eta landa-eremuaren arteko kontrakotasunak azaldu ziren. Borroka hori Nafarroan eta Araban nabaritu zen lehenik. Nafarroan, Nafarreria eta nobleak alderdi batean eta Iruñeko hiribildua eta monarkia bestean borrokatu ziren 1276an. Eta lehenago ere aipatu dugu Gasteiz eta Salbaterra hiribilduek, Arriagako Kofradiaren kontra izaniko errieta, 1332ko “Borondatezko enrtregarekin” bukatu zena. Bizkaian, ahaide nagusiak hiribilduetan finkatuta zeuden, hantxe ere euren dorretxeak eraikita baitzituzten, eta horietan ere, landa-eremuan bezala, borrokan aritzen ziren: Bilbon Legizamondarrak ziren oinaztarren buru (eta haiei jarraitzen zieten Martiartu, Astunduaga, eta abarrek) eta Zurbarandarrak ganboarrak (Arbolantxa, Basurto, eta abarrekin batera). Gasteiz, Aiara eta Kallejatarren alderdietan erdibanatzen zen. 162 Beraz, leinuen arteko borrokak hirietan ere gertatzen ziren. Eta egoera hartan, hirietako merkatariei ezinbesteko egiten zitzaien, euren jarduera egokiro gauzatu nahi bazuten behintzat, ahaide nagusien kontra, hiritarren elkarteak (ermandadeak) antolatzea. Eta horrela, hiribildu askok bandoen aurka jokatu zuten, haien gerren eta erasoen kontra, alegia. 1477an, Bilbon, Bizkaiko jaunak (aldi berean Gaztelako erregea zenak) aginduta, ermandadeko alkateak eta koadrilak izendatu ziren gaizkileen pertsekuziorako. Bizkaiko jaunek 1483an Garci Lopez de Chinchilla Errege Kontseiluko lizentziatua, bidali zuten Bizkaira, eta horrek, Bilboko hiribilduarekin batuta, ordenamendu bat idatzi zuen, aurrerago Gasteizentzat ezarri zena oinarritzat hartuta: Ordenamenduak, gaitz guztien jatorria leinuen bandoetan zegoela baieztatuta, oso zigor gogorrak ezarri zizkien bandoen alde jokatzen zuten guztiei, eta hiritarrak zin egitera behartuta geratu ziren haietan parterik ez izaten. Bilborako eman zen araubidea gainerako hiribilduetan ere ezarri nahi izan zen. Chinchillaren koadernoa, jakina, oso gaizki hartu zuten Lur zabaleko eta hirietako leinuek.163 Ordenamenduak Bizkaiko jaunak epaile arrotzak bidaltzeko zeukan eskubidea ezartzen zuen. Hiribilduei debekatu egin zitzaien Gernikako Batzar Nagusietara ordezkaririk bidaltzea eta batzarrak deitzeko ekimena korrejidorearen esku geratu zen. Ondorioz, Lur zabala geratu zen Jaurerriaren ordezkari bakar bezala, eta hiribilduen multzoa berriz, talde bezala, ordezkaritzarik gabe gelditu zen. Korrejidorea zen autoritate komun bakarra. Hiribilduak Lur zabaletik aldenduta gelditu ziren. Pase forala bera ere, debekatuta geratu zen. Bizkaiko Foruaren aurkakoa zela eta, laster azaldu ziren Ordenamenduaren aurkako kexuak.164

161 ARIZAGA BOLUMBURU, Beatriz (1996), 78-80 162 CARO BAROJA, Julio (1956), 37 163 ZABALA, Federico de (1971-1973) III lib., 46-47 164 ZABALA, Federico de (1971-1973) III lib., 48 103

Banaketa horrek (hiribilduak alde batetik eta Lur zabala bestetik), 1630era arte iraun zuen, urte horretan itzuli baitziren berriro Bizkaiko hiribilduak Gernikako Batzarretara. Ordurako, bandoen borrokak amaituta zeuden Bizkaian. Gipuzkoako hiribilduak ere gogor altxatu ziren ahaide nagusien eta horien munduaren kontra. Kaletar merkatariek arriskuan ikusten zuten euren lana beti. Ahaide nagusien kontrako borrokan, “Gipuzkoako erregea” esaten zitzaion Menjon Gonzalez Andiakoak gidatu zituen Gipuzkoako hiribilduak. Hirietako klase berriaren, merkatariek osaturiko klasearen eredu eta ordezkaria zen. Gipuzkoan ere, hirien arteko ermandade edo elkartea sortu zen. Ermandadea sortzeko lehen ahalegina 1375ean egin zen Tolosan. 1379an berriro ahalegindu ziren, baina asmoak ez ziren bete. Ermandadea eratzen eragin handia izan zuena, lehen esan bezala, Menjon Gonzalez Andiakoa izan zen, batzarretako eskribau edo idazkaria. 1451ko Batzar Nagusian, Gipuzkoako hiribilduek, Oñatiko ganboar jaunaren Zalgibarreko dorretxea, errausteko agindu zuten. 1456an, “ez Oinazi, ez Ganboari, menik egin gabe, zeren horiek bideetan edo edonon lapurreta eta kalte asko egin ohi zutelako”, ahaide nagusien dorretxeak eraisteko agindu zuten eta haiek Gipuzkoatik erbesteratzea aldi baterako. Euren aldetik, 1456ko uztailaren 31n, ahaide nagusiek, zortzi hiribilduri desafioa jaurti zieten, Azkoitiko sarreran izkribu bat ipiniz. 1457an Enrike IV.a Gipuzkoara etorrita dorre batzuk eraitsarazi eta zenbait ahaide nagusi musulmanen mugaldera erbesteratzeko epaia eman zuen.165

ERDI AROKO DEMOGRAFIA ETA OINARRI EKONOMIKOAK

DEMOGRAFIA Erdi Aroko demografiari buruzko lehen datuak ez dira agertzen 1366ra arte, eta Nafarroari buruzkoak baino ez dira. Beste herrialdeetako berriak XV. mendetik aurrerakoak dira. Dirudienez, desoreka demografikoa izan zen Euskal Herriko iparraldeko isurialdearen eta hegoaldekoaren artean: Iparraldeak demografia-potentzial txikiagoa zuen eta hegoaldeak, ordea, handiagoa. Islamdarren garaian, Euskal Herriak, seguruenik, etorkin hispano-godoak hartuko zituen, baina benetako hazkunde demografiko handia –mendebaldeko Europa guztian legez–, X. mendearen amaieran izan zen. Garai hartan, euskaldunak eurak izan ziren emigratu zutenak, batik bat, Errioxa garaira eta Burgoseko iparraldera. Joera hori ez zen XIII. mendearen amaierara arte bukatu. Hala ere, hazkunde hura, nabarmenen, hiribilduak ugaltzean ikusten da.

165 ZABALA, Federico de (1971-1973) III lib., 49-52 104

XIV.-XV. mendeak, aldiz, krisi-garaiak izan ziren. 1340 inguruan eta handik aurrera sortu ziren hiribildu berriak ez ziren izan populazioaren hazkundearen ondorio, biztanleak, ahaide nagusien borroketatik, harresi barruan babesteko baizik (Mungia, Larrabetzu, Gernika, Markina, etab.).

EKONOMIA Erdi Aroko jarduera ekonomikoak nekazaritza ingurukoak ziren nagusiki: zerealak, mahastiak, fruta-arbolak, basoa, abelazkuntza eta hirietako artisautza txikia. XIII. mendetik aurrera, horien ondoan, burdinaren produkzioa ere aipatzekoa da. Araban, ohiko jarduerez gainera, burdinaren eta gatzaren produkzioak ere garrantzizkoak ziren. Bizkaian ere, XIII. mendeko hazkundearekin, burdinaren ustiakuntza handitu zen eta, berarekin batera, bai arrantzarena ere. Gipuzkoan, 1296tik aurrera ezagutzen dira burdinaren esportazioak Andaluziara. XII. mendetik aurrera, Ipar-Europako merkataritza-ibilbideak antolatu ziren: Gaztelako artilea eta Euskal Herriko burdina esportatu, eta handik produktu landuak inportatzen ziren. Euskal Herriko marinelek garraiolari-lana egiten zuten merkataritza horretan. Portu nagusiek hartzen zuten parte. 1296an Itsasaldeko anaiartea (“Las villas de la marina de Castilla”) sortu zuten honako portu hauek: Santanderrek, Laredok, Castrok, Bermeok, Getariak, Donostiak, Hondarribiak eta Gasteizek. Behin Bilbo fundatuta (1300) hiribildu horretara bildu ziren ekintza komertzial guztiak eta beste portu haien gainbehera etorri zen, batez ere Bermeokoarena.

NEKAZARITZA Nekazaritza (1250-1450). Krisialdia Euskal Herriak IX. mendetik aurrera hazkunde aldia bizi izan zuen. Nekazari-alorrean. Lur landuen zabaltzea izan zen. Hazten ari zen biztanleria mantentzeko, produkzioa handitzea lortu behar zen, eta hori lur landuak zabalduta egin zen. Luberriak hedatzea zen modu bakarra. Lurrik onenak aurretik landutakoak izanik, gero eta kalitate txarragokoak aprobetxatzen hasi ziren, larreak, txaradiak, lur zingiratsuak, aldapak eta basoak, eta hori guztia tresnak eta laborantza-teknikak berritu gabe egin zen. Hazkunde-eredu horrek bere mugak zituen. Gero eta lan handiagoa egin behar zenez, laborantza-lanaren emankortasunak behera egiten zuen. Uzta txarrak eta goseteak gertatzen ziren. Prozesuak 1347an jo zuen gailurra, Izurrite Beltza heldu bezperan, urte hartan izan baitzen goseterik gogorrena Europar-hegoaldean,.166 1347-1350 bitarteko gutxitze demografiko handiak lur-sail landuen atzerakada nabarmena ekarri zuen eta, beraz, laborantza-produkzioaren beherakada handia ere. Ondorioa hustutako herriak agertzea izan zen. Leku asko utzi ziren, nekazaritzarako desegokiak zirelako.

166 FERNÁNDEZ DE LARREA, Jon Andoni (1998), 129 105

Ondorioz, nabarmenki arindu zen gizartearen lurraldearen gaineko presioa. Ez zegoen jada lur-goserik: Legarian (Nafarroa): de tierra blanqua tienen abundancia Acedon (Nafarroa): han tanta tierra quanta pueden labrar con cada dos juntas de bueyes Sorladan (Nafarroa): tienen pro tierra blanqua para labrar para ellos et para otros tantos Hala ere, labore-lurrak soberan izan arren –proportzioan biztanleria asko jaitsi baitzen–, elikadura-arazoak ez ziren konpondu eta, aldizka, goseteak izaten ziren Euskal Herrian, mendebaldeko Europa osoan legez. Uzta txarren arazoa biztanleen eta baliabideen arteko desoreka soila baino sakonagoa zen: lurrak emankortasun apala zeukan eta, etekin gutxi ateratzen zen lanetik.167

XV. mendeko susperraldia Susperraldiaren lehen zantzuak XIV. mendearen azken urteetan hasi ziren nabaritzen: elizak eraiki edo handitu eta parrokia berriak agertzen ziren. Hustutako herriak jendez populatzen hasi ziren berriro. Hiribilduetan ere hazkundea nabari zen: aldiriak edo harresiz kanpoko auzuneak sortzen ziren. Araban, iparraldeko ibarretan –Aiaran eta Aramaion– eta Errioxan izan ezik, biztanleriaren hazkundeari emandako erantzuna ez zen izan, emankortasuna hobetzeko, nekazaritza teknika berriak erabiltzen hastea, labore-lurrak zabaltzea baizik; aurreko krisialdian bertan behera utzitako lurrak berriro okupatzea, alegia. Nekazaritzak iraute-maila lortu zuen eta ekoizpen handieneko eskualdeetako soberakinak (Arabako Lautadakoak, batez ere) Gasteiz eta Aguraingo azoketan saltzeko aukera izaten zen, eta gero, handik kostaldeko lurraldeetara igortzen ziren. Arabako Errioxa ardantzeen ekoizpenean berezitu zen: XV. mendean, mahastiak lekua irabazi zuen luberrien eta labore-lurren kaltetan. XV. mendeko susperraldiak Atlantiko aldeko eremu hezeetako nekazaritza-sistemaren berreraketa ekarri zuen. Laborantzak tokia irabazi zuen abelazkuntzaren aldean. Nabarmen hazi ziren lur landu eta soroak, larre, mendi eta basoen kaltetan. 1450etik aurrera, udalbatzek auzotarren artean banatzen zituzten – errenta baten truke– herri-sailak edo hustutako auzuneetako lurrak. Lur horiek “para faser una casa e casería en dicho lugar” ematen ziren. Nafarroan, XV. mendearen lehen urteetan hasitako demografia- eta ekonomia-hazkundeak eten egin ziren gerra zibila zela eta (Karlos Vianako Printzearen aldekoen eta bere aita Aragoiko Joan II.aren aldekoen artekoa). Gerra hark aurreratzen hasita zegoen susperraldia zapuztu zuen.168

167 FERNÁNDEZ DE LARREA, Jon Andoni (1998), 130 168 DÍAZ DE DURANA, J. Ramón eta FERNÁNDEZ DE LARREA, J. Andoni (1998), 133-136 106

ARRANTZA Ibaietako arrantza Erdi Aroan, ibaiko arraina, osagai baliagarria eta estimatua zen gizakien elikadurarako. Erlijioaren arloko zenbait inguruabar, hala nola garizumaren ospakizuna, ibaiko arrain-kontsumoaren eragingarri gertatu ziren itsas arrantzaz ezin balia zitezkeen barnealdeko lurraldeetan. Arrain motarik estimatuenak gaizkata, izokina, aingira eta kolaka ziren garai hartan. Itsasoko arrantza Arrantzaren funtsezko jarduera izan zen XII. mendearen amaieratik eta hurrengo mende osoan, eta gero eta munta handiagoa hartu zuen Lapurdi eta Gipuzkoako kostaldean. Hauek ziren garai hartako porturik nagusiak: Angelu, Miarritze, Hondarribia, Donostia, Getaria eta Mutriku. Beranduago, Zumaia eta Orio ere. XIII. mendearen amaieratik aurrera, Bizkaiko hiribilduen fundazio- prozesua gorpuztean, Plentzia, Bilbo, Ondarroa, Portugalete eta, batez ere, Bermeo eta Lekeitio nabarmendu ziren. Euskal arrantzaleen eragin-eremuak ez ziren kostako urak bakarrik, XIV. mendearen erdialdetik aurrera, mendebaldetik Asturias eta Galiziako uretan arrantzatzen zuten eta iparralderantz Bretainia, Irlanda eta Ingalaterrako kostetaraino ere heltzen ziren. Balea zen harrapatutako espezie guztietatik ikusgarriena. Euskal arrantzaleek ehizatzen zuten balea Balaena biscayensis izenekoa zen. Haren gorputz-atal guztiak aprobetxatzen ziren: gantzetatik ateratako olioa (saina), biziki estimatua zen argiztatzeko, itsasontziak istinkatzeko edo larru edo oihalak tratatzeko. Balearen larrua lokarriak, gerrikoak eta itsasontzietako sokak egiteko erabiltzen zen. Haragia ere oso preziatua zen, mihia batez ere. Zeroia zen harrapatzen zuten beste zetazeo bat. Haren gantza, ukenduak eta bernizak egiteko erabiltzen zen. Arrain motarik estimatuenak sardina eta bisigua ziren. Aingira, meroa, legatza eta bokarta ere harrapatzen zituzten. Arrantza-teknikak arrain moten araberakoak izaten ziren. Balearen kasuan, behin talaiariak hura ikustean, itsasora irteten ziren txalupak eta ontziak. Harrapakinari hurbiltzen zitzaizkionean, arpoilariaren trebetasuna funtsezkoa zen, balea ehizatu, zauritu eta harrapatzeko. Odolustuta gero, atoian eramaten zuten lehorrera, han zatitzeko. Gainerako arrain moten arrantzarako, aldiz, ausardia baino premiazkoagoak ziren pazientzia eta metodoa. Kalamuzko sareak eta bestelako teknikak erabiltzen ziren. Arraina garraiatzeko, espartzuzko otarrekin osatzen zen tresneria. Itsas arrantza oso arautua zegoen Erdi Aroan. Bizkaian, XIV.-XV. mendeetan itsas marinelen eta arrantzaleen kofradiak sortu ziren Plentzian, Ondarroan, Lekeition eta Bermeon. Gipuzkoan ere, Donostian, Hondarribian edo Deban. Elkarte horien ordenantzetatik antzeman daitekeenez, (1353tik aurrera, beste batzuen artean Bermeoko San Pedro kofradiakoak ezagutzen dira) era askotako funtzioak betetzen zituzten. Beste gremio batzuen antzera, 107 zeregin erlijiosoak betetzen zituzten, hala nola, asteroko mezak eta hildako kofradeen aldekoak antolatzea. Gainera, adin nagusiko kofradeei, elbarrituei edota alargun eta babes gabeko haurrei, laguntzak ematen zitzaizkien arrantzatik sortutako irabazietatik. Bermeon, odol-delituetan izan ezik, kofradiak epaitzen zituen arrantzaleak. Horien artean, bereizketak eta hierarkiak zeuden. Kofradiako agintariak ziren, zenbait arrantza teknika debekatu edota lanerako ordutegiak eta egutegiak zehazten zituztenak. Seineroek erabakitzen zuten, itsasoaren egoeraren arabera, arrantzan irten zitekeen ala ez. Kofradian itzal handia zuen beste kargu bat maiordomoa zen, kofradiaren administrazioaz arduratzen zena. Arrantzaleen artean hiru talde bereizten ziren: mutilak, arrantzaleak eta maestre de pinaza edo patroiak.169

ARTISAUTZA Nekazaritzaz gain beste jarduera batzuk ere ezinbestekoak ziren. Adibidez, zaldunei norbaitek egiten zizkien armak. Nekazariek ere tresnak behar zituzten lurra lantzeko, eta bai batzuek eta bai besteek, oihalak janzteko. Premia horiek asetzeko, eskulangintza eta industria zeuden.

Burdingintza - XI.-XIII. mendeak Burdingintzak baldintza ezin hobeak zituen Euskal Herrian: oso kalitate handiko mea zegoen eta, gainera, meatzeak eskura zeudenez, erraz ustia zitezkeen. Burdinolarik zaharrenak mendietako haize-olak edo agorrolak ziren: burdina goritzeko, hauspodun sutegietan, bat bestearen gainean, mea eta erregai-geruzak jartzen ziren. Hauspoei eragiteko eta burdina mailukatzeko gizakiaren indarra erabiltzen zen. Araban burdingintza lehenago abiatu zen. Donemiliagako monasterioak zergak eskatzean XI. mendean, Gipuzkoari eta Bizkaiari abelburuak eskatzen zizkien bitartean, Arabari burdinazko produktuak eskatzen zizkion. XIII. mendearen erditik aurrera, apurka-apurka, ola mota berriak ordezkatu zuen mendiko ola zaharra: zeharrola edo hidraulikoa (urak ibilarazitakoa) agertu zen. Gurpil batek ibaiaren korronteaz baliatuta hauspo handi bati eragiten zion, eta horrek indarrez sartzen zuen haizea labean. Sistema hidraulikoak mailu handi bati ere eragiten zion, eta horrela, azkar eta indar handiz jotzen zen labetik ateratako burdina goria. Produkzioa azkartu eta hobetu egin zen. Burdinolen lekua menditik ibai- ertzera aldatu zen. Langileak lau izaten ziren gutxienez: bi urtzaile, ijele bat (burdinari xafla forma ematen ziona) eta beste langile bat labean sartu aurretik mea txikitzen zuena. Olan bertan ez bazen ere, langile gehiagok hartzen zuen

169 LEMA PUEYO, José Ángel (1998), 137-138 108 parte prozesu hartan: meatzariek eta ikazkinek, esate baterako, lehengaia eta erregaia (egur-ikatza) eskuratzen arduratzen zirenak.170

- XIV.-XV. mendeak Bizkaian eta Gipuzkoan burdinaren produkzioak gorakada handia izan zuen XIV.-XV. mendeetan. Kanpo-merkataritza izan zen burdinaren ekoizpenaren bultzatzaile nagusia. Euskal Herriko burdinak arrakasta handia izan zuen XV. mendean Ingalaterra, Frantzia eta Flandeseko merkatuetan. Uste da Bizkaiak eta Gipuzkoak 9.000-11.000 tona burdina inguru ekoizten zutela garai hartan, hau da, Europako mendebaldeko produkzioaren %20-25 gutxi gorabehera. Gipuzkoan, olen dentsitaterik handienak honako leku hauetan zeuden: Deba ibarrean, Oria ibaiaren eta bere adarren ertzetan, Zarautz eta Zegama bitartean, Urumearen ertzetan (Hernani parean batez ere), Oiartzunen eta Irun aldean. Bizkaian, mendebaldean Busturiako merindadea, ekialdean Markinakoa, Durangaldea, Bilbo ingurua eta Enkarterri (Gordexola bereziki) ziren olen dentsitaterik handiena zuten guneak. Olak jabe bat edo gehiago izan zezakeen. Batzuk jabeak berak ustiatzen zituen, eta beste batzuk errentan uzten ziren. Jabe haiek, batez ere, ahaide nagusiak, udal-kontzejuak eta merkatariak izaten ziren. Burdingintzari loturiko jardueren artean armagintza nabarmendu zen, batez ere, Eibar, Soraluze, Markina eta Gasteizen. Arma mota asko egiten zen, babeserako (altzairuzko jantziak, bularrekoak eta burukoak, burdinsarezko gerruntzeak eta besape-babesak, ezkutuak, etab.) eta erasorako (azkonak, baleztak, aiztoak eta labanak, dardoak, aizkorak, ezpatak, lantzak, geziak, etab.); suzko armak ere egiten ziren (kanoiak, artilleriako jaurtigaiak, etab.) Baina armak ez ezik, beste gauza asko ere egiten zen burdinaz. Ontzigintzak eta nekazaritzak, esate baterako, metalezko tresna askoren premia zekarten (aingurak, iltzeak, ferrak, laiak, goldeak, aitzurrak, etab.).171

Ontzigintza XIII. mendean, nabigazioak aurreratze handia izan zuen Gipuzkoan eta Bizkaian. Faktore positiboak zeuden Euskal Herrian jarduera horretarako. Lehengai ugari zegoen (zura eta burdina) eta, gainera, marinel eta itsasgizon trebatuak eta portu natural asko. Handitu egin zen itsasontzien eskaria, bai arrantzarako, merkataritzarako eta bai gerrarako ere. Ontziolak Lekeition, Bermeon, Portugaleten, Bilbon, Deustun, Hondarribian, Donostian eta Getarian zeuden. Bajelak, naoak eta karabelak ziren XIV. mendean egiten ziren ontzi mota nagusiak, eta galerak, karrakak eta galeoiak XV. mendean.

170 LEMA PUEYO, José Ángel (1998), 139 171 LEMA PUEYO, José Ángel (1998), 140-141 109

Oihalgintza Oihalgintza ez zen Euskal Herriko sektore nagusietakoa Erdi Aroan. Bazegoen, antzinatik zetorren oihalgintza tradizionala, lehengaitzat artilea eta batez ere lihoa erabiltzen zuena. XV. mendean, hiru oihalgintza-gune sortu ziren Gasteizen, Bergaran eta Durangon, eta beste bat, apalagoa, Balmasedan. Lantegi horietan ez zen oihal finik egiten, arrunt samarra eta merkea baizik, herri xehearen premiak betetzeko. Oihal fina Flandesetik inportatzen zen. Larruzko eskulangintzak Gasteizen hartu zuen garrantzia garai hartan.172

MERKATARITZA Merkataritza Euskal Herriko jarduerarik inportanteenetakoa izan zen XIV. eta XV. mendeetan. Hiru espazio guztiz desberdinak bereiz zitezkeen jarduera hartan: 1. Herriko merkataritza, batez ere hiriguneak hornitu eta horietako eskulanak merkaturatzeko helburua zuena. Jarduera horretan, eragin handia izaten zuten asteroko merkatu-egunek. 2. Eskualdeko merkataritza. Eskualdeko soberakinen esportazioan eta toki batzuetan falta ziren merkantzien inportazioan oinarritzen zen: Nafarroako eta Errioxako ardoa edo Gesaltza Añanako gatza kostaldera merkaturatzea, Baionatik eta Bizkaiko edo Gipuzkoako kostaldetik zetorren arraina barrualdera garraiatzea, edota burdina falta zen tokietara helaraztea. 3. Nazioarteko merkataritza. Euskal Herriak oso esku-hartze nabarmena izan zuen horretan.

Hiru aldi bereiz daitezke merkataritzaren jardunean: 1. XI.-XII. mendeak 2. XIII. mendea 3. XIV.-XV. mendeak XI. eta XII. mendeetan, lehorreko bideetatik gauzatzen zen batez ere, salgaien trafikoa; XIII.-XV. mendeetan, berriz, itsasoko trafikoa nagusitu zen. Garraioaren garestitasuna zela eta, lehen fasean pisu gutxikoak izaten ziren ohiko merkantziak, txikiak neurriz baina garestiak prezioz. Itsasoko merkataritza zabaldu zenean, berriz, merkatu egin ziren joan-etorriak eta horrela, pisu eta bolumen handiagoko gaiak garraiatzen hasi ziren, prezioz merkeagoak, baina bezero gehiagori zuzendutakoak. XI.-XII. mendeetan, ekialde-mendebaldeko ardatzak bideratzen zuen merkataritza, Donejakue Bidean zehar, Arabatik eta Nafarroatik, penintsula Europarekin harremanetan jarriz. Baina XIV.-XV. mendeetan, aldatu egin zen

172 LEMA PUEYO, José Ángel (1998), 141-142 110 ardatza eta ipar-hegoaldekoa izan zen merkataritzaren norabide nagusia, itsasaldea barneko lurraldeekin lotzen zituena. Kasu horretan, gainera, bikoitza zen ardatza: lehenak, Bizkaiko kostaldea eta Gipuzkoako mendebaldea hartzen zituen eta, Arabatik, Meseta aldera luzatzen zen. Bigarrenak, Baionatik eta Gipuzkoako ekialdetik abiatuta, Iruñean zehar igaro ondoren, Ebroko ibarrera jotzen zuen.173

- XI.-XII. mendeak 1.000. urte inguruan, Astorga eta Bordele lotzen zituen galtzada erromatarra zen Euskal Herriko komunikazio-bide eta merkataritza-ardatz nagusia. Donejakue Bidea izateko moldatu zen: XI. eta XII. mendeetan hiri-sail bat sortu zen Bidearen inguruan (Lizarra 1084an, Zangoza eta Gares 1122an, Iruñeko San Sernin 1129an, Elo 1149an). Era askotako merkantziak salerosten ziren: batzuk Iruñeko merkatua hornitzeko ekartzen ziren, hala nola, burdina eta burdingaiak eta kalitate ertain eta apaleko ehunak; beste batzuk atzerrira esportatzen ziren, abereak batik bat eta luxuzko gaiak, Bruselako ehunak edota ekialdeko eskulanak. Lehorreko komunikazio-bideekin batera, XII. mendearen erdialdean, merkataritza Atlantikora zabaltzeko baldintzak sortu ziren: Baiona izan zen prozesu horretan aitzindaria 1122tik aurrera.174

- XIII. mendea XIII. mendean aldaketa asko eta sakonak gertatu ziren: aldaketa positiboak. Honako faktore hauek jokatu zuten: 1. Hazkunde demografikoak. 2. Hirien eta azoken hazkundeak. 3. Konkistak aurrera egiteak. 4. Gaztelako ardi-aziendaren hazkundeak eta, aldi berean, Flandeseko ehungintza-guneen artile-eskaera gero eta handiagoak. Gaztelako monarkiak Atlantikoko kostaldean pribilegiozko foruak bultzatu zituen bai kostaldeko guneetan (Hondarribia 1203an, Getaria eta Mutriku 1209an, Bermeo eta Plentzia 1236an, Zarautz 1237an), eta bai kostaldearen eta barnealdearen arteko komunikazio-bidean zeuden guneetan ere (Balmaseda 1199an, Urduña 1229an, Otxandio 1254an, Tolosa, Segura eta Ordizia 1256an, Arrasate 126an eta Bergara 1268an). Horrekin guztiarekin, Euskal Herriaren bitartekaritza bultzatu nahi zen hegoaldeko eremu produktoreen eta Europako iparraldeko eskulangintza guneen artean. Prozesu hori, gainera, sendotu egin zen 1296an, “Itsasaldeko Ermandadea” (“Las villas de la marina de Castilla”) sortu zenean. Elkarte hartan kostaldeko Santander, Laredo, Castro Urdiales, Gasteiz, Getaria, Donostia, Hondarribia eta Bermeo zeuden Gasteizekin batera.

173 ALBERDI, José Ignacio (1998), 144 174 ALBERDI, José Ignacio (1998), 144 111

Bestalde, eta Donostia 1200ean galdu bazuten ere, Nafarroako agintariek euren erreinuarentzako itsasoko irteera baten bila jarraitu zuten. Baiona ez zitzaien leku ezezaguna eta etengabeak izan ziren XIII. mendetik aurrera, nafarren eta baionesen arteko harreman estuak. Garai hartan, Baionako itsasontziak Bordele aldera jotzen zuten: batez ere, Arroxela aldera. Han, eskualdeko ardo preziatuak hartzen zituzten Flandeseraino eramateko.175

- XIV.-XV. mendeetako zabaltzea Erdi Aroko azken bi mendeetan, zabaldu eta sendotu egin zen Euskal Herriko merkatarien jarduna Europako Mendebaldeko komertzioan. Zabaltze hori nekazaritzaren eta sistema feudalaren krisi garaian gertatu zen. XIV. mendeko krisiak beste ondorio garrantzitsu bat ere izan zuen Bizkaiko kostaldean: mendearen aurreneko hamarraldian foru-agiriak eman zitzaizkien portu berriei, Bilbori (1300), Portugaleteri (1322), Lekeitiori (1325) eta Ondarroari (1327). Krisiak kostaldean izan zuen lehen emaitza, Bermeoren beheraldia izan zen. Bilbok, ordea, gorantz egin zuen orduan eta Bizkaiko kostaldeko portu nagusi bihurtu zen. Garai hartako dinamika politikoak erabat ukitu zituen jarduera komertzialak: Gaztelako Santxo IV.ak, 1293an aliantza bat egin zuen Frantziarekin, Ingalaterraren arerio bihurtuz; ondorioz, ohiko merkataritza- trafikoa oztopatuta geratu zen: etsaien arteko borrokek, itsasontziak gerrarako erabiltzeak, Flandeseko egonkortasun faltak eta Mantxa itsasarteko piraten erasoek, izugarri trabatzen zuten merkataritza. Baina, bestalde, garai berean jazo zen Frantzia eta Ingalaterraren arteko gerrak, euskal merkatarien lehiakideak (Hansako Ligakoak) uxatu zituen Bizkaiko Golkotik, eta horrek, Frantziako kostaldean Gaztelako koroaren inguruko koloniak jartzea ekarri zuen: Arroxelan, Nantesen edo Rouenen. Hori guztia, beraz, Euskal Herriko merkatarien mesedetan izan zen. XV. mendearen erdialdean, Gaztela eta Ingalaterra elkarrengana hurbiltzea gertatu zen eta bion arteko merkatari-loturak ere estutu egin ziren. Hauek ziren XIV eta XV. mendeetan trukatzen ziren merkantziak: artilea eta burdina esportatu egiten ziren eta inportatu, berriz, ehunak, garia eta manufakturak. XIV. eta XV. mendeetan, euskaldunak Mediterraneo aldeko portuetara ere joaten hasi ziren. Inguru hartan garraiatzaile ibiltzen ziren soilik.176

NAFARROA: ERREINUAREN AZKEN KRISIA 1425-1521 Karlos III.a “Prestuaren” heriotzarekin, barne-borroken garaia hasi zen Nafarroan. Garai hartako ezaugarriak monarkiaren ahulezia, nobleziaren handinahi eta oldarkortasuna, gerra zibilak eta Nafarroaz jabetzeko, Frantziaren eta Gaztelaren interesak izan ziren.

175 ALBERDI, José Ignacio (1998), 145-146 176 ALBERDI, José Ignacio (1998), 146 112

Joan II.aren garaian hasi zen krisia. Joan (Aragoiko printzea) eta Zuria Nafarroakoa koroatu zirenean (1429), Nafarroako Gorteek Zuria izendatu zuten erregina; erregea ezkontide soila besterik ez zen. Hala ere, Joanek, bere Gaztelako ondasun handiei eusteko, Gaztelaren kontrako gerran konprometitu zuen Nafarroa, eta horren ondorioz, Nafarroak Cabredo, Genevilla, Guardia eta beste hiri batzuk galdu zituen. Zuria erreginak, testamentuan (1439), bere seme Karlos, Vianako printzea izendatu zuen oinorde. Hortaz, 1441ean erregina hiltzean, Karlosek izan behar zuen errege, baina aitak (Joanek) ez zuen egoera onartu eta Gaztelaren kontrako gerrari ekin zion, Nafarroako errege legez jokatuz. 1447an, Joan, Gaztelako Almirantearen alaba Joana Enriquezekin ezkondu zen. Bigarrenez ezkontzean, Nafarroako monarkiaren “gozamen- eskubidea” galtzen zuen. Hala ere, ez zuen etsi eta, gainera, bere emazte gaztelaua ekarri zuen Oliteko errege-gaztelura. Karlosek ihes egin zuen, Gipuzkoa aldera lehenago (1450) eta Donibane Garazira gero. Erregetzaren “lapurretak” bi alderdi sortarazi zituen Nafarroan: - Karlosen aldekoak (besteak beste, Luis Beaumont, Lerineko kondea eta Nafarroako kondestablea zena) - Joanen aldekoak (besteak beste, Piarres Peraltakoa eta Pedro Nafarroakoa “Agramonteko jauna” eta Nafarroako mariskala zena) Aita eta semearen arteko liskarrak gerra zibila leherrarazi zuen laster, Oibarren Karlos printzea atxilotu zutenean: agaramontarrak beaumondarren kontrako gerra zibila. Agaramontarrak Erriberan, Tuteran, Lizarran eta Erronkarin ziren nagusi; Beaumondarrak, berriz, Iruñean, mendialdean, Oliten eta Leringo konderrian. Don Joanek bere hirugarren alabari eskaini zion tronua: Leonorri eta haren senar Foixeko kondeari. Karlos printzeak kartzelatik askatu ondoren Italiara jo zuen eta Napolin ezkutatu zen. 1460an Bartzelonara joan eta kataluniarrek pozez hartu zuten. Hala ere, aitak berriz atxilotu zuen Lleidan (1460), baina askatu behar izan zuen kataluniarrek hala eskatuta. Azkenean, Bartzelonan hil zen Karlos printzea, 1461ean. Erregetzarako oinordetza bere arreba Zuriarena zen. Baina hura Foixeko kondeak atxilotu eta Orthezen kartzelan sartu zuen (1462). 1464an hil zen, pozoituta, antza. Foixeko kondearen emazte Leonor izendatu zen erregina. Luis XI.a Frantziakoak eta beaumondarrek Leonorren eskubideen alde jokatu zuten orduan. Don Joanek baina, bere sasi-alaba Leonor, Luis Beaumontekin ezkondu zuen, haren alderdia bereganatzeko. Horrela, Leringo kondea (Luis Beaumont) Aragoiko Fernandoren (Don Joan eta Joana Enriquezen semea) koinatu bihurtu zen. Don Joan hil arte egon zen errege Nafarroan (1479). Orduan, Leonor izendatu zuten erregina baina handik hamabost egunera hil zenez, erreinua, haren bilobarentzat geratu zen: 11 urterekin izendatu zuten errege Francisco Febo (Foixeko Gastonen eta Frantziako Magdalenaren semea). 113

Bitartean, batetik, Luis XI.ak bere agintea ezarri zuen Frantzian, eta, bestetik, Aragoiko Fernandoren eta Gaztelako Isabelen ezkontzak penintsulako bi erreinu nagusiak batu zituen koroa berean. Bitartean Nafarroa, Pirinioen bi isurialdeetan ezarrita, herrian sustraitu gabeko erregez gobernatuta eta bandoetan zatituta, bi monarkia boteretsu haien esku zegoen. Francisco Febok (1479-1483) eta haren ama Magdalenak agaramontarren sostengua zeukaten eta beaumondarrekin ere bakea sinatu zuten Agoitzen. Baina laster piztu zen borroka berriro, Leringo kondeak (beaumondarren buruak) Filipe Nafarroako mariskala (agaramontarren burua) hil zuelako (1480). Giro horretan egin zuten Francisco Febo Nafarroako errege. Handik gutxira hil zen, 1483an. Haren arreba Katalina egin zuten orduan erregina. Albreteko Joanekin ezkonduta (1484), 1494an biak koroatu zituzten Iruñean. Errege-erregina berriek Leringo kondea zen Luis Beaumonten kontra ekin, hari ondasunak konfiskatu eta desterratu egin zuten (1495). 1511n, Liga Santua eratu zen (Julio II.a Aita Santuaren, Aragoiko Fernando Katolikoaren eta Veneziako dukearen artean) frantsesak Italiatik kanporatzeko. Fernando Katolikoak ahaleginak egin zituen Nafarroako erregeek euren alde joka zezaten (Liga Santuaren alde eta frantsesen kontra, alegia). Baina Nafarroako errege-erreginek, neutral geratuta, Frantziako Luis XII.arekin Bloiseko ituna (1512ko uztailaren 18an) sinatu zuten. Gauzak horrela, Aragoiko (eta Gaztelako) erregeak, Fernando Katolikoak erreinua konkistatzea erabaki zuen. Armada gaztelauak Burundatik sartu eta Nafarroa inbaditu zuen. Albako dukeak agintzen zuen armada horretan, gipuzkoarrak, arabarrak eta bizkaitarrak ere baziren, eta jakina, Nafarroan bertan, beaumondarren laguntza izan zuten. Uztailaren 25ean Iruñeak amore eman zuen borrokarik gabe, eta Nafarroako erregeek Biarno aldera jo behar izan zuten. Egun gutxiren buruan, erreinu osoa okupatu zuten gaztelau- aragoitarrek. Tutera hiri agaramontarrak azkeneraino eutsi zion borrokari. 1512ko uztailaren 31ko aginduan adierazten zuenez, errege Katolikoak Nafarroa inbaditzeko izan zuten arrazoia hauxe izan zen: Nafarroako erregeek, Frantziako errege eskumikatuarekin adiskidetasuna erakutsiz, Frantziarako bidean zihoazen Gaztelako Liga Santuko tropei ez zietelako Nafarroan zehar pasatzen utzi. Gainera, bere helburua ez zela erreinuaz jabetzea adierazten zuen, gerrak zirauen bitartean okupatuta edukitzea baizik. Baina Albako dukeak Iruñea hartzean, hiriko ordezkariak erregetzat Fernando Katolikoa aitortzen behartu zituen, horretarako Aita Santuaren Bulda bat aipatzen zuen. Haren arabera, pontifizeak Gaztela eta Aragoiko Fernando izendatzen zuen Nafarroako errege. Ez zen, hortaz, behin-behineko okupazioa izan, behin betikoa baizik eta justifikazioa, bulda hura. Joan Albretekoa erreinua berreskuratzen saiatu zen, baina alferrik izan zen. 1516ko saioan, Gaztelako agintariek Pedro Nafarroakoa, “Erreinuko Mariskala”, atxilotu eta exekutatu egin zuten Simancasen. Albreteko Henrike II.ak lortu zuen erreinua berreskuratzea, baina berriro galdu zuen Noainen, 1521ean. Aipatzekoa da dinastia legitimoarekiko nafar leialek egin zuten Amaiurko gazteluaren defentsa harik eta, azkenean, 1522an errenditu ziren arte. 114

Albret etxeko errege-erreginek, Nafarroa osoan barik, Nafarroa Beherean gorde zuten aginpidea. Harik eta 1589an, Nafarroako Henrike III.ak, Frantziako errege bilakatu zelarik (Henrike IV.a Frantziakoa izenarekin), bi erreinuak koroa berean elkartu arte.177

Nafarroa, Gaztela eta Aragoiko koroara bilduta Behin Nafarroa konkistatuta, Fernando Katolikoak bat zezakeen Nafarroa bere koroara, erreinuaren foru eta arau propiorik aitortu gabe, baina ez zuen hori egin. Nafar guztiek bai agaramontarrek eta bai beaumondarrek, Nafarroako erregimen politiko propioa defendatzen zutela ikusita, Nafarroako erreinuaren ezaugarri propioak mantentzea erabaki zuen. Han jarritako erregeordeari, Diego Fernández de Cordobari, bere izenean, Nafarroako foruak, legeak, ordenantzak, usadioak, ohiturak, askatasunak eta exentzioak zin egiteko agindu zion. Hori egin zen 1513ko martxoaren 23an Iruñeko Gorteetan. Nafarroako erreinuak, hortaz, erreinu izaten jarraitu zuen, erregimen propioari eta independenteari eutsiz. Gertatutakoa ez zen, errege-leinu aldaketa besterik izan. Hala ere, Gaztelan eta Nafarroan errege bera izateak, eragin zuzena izan zuen Nafarroako erregimen politikoan. Handik aurrera, bi erreinuek kanpo-politika bera izango zuten. Jokabidea erregeak markatuko zuen eta, ondorioz, Nafarroaren kanpo-politika propioa deuseztatuta geratu zen. Gorteek, ordutik aurrera, ez zuten kanpo-politikako erabakietan parterik hartuko, ezta gerra deklaratzeko edo bakeak sinatzeko ere. Nafarroa bi zatitan banatuta geratu zen harrezkeroztik: - Nafarroa Garaia, Fernando Katolikoaren esku eta Gaztela eta Aragoiko koroara batuta. - Nafarroa Beherea, Albret familiari lotuta (Henrike II.a Albretekoa, Frantziako errege Francisco I.aren arreba Margarita Angulemakoarekin ezkondu zen).178

Nafarroaren konkistarako argudiotzat erabili ziren buldak Bi bulda nagusi erabili ziren: Pastor ille Caelestis bat, eta Exigit contumacium delakoa bestea, Julio II.a Aita Santuarenak biak. Lehenengoak 1512ko uztailaren 21eko data dauka, Nafarroaren inbasioaren egun berekoa. Zenbait autoreren iritziz (Boissonade), Pastore ille Caelestis buldak, Nafarroako erregeak eskumikatu egiten zituen: Aita Santuaren edo haren lagunetariko edozeinen kontra borroka edo harekin akordioak egin zitzan oro eskumikatzen baitzuen. Nafarroako erregeek adiskidetasun-ituna egin zuten Frantziako erregearekin (Bloiseko ituna, 1512ko uztailaren 18an). Akordio haren arabera, Gaztelako erreinuaren kontra borrokatzera edo Frantziako erreinuaren kontra borrokatzera zihoakeen edozein armadari, pasorik ez uztera behartuta zegoen Nafarroa, horrela bere neutraltasuna adierazteko.

177 ZABALA, Federico de (1971-1973) III lib., 124-164 178 ZABALA, Federico de (1971-1973) III lib., 166-168 115

Zail da Bloiseko ituna, Aita Santuaren eta horren lagunkideen kontrako elkartetzat hartzea eta ez daiteke hortik atera Pastore ille Caelestis buldak Nafarroako errege-erreginentzat eskumikurik ekar zezakeenik. Buldan, gainera, haiek ez ziren aipatu ere egiten. Gainera, bulda hura Nafarroaren konkista hasi zen egun berekoa zela kontuan hartuta, ezin zitekeen inbasioaren euskarria izan. Aragoiko Fernandok ezin ezagutu zezakeen bulda konkistari ekin zionean, horregatik ez zuen aipatu ere egin bere aginduan. Haren berri izan zuenerako –abuztuaren azkenaldian–, menperatuta zeukan Nafarroaren parterik handiena. Beste bulda, Exigit contumacium delakoa, Nafarroako erregeen aurka bereziki eginda zegoen, haiek eskumikatu eta haiei erregetza ukatzeko; gainera, erreinua okupa zezanari, legezko jabetza ematen zion. Bulda hura 1513ko otsailaren 18an aurkeztu zen, hau da, behin Nafarroaren konkista bukatuta. Horrela bada, bulda hura Fernando Katolikoak eskatuta aurkeztu zela ulertu behar da; hau da, a posteriori, konkista justifikatzeko. Fernando Katolikoaren iloba Karlos I.a ez zegoen oso seguru aitonak egindakoa gizalegekoa ote zen, eta 1554an, bere seme Filiperi agindu zion Nafarroaren anexioa legitimoa zenetz azter zezan, eta, hala ez bazen, hango erregeei itzultzea pentsatu behar zela. Hala ere, bazegoen ez itzultzeko arrazoirik: ordurako Nafarroako erregina Joana III.a kalbinismora bihurtuta zegoen eta Filipe II.ak teologoekin batzarra eginda Nafarroa, Gaztela eta Aragoiko koroari lotuta edukitzea erabaki zuen.179

Nafarroa Beherea 1513ko udaberrian armada gaztelauak Nafarroa Beherea okupatu zuen. 1516an eta 1521ean Albretekoek berreskuratu zuten, baina Noaingo guduaren (1521eko ekainaren 30ean) ostean, Donibane Garaziko gaztelua soldadu gaztelauek okupatuta egon zen. 1523tik aurrera eta hurrengo urte osoan, oste gaztelauak Nafarroa Beherean egon ziren. 1527tik 1530era bitartean, Karlos I.ak Nafarroa Beherea abandonatu egin zuela onartzen dute historiagileek. Agiriek adierazten dutenez, 1524an, herrialde horretako estatuak (gorteak, alegia) Donapaleun bildu ziren Mosen Bernat d´Abbadie kantzilerrarekin Henrike Albretekoari leialtasun-zina egiteko. Handik eta 1530era agiriek ez dute erakusten Albretekoen inguruan egindako gorterik. Aitzitik, 1527ko irailaren 28an, Nafarroako erregeordearen ordezkaria buru zela, Donibane Garazi hiriko agintariek eta herritarrek, Karlos I.ari egindako leialtasun-zina erakusten dute Iruñeko artxiboko aktek. Baina bertan ez da esaten Nafarroa Behereko beste hiri, herri edo ibarretako ordezkariek berdin jokatu zutenik. Segur aski, Nafarroa Beherea berreskuratzeko saio hark ez zuen bere helburua lortu. 1527tik aurrera ez dago Karlos I.aren administrazioak Nafarroa Beherean zergak biltzen zituen arrastorik, nahiz eta funtzionario gaztelauen presentzia izan bertan 1528an eta 1529an (Pedro Armendarizkoa, esate baterako).

179 ZABALA, Federico de (1971-1973) III lib., 159-162 116

Nazioarteko abaguneak azal dezake Karlos I.aren politika-jokabidea aldatzea: Frantziako Frantzisko I.aren eta enperadorearen artean egindako Cambraiko tratatuak Nafarroa Behereko gatazkaren amaiera eskatzen zuen. Ordurik aurrera, herrialdea Frantziako erregearen eraginpean gelditu zen.

Bernart Etxepare Konkistaren ingurune horretan ageri da Bernat Etxepare, euskaraz inprimatutako lehen liburuaren egilea. Etxepare Eiheralarreko (Saint-Michel) erretore eta –Baionako apezpikuak eta Gaztelako erregeak izendatuta– Garaziko bikario nagusia izan zen. Alba dukearen armadak Ainhize-Monjolose suntsitu ondoren, Etxepare herritarren ordezkaria izan zen agintari gaztelauen aurrean. Garaiko giro nahasi hartan, 1516an, Donibane Garazi setiatu zuenean Henrike II.a Albretekoak Etxepare atxilotu zuen –poema batean azaltzen duenez, preso egon zen Biarnon–, segur aski, Gaztelako erregearen alde jokatu zuelako. Aurretik, 1512ko konkista baino lehen, Etxepareren familia –Sarrasketar etxe noblekoa zen berau– Agaramonteko jaunarekin auzitan jarri zen Orreagako bidesariak zirela eta. Orreagako monasterioko kalonjea zen Joan Orbarakoak –geroago Amaiurko gazteluan setiatuta egon zirenen defendatzaileak– ere salatu zituen Etxepareren jokabideak. Eiheralarreko patronatua Sarrasketako Etxeparia etxeari zegokion, eta XII. mendetik aurrera Orreagako monasterioak haren eremuan ondasunak eta eskubideak zituenez, segur aski, hura Nafarroaren konkista baino lehenagoko gatazka zen. Etxepare atxilotu izana, zalantzak, ezegonkortasuna eta subiranotasun-aldaketak ohikoak ziren garai hartako testuinguruan kokatu behar da.180

180 GOYHENETCHE, Manex (1999) II. lib., 98-102 117

ARO MODERNOA

Barneko Euskal Herria eta kanpoko Euskal Herria Euskal Herria, Aro Modernoan, zenbait herrialdek osatutako multzoa zen, eta horietako bakoitzak aurreko garaietako arau eta lege propioei eusten zien. Penintsula aldeko herrialdeak, Gaztela eta Aragoiko koroaren inguruan zeuden eta kontinente aldekoak Frantziako koroaren inguruan. Bi koroa boteretsu haiek mundu osoan enpresa propioetan murgilduta zeuden. XVI. mendetik XVIII.era, euskal herrialdeak, oro har, eroso sentitzen ziren monarkia haien inguruan eta, gehienetan, leialtasunez hartzen zuten parte erreinuon ekintzetan. Nahiz eta garai hartan Europa osoan absolutismoaren jarrera zentralizatzaileak ezarrita egon, euskal herrialdeek euren egitura juridiko-politikoen parte nagusiari eutsi zioten, Aro Modernoaren azken unera arte behintzat. XVIII. mendearen bukaerara arte, euskal herrialdeetan ez zen istilu handi askorik jazo eta izandakoetan erregeak (edo jaunak) amore ematen ohi zuen azkenean. Salbuespena 1611n Luis XIII.ak Nafarroa Beherean inposatu zuen Foruen koadernoa izan zen eta, berarekin herrialdea Frantziako koroa barruan sartzea. Bestalde, Karlos V.aren eta Filipe II.aren kontzepzio inperialean kolaboratu zuten hainbat idazkari eta ekonomialari euskaldunak ziren (Idiakez, Ertzilla, Garibai, Azpilkueta, etab.). Era berean, euskaldun asko ikusten zen, ozeanoz haraindiko lurraldeak aurkitzen, konkistatzen, kolonizatzen, ebanjelizatzen eta bai ekonomikoki esplotatzen ere. Horietako batzuek fundatutako hiriak gaur Ameriketako hiriburu dira, hala nola, Buenos Aires, Montevideo edo Asuncion. Juan Garai, Bruno Maurizio Zabala, Domingo Irala eta beste hainbat ez ziren aritu Bizkaia edo Gipuzkoa ordezkatzen, Gaztela eta Aragoiko erregearen izenean baizik. Frantziako estatuaren inguruan jardun zutenak ere aipa daitezke: Saint Cyran, Joseph Garat, Harizpe mariskala, etab.181 Antzinako Erregimenean penintsulan ezarrita zegoen botere sendoan eta haren enpresetan parte hartzea oso ondo etorri zitzaien euskaldunei ere. Kontuan izan behar da, garai hartan Euskal Herriko ipar-isurialdeko herriak nekazaritza-arloan pobreak zirela, eta lurraldeak ez zuela ematen biztanleak mantentzeko beste; hainbatek kanporako bidea hartu behar izan zuen bizimodua ateratzeko edo egoera hobetzeko. Poza lizentziatuak, XVI. mendearen azken aldean, idazten zuenez, jendea estu bizi zen Bizkaian. “Guipuzcoa está pobladísima – zioen Larramendik – y tan llena de hombres y mujeres, que puede decirse que están sus pueblos hirviendo de gente”. Jende gehiegi zegoen guztiontzat janaria izan zedin. Etxetik lan bila alde egin beharra zegoen, “para amatar la gana de comer”. Lurrak ez zuen ematen guztiak elikatzeko. “Behar da aitortu ez dugula oliorik, ez ogirik apur bat baino” zioen Larramendik. Esan behar da Ameriketatik ekarriko ziren patata, artoa eta babarrunak ez zirela artean ezagutzen. Ardoa

181 AZAOLA, José Miguel de (1972), 231 118 eta batez ere garia, inportatu egin behar ziren, gehienetan Gaztelatik. Uzta txar batek gosez hil beharra zekarren jende askorentzat.182 Eskola zen irtenbideetako bat: eskribau, idazkari, kontseilari eta bestelako karguak. Horiek Gaztelan bilatu behar ziren. Eta eskola egiteko ere Gaztelara jo behar, eta makina bat joaten zen. Gipuzkoar askok judu merkatariengana, eskribauengana eta letratuengana bidaltzen zituzten semeak estudiatzera. Caro Barojak dioenez, XV.aren azken aldean gehiago ziren eskoletara zihoazenak armetara baino. Euskal literaturako idazle nagusietako batek, Axularrek, Salamancan estudiatu zuen. Larramendi bera Salamancako irakaslea izan zen. 183 Gosearen atzetik, sarri izurritea zetorren. Horixe gertatu zen, adibidez, 1506ko lehortean. XVI. mendean gosete eta izurrite asko ezagutu ziren. Ondorioa emigrazioa izaten zen eta euskaldun askok Gaztelara eta Indietara jotzen zuten. Beste irtenbideetako bat mertzenarioaren lana ohi zen. Espainiako erregea enpresa militar handietan sartuta zegoen eta ez zitzaion haietan euskaldunik falta. Frantziako Errege Frantzisko I.a Hernaniko Joan Urbietakoak hartu zuen Pavian preso. Hiru mila bat euskaldun egon zen gudu hartan184. XVI eta XVII. mendeetan, euskaldunak mundu guztian zabalduta zebiltzan, Flandesen, Italiako gerretan, Ameriketan, hango eta hemengo itsasoetan: Elkano, La Cosa, Legazpi, Irala, Garai, Joan Urbietakoa, Katalina Erausokoa, Lope Agirrekoa, Saint Cyran, Inazio Loiolakoa, Frantzisko Xabierrekoa, Zumarraga…185 Antonio Nebrijaren esanetan, euskaldunak langile onak ziren, laborari lehiatuak, merkatari abilak, letratu argiak eta notari zintzoak, errementari eta ezpatagin artezak eta, batez ere, itsastar trebeak. “Más instruidos que ninguna nación del mundo” omen ziren itsasoan. XVI.-XVII. mendeetan, euskaldunik franko zebilen munduan barrena, eta haiek ziren euskaldunaren eta Euskal Herriaren irudia zabaltzen zutenak. Bereizi egin behar ziren, hortaz: batetik, Euskal Herria etxe barnean eta, bestetik Euskal Herria munduan, hots, Habsburgotarren zerbitzari zebiltzan euskaldunak.186

Nafarroako erakundeen hispanizazioa Lehenago esan den, bezala Nafarroaren konkistaren ondoren, Fernando Katolikoak ukatu egin zuen anexio hitza, eta Nafarroako arauak eta askatasunak gordeko zituela adierazi zuen. Egia da Nafarroako erakundeak ez zirela desagertu, baina azpitik nolabaiteko hispanizazio planifikatua eta eraginkorra bultzatu zen, Nafarroako eliteak Espainiako monarkiaren eta inperioaren markoan integratzeko.

182 AZURMENDI, Joxe (1992), 284 183 AZURMENDI, Joxe (1992), 287 184 AZURMENDI, Joxe (1992), 285 185 AZURMENDI, Joxe (1992), 262 186 AZURMENDI, Joxe (1992), 277-279 119

Fernando Katolikoaren eta Karlos I.aren jokabidearen helburua erreinuko erakunde nagusien kontrol politikoa ziurtatzea zen. Nafarroak bere erakunde autonomoekin funtzionatu zuen, baina agintean erregeordea zegoen, erregearen ordezkari zuzena. Kargu hori 1512an sortu zen eta Diego Fernández Cordobakoaren eskuetan utzi zen. Auzitegi nagusi gisa funtzionatu zuen Errege Kontseiluko presidentetza, 1521etik aurrera, Leringo Kondearen –Beaumonteko jaunaren– esku utzi zen. Bestalde, erregeak eskubidea zeukan bost epaileetako hiru gaztelauak izendatzeko; beste biak, bai, nafarrak ziren. Nafarroan Gorteak biltzen ziren, baina horietan funtsezko egitekoa prokuradoreek zeukaten, hau da, botere zentralaren agenteak. Gainera, Gaztelako erregea ordenantza eta errege-zedulen bidez hasi zen gobernatzen, hau da, Inkisizio Kontseilutik eta Gaztelako Kontseilu Nagusitik igorritako aginduen bidez. Kontrol politiko hori are handiagoa egin zen, Karlos I.ak Inkisizio Kontseiluko Valdes lizentziatua Nafarroara bisitatzaile gisa bidali zuenean.187

Nafarroako Eliza Fernando Katolikoak eta Karlos V.ak ez zuten inolako konfiantzarik Nafarroako elizako hierarkian, eta aldatu egin zituzten horko taldeak. Dum inter nostrae mentis izeneko buldaren (1523) bidez, erregeak ahalmena zeukan Nafarroako benefizioak izendatzeko. Bulda hura Nafarroako monasterioak Burgoseko edo Kantabriako probintzialei atxikitzeko pausoa izan zen, eta horren ondorioz, Nafarroako Eliza zeharo deseginda geratu zen. Horren guztiaren aurretik, Nafarroako elizak XVI. mendearen hasieran oso maila unibertsitario altua zeukan. Hango moralisten, legegileen eta teologoen artean pertsonaia bat nabarmentzen zen: Martin Azpilkuetakoa, 1493an jaioa Barasoainen. Hogei bat urte zituen Erreinuaren konkista hasi zenean eta Nafarroa Beherera erbesteratu behar izan zen etxekoekin. Toulousen jarraitu zituen Alcala de Henáresen hasitako estudioak eta azkenean, Salamancan amaitu zituen. Martin Azpilkuetakoak tesi iraultzaile bat defendatzen zuen, Gaztela inperialak inola ere onar ezin zezakeena: “Regnum non est regis, sed comunitatis”: “erreinua ez da erregea, komunitatea baizik”.188

Inkisizio-auzitegiaren ezarkuntza 1512ko irailean, Fernando Katolikoak, Inkisizioaren auzitegia ezar zezala agindu zion Nafarroako erregeordea zen Comareseko markesari. Bi inkisidore izendatu ziren horretarako: Francisco González de Fresneda eta frai Antonio de Maya (Iruñeko dominikoen monasterioko nagusia). Inkisizioaren egoitza Iruñean egon zen hasieran, handik Tuterara aldatu, eta azkenik, Kalagorrin finkatu zen 1521ean.

187 GOYHENETCHE, Manex (1999) II. lib., 76-79 188 GOYHENETCHE, Manex (1999) II. lib., 83-84 120

Helburua Nafarroa kontrolatzea zen. Inkisidoreei agindu zitzaien notario batekin herriak eta hiriak bisita zitzatela salaketa-aktak eta atxiloketak egiteko, heretikoak bilatu behar zirelako. 1525etik aurrera, Pedro Balantza buru zelarik, “sorginkeriaren” aurkako prozesuak hasi ziren Erronkari, Zaraitzu eta Aezkoako haranetan. Eskualde horiek izan ziren, errege katolikoaren konkistaren kontra gogorren borrokatu zirenak 1515-16 eta 1521-22ko gatazketan. 1527an, haran horiek berriro jasan zituzten Inkisizioaren bisitaldiak, orduan, Avellaneda inkisidorearenak. Jazarraldi horietan, zalantzarik gabe, Inkisizioaren jarduera kontrol sozial eta politikoari begira zegoen: hura Albret errege-familiaren aldekoei zuzendutako zigorra zen, eta sorginkeriaren eta heresiaren akusazioak aitzakiak baino ez ziren.189

XVI.-XVII. MENDEETAKO SORGINEN KONTRAKO PROZESU NAGUSIAK 1527an, Iruñean, 9 eta 11 urteko bi neskatxo Kontseiluko epaileen aurrera aurkeztu ziren eta esan zieten baldin eta eurek eginiko delitu eta sorginkeria guztiak barkatzen bazitzaizkien, gauza izugarriak kontatuko zituztela. Epaileek, gaztetxoak zirela ikusita, barkamena eman zieten, eta neskek honako hau hasi ziren kontatzen: “Jaunak, egia esateko, beste asko bezala gu ere sorginak gara. Gaitz asko egiten dituzte, eta zigortu nahi badituzue, geuk azalduko dizuegu nor den sorgin, zeren ezkerreko begia begiratuta ezagutzen baititugu, geu ere euretarikoak gara eta...” Eta, horrela, ikerketak hasi ziren. Arduradun nagusiak, Avellaneda inkisidoreak, 150 akusatu atxilotu zituen, andre eta gizon. Sorgintzat jo zituztenak hiru multzo handitan banatu ziren: bat 120 kide baino gehiagokoa, Erronkarin, beste bat Zaraitzun, eta hirugarrena Aezkoan, Orreagan eta Iruñeko iparraldeko eremuetan. Avellanedaren ustez, herrialdea sorginkeriaz zeharo kutsatuta zegoen.190 1609an, Frantziako Enrike IV.ak Bordeleko Pierre De Lancre epailea inkisidore izendatu zuen Lapurdira joan zedin, bertako sorginkeria-arazoak konpontzen. De Lancre delitua obsesiboki bilatu eta kode penalaren oinarritzat erlijioa hartzen zuten horietakoa zen. Legea ekintza zigortzaile eta errepresibo bezala erabiltzen zuen, eta haren ustez, Lapurdin sorgin-izurritea zegoen. Gainera, haren esanetan, bazeuden Lapurdin sorginkeria sustraituta egotea azaltzen zuten arrazoi geografiko, moralak eta “herrikoiak”: Lapurdik populazio handia zuen, eta hizkuntza bitxi eta harrigarrian mintzatzen zen. Eta lurraldea oso populatua egon arren, bat ere emankorra ez zenez, lapurtarrek nahiago zuten itsasoan aritu, nekazari-lanean baino. Lapurdiko marinelek negua pasatzeko Kanadatik edo Ternuatik herrira itzultzen direnean, irabazitako diru apurra, berehala xahutzen zuten familiarekin jan-edanean. Gero berriro itzultzen ziren itsasora ezinbestean, emakumeak eta umeak

189 GOYHENETCHE, Manex (1999) II. lib., 86-87 190 CARO BAROJA, Julio (1975), 30-35 121 herrian utzita, inolako baliabiderik gabe; eta horrek, luzera, ezinikusia eta maitasunik eza zekarkion familiari. De Lancreren ustez, horrela bizi ziren lapurtarrak, Jainkoaren beldurrik gabe. Epailearen esanetan, sorgin talde handiak etorrita zeuden Lapurdi aldera bizileku bila. Gainera, Ingalaterrako eta Eskoziako bidaiari batzuek ikusi ere egin zituzten sorginak hegaz Lapurdira joaten.191 Torturaz ateratako konfesioetatik ezagutzen zituen De Lancrek sorginen ohiturak: Satan bera agertzen omen zen aker-irudian eta –gizonezkoekin eta emakumezkoekin– sorginek batzarrak (meza beltzak) egiten omen zituzten bera buru zela, akelarreak, alegia. Sorginak, batzar horietara hegaz iristen omen ziren. Informazioa, 5-12 urte bitarteko umeek emandakoa zen. Sorgin haiek uztak hondatu, eta, askotan, etsaiak hiltzen ei zituzten eurek egindako pozoien bidez. De Lancrek zioenez, Lapurdin baziren 3.000 sorgin baino gehiago. Pierre De Lancrek kontatutakoak, 1610eko Logroñoko prozesuan – Zugarramurdiko sorginen kontrakoan–, asko zuzenago eta zehatzago esaten ziren eta, horrela, kontakizunari egitura borobila ematen zitzaion: a) Sorginkeriak bere propagandistak omen zituen eta horiek pertsona nagusiak ziren, adimen eta zuhurtasun nahikoa zutenak. Akelarrera joateko eta sorgin-jarduerak ikasteko, beharrezkoa omen zen aurretik Jainkoa ukatzea. b) Behin Jainkoa ukatuta, sorgin berria aurkeztu behar zen. Gauerdia baino bi edo hiru ordu lehenago, maisua haren bila joaten omen zen eta elkarrekin abiatzen omen ziren hegaz akelarrera. Akelarrean deabrua egoten omen zen aulki batean jesarrita. Sorgin-maisuak nobizioa aurkezten omen zion deabruari eta ukazioaren zeremonia egiten zen: lehenik, Jainkoarena eta ondoren birjinarena, santuena, bataioarena, sendotzarena, gurasoena, aitabitxi-amabitxiena, fedearena eta kristauena. Ukazioak egin eta gero, sorgin berriak deabrua adoratu behar omen zuen, nazkagarriki ipurdian musua emanda. Gero, deabruak bere azazkalez hasiberria markatu eta odola ontzi batera isurtzen omen zuen. Begi-ninian ere marka bat egiten omen zion: apoaren irudia, alegia.192 c) Sorgin taldean, ba omen ziren maila desberdinak: hasiberriak, lehen mailako iniziatuak (pozoiak eta begizkoak egiten omen zituztenak), bigarren mailako iniziatuak (propagandistak, maisuak, tutoreak) eta sorgin nagusiak. Prozesuko deklarazioen arabera, Graziana Barrenetxeakoa zen Zugarramurdiko akelarreko erregina, Migel Goiburukoaren emaztea. Azken hori akelarreko erregea zen. Estevania Yriart eta Maria Yriart ziren auzipetutako beste bi gazte. Umeen maisua Martin Vizcar zen eta deabruak emandako sententzien exekutatzailea Joannes Echalarrekoa. Maisu-gradua zeukaten erreta hil zuten Maria Zozayak eta Maria Chipiak ere. Azken hura Maria Iuretegia sorgin ospetsuaren izeba zen.

191 CARO BAROJA, Julio (1975), 149-167 192 CARO BAROJA, Julio (1975), 79-82 122

Epaile-inkisidoreek “lekukoek” esaniko guztia sinesten zuten. Deklarazioak gorrotoak eragindakoak izaten ziren gehienetan, eta gertatutako gaitz guztien errua etsaiei egozten zitzaien, horiek sorgintzat salatuta. Aitorpenik pisutsuenak umeenak izaten ziren. Askotan, itzultzaileek – elizgizonak ia beti– erabat oker edota manipulatuta itzultzen zituzten euskaraz egindako deklarazioak. Zazpi pertsona erre zituzten Logroñon Inkisizio Santuaren aginduz, eta horiekin batera, torturen ondorioz hildako beste bost pertsonen irudiak ere. Izan zen, hala ere, prozesuen kontra altxatu zen inkisidore bat: Alonso Salazar y Frías. Haren ustez, tortura bidez ateratako aitorpenek ez zuten baliorik eta salaketa gehienak faltsuak ziren: umeen deklarazioak ez ziren kontuan hartu behar, imajinazioak eragindakoak zirelako. Berak pertsonalki Nafarroako mendialdean egindako inkesta batez egindako 1.672 salaketa faltsuak zirela frogatu zuen.

PROTESTANTISMOA EUSKAL HERRIAN 1527an, Henrike II.a Albretekoa, Frantziako Frantzisko I.aren arreba Margarita Angulemakoarekin ezkondu zen. Margarita kultura handiko emakumea zen eta, frantsesaz gainera, gaztelania, italiera, latina, grekoa eta hebreera ezagutzen zituen. Frantziako gortean, artistak eta literatoak babestu zituen. 1521ean eta 1524an, Margarita Paris inguruan sortutako mugimendu mistiko batekin identifikatu eta mugimendu erreformistarekiko zaletasuna erakusten zuen. Ezaguna zen Nafarroa Beherean eta Biarnon, Margarita erreginak eta beraren senar Henrike II.ak protestanteak babesten zituztela. Margaritak liburu ugari idatzi zituen. Pariseko unibertsitateko teologoek haren Le Miroir de l'âme pécheresse (“Arima bekatariaren ispilua”) liburua protestantetzat salatu zuten. 1534an, Jean Kalbin, Sorboneko unibertsitateak jazarrita zebilela, Nafarroan ezkutatu zen Margaritaren babesean. 1540an, azkenik, Margaritak berak aitortu zuen Lutherren Erreformarekin bat egiten zuela. Handik aurrera bere libururik famatuenak idatzi zituen (La navire, Les prisons, etab), eta denetatik ezagunena, Heptameron izenekoa. Margaritaren eskutik, Nafarroa Beherea eta Biarno zentro literario eta zientifiko bihurtu ziren; eta bai protestanteen babesleku ere. Han aurkitu zuten aterpea Jakue Lefevre d´Étaplesek, Marot poetak, D´Aubigne idazleak eta bai Joan Kalbinek berak ere. Margarita, zuen prestakuntza kulturalarengatik eta sentsibilitatearengatik, Frantzia aldeko Errenazimenduko “Medicitartzat” hartzen dute historialari frantsesek. Euskaraz publikatutako lehen liburua, Bernart Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae (1545) Margarita erreginak eragindako giro horren barruan agertu zen. Espainiako gortea, aitzitik, zeharo zorrotza zen ortodoxia erlijiosoaren inguruan, eta ez zizkion inoiz barkatu haren Erreformaren aldeko ideiak: haientzat Angulemako Margarita Espainiako erreinuetatik hur zegoen etsai luteranoa zen. Hala ere, Margaritak ez zuen hautsi katolizismoarekiko lotura. Harena katolizismo aurreratua zen. Haren babesean zeudenak askatasunez joka 123 zezaketen eta haietako askok protestantismora jo zuten. Bera katolikoen eta protestanteen arteko zubiak eraikitzen ahalegintzen zen.193

Erreforma protestantea Biarnon eta Frantzia osoan bezala, Nafarroa Behereko kleroarengan ustelkeria ari zen nagusitzen. Herriak garbitasun izpiritual eta morala eskatzen zuen eta hori izan zen Erreformak XVI. mendearen hasieratik lortu nahi zuena. Protestanteen ustez, kleroaren ezjakintasuna, deboziorik eza, lasaikeria, lizunkeria eta bizioak ziren herritarren haserrearen eta egonezinaren arrazoiak. Lapurdin XVI. mendearen hirugarren hamarkadatik nabarmenak ziren jada protestanteak. Baionako katedralaren aurrean batzen ziren eta han esaten zituzten euren predikuak lapurtarrentzat eta Hondarribia, Baztan eta Bidasoakoentzat ere. Segur aski, sermoi asko euskaraz emango ziren. Enrike II.ak eta Margarita Angulemakoak Erreformaren alde egin zuten, Julio II.a aita santuaren autoritatetik askatzeko. Gogoratu behar da pontifize haren buldek erraztu zutela Nafarroaren inbasioa eta, haren ondorioz, erreinuaren hondamena gertatu zela. Protestantismoaren hazkundean nabarmena izan zen Roussel apezpikua. Berak antolatu zuen Erreformaren propaganda Zuberoan eta 1550ean bere bikario nagusia zen Aynereci Maulera bidali zuen dotrina ebanjelikoa predika zezan. Horrek pulpitutik induljentzien aurkako sermoia bota eta istilu gogorrak lehertu ziren, Pedro Maytie zuberotar nobleak Roussel apezpikua aizkora batez zauritu baitzuen. 1549an hasi ziren Zuberoako protestanteen aurkako erasoak. Lapurdin ere erreformistei jazarri zieten. 1548an, Enrikeren eta Margaritaren alaba Joana Albret Antonio Borboikoarekin –Vendômeko dukearekin– ezkondu zen. 1555ean senar- emazteok Nafarroako errege eta Biarnoko nagusi bihurtu ziren. Artean, Joana Albretekoa, Eliza katolikoari eusten bazion ere, ez zegoen prest protestanteen aurka egiteko. 1556tik aurrera, erregina, argi eta garbi, Erreformaren alde azaldu zen. 1557an Antonio Borboikoa ere kalbinista egin zen, eta are irmokiago 1559an, orduan Erreforma protestantearekin guztiz bat egin baitzen. Handik aurrera, Frantziako protestanteek buruzagitzat Nafarroako errege- erreginak hartu zituzten.194 1560an, Joana erreginak agindua eman zien apezpikuei, apaizak haien parrokietan bizitzen eta zegozkien karguko lanak betetzen behartu zitzaten, eta zigor zitzatela eskandaluzko bizimodua zutenak. Artean, bi Elizak zeuden Albretekoen eremuetan: Katolikoa eta Protestantea. 1560an Nafarroa Garaiko gobernadorea zen Alburquerqueko Dukeak Espainiako errege Filipe II.ari hauxe idatzi zion: [en la Baja Navarra] se predican publicamente las doctrinas de la secta de Lutero... pero Vendôme –Antonio Borboikoa, alegia– y su mujer asisten a misa.195

193 OLAIZOLA, Juan María de (1993), 82-87 194 OLAIZOLA, Juan María de (1993), 89-97 195 OLAIZOLA, Juan María de (1993), 103 124

Urte berean (1560), Joana III.ak uko egin zion ofizialki Eliza Katolikoari, eta protestante bihurtu zen. Karlos V.a enperadoreak, Nafarroa Garaiko lurraldeak (1512an era ez- legitimoan okupatu zirenak) hango errege-erreginei itzultzeko posibilitateak ikertzeko agindu zuen bere testamentuan. Filipe II.ak ez zuen halakorik egin, baina, 1561ean, negoziazioetan hasi zen Antonio Borboikoarekin. Filipe erregeak katolizismoaren alde jokatzeko eta protestanteei jazar ziezaiela eskatu zion Borboikoari eta, horrela, bazitekeela, horren ondoren, aita santuak, Joanaren heresiagatik harekiko ezkontza desegitea. Hala jokatuz gero, behin emaztea eskumikatuta, haren erreinu eta eskubide guztiak beretzat izan zitezkeela, eta gainera, okupatutako Nafarroa Garaia ere itzuliko ziokeela; edo, bestela, parekoa zen Sardinia emango ziola. Antonio Borboikoak eskaintza onartu bazuen ere, proiektua ez zen gauzatu, 1562an bera hil zelako.196 Erreforma protestanteak onespen handia izan zuen Ipar Euskal Herrian, baina bai kontrakarra ere. Erlijio biak praktikatzen ziren, batzuetan, gainera, eliza edo eraikin berean, ordu desberdinetan eta ordena baten barruan. Erabat debekatuta zeuden elkarri egindako erlijio-arloko irainak, isekak eta istiluak. Ministro protestante gehienak lehenagoko apaizak ziren, ia guztiak bertokoak, euskaldunak eta biarnotarrak. Zazpi urteren buruan, herritar gehienek Papismoa ukatu zuten.197

Erlijio gerrak Ipar Euskal Herrian Zuberoan, funtzionario gehienak erlijio protestantearen aldekoak ziren; Nafarroa Beherean, Antonio Gramontekoak Joana III.a Albretekoaren alde jokatu zuen, baina baziren katolizismoari eutsi zioten familia nobleak ere: Karlos Luxekoa –Lukuzekoa, alegia– eta berarekin Etxauz, Armendaritz eta Domezain familiak. Konfliktoa larritu egin zen, nobleen elkarren arteko lehiak (agaramontarren eta beaumondarren artekoak) zirela eta. 1567an, Nafarroa Behereko katolikoek Donapaleuko “artzain” protestantea herritik egotzi zuten eta Larreako jauna –Garruzeko gazteluko burua, Joana Albretekoaren euskarri nagusia Nafarroa Beherean– atxilotu zuten Izpuran. Erreginak semea (artean 14 urte zituena) bidali zuen autoritatea berrezar zezan. Printzeak Garruze berreskuratu eta gero Donibane Garazira egin zuen. Agintaria ipini zuen Donapaleun, herrialdean administrazioa zuzentzeko. Baina bi urte geroago, katolikoen buruzagia zen Luxeko jaunak, Maule okupatuta zeukan Joan Baltzuntzekoa menperatu eta Zuberoa osoa arpilatu zuen. Hala ere, laster berreskuratu zuten protestanteek galdutakoa. 1587an, Joan Beltzuntzekoaren aldeko protestanteek berriro hondatu zuten Zuberoa. 1594an, katolikoek Donapaleu konkistatu eta Joana Albretekoaren kontseilaria zen Enekot Ezponda hil zuten.198

196 OLAIZOLA, Juan María de (1993), 104-105 197 OLAIZOLA, Juan María de (1993), 106 198 GOYHENETXE, Eukeni (1985), 53-54 125

Protestantismoa eta euskara Martin Lutherrek, Erreforma protestanteari hasiera eman zionean XVI. mendean, oso eginbehar garrantzitsua bete zuen: Biblia itzuli zuen alemanera. Eta, halaber, Erreforma, hizkuntza frantsesa mintzatzen zen inguretara hedatu zenean, Pierre Robert Olivetanek frantsesera itzuli zuen. Erreforma Biarnora iritsi zenean, Armand de Salette “artzain” biarnotarrak okzitanierara itzuli zituen Salmoak eta Kalbinen katixima. Eta euskal erreformatzaileek ere lehen helburutzat Testamentu berria euskaratzea izan zuten. XVI. eta XVII. mendeetan, errito protestanteak euskaraz egiten ziren, euskaldun gehienek ez baitzuen beste hizkuntzarik ezagutzen. Umeek euskaraz ikasten zuten dotrina igandeetako eskolan, eta horregatik Joannes Leizarragakoak beregain hartu eta bete egin zuen Testamentu berria eta katixima euskaratzeko lana. Leizarragak ondo zekien hura lan gaitza zela , euskarak erakusten zuen dibertsitatearengatik, eta honela adierazten zien hori “heuskaldvney” bere obraren aitzin-solasean: “batbederac daqui heuscal herrià quasi etche batetic bercera-ere minçatzeco manerán cer differentiá eta diuersitatea den”, “ecen hunelaco gauçác, gueiz lengoage oraino usatu gabe batetan, ecin behingoaz halaco perfectionetan iar daitezquela...” Gramonteko, Beltzuntzeko, Mehaineko, Ezpondako, Zalgizeko jaunek, Belaren familiak eta zenbait apaizek Johanes Leizarragakoa animatu zuten itzulpenak egin zitzan. Lau aditu euskaldun izendatu zituzten Leizarragaren lana gainbegiratu eta zuzen zezaten. Bi, zuberotarrak ziren: Piarres Landetcheverry, Undurainekoa eta Sanz Tartas, Sarrikotapiakoa; beste bat, Joannes Etcheverry, petit basque deitua, Donibane Lohitzunekoa; eta, laugarrena, Tardetz, dirudienez, zuberotarra hau ere. 1571n, abuztuaren 22ko datarekin inprimatu zen lana, Pierre Hautinen Arroxelako inprimategian.199

Henrike III.a eta Margarita Valoisekoa Henrike III.a, Antonio Borboikoaren eta Joana III.a Albretekoaren semea, katolikoa zen baina fede erreformatuan hezi zuten. Aita hilda gero haren tituluak heredatu zituen (Vendome eta Borboiko duketza). Frantziako erlijio-istiluetan, higanoten (protestanteen) aldean borrokatu zen. Kristauen eta higanoten arteko gudua 1570ean bukatu zen, Saint-Germaineko bakearekin: akordio haren bidez alderdi bion arteko adiskidetzea lortu nahi zen. Konpromiso horretako parte eta ikur moduan ezkontza bat egitea erabaki zen, hain justu, Frantziako errege Karlos IX.aren arreba, Margarita Valoisekoa (katolikoa), Nafarroako erregea200 zen Henrike III.a Borboi-Albretekoarekin (protestantea) ezkontzea. Zeremonia 1572an izan zen Pariseko Notre Damen elizan.

199 OLAIZOLA, Juan María de (1993), 153-162 200 1572an, ezkontzaren urte berean egin zen errege, bere amaren heriotzagatik. 126

Ezkontza hura ezkontideen gogoaren aurka egin zen. Gregorio XIII.a Aita Santuak ere ez zuen ezkontza onartzen. Egun gogorrak izan ziren Parisen, herria asaldatuta zebilen ezkontza zela eta. Hainbat higanot ailegatu zen Frantziako hegoaldetik. Katolikoek Gaspar Coligny, Frantziako Mariskala – protestanteen burua– hil zuten, eta matxinada lehertu zen. Ezkontzatik aste batera, muturreko katolikoek higanoten aurkako sarraskia egin zuten: “San Bartolome” gaua izenaz ezagutzen den triskantza. Henrike Nafarroakoak, ekintza hartatik bizirik ateratzeko, katolizismora bihurtu behar izan zuen (1576). Geroago, Frantziako gortetik ihes egitea lortu eta berriro itzuli zen protestantismora. 201 Frantziako errege Karlos IX hil zenean, haren anaia Frantziako Henrike III.a –ez da nahasi behar hori Nafarroakoarekin– jarri zen erregetzan. Azken horren ondorengoa, anaia gaztea zen, Franzisko Alençonekoa, baina hori 1584an hil zenez, Nafarroako erregea gertatu zen Frantziako koroaren oinordeko. 1589an, Frantziako Henrike III.aren heriotzaz, beraz, Nafarroako Henrike III.a izendatu zuten Frantziako errege, “Henrike IV.a” izenarekin. (Henrike III.a Nafarroakoa eta IV.a Frantziakoa). Baina higanotek bakarrik onartu zuten Henrike erregetzat. Katolikoak, Espainiako Filipe II.a, Aita Santua eta Liga Katolikoa kontra zeuden. Zenbait kanpaina militarren ondoren, azkenean, 1593an behin katoliko bilakatuta, guztiek onartu zuten errege izan zedin. Ordukoa izan omen zen Henrikeren esaldi famatua: “Merezi du bai, Parisek meza bat”: sakonean kalbinista izaten jarraitzen zuela esan nahi zuen; hau da, katoliko egin zela Frantziako errege izateko.

HEGO EUSKAL HERRIA ANTZINAKO ERREGIMENEAN

XVI.-XVII. mendeak. Austria etxea (Habsburgo) Karlos I.arekin –Errege Katolikoen eta Maximiliano I.aren biloba– hasi zen Austria etxekoen dinastia. Karlos I.ak, bere garaiko erregerik boteretsuena bihurtu zenean, 19 urte besterik ez zituen. 1519an, Inperio Erromatar-germaniar Santuko enperadore koroatu ostean, zeharo lurralde zabal eta konplexuaren interesak jaso zituen. Karlos, Alemanian enperadore zen, eta gainerako erreinu eta erakundeetan, tokian tokiko botere egituraren arabera gobernatzen zuen. Herrialde guztion arteko lokarri bakarra, erregearen dinastia-eskubideak ziren. Hona hemen haren tituluak:

Joana eta bere seme Karlos, Gaztelako erregina eta errege, Leongo, Aragoiko, Bi Sizilietako, Jerusalengo, Nafarroako, Granadako, Toledoko, Valentziako, Galiziako, Mallorkako, Sevillako, Sardiniako, Kordobako, Korsikako, Murtziako, Jaengo, Algarvetako, Algecirako, Gibraltarreko, Kanarietako, Indietako eta Ozeanoko isletako eta lehorreko erregeak, Bartzelonako kondeak, Bizkaiko eta Molinako jaun-andreak,

201 OLAIZOLA, Juan María de (1993),, 141 127

Atena eta Neopatriako dukeak, Rossello eta Cerdanyako kondeak, Oristan eta Gocianoko markesak, Austriako artxidukeak, Borgonia eta Brabanteko dukeak, Flandes, Tiroleko kondeak... Karlosek koroatua eta onartua izateko baldintzak erreinuz erreinu, konderriz konderri eta jaurerriz jaurerri negoziatu behar zituen. Horretarako ezarrita zeuden arauak ez ziren berdinak leku guztietan, eta batzuetan besteetan baino presio handiagoa jartzen zitzaion. Austria etxeko erregeen garaian, ez zen garatu burokrazia zentralaren eta tokian tokiko gobernuaren arteko erakunderik. Lurralde bakoitzak bere ezaugarri politikoak zituen. Gaztelak unitate bakarraren moduan ziharduen bitartean, Aragoi eta Nafarroan, gorteek ezarritako arauak zeuden. Monarkia hispaniarra errege katolikoen ezkontzaren bidez eratu zen, eta hainbat erreinuk eta jaurerrik osatutako eraikin politikoa zen. Garai horretan gertatu zen Nafarroako erreinuaren zatiketa, batetik Nafarroa Garaia –edo penintsularra– konkistaren ondorioz Gaztelako koroari lotu zitzaion eta, bestetik, Nafarroa Behereak –Bortuez haraindikoak– bere errege-leinuaren legitimitateari eutsi zion. 202 1589an, Nafarroako Henrike III.a –Albret-Borboi familiakoa– Frantziako errege bilakatu zenean (Frantziako Henrike IV.a izenarekin) koroa berean elkartu ziren bi erreinuak –Nafarroa [Beherea] eta Frantzia, alegia–, eta horrela iraun zuten Frantziako Iraultzaren garaira arte. Aipatzekoa da, 1624an, Filipe IV.aren garaian, Hispaniako lurraldeak juridikoki berdintzeko egindako saioa, Olivaresko konte-dukearen aholkuz. Horren aurrean matxinadak izan ziren Katalunian eta Portugalen (azken honetan independentzia lortu zuten), eta saioa ezerezean geratu zen.203

XVIII. mendea. Borboi etxea. Erreformismoa 1700ean, Austria etxeko Karlos II.a oinordekorik gabe hil zen eta ondorengotza lortzeko, bi ahaideren arteko liskarra piztu zen: Espainiako Ondorengotza Gerra (1700-1713). Filipe V.a Borboikoaren eta Karlos Austriako artxidukearen artekoa. Irabazlea Filipe V.a izan zen. Horrek politika zentralizatzailea inposatu zuen, hots, monarkia gaztelautzeko prozesua. Aldaketa handiak izan ziren eta aurreko aldiarekiko haustura handia gertatu zen. Helburua koroaren boterea indartzea zen eta, horretarako, traba egiten zioten erakunde batzuk ezabatu behar zituen: Aragoi, Katalunia, Valentzia eta Mallorcako konstituzio historikoak (foruak) deuseztatu eta “Oin berrirako dekretuak” inposatu ziren, koroaren azpiko herrialde guztien berdintze juridikoa lortzeko. Euskal herrialdeek Ondorengotza Gerran Filiperen V.aren alde jokatu zutenez, errespetatu egin ziren bertoko legeak (foruak), eta erakunde bereziak bihurtu ziren Hispaniar Monarkiaren barruan: horregatik, “salbuetsitako lurraldeak” esaten zitzaien. Hala ere, handik aurrera Madrileko gobernuak ahalegin handiak egin zituen erakunde foralak deuseztatzeko (aduanak

202 AGIRREAZKUENAGA, Joseba; MAJUELO, Emilio; URQUIJO, Mikel (1998), 14 203 AGIRREAZKUENAGA, Joseba; MAJUELO, Emilio; URQUIJO, Mikel (1998), 14 128 kentzea, prezioetan interbenitzea, etab.) eta, horrela, euskal lurraldeon berezitasunak nekez irauten zuen.204 Euskal herrialdeetako gobernu-sistemak defendatzeko gogor borrokatu ziren Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar nagusiak eta Nafarroako Gorteak, eraso asko jaso baitzituzten. Orduan euskal nazionalismoaren aurrekotzat jo litezkeen diskurtsoak azaldu ziren. Hona hemen, esate baterako, Manuel Larramendirena eta Nafarroako Diputazioarena: Zergatik euskarak, hain hizkuntza bizia delarik eta beste edozein hizkuntza baino bizitza luzeagoa izanik, ez ditu bere euskaldunak denak elkarrekin eta nazio libre bakarrean bat eginda ikusi behar, beste hizkuntza eta nazio orotatik aske? Zergatik egon behar dute Espainiako hiru probintzia (Gipuzkoa, Araba eta Bizkaia, alegia; eta Nafarroako erreinua ez dut aipatu ere egiten) Gaztelaren menpe, eta beste hiru (Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherea) Frantziaren mende? (...) Zein arrazoi dago euskal nazioa ez dadin aparteko nazioa izan, berezko nazioa, gainerakoetatik libre eta independentea? Larramendi Estatu baten zuzenbideak ezin duela beste estatuen gainean indarrik izan, zeren Nafarroa ez baitzen Gaztelaren mendeko izan, eta (Gaztelako Ganberako fiskalak) argudiatzen zuen zuzenbide hori osatu aurretik, baziren legeak eta erregeak Nafarroan. Nafarroako Erreinuko Diputazioaren 1777ko adierazpena205

Euskal erakundeak: foraltasuna, jurisdikzio propioa Aro Modernoak bat egiten du oso-osoan euskal erakunde foralen finkatzearekin eta helduaroarekin. Behin Behe Erdi Aroko leinuen arteko borrokak eta ahaide nagusien boterea amaituta, garatu eta finkatu egin zen antolamendua Hego Euskal Herrian. Ermandadeek eta hiribilduek munta handia eurenganatu zuten eta euskal herrialdeak eskumen propioz hornitutako eremu bilakatu ziren. Oinarrian udalen eta korporazioen –merkatari eta artisauen elkarteen– eskumena zegoen. Udalek kudeatzen zuten batik bat, garai hartako bizitza publikoa. Eta udal horien lurralde-ordezkaritzek (Batzar Nagusiak eta Diputazioak) gero eta presentzia eta gaitasun handiagoa erakusten zuten. Eskumen propioak lurralde propioa eskatzen zuen, eta horrela, lurraldeak gero eta definituago eta erakundeei lotuago agertzen ziren. Nabarmena zen horien heldutasuna, udalen eta Batzar Nagusien gaitasun legegileetan, bakoitza bere eremuan, edota, besteak beste, poliziaren eta ordena publikoaren kontuetan. Arlo judiziala jaunaren edo erregearen esku geratzen zen, azken instantzian Valladolideko edo Madrileko erakundeetan kokatuta. Fiskalitatean eta merkataritzan, hazienda propioak eta merkataritza librea ziren ezaugarri nagusiak.

204 AGIRREAZKUENAGA, Joseba; MAJUELO, Emilio; URQUIJO, Mikel (1998), 15-16 205 AGIRREAZKUENAGA, Joseba; MAJUELO, Emilio; URQUIJO, Mikel (1998), 16 129

Euskal idazleen eta legegileen Espainiari buruzko kontzeptua

XVI. mendea. Garibai Garai hartan, tubalismoa zegoen zabalduta: Tubal pertsonaia biblikoarengan omen zegoen penintsulako biztanleen jatorria. Autore euskaldunek, Zaldibiak, Pozak edo Garibaik esaten zuten, gainera, Tubal Atlantikoko kostaldera heldu zela, hain zuzen Euskal Herrira, eta berton finkatu zela. Iritzi hori frogatzeko hizkuntzara jotzen zuten. Antzina penintsula guztian mintzatu zen hizkuntza (euskara), orduan Euskal Herrian bakarrik hitz egiten bazen ere. Teoria hori euskaliberismoa deitu izan da. Iritzi berekoak ziren Baltasar Etxabe, Lope Martinez Isasti eta beste batzuk. Horien ustez, euskaldunak ziratekeen jatorrizko penintsularrak edo hispaniarrak.206 Esteban Garibaik godoek ezarritako batasuna goraipatzen zuen. Gero haustura gertatu eta erreinu desberdinak sortu zirela zioen; eta, azkenik, Errege Katolikoen garaian, batasuna berriro lortu zela: Espainiaren batasuna. Baina “hiru probintziek” osatzen zuten euskal erakundea ere naturaltasun osoz ikusten zuen eta, gainera, hizkuntza kontuan, Nafarroa ere horiekin batera hartzen zuen. Garibaik bere burua euskaldun komunitate linguistiko eta kulturalaren barruan ikusten zuen, baina ez zuen horregatik, bere espainoltasuna ukatzen. Garibairengan oso argi zegoen euskal komunitatearen kontzientzia, eta berdin esan daiteke Ipar Euskal Herriko beste euskal autore batez ere: Arnaldo Oihenart historiagileaz, alegia; Bera ere, bere “Notitia utriusque Vasconiae” (1638) liburuan agertzen duen bezala, iritzi berekoa zen. Ez da ahaztu behar, Garibai Espainiako sistema monarkikoaren autoritatea zela, Filipe II.aren garaiko kronista ofiziala. Inor ideologia hartan murgilduta egotekotan, Garibai zen hura.207

XVII. mendea. Foralismoaren helduaroa. Noblezia, fidelitatea eta berdintasuna XVII. mendean, penintsulako euskal lurraldeek indartu egin zuten Monarkiaren barruan zeukaten egoera juridiko instituzionala. Garai hartan lortu zen euskal herrialdeetako foraltasunak erabat finkatzea. Euskal herrialdeak ezaugarri propioen formulazioa areagotzen ahalegindu ziren, koroaren barruan askatasunak eta frankiziak zeuzkatelako. Horiek babesteko, Gortean enbaxadore eta idazkari asko zegoen: monarkak euskaldun funtzionarioez inguratuta zeuden.208

Handia zen benetan Austria etxeko erregeen zerbitzura zeuden goi-funtzionario euskaldunen kopurua: Sin duda, todos estos guipuzcoanos metidos en “cosas de pluma”, hablaban con frecuencia en vascuence, que, en casos, podía ser muy bien considerado como lengua secreta: de secretarios. Caro Barojaren arabera, hori da Filipe II.aren gortean gertatzen zena. Bestalde, Lüküzeko jaunak Frantziako erregearen izenean, euskaraz idazten zuen eta hori, Madrilen norbaitek ondo baino hobeto ulertzen ziolako zen. Norbait hori Idiakeztarren bat

206 ARRIETA ALBERDI, Jon (1998), 122 207 ARRIETA ALBERDI, Jon (1998), 123 208 ARRIETA ALBERDI, Jon (1998), 124 130 izan zitekeen. Leinu gipuzkoar horretako adar biren hiruzpalau kidek goi-goi mailako ardurak zituzten Filipe II.aren gobernuan. Adibidez, Joan Idiakez erregearen idazkari eta Estatuko kontseiluko buru izan zen urte askotan. Gaur egun ministro deituko genioke. Ez zen bakarra. Adibidez, Ertzillatarrek ere goi-goi mailako harremanak zituzten gortean: Fortun Gartzia Ertzillakoa Karlos V.aren gertu-gertuko legegilea izan zen, eta haren seme Filipe II.aren irakaslea.209

Euskaldun asko zegoen beti erregeen ondoan, eta hori, antza, koroak euskal herrialdeei zien atxikimenduaren seinale zen. Dudarik gabe, erregeek estimuan zituzten euskaldunak eta horien foru eta eskubideen babesle nagusiak eurak izan ziren sarritan. Jakina, euskaldunek ere orokorrean erregeak errespetatzen zituzten, eta elkar ulertzea zegoen.210 XVII. mendean, Hego Euskal Herriko herritarrek euren garaiko potentziarik handienean parte hartzen zuten kontzientzia argia zeukaten. Potentzia hori inperio bat zen eta inperio horretako pluraltasunaren, dibertsitatearen eta zabaltasunaren barruan, euskal herrialdeek euren izaera propioa defendatzen zuten, beste erreinu, konderri eta abarren ondoan, horien maila berean, eta inola ere ez haien menpeko. Horrela ulertzen zuten haiek monarkia hispanikoaren batasuna, konfederazio handi baten ikuspegi globaletik begiratuta.211 Eta euskaldunak ez ziren monarkia hispanikoa horrela ulertzen zuten bakarrak. 1620an, Aragoiko Kontseiluak ere antzeko ideia adierazten zuen: Desde que se juntaron las Coronas reales de Castilla y Aragón por el casamiento de los Señores Reyes Catholicos (…) los negocios de cada Corona, assi de gobierno y gracia como de justicia, se tratasen por sus propios y differentes Consejos de cada Corona (…), sin que el uno tuviera género alguno de dependencia del otro de la propia manera que quando estavan baxo de diferentes Reyes (…), porque esta union de Reynos como hecha por medio de casamiento ha sido y es ygual sin reconocer superioridad de los unos sobre los otros, como porque son tan diferentes las leyes y costumbres de los unos reynos con los otros que conviene (…) que traten los negocios de cada Corona los naturales dellas (…)212.

XVIII. mendea. “Salbuetsitako lurraldeak” Monarkia hispanikoaren dibertsitatearen eta pluraltasunaren onarpena zeharo okertu zen XVIII. mendearen hasieran, Borboitarren errege-leinu berria ezartzean. Ondorengotza Gerraren ostean, Espainiako monarkiaren erreinuak eta konderriak bateratzeko politika inposatu zen. Aragoiko koroaren inguruko eremuei erakunde eta foruak kendu, eta haien ordez, Gaztelakoak ezarri zitzaizkien (Oin berrirako aginduak). Behin monarkia hispanikoaren beste herrialde guztiak juridikoki berdinduta, euskal herrialdeek bakarrik eutsi zieten foruei. Hau da, monarkia hispanikoaren barruan, jurisdikzio bakarra ezarri zen, euskal herrialdeetan izan ezik.

209 GARTZIA, Pruden (2005), 42-43 210 AZURMENDI, Joxe (1992), 392 211 ARRIETA ALBERDI, Jon (1998), 125 212 ARRIETA ALBERDI, Jon (1998), 126 131

Monarkia hispanikoa eremu komertzial bakarra bilakatu zen, barnealdeko aduanarik gabekoa. Euskal herrialdeak, ordea, eremu komertzial librea ziren eta, atzerria balira bezala, Euskal Herritik Espainiara pasatzean, aduana pasatu behar zen. Monarkia hispanikoan hazienda bakarra eta fiskalitate komuna zegoen. Euskal herrialdeek, ordea, euren fiskalitatea eta hazienda zeuzkaten. Eta gainera, monarkia hispanikoaren defentsa militarra bateratuta bazegoen ere, euskal herrialdeetan aparteko defentsa-sistema propioa zegoen. Hala ere, Euskal Herrian, hainbatetan sortzen ziren istiluak monarkiaren agente eta aginduekin. Administrazio zentrala behin eta berriro saiatzen zen foruen gainetik pasatzen eta bere aginduak ezartzen. Hori zela eta, foruen aldeko izkribuak hasi ziren azaltzen. Zentzu horretan, aipagarrienak Pedro Fontetxa Salazarrenak eta Manuel Larramendirenak dira.213 Manuel Larramendik administrazio zentralaren jarrera kritikatu eta, foru- sistemaren defentsan euskal herrialdeen elkartzea proposatzen zuen eta horri “Pirinioko probintzia batuak” izena eman zion. Larramendi XVII. mendeko foruzaleen espainolzaletasunetik erabat urruntzen zen eta, besterik gabe, euskal herrialdeak goraipatzen zituen: la nación de los vascongados, y particularmente la de Guipúzcoa... esta nacioncita siempre ha estado en este ángulo septentrional. Larramendik hizkuntza jartzen zuen naziotasunaren frogatzat. Eta hori guztiori esatean ez ziharduen gipuzkoarrez bakarrik, nación de los vascongados osoaz baizik, horretan Pirinioez bestaldekoak ere barruan sartuta.214 Fontetxaren eta Larramendiren lanak traba handiak izan zituzten zabaltzeko orduan. Gaztelako kontseiluak, kontra jarrita haiek inprimatzea debekatu zuen.

Euskal Ilustrazioa eta RSBAP. “Irurac bat” eta muga-zergen arazoa “Euskal Herriaren Adiskideen Errege-Elkartea” (“Real Sociedad Bascongada de Amigos del Pais”), XVIII. mendeko Erreformismoaren barruan kokatzen da bete-betean. Industrialtasuna eta artisautza bultzatzea zen haren eginkizun nagusietakoa. Nabarmena zen Euskal Herri elkartuaz zuen ikuspegia Nafarroa kanpoan utzi gabe.215 Hiru euskal herrialdeak, Araba Gipuzkoa eta Bizkaia elkarrengana hurbiltzeko helburua, Elkartearen ikurrean bertan adierazten zen. Hiru lurraldeek, kanpora begira, aurpegi bakarra erakutsi beharra formulatzen zen eta horretarako, XVIII. mendearen amaieran, hirurok ordezkatzen zituzten “konferentziak” antolatzen hasi ziren, erakunde foralek monarkiaren aurrean elkartuta jokatzeko. Espainiako egitura ekonomikoan eta fiskalean egoki integratzeko arazoa aduanen gaian kokatzen zen esklusiboki. Espainiako marko ekonomikoaren aduanak Euskal Herriaren eta Espainiaren artean zeuden. Euskal herrialdeak atzerriko lurraldeak balira bezala ziren Espainiarentzat eta, horrela, 1778an, Ameriketatik zetozkeen itsasontziak sartzeko aukera Espainiako portu

213 ARRIETA ALBERDI, Jon (1998), 128 214 ARRIETA ALBERDI, Jon (1998), 130 215 ARRIETA ALBERDI, Jon (1998), 132 132 guztietara zabaldu zenean –ordura arte Cadiz eta Sevillaren monopolioa baitzegoen–, Euskal Herriko portuak sistema horretatik kanpo geratu ziren. Orduan RSBAP euskal portuak Indietako merkataritzan sar zitezen, foruak egokitzea proposatzen zuen, baina Batzar Nagusiek ez zuten hura onartu. 1779ko martxoaren 17an, euskal eremu foralari blokeo ekonomikoa ezarri zitzaion, eta geroxeago, 1782an, muga-zergak handituta, Euskal Herriko burdinak Espainia aldean zeukan monopolioa ezabatuta geratu zen.216

XVIII. mendearen amaierako eta XIX.aren hasierako foruei buruzko eztabaida politikoa 1794an, Konbentzio Gerran frantsesak Gipuzkoan sartu zirenean, zalantzan jarri zen lurralde foralek Espainiako monarkiarekin zuten konpromisoa. Godoy ministroa haserre azaldu zen: Este pueblo no tuvo espíritu para resistir en masa cuando los enemigos de mi Corona y sus huestes acometieron impetuosamente sin respetar honor en sus mujeres, puerilidad en sus hijos y propiedad en sus haciendas: ese pueblo no se conmovió frente de tantos horrores para combatirlos. Basileako bakeak (1795) eman zion amaiera Konbentzio Gerrari. Hona hemen Francisco Zamorak, Espainiako armadako auditore nagusiak euskal herrialdeez Godoyri bidalitako mezua: Si a esta paz siguiera la unión de las provincias y el resto de la Navarra sin las trabas forales que las separan y hacen un muerto del reino, habrá V.E. hecho una de aquellas obras que no hemos visto desde el Cardenal Cisneros o el gran Filipe V. Las aduanas de Bilbao, San Sebastian y de la frontera serían unas fincas de las mejores del reino. Las contribuciones catastrales de las tres provincias, aún bajandolas mucho, pasarían de 200.000 duros, según mis cálculos. Se puede creer que no bajarían de 7.000 hombres las tropas que podríamos sacar de allí. Hay fundamentos legales para esta operación. Ellos han faltado esencialmente a sus deberes. Tendremos fuerza suficiente sobre el terreno para que esto se verifique sin disparar un tiro ni haber quien se atreva a repugnarlo.217 Foruak ez ziren deuseztatu, baina Godoyren instrukzioei jarraiturik, euskal foruen aurkako eraso historiografikoa hasi zen: Juan Anonio Llorente kalonjeak, 1806an, Noticia histórica de las tres provincias vascongadas publikatu zuen. Aldi berean, Espainiako Historiako Errege Akademiak, Diccionario Geográfico Historico de España publikatzen hasi zen (lau euskal probintziei buruzko atalak besterik ez ziren atera). Hauxe zen helburua: historikoki frogatu behar zen, euskal herrialdeetako foruak erregeek emandako pribilegioak zirela eta, ez zirela hitzarmen baten fruitu. Horrexegatik, erregeak emandakoa erregeak ken zezakeenez, bidezkoa zen haientzat euskal herrialdeetako foruak deuseztatzea.218 Lan historiografiko horiek ez ziren erantzunik gabe geratu eta laster atera ziren foruen aldekoak ere: Francisco Arangurenek bere Demostracion del sentido verdadero… argitaratu zuen (1807) eta Pedro Novia de Salcedok Defensa historica, … (1829an amaitua, 1856an publikatua).

216 ARRIETA ALBERDI, Jon (1998), 133 217 MAÑARICUA, Andrés E. (1973), 273-274 218 MAÑARICUA, Andrés E. (1973), 275 133

Gobernuak bere aldetik, Tomas Gonzálezen Colección de cédulas, cartas-patentes… liburuarekin (1829) erantzun zuen. Eztabaida historiografiko hura 30 urtean luzatu zen.219

ERREGIMEN FORALA Antzinako Erregimenean, foralismoa subiranotasun politikoaren sinonimo bilakatu zen. Herrialde bakoitzaren barruko antolamendua egituratzen zuen, eta kanpo aldera begira, independentzia eta soberania definitzen zituen. Absolutismoaren garaian, Erregimen foralak inguruko estatu boteretsuari, mugak ezartzen zizkion. Penintsula aldean, Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba batetik, eta Nafarroako erreinua, bestetik, Gaztela eta Aragoiko koroa indartsuaren aurrean, foruei eskerrak herrialde bereizitzat hartzen ziren. Gauza bera esan daiteke Frantziako koroaren inguruan zeuden Lapurdi eta Zuberoa bizkonderriei eta Nafarroa Behereko erreinuari buruz. Historiografia tradizionalak hori esaten bazuen ere, ez dirudi foruak, izkribuz baturiko usadioak eta ohiturak zirenik. Oso gutxi dira arautegi foraleko elementu kontsuetudinarioak.220 Zalantzarik gabe foruak herriaren eta gizartearen aspaldiko produktu ziren eta garai haietako behar ekonomikoekin guztiz lotuta zeuden. Baina erakunde foraletako elementu nagusiak XIV. mende amaieratik XV. mende erdira arteko denboretan landu eta eratu ziren, hain zuzen, Europan, zuzenbidearen ezagutza sakonagoa bultzatu zen sasoian. Orduko legegintzan egin zen lana izugarria izan zen. Eragin handia izan zuten horretan Paris, Montpellier, Toulouse, Salamanca eta Alcala de Henareseko unibertsitateek. Euskal legegile askok horietan egin zituen euren hausnartzeak. Horregatik, euskal herrialdeetako foruak antzinako arau eta ohituren izkribu soilak zirela pentsatzea, errealitate historikoaren ikuspegi murritza izatea litzateke. Segur aski, arautegi eta ariketa juridiko berrietan, leku egin zitzaien antzinako usadioei eta bai esperientzia berriei ere. Gainera, esan daiteke inguruetako jurisprudentziek ere eragina izan zutela, zeren foruak berriztatzen beste zenbait kultura eta jarduera juridikotako legegileek eta letratuek ere hartuko zuten parte.221 Sasoi hartan, Euskal Herriko leku askotako herritarrek estudio unibertsitarioak amaituta zeuzkaten, “doctor utriusque juris” (doktore, zuzenbide zibilean eta kanonikoan) titulua eskuratuta eta, beharbada, haietako batzuek parte hartuko zuten euskal foruen aldaketan eta idazkeran. Pertsonaia batzuk ezagunak dira: Martin Azpilkuetakoa (1492-1586) edo Frantzisko Vitoriakoa (1492-1546). Eta, nola ez, Fortun Garzia Erzillakoa, 1514-1517 bitartean Bolognako irakasle izandakoa (“herrietako eskubide naturalak hausten dituen printzea ez da obeditu behar” zioen berak). Martin Agirrekoa, hau ere Bolognan irakasle. Beste batzuek, Zaldibia batxilerrak, Luis Kruzatek, Karlos Lopez Zandategikoak, Esteban Garibaikoak eta Migel Aranburukoak euren

219 ARRIETA ALBERDI, Jon (1998), 134-135 220 GOYHENETCHE, Manex (1999), II. Lib., 116-117, Valverde, Lola: Historia de Guipúzcoa. Txertoa. 1984 aip. 221 GOYHENETCHE, Manex (1999), II. Lib., 118 134 aportazioak egingo zituzten, Gipuzkoan XVI.-XVII. mendeetan izan ziren arazo eta tentsioak konpontzeko. Halaber, Rouen eta Bordeleko parlamentuetako kontseilaria zen Joannes Ibarrolakoa ere aipa daiteke. Hark Zuberoako 1520ko forua idazteko ardura hartu zuen. Berarekin batera Jean Tartasekoak jardun zuen; beste bat, Compagnet Armendaritzekoa, Bordeleko parlamentuko legegilea Guienako foruak aldatzen eta Lapurdiko foruak eta Baionako arautegia idazten lagundu zuena.222

Euskal Foruen ezaugarri nagusiak • Euskal erakunde foralak epe luzeko gertakaria dira, egiturazkoa, euskal nortasunaren ezaugarriei babesa ematen zien markoa eta, aldi berean, Euskal Herriko elementu historiko esanguratsuenetariko bat. • Bazuten beste ezaugarri bat erakundeok: bizitza publikoan populazioaren gehiengoak parte hartzea. • Definizioa. Forua edo foruak, erregimen forala: garai foralean indarrean egon ziren euskal herrialdeetako erakunde politiko administratiboen multzoa. Foruek 1789ra arte iraun zuten Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, 1841era arte Nafarroan eta 1876ra arte Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian.223

Jatorriak XI.-XIII. mendeetan euskal lurraldeak errege iruindarren menpean antolatuta azaltzen ziren. Garai hartakoak ziren Euskal Herriko mendebaldeko erakundeen hastapenak: Herrialdeak erregearen menpeko jaurerriak ziren, eta horietan sendo egituratutako komunitate legez agertzen ziren, gehienetan jabe txikiz osatuta eta jaunari hitzarmena ezartzeko adinako indarra zutenak. Horregatik, agintariak eskualde, haran eta lekuan lekuko ohiturak eta usadioak onartzen zituen. XIII. mendean hiru inguru politiko zeuden Euskal Herrian: a) Nafarroako erreinua (Pirinioen bi isurialdeetan). b) Bizkaiko jaurerria, Gipuzkoako probintzia eta Arabako ermandadea (hirurak Gaztelako koroaren inguruan). c) Lapurdi eta Zuberoako bizkonderriak (Ingalaterrako koroari lotuta lehenago eta Frantziakoari gero) XVI. mendetik aurrera, Hego Euskal Herriko lurraldeak Habsburgokoen monarkia berriari lotu zitzaizkion. Garai hartan herrialde haiek sendotu egin zuten euren erakunde-izaera.224

Euskal erakundeen antolamendua Maila hauetako erakunde administratiboak zeuden:

222 GOYHENETCHE, Manex (1999), II. Lib., 118-122 223 MONREAL, Gregorio (1977), 351-353 224 MONREAL, Gregorio (1977), 357 135

• Maila lokala: Herri, hiri eta landa-eremuko erakundeak kontzejuen bidez gobernatzen ziren. Hasieran, biztanle guztiek hartzen zuten parte haietan (“kontzeju zabaletan”), baina denborak aurrera egin ahala, ordezkariez bakarrik osatzen ziren (“kontzeju itxietan”) • Eskualdeko Batzarrak: ”koadrilak” Araban, “merindadeak” Bizkaian eta Nafarroan, “haranak” Gipuzkoan,… • Batzar Nagusiak: maila txikiagoko batzarretako ordezkariak biltzen zituzten eta herrialdearen batzar legegiletzat hartzen ziren. • Diputazioa: Batzar Nagusietan erabakitakoa exekutatzeko ardura zeukan. Gero eta botere handiagoaren jabe egin zen erabakiak hartzeko, autonomia ere handituz joan zelako. Beste mota bateko erakundeak ere bazeuden: • Korporazioetako Batzarrak: Kontsulatuetako merkatarien batzarrak (Bilbon eta Donostian), Baionako Merkatarien Ganbara, Itsasgizonen Kofradien batzarra, Ola-jabeen batzarrak, eta abar. • Batzar mistoa edo komuna: “Konferentziak” (XVI. mendetik aurrera), Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ordezkariek osatuta, lurraldeen arteko gatazkak konpontzeko edota euren foru-legea elkartuta babesteko, autoritate komunaren aurrean.

Botere politiko foralaren edukia 1) Erdi Aro Beherean kaparetasun edo hidalgia unibertsala ezarri zen Euskal Herriko zati handi batean, eta horrekin, lurralde batzuetako populazio osoak nobleziaren estatutu pribilegiatuaz goza zezakeen, besteak beste, hainbat zergatatik eta soldadutzatik aske eta torturaren aurrean babestuta egotea, Euskal Herritik kanpoan ere ohorezko karguak bete ahal izatea, epailearen agindurik ezean atxilotua eta akusatua ez izatea, etab. 2) Euskal lurraldeetako erakundeek ahalmen legegileak eta administratiboak zeuzkaten: Batzar Nagusien eginkizunetako bat, lurraldeko sistema juridikoa biltzea zen, bai ohituretatik jasotakoa eta bai batzarrek eurek araututakoa. Gainera, erakunde foralek herrialdeko bizimodu osoa arautzen zuten: batzarren antolamendua, ordena eta seguritate publikoa, mendietako araudiak, abelazkuntza eta nekazaritza babesteko legeak, pisuen eta neurrien arauak, arrantzale eta errementarien jarduerak, etab.225 3) Euskal erakundeek ahalmen finantzariak eta fiskalak zeuzkaten: Euskal Herriaren mendebaldean erabateko autonomia fiskala zegoen. Erregeak ezin zezakeen zergarik ezar, eta hori eginez gero, herri xehearen erreakziorik bortitzenak eragiten zituen: 1600ean, 1631n, 1717an bezala. Hori bai, errege-ogasunak zailtasun handiak zituenean ez zen arraroa izaten, euskal lurraldeetako erakundeek emaitza edo dohain gisako laguntzak ematea. Euskal lurraldeetan sortutako gastu publikoen ardura

225 MONREAL, Gregorio (1977), 375 136

aginte foralek (Batzarrak eta Diputazioak) hartzen zuten, horretarako ezartzen ziren zerga zuzenen bitartez.226 4) Armada: Euskal lurraldeen defentsa Diputazioen ardurapean zegoen. Arrisku-uneetan udal-miliziak jartzen ziren martxan. Antolamendu militarrak, beraz, oinarri munizipala zeukan: herritar bakoitzak arma bat erosi eta egoki eduki behar zuen. Monarkiarekiko zerbitzu militarra zeharo mugaturik zegoen (exentzio militarra). Bizkaiko Foru Zaharrean azaltzen zenez, bizkaitarrak ez zeuden behartuta “zuhaitz legenartsuaz” (Luiandon) haraindi zerbitzu militarrik ematen227. Monarkiak, ordea, bazeukan Itsas armada osatzeko ahalmenik eta bai itsasontziak eta bai marinel-kopuruak ere eska zitzakeen. Hori askotan, dirua emanda kitatzen zen. Monarkiak bere armadarekin –foralak ez zirenekin, alegia– Euskal Herriko lurraldeetan esku hartu behar zuenean, erakunde foralen baimena lortu behar zuen aurretik eta, gainera, erabiliko ziren ibilbideak eta eremuak zehatz adostu behar ziren. 5) Justizia: Auzietako lehen eta bigarren instantziak euskal lurraldeetan zeuden, udalean eta korrejimenduan: epaileak alkatea eta korrejidorea ohi ziren. Azken instantzia, aldiz, desberdina izaten zen lurraldeen arabera eta egoitza, Nafarroan izan ezik, Euskal Herritik kanpo zegoen: Nafarroaren kasuan, Iruñeko Errege-kontseiluan; Bizkaiaren kasuan, Valladolideko Errege-kantzelaritzako Bizkaiko Gelan; Araba eta Gipuzkoaren kasuetan, erreinuak hartarako zituen erakundeetan (Kantzelaritzan eta Kontseiluan).228 6) Pase Forala: Erregearen eta Komunitatearen arteko hitzarmenak euskal herrialdeetako sistema juridiko foralari erabateko begirunea edukitzea exijitzen zion jaunari (edo erregeari). Foruaren aurkako edozein ekintza “kontraforua” zen. Hori zela eta, Gobernuko edozein agindu, dekretu edo disposizio indarrean jarri baino lehen, beharrezkoa zen Aginte Foralak (Batzarrak edo Diputazioak) hura aurretik aztertzea, ea forua errespetatzen zuenetz ikusteko. Horrela ez bazen, gaitzetsi egiten zen agindua Erdi Aroko formula ospetsua erabilita: “obeditu bai, baina ez da beteko”. Eta hori ez zen adierazpen hutsala izaten. Pase forala mendeetan erabili zen zorrozki.229 7) Batzar eta Diputazioen ordezkatze-maila: Gernikako Batzar Nagusien osaera, esate baterako, demokratikoa zela esan daiteke, baldin eta demokratikotzat hartzen bada, erabaki politikoak hartzen diren erakundeetan, populazioaren gehiengoaren presentzia aktiboa egotea. Horrek ez du esan nahi gutxiengoen taldeek (maiorazko handiek eta merkatari aberatsek) erakundeotan eragin handirik ez zutenik. Hala ere, gehiengoa nekazariek, arrantzaleek eta errementariek osatzen zuten. Erakunde exekutiboetako –Diputazioetako– ordezkatzea, ordea, bestelakoa zen: horietan ordezkari gehienak maiorazko handiak eta hirietako merkatari aberatsak izaten ziren. Esan daiteke diputazioak

226 MONREAL, Gregorio (1977), 376 227 MONREAL, Gregorio (1977), 377 228 MONREAL, Gregorio (1977), 378 229 MONREAL, Gregorio (1977), 378 137

oligarkikoak zirela. Erakunde foraletako ordezkatze-izaera bikoitz horrek azaltzen du, beharbada, istilu edo matxinada batzuen arrazoi sakona.230 8) Euskal Herriko erakundeak Espainiako monarkiaren barnean: Austria leinukoen monarkia izaera juridiko eta politiko desberdineko lurralde eta erresumek osatzen zuten. Koroaren hizkuntza –gaztelania– erakunde-hizkuntza bihurtuta, lurralde guztietan bera erabiltzea eskatu zen eta erdaraz ez zekitenek, erakundeetan parte hartzerik ez zeukaten: hizkuntza, beraz, herriaren zatirik handiena baztertzeko tresna zen231. Egoera horren aurrean, Bizkaian, herriaren oposizioa azaldu zen: 1632ko Gatzaren estankoaren kontrako matxinadan adibidez, zera oihukatzen zuen jendeak: “euskaraz egin guztiok ulertzeko!!”232. Dena den, XIX. mendera arte Bizkaiko Batzar Nagusietako komunikazio-hizkuntza euskara izan zen. Ez, ordea, hizkuntza ofiziala.

ARABA (Arabako Ermandadea) Hasieran 3 gune geografiko bereizten ziren: 1. Arabako Lautada 2. Ihuda ibaiaren eskualdea 3. Ega ibaiaren goi-arroa Arabako lautadan erakunde politiko berezia zegoen: Arriagako Kofradia, Bizkaiko Jaurerriaren antzeko izaera zeukana. Beste bi guneak errege- jabetzakoak ziren eta erregearen ordezkariek administratzen zituzten. Hiru bloke horiei, laugarren bat gehitu behar zaie: 4. Hiribilduak Arabako Lautadako bi hiri nagusiek –Gasteizek eta Agurainek– indarra hartzean, Arriagako Kofradia xurgatu eta desagerrarazi zuten. 1332tik aurrera (Kofradia desagertu zenetik), Araba osoa errege-eremu bihurtu zen, 20 hiribilduak izan ezik, haiek administrazio berezia baitzuten. 1457an, Arabako Ermandadea sortu zen entitate lokalen federazio gisa (Trebiñuko konderria hortik kanpo geratu zen233).234

230 MONREAL, Gregorio (1977), 381 231 AZURMENDI, Joxe (1992), 384 232 AZURMENDI, Joxe (1992), 386 233 1366ko apirilaren 8an Gaztelako Henrike II.ak Pedro Manrique I.a Larakoari eman zizkion dohaintzan Trebiñuko lurraldeak, jaurerri gisa goberna zezan. 1453an Pedro Manriqueren birbiloba batek, Diego Gomez Manriquek, Trebiñuko konde izendapena jaso zuen Gaztelako erregearengandik. 1417an Trebiñuk, Gasteizek eta Agurainek ermandade baten sorrera sustatu zuten, nobleziaren gehiegikerien eta gaizkileen aurka egiteko. Arabako lehen ermandadea izan zen hori. Hala ere, batasun hark ez zuen iraun eta laster desegin zen. Arabako Ermandadea sortzeko behin betiko ahalegina 1458an izan zen, baina orduan Trebiñuk ez zuen parterik hartu, eta horrela, Arabako probintziatik kanpo geratu zen.

234 MONREAL, Gregorio (1977), 362 138

Antolakuntza lokala Honako entitate hauek zeuden: hiria, hiribilduak, alkatetzak, merindade txikiak, eskualdeko batzarrak eta jaurerriak. XVI. mendean ermandade lokal horiek guztiak koadriletan elkartu ziren. XIX. mendera arte, 54 ermandade lokalak 6 koadriletan banatuta egon ziren: 1. Vitoria-Gasteiz (18) 4. Aiara (6) 2. Agurain (6) 5. Zuia (5) 3. Guardia (5) 6. Mendoza (12) Ermandade lokalak alkate bat zeukan, eta ordezkari bat edo bi izendatzen zituen Batzar Nagusirako.235

Lurralde-antolakuntza Herrialdeko erakunde nagusia Batzar Nagusia zen, eta horrek organo exekutiboa hautatzen zuen: Diputazioa.

BIZKAIA (Bizkaiko Jaurerria) XI. menderako eratuta zegoen jaunaren boterea Bizkaian. Lehenago, gobernadorearen edo kondearen kargua Iruñeko erregeak izendatutakoa zen. Eneko Lopez Bizkaiko jaunak lagunduta, Gaztelako erregeak Nafarroako erreinuaren mendebaldeko eremuak konkistatu zituenean, ordainetan Eneko Lopezek bere familiarentzat eskuratu zuen kargua, herentziakoa bihurtuz. Horrela, jaurgoa Haro familian geratu zen. 1334an, ezkontza bidez Joan Nuñez Larakoa (María Lopez Harokoaren senarra) bihurtu zen Bizkaiko Jaun, eta azkenik, herentziaz, jaurgoa Enrike IV.aren emazteak eskuratu zuen. Horregatik, 1379tik aurrera Gaztelako errege-erreginak aldi berean Bizkaiko jaun-andreak ere baziren. Bizkaian 4 ziren lurralde-osagaiak: 1. Lur Laua edo jatorrizko Bizkaia 2. Enkarterri 3. Durangaldea 4. Hiribilduak236

Antolakuntza lokala eta eskualdekoa 1. Lur Laua: Merindadeetan bananduta zegoen: Busturia Bedia

235 MONREAL, Gregorio (1977), 362 236 MONREAL, Gregorio (1977), 363 139

Uribe Zornotza Arratia Markina Horietako gobernua prestameroen, merioen eta foru-alkateen esku egoten zen. Elizatea maila txikiagoko entitatea zen eta biztanleek gobernatzen zuten elizpean batzartuta. Han izendatzen zituzten euren agintari lokalak: erregidorea eta milizietako burua. 2. Enkarterri: Enkarterrin autonomia zabala zuten 10 errepublika edo kontzeju zeuden, eta eskualdeko gobernua jaunaren ordezkariaren (Korrejidorearen tenientearen) eta Avellanedako Batzar Nagusiaren eskuetan egoten zen. 3. Durangaldea: 12 elizatek osatzen zuten eskualdea. Beste merindadetakoak bezalako agintariak zeuden: hemen ere, batetik korrejidorearen tenientea eta bestetik komunitatea ordezkatzen zuen erakundea: Gerediagako Batzar Nagusia eta Astolakoa (hura batzar berezietan eta hau arruntetan). 4. Hiribilduak: 21 hiribilduak eta Urduñako ziutatea Bizkaiko lurraldean kokatutako isla juridikoak ziren eta bakoitzak bere arau berezia zeukan.237

Lurralde-antolakuntza Hiribilduak agertu arte, Baztar Nagusiak, segur aski, Lur Lauko biztanleez bakarrik zeuden osatuta. Hiriak sortzean, bai horiek eta bai Enkarterriko eta Durangaldeko ordezkariak Gernikako Batzarretara etortzen hasi ziren. Hona hemen XVIII. mendean zelan zeuden osatuta: Lur Laua: 72 ordezkari Hiriak: 21 Enkarterri: 1+5 Durangaldea: 2 1500etik aurrera, gobernurako organo bat sortu zen Batzarretako erabakiak exekutatzeko eta haien menpean egon behar zena: Erregimentu Nagusia. Partaideak honako hauek ziren: Korrejidorea (jaunaren ordezkaria Bizkaian), 2 diputatu, 2 erregidore, 2 sindiko, 2 letradun eta 2 eskribau-idazkari. 1645ean Erregimentuaren ordez Diputazioa sortu zen (Bizkaiko Jaurerriko Gobernu Unibertsala esaten zitzaiona).238

GIPUZKOA (Gipuzkoako Probintzia) Antolakuntza lokala

237 MONREAL, Gregorio (1977), 364-365 238 MONREAL, Gregorio (1977), 365 140

24 hiribilduen egituratzea XIII.-XIV. mendeetan hasi eta 1397ko Getariako Batzarreko Ordenantzetan burutu zen (Ordenantza gehiago egin ziren 1457an eta 1463an).

Lurralde-antolakuntza Batzar Nagusiak: Hiribilduetako eta 3 alkatetza nagusietako ordezkariek osatzen zuten erakundea. XVIII. mendetik aurrera, urtean behin biltzen ziren eskuarki (11 egunean luzatzen ziren bilerak). Batzarretako egoitza txandakatu egiten zen 18 hirien artean, ordena zehatzari jarraituta. Batzarburua Gipuzkoako Korrejidorea ohi zen (Jaunaren ordezkaria) eta hirietako ordezkari bakoitzaren botoa, hiriak zeukan familia kopuruaren (fogeren) araberakoa izaten zen. Diputazioa (XVI. mendean sortutakoa) Batzar Nagusietan hartutako erabakiak exekutatzen zituen organoa zen. Partaideak: Korrejidorea, Batzarraren egoitza zen hiriko udala eta Batzarrak aukeratutako Ordezkari edo Diputatua. Gipuzkoan eginkizun berezia zeukan Batzarretako eta Probintziako Idazkariak: Batzarretara eta Diputaziora joaten zen aktak eta agiriak idatzi eta erregistratzeko, eta egoitza han-hemenka izaten zuen, Korrejidoreak bezala.239

NAFARROA (Nafarroako erreinua) Nafarroan estamentuzko gizartea zegoen indarrean: nobleziak eta kleroak pribilegio prozesalak eta penalak zituzten eta, jakina, ez zuten zergarik ordaintzen. Landa-eremuan, aitoren semeez gain, nekazari-morroiak zeuden, gizarteko mailarik xumeena osatzen zutenak. Azkenik, hirietako biztanleak zeuden.240

Antolakuntza lokala Era askotako eta jatorri desberdineko entitate lokalak zeuden Nafarroan: konkistatutako eremuak, frankoez osatutako populazioak, etab. Hala ere, gobernuari zegokionez batasuna zegoen, gobernu-egitura bat, alkateak (justizia ere esaten zitzaiona) eta zinpekoek (edo juratuek) osatzen zutena.

Lurralde-antolakuntza Herrialdean, Nafarroako Gorteak zeuden. Jatorriak Obanosko Batzarretan bila daitezke: horiek infantzoiez, nekazariez eta behe-mailako apaizez osatuta zeuden eta euren eginkizuna, goi-nobleziaren, gaizkileen eta, behar izanez gero, erregearen beraren kontra borrokatzea zen herrialdearen

239 MONREAL, Gregorio (1977), 369 240 MONREAL, Gregorio (1977), 369 141 izenean. 1328an deuseztatu ziren Obanosko batzarrak eta Nafarroako Gorteek hartu zuten haien lekua. Nafarroako Gorteak Europa guztian indarrean zeuden gorte guztien parekoak ziren, eta partaideak estamentuka zeuden antolatuta: batetik “Kuria” edo “Errege-gortea” zegoen, nobleek eta apezpikuek osatuta; eta bestetik, XI.- XIII. mendeetatik aurrera, hirietako ordezkariak, gero eta garrantzia handiagoa eskuratzen ari zirenak. Hona hemen Nafarroako Gorteen osaera: Goi-kleroaren ordezkariak: 12 bat Nobleziaren ordezkariak: 170 Hirietakoak: aldatuz joan ziren 20tik 38ra Han zeuden merindadeetako ordezkariak ere: Iruña, Lizarra, Tutera, Zangoza eta Olitekoak. Gorteetako burua Nafarroako erregea ohi zen, baina 1512tik aurrera (konkistatik aurrera, alegia), Gaztelako erregeordea ezarri zuten buru. 1576an Erreinuko Diputazioa sortu zen. Gorteak aukeratutako ordezkariez osatuta zegoen. Horren betebeharrak legeak betearaztea eta kontraforurik izan ez zedin, sobrecarta –edo pase forala– exekutatzea eta diru- emaitzak biltzea ziren.241

ZUBEROA (Zuberoako Bizkonderria) Bizkonderria 3 mezulari-eskualdetan eta 7 deganeriatan banatzen zen: 1. Pettarrako mezulari-eskualdea Domintxaineko deganeria Arüeko deganeria Lehuntzeko deganeria 2. Arbailatako mezulari-eskualdea Arbaila txikiko deganeria Arbaila handiko deganeria 3. Basabürüako mezulari-eskualdea Ibar-ezkerreko deganeria Ibar-eskuineko deganeria Horiez gainera, 6 burgu edo errege-hiri zeuden: Montori, Hauxe, Barkoxe, Larrañe, Santa Garazi eta Maule. Hiriok, beste herrialdeetako hiribilduak bezala, Zuberoako zuzenbide eta izate juridikotik at zeuden, euren araudiak zeuzkatelako. Zuberoako erakundeen egoitza Lextarren zegoen: han biltzen zen Ordena Gortea, eta burua, Zuberoako Bizkondea izan zen 1307ra arte. Ordutik

241 MONREAL, Gregorio (1977), 372 142 aurrera, Mauleko gazteluko kapitain-alkateak –Ingalaterrako erregearen ordezkari gisa– haren lekua hartu zuen. Ordena-gortea ondoko bi biltzarrek osatzen zuten: 1. Zinbideta (Silviet): Hiribarrenen biltzen zena (Zuberoako etxeko-jaunen batzarra) 2. Gorputz Handia: Noblezia eta Kleroaren batzarra.242

NAFARROA BEHEREA (Bortuez Haraindiko Merindadea) 1512ra arte, Nafarroako goi-erakundeen menpean zegoen herrialdea. Urte hartan bereizi egin zen Nafarroa Garaitik. Nafarroa Beherea zenbait haranek edo herrik osatutako multzoa zen: batetik Garazi, Baigorri, Orzaize, Oztibarre, Arberoa, Amikuze, Irisarri, Iholdi eta Armendaritze; bestetik, ondoko hiriak zeuden: Garruze, Bastida, Donibane Garazi, Donapaleu. Honako baroierriok ere baziren: Lüküze, Landibarre, Sorhapürü, eta azkenik, Agaramonteko ondasunetako zati bat. Forua komunitate guztiari zegokion, baina aldi berean herri bakoitzak bazeukan bere foru berezia ere. Hiriek eta baroierriek ere euren foru bereziei eusten zieten. Donibane Garaziko Gazteluko kapitain-alkateak ordezkatzen zuen erregea. Maila lokalean kapitain-alkateak ere bere ordezkariak zituen: baileak, merioak edo alkateak. 1512tik aurrera, Nafarroako Kantzelaritza –egoitza Donapaleun zuena– eta Estatu Orokorrak sortu ziren. Horietako partaideak hiru estamentuetan antolatzen ziren. Herri edo haran bakoitzak bere Gortea zeukan eta bazeuden parrokietako batzarrak ere. Gizarte-mailak lurren egituren araberakoak izaten ziren: Noblea lur eta etxe nobleko jabea zen. Gainerako beste lurralde guztia alodiotzat (lur libreak, jabedunak) hartzen zen eta nafarrak, lur-jabe ziren aldetik, askeak ziren. Erregeak zin egin behar zituen Nafarroako Foruak eta, orduan, nafarrek ere (era kolektiboan) zin egiten zioten erregeari. 1611n foruak deuseztatuta gelditu ziren.243

LAPURDI (Lapurdiko Bizkonderria) XIII. mendean Ingalaterrako erregea zen Lapurdiko nagusia. Horren azpitik Gaskoniako seneskala zegoen, eta beherago Lapurdiko bailea.

242 GOYHENETXE, Eukeni (1985), 40-42 243 GOYHENETXE, Eukeni (1985), 42-44 143

Uztaritzeko Gortean batzartzen ziren herrialdearen ordezkariak bailearekin. 1311ko deskribapen batek azaltzen duenez, lapurtar guztiak ziren berdinak legearen aurrean. Maila gorenekoak cavers direlakoak ziren (50 edo 60 bat) baina pribilegiorik ez zuten. Uztaritzeko Biltzarrean etxeko jaun guztien ordezkariak biltzen ziren eta erakundeak konpetentzia unibertsalak zituen, justizia arloan izan ezik. Hori bailearen epaitegiak administratzen zuen. Apelazioak seneskalari egiten zitzaizkion, eta XV. mendetik aurrera, Bordeleko Parlamentuari. Biltzarrak antolatutako 1000 gizonek osatzen zituzten Lapurdiko miliziak eta horien burua bailea ohi zen. Maila lokalean, parrokia inguruko batzarrak egiten ziren auzapezak (alkateak), zinpekoak (juratuak) eta Uztaritzeko Biltzarrera bidali behar ziren ordezkariak aukeratzeko.244

EUSKAL HERRIKO EKONOMIA ARO MODERNOAN

Antzinako Erregimenaren garaian, Euskal Herrian hiru eremu ekonomiko bereizten ziren: 1) Iparraldeko isurialdea: Eremu horretan zerealetan eta mahastietan oinarritutako nekazaritza urria zegoen. Ekonomia defizitarioa zen bertan. 2) Erdiguneko lurraldea (Arabako Lautada eta Iruñeko arroa): Hemen ere zerealean oinarritutako nekazaritza urria zegoen, baina iparraldean baino uzta hobeak lortzen ziren (auto-askitasuna lortuz). Nafarroa aldean, gainera, abelazkuntza transhumantea ageri zen. 1) Hegoaldea (Ebroko bailara): Zerealetan eta ardogintzan oinarritutako nekazaritza, azken hori esportaziora bideratua (auto-askitasuna lortzen zen hemen ere). Nekazari-egitura horren gainean eraikitzen zen Euskal Herriko antolakuntza ekonomikoa. Nekazaritzatik lortutako produkzioak beste sektore ekonomiko guztiak ere baldintzatzen zituen, guztiz erabakigarria baitzen baliabideen eta kontsumitzaileen arteko orekari eustea. Horrela, Iparralde hezeko nekazaritzaren ahuleziak beste sektore ekonomikoen hazkundeari eragiten zion. Iparraldeko isurialdean baziren beste baliabide ustiagarri batzuk ere: batetik, burdina, basoak eta ibai emaritsuak, burdingintzarako erabilgarriak, eta, bestetik kostaldea, merkataritza- jardueretarako aproposa. Azken sektore hori hasieran, garraioan oinarritu zen.

XVI. mendeko hazkundea (1450-1570) XIV. eta XV. mendeetako krisia gainditu ondoren, Europako ekonomiak dinamismo berriaren sintomak erakutsi zituen. Hazkundeak XVI. mendearen

244 GOYHENETXE, Eukeni (1985), 44-46 144 amaierara arte iraun zuen. Jaun feudalen ekonomiaren krisiak egitura berriak ekarri zituen berekin: ordutik aurrera aberastasuna burgesiaren eskuetan egongo zen, kapitalismo komertzialaren eskuetan. Batetik, populazioa nabarmen hazi zen eta, bestetik, hazkunde hari erantzun egokia emateko, lantzen ziren lurren eremuak zabaldu egin behar izan ziren basoaren kaltetan. Presio demografikoa oso handia zen, Euskal Herria eremuz txikia baitzen, eta hainbatek emigraziora jo behar izaten zuen; Ameriketara eta Andaluziara, gehienetan. Lehenago esan den legez, iparraldeko isurialdean, nekazaritza ahularen ondoan, nazioarteko merkataritza (Gaztelako artilearen eta euskal burdinaren esportazioan eta produktu manufakturatuen inportazioan oinarritua) eta burdingintza garatu ziren.

XVII. mendeko krisia (1570-1720) eta “artoaren iraultza”. XVII. mendean, Atlantikoan ziren gerren ondorioz, Euskal Herriko merkataritzarentzako zailtasunak hasi ziren agertzen. Honako arazo hauek zeuden: 1. Premiazko produktuen prezioak hazi egin ziren, portuetara gero eta irregularrago heltzen zirelako. 2. Euskal burdingintzaren krisia gertatu zen, Suediako kalitate hobeko burdinaren lehiarengatik. Merkataritzarako estualdiak eta industriaren krisia zirela eta, lanpostuak nabarmen gutxitu ziren eta, horren ondorioz, populazioak nekazaritzara jo behar izan zuen. Baina, lehen esan bezala, artean, kostaldeko nekazaritza oso makala zen, eta ez zuen ematen hain populazio handia mantentzeko. Nekazaritza gariaren produkzioan oinarritzen zen (ekoizpenaren %78), eta artatxikia eta gaztaina ere produzitzen ziren. Garia saltzeko eta baserriaren errenta ordaintzeko ereiten zen batik bat, ez baitzuen gehiagorako ematen. Baina XVII. mendearen erdialdean, nekazari arloan egoera biziki aldatu zen, “artoaren iraultza” gertatu zelako. Ameriketako landare hori Euskal Herrian ereiten hasi zen orduan. Hasieran abereen elikadurarako erabiltzen zen, eta gero gizakientzat ere bai. Bere produkzioak aldaketa handiak eragin zituen Euskal Herriko nekazaritzan: 1) Laiaren erabilera, soroko lurra egokiago aireztatzeko. 2) Artoak lur hezeagoak behar dituenez, lantzeko lurrak behe-aldeetara eta ibarretara zabaldu ziren. Lehenago, laboreak goialdeetan izaten ziren (gariak eremu lehorragoak eskatzen baitzituen). Egungo Euskal Herriko nekazari-paisaia artoak moldatutakoa dela esan daiteke. 3) Artoaren produktibitatea handiagoa zela eta, lugorri-sistema baztertuta geratu zen. 4) Artoak gariak baino errendimendu (azalera/hazia) handiagoa ematen zuenez, herritarren elikadura hobetu zen. 5) Karea erabiltzen hasi ziren, lur buztintsuaren kapilaritate hobea lortzeko. 145

Horrekin guztiarekin, merkataritzaren eta burdingintzaren krisiak eragindako larrialdiak gainditu ziren. Artoak nekazaritzari populazio handiagoa mantentzeko gaitasuna eman zion.245 Burdingintza tradizionala zen langile askoren jarduera nagusia. Baina XVIII. mendearen amaieran, Europako eta Espainiako merkatuetan Euskal Herriko burdina baztertzen hasi ziren, Suediakoa merkeagoa zelako. Merkataritzan, Euskal Herriaren kokalekuari esker, komertzioarekin lotutako jarduerak indar handiz bideratu ziren. Merkatariak elkartu egiten ziren konpainiak osatzeko: erakunderik goiztiarrena Bilboko Kontsulatua izan zen. Balearen arrantza sustatzeko Iparraldeko Konpainia sortu zen 1644an Baionan, Itsas Konpainia 1648an Donibane Lohitzunen eta Caracaseko Errege Konpainia Gipuzkoarra 1728an Donostian. Azkenik, lehorreko komunikazioa errazteko, errepideak egitea izan zen euskal diputazioen kezkarik handienetakoa.

Baserriaren sorrera Baserria Euskal Herriko ipar-isurialdean ikusten den ohiko landa- eremuko etxe mota da, “etxe blokea” esaten zaien horietakoa. Dependentzia guztiak ia eraikin berean bilduta izan ohi ditu, logelarik gehienak goiko pisuan, beheko solairua sukalde, animalia eta tresnentzat utzita. Bloke horretatik kanpo, labea dago aparteko eraikin txiki batean. Hain zuzen, beste elementu batzuekin batera, labe horrek ematen zion “baserriari” bere izaera berezia. Agirietan casería esaten zitzaion etxe mota hari. Euskal baserriak badu beste berezitasun bat ere: izena izatea. Izen hori aski ezaguna izaten zen agintari eta auzotarren artean. Oro har, izen horiek, denborak aurrera eginda ere, iraun egin dute. Kasurik zaharrenetan, etxearen izenak lekuaren, landarediaren edo inguruko geologiaren alderdiak adierazi ohi ditu. Oso gutxi dakigu Erdi Aroko euskal nekazarien etxeez, baina nahikoa argi dago garai hartako bizitegiek ez zutela zer-ikusirik XV. mendetik aurrera eraikitzen hasi ziren baserriekin. Erdi Arokoak zurezko txabola txikiak izaten ziren, baserriak baino askoz txikiagoak eta, seguruenik, bihitegiak, ukuiluak eta arditegiak aparteko eraikuntzetan zeuden antolatuta. Garai hartan, jakina, bazeuden harrizko etxe sendoak ere, dorretxeak, muinoetan edota bide nagusi eta erreka ondoetan kokatuta, inguruko errotak eta burdinolak kontrolatzeko. Antza denez, XVI. mende ingurura arte, nekazariak hiruzpalau baserriko etxe-talde bilduetan antolatzen ziren, eliza edo ermita baten, edota ahaide nagusiaren dorretxearen inguruan. XVI. mendetik aurrera, ordea, baserri sakabanatuak hasi ziren ugaltzen. Orduan gertatu zen Euskal Herriko nekazari etxe-ereduaren zabaltzea. Bi belaunalditan milaka baserri sortu ziren, eta horretan izango zuen eraginik XVI. mendetik aurrera landa-eremuan zegoen segurtasun- eta bake-giroak. Izan ere, ordurako amaituta zeuden leinuen arteko gatazkak eta haien ondorio lazgarriak: heriotzak, erasoak, etxeak erretzea, ondasunak suntsitzea, etab.

245 PAUL ARZAK, Juan Ignacio (1991), 64 146

Kontuan hartzeko beste faktoreetako bat, XVI. mendearen lehen erdian biztanleriak izandako hazkunde iraunkorra izan zen. Hain populazio handia janariz eta bestelako baliabidez hornitzeko, lur berriak prestatu behar izan zituzten: basoak luberritu, herri-larreak suntsitu, etab. Nekazaritzarako eremu horiek egokitu beharrak eragina izan zuen aire zabaleko abelazkuntzan. Gainera, behi-azienda ukuiluratzeko toki zabalak sortu behar izan ziren baserriaren barruan. Ogi-eskariak gora egin zuenez, garia lantzeko lurrak zabaldu ziren. Hala ere, baserritarrak ez ziren inoiz gai izan bertoko hiribildu eta merkatuentzat behar zen zereala produzitzeko. Gainera, laborantzarako lurrik egokienak hartuta zeuden, eta familia gehiago finkatzerik ez zegoen. Egoera larri horri aurre egiteko, artoa izan zen mirarizko konponbidea. Ameriketatik ekarririko landare hori biziki ondo egokitu zen Euskal Herriko iparraldeko isurialdean eta, horren eraginez, zeharo aldatu ziren bertoko baserritarren bizimodua eta ohiturak. Baso eta larreei kendutako lur berriak eskuratzean, askotan mendi aldeko kortak edo saroiak okupatzen hasi ziren. Eta gune zirkular horiek bata bestetik bereizita zeudenez, baliteke hori izatea baserrien sakabanatzearen arrazoia. Zereal berria berehala egokitu zen herrialdeko hezetasunera. Garia halako hiru ekoizten zen. Garia ereiteko erabili ezin ziren lur malkartsuetan eta paduretan ere ondo hazten zen artoa. Baserria artoaren produkzio-prozesura egokitu zen. Artoak eragindako ongizatea XVIII. mendearen erdialdera arte luzatu zen. Aldi hartan, Euskal Herriko familiarik aberatsenak etengabe saiatzen ziren ahalik eta baserri gehienen kontrola eskuratzen. Horretarako erabiltzen zituzten ohiko estrategiak, oinordekoen arteko ezkontza adostea, landu gabeko lurretan –partikularretan nahiz komunaletan– etxeak eraikitzea eta pobretutako baserriak erostea izaten ziren. Horrela, belaunaldi gutxitan baserrien jabetza esku gutxi batzuetan kontzentratzea eta, maiorazkoaren bidez, egoera horrek irautea lortu zuten. Geroago XIX. mendearen hasieran, Napoleonen armadaren inbasioaren ondoren, euskal udalek, gerrak eragindako gastu handiei aurre egiteko, ondare komunalen zati handiak saldu behar zituzten, eta jabe berriek horri esker ere lortu zituzten baserriak eraikitzeko aukerak.246

Itsasoa eta nabigazioa Erdi Aroaren amaierako euskal historia politikoaren eta ekonomikoaren ezaugarri nagusietariko bat, itsasora eta nabigaziora egindako jauzia izan zen. Euskal Herriak botere handia bereganatu zuen itsasoan. Euskaldunak itsasgizon trebetzat zeuzkaten Europa osoan.

246 ZENBAITEN ARTEAN: Euskal Herriko baserriaren arkitektura. Historia eta tipologia. Eusko Jaurlaritza. 2002, 23-38.

147

Euskal kostalde inguruko mundua oso mugatua zen eta portuak ere txikiak, baina bertoko marinelak arrisku eta enpresa handiei aurre egiten zailduta zeuden. Euskal nabigatzaileek garaiko monarkia handien presioa jasaten zuten. Monarkiak gero eta botere handiagoa eskuratzen ari ziren – Espainiakoak batez ere–, eta euren inperioak munduan zehar zabaltzeko ezinbestekoak zituzten itsasontziak. Euskal Herrikoak izan ziren horretarako gehienetan erabili zituztenak. Hori zela eta, Euskal Herriko nabigazioa etengabe egon zen monarkien gerrako enpresek baldintzatuta. Erregeak behin eta berriro baliatzen ziren hemengo ontziolez eta marinelez. Euskal Herriko armadoreen itsasontziak, printzipioz merkataritzan jarduteko zirenak, erregeek gerrarako erabilarazten zituzten. Askotan itsasontziak bahitu egiten zituzten. Bertoko armadoreek eta marinelek hainbatetan, nahi gabe ere, monarkiaren mesedetan jardun behar izaten zuten. Garaiko testuek sarritan adierazten dute tentsio hori. Dirudienez, horixe zen Espainiako monarkiak euskal herrialdeetako foruak errespetatzearen arrazoietako bat: hemengo nabigazioaren indarra. Beste era batera esanda: foruak errespetatu ezean, nabigazioak ere huts egin zezakeen. Euskal marinelak, kabotajeko nabigazioan (kostalde ondokoan) ez ezik, itsaso zabalekoan ere trebeak ziren: ozeanoa zeharkatzen zuten baleatan. Kabotajean, berriz, euskaldunak hoberenak zirela esaten zen, eta Flandes, Ingalaterra, Eskandinavia eta Mediterraneoaren ekialderaino ere iristen ziren. Euskal nabigatzaileek era guztietako karguak okupatzen zituzten: almirante, kapitain, etab. Ontzigile ospetsuen artean, ez zen euskaldunik falta. Euskal Herrian, itsas kapitaina bera izaten zen sarritan ontzigilea eta nabigazioko teorikoa ere: Pedro Zubiaur, itsas jenerala izateaz gain, tekniko ospetsua ere bazen. Familiek, taldeek, gurasoek eta semeek jarduten zuten nabigazioan: Filipe III.aren eta Karlos II.aren garaiko hiru Etxeberritarrek esate baterako. Aparteko aipua merezi du Gaztañeta almiranteak, garaiko (XVII. mendearen amaiera eta XVIII. mendearen hasiera) Europako ontzigilerik ospetsuenetarikoa izan baitzen. Bernard Elizagarai ere, “Petit Renaud” deitua, matematiko eta marinel handia izan zen. Euskal marinelen eta ontzigileen lan teknikoa funtsezkoa izan zen, baina izan zuen gorabeherarik ere: Erdi Arotik abiatuta, Euskal Herriko ontzigintzaren unerik garrantzitsuena XVI. mendean izan zen. XVII. mendeko beherakadaren ostean, XVIII.ean, larrialdiak izanda ere, berriro egin zuen gora. Krisiaren unerik txarrena Trafalgarreko porrotaren (1805) ondokoa izan bazen ere, Karlos III.ak Ingalaterraren kontra izaniko gerrak (1761-1763) ere oso ondorio txarrak izan zituen. Gerra hark Espainiako haziendaren hondamendia ekarri zuen eta, horrekin batera, bai Euskal Herriko ontzigintzarena ere. Espainiaren Independentziako Gerratean, jadanik, munta handiko ontzigintzaren tradizioa desagertuta zegoen.247

Burdingintza

247 CARO BAROJA, Julio (1974), 78-87 148

XVI. eta XVIII. mendeetan, mendiko burdinolak zeuden, agorrola edo haize-ola deitzen zirenak. Burdina lantzeko antzinako era erabiltzen zuten: giza indarrez eragiten zitzaien hauspoei eta mailuei. Burdinola haiek mendian eraikitzen ziren egur-ikatzetik eta meatzetatik hur egoteko. Baina burdinaren produkzioaren aurreranzko jauzia burdinolak ibai ondoetan kokatu zirenean gertatu zen. Orduan hasi zen Euskal Herrian burdina sistematikoki lantzen. Handik aurrera, uraren indarra erabili zen hauspoei eta gabiei eragiteko. Burdinolako jauna eragin sozial eta ekonomiko handiko pertsona izaten zen. Burdinola herrialdeko baliabide eta aberastasunik handienetakoa ohi zen, eta horregatik, foruek bereziki babesten zuten. Hori zela eta, zigor gogorrak ezartzen zitzaizkien burdinolak edo presak hondatzen zituztenei. Garai haietako errementarien eta haien jardueren deskribapenik osoenetarikoak J. A. Mogelek, Peru Abarka liburuan (1802) eta M. Larramendik bere Corografia de Guipuzcoan (1754) egin zituzten. Bi eratako burdinolak zeuden: nagusiak eta txikerrak. Berezitasun horren arrazoia lan bolumena izaten zen. Burdinola nagusietan, maisu bat egoten zen, arotza. Bera izaten zen urtzailea, eta labean zuen eginkizuna mea burdin bihurtzea zen. Horrekin batera bi ofizial zeuden. Horien lana ingude gainean burdina luzatu edo zapaltzea zen, eta gabiaz egiten zuten hori. Behargin horiei ijeleak esaten zitzaien. Gero mutila zegoen, beste guztion esanetara egon behar zuena. Olagizonek lantegian bertan egiten zituzten otorduak, eta janaria ere bertan prestatzen zuten. Mutilaren egitekoa lapikokoa zaintzea ere bazenez, gatzemailea esaten zitzaion. Behin mea burdina bilakatu eta gero, burdinazko tresnak egin behar ziren. Lan hori era askotako lantegiek egiten zuten: errementeriek, arma- lantegiek, etab. Azken horietan, ontziolekin gertatzen zen bezala, monarkiaren presioa jasaten zen. Bortxazko aginduez, erregeek armak bahitzen zituzten. Erregetzaren eskariek, gainera, arma mota batzuk derrigorrez fabrikatzen espezializatzea zekarten, askotan armagilearen borondatearen kontra. Ontzigintza legez burdingintza ere teknikoki aurreratuta zegoen. Horrela, ospetsuak ziren Euskal Herrian egindako armak: Plaentzia, Eibar eta Elgoibarreko moskete eta arkabuzak, Bergarako aiztoak, Durangoko ezpaten hornidurak, Elorrioko pikak, etab. Armagintzatik kanpo, beste tresna asko ere fabrikatzen ziren, nekazaritzarakoak batik bat: aitzurrak, areak, goldeak, etab.248

GIZARTEA Honako hauek ziren Lege zaharreko demografiaren ezaugarriak: jaiotza- tasa handia, baina gerrek, goseteek eta izurriteek eraginda, bai heriotza-tasa handia ere.

Biztanle-kopuruaren bilakaera Euskal Herrian

248 CARO BAROJA, Julio (1974), 95-106 149

Urtea Bizkaia Gipuzkoa Araba Nafarroa Lapurdi Nafarroa Zuberoa Beherea 1530 65.000 67.000 50.000 150.000 4.000 1591 72.000 75.000 65.000 160.000 1787 85.000 94.000 60.000 150.000 69.000 1794 116.000 120.000 71.000 227.000 70.000 36.000 16.000

XVIII. mendearen amaieran, 548.000 biztanle zituen gutxi gora behera Euskal Herriak. Bilakaera osoa begiratuta, XVI. mendean hazkundea izan zen. XVII. mendean Europan krisia izan arren, Euskal Herriko kostaldean, ordea, hazkundea nabari zen; XVIII. mendean ere populazioa hazi egin zen. 249 Garai hartako gizartean, komunitatea zen kontuan hartu beharreko kontzeptua eta ez gizabanakoa. Zenbait komunitate zegoen (artisauak, arrantzaleak, nekazariak, merkatariak, nobleak, etab.) eta ondasunak ere komunalak izaten ziren (mendiak, basoak, urak...).250 Biztanleen artean, teorian, kaparetasun unibertsalaren ondorioz ez zegoen desberdintasun juridikorik. Ostera, auzotarren eta beste biztanleen artean bereizketak egoten ziren. Auzotarrek eskubide politikoak (botoa ematekoa, hautatua izatekoa) eta ekonomikoak (baso komunalak ustiatzekoa, etab.) izaten zituzten; beste biztanleek (bizilagunek) ez zuten halakorik izaten. Ezkontza, lana edo zorrak zirela-eta, herria edo lurraldea utzi behar zutenean, jatorrizko eskubideak galdu eta bizileku berrian bigarren mailako pertsona bihurtzen ziren. Gizarte eta ekonomia-egiturak lurraren jabetzaren kontrolarekin uztartuta zeuden. Iparraldeko isurialdean (Bizkaian, Gipuzkoan...), maiorazko edo premuen herentzia-sistema zegoen: lur eta ondasun guztiak pertsona bakar bati eman behar zitzaizkion herentzian (seme edo alaba izan, zaharra edo gaztea izan). Beste neba-arrebak herentziatik kanpo geratzen ziren. Elite politikoen biziraupenerako tresna izan zen hori, eskubideei eusteko eta bai lurraldearen kontrola eta kargu politikoak ziurtatzeko. Eskubideak eta ondasunak gizabanakoari barik, familiari lotuta gelditzen ziren: maiorazkoaren loturazko jabetzak ziren. Denborarekin, gero eta baserri eta nekazari-lur gehiago geratu ziren merkatarien zirkuituetatik kanpora.251 Bizkaian, Gipuzkoan eta neurri txikiagoan Araban, populazio osoak ia noblezia-maila juridikoa zeukan (kaparetasun edo hidalgia unibertsala). Baina denak nobleak izanda ere, ez zezaketen denek kargu politikorik bete. Horretarako beharrezkoa zen millarrak izatea, hau da, gutxieneko aberastasun- maila bat, zeren, karguan desegoki aritzeagatik herriari kalterik sortuz gero, kargudunak bere dirutik kitatzeko adina izan behar baitzuen (Larramendi)252. Kalteak ekiditeko herriak hartzen zuen segurtasun neurria omen zen hori.

249 AGIRREAZKUENAGA, Joseba; MAJUELO, Emilio; URQUIJO, Mikel (1998), 26 250 IMIZCOZ BEUNZA, José María (1998), 232 251 ZUAZO, Joseba (2011), 140-141 252 OTAZU Y LLANA, Alfonso (1973), 355-366 150

Horrela, millarren arauaren bitartez, maizterrak eta artisauak (herritar apalak, alegia) karguetatik kanpo geratzen ziren praktikan.253

Maila sozialak a) Landa-eremuko jauntxoak Juntak erakusten zuten demokrazia, nagusien edo jauntxoen demokrazia zen, hau da, jauntxoak kontrolatzen zuten maila lokaleko eta eskualdeko botere politikoa eta administratiboa. Jauntxo horien aberastasuna era askotakoa izaten zen, baina oinarrian lurraren jabetza zegoen: baserriak eta lurrak. Askotan erroten eta burdinolen jabeak ere izaten ziren. Jabetza horiek, gehienetan, loturazko jabetzak ziren (beti familian eta zatitu gabe iraun behar zutenak). Adibidea: Vicente Tristan Aboitiz eta Mezetakoa, 1777an. Loturazko ondasunak: zazpi baserri eta erdi, euren lurrekin, dorretxe bat eta bi burdinola. Lotura gabeko ondasunak: hamar baserri, euren lurrekin, dorretxe bat, errota bat, bi ostatu, baso bat.254

b) Baserritarrak Bi eratako egoerak bereiz zitezkeen XVIII. mendeko Euskal Herriko nekazarietan: 1) Baserri eta lurren jabeak zirenak (gutxienak). 2) Maizterrak: baserria eta lurrak errentan zituztenak (gehienak). Euskal Herriko nekazarien artean, ezaugarri nagusia autokontsumora bideratutako ekonomian jardutea zen. Soberakina oso urria zen, eta txikia zen, hortaz, produktu horiek saltzetik atera zitekeen irabazia. Bestalde, maiorazko-sistema zela eta, askotan, neba-arreben doteak ordaindu beharrak zorpean uzten zuen baserriaren jabea.

c) Burgesak Hirietan bizi ohi ziren. Merkatariak ziren gehienak, eta horietako aberatsenek lurrak erosten zituzten. Hirietako burges batzuek gari eta arto- alearen prezioarekin espekulatzen zuten, hots, merke zeudenean erosi, gero garestiago saltzeko. Inoiz, alea pilatuz, eskasia ere eragiten zuten.

d) Baztertuak Euskal foruek bazuten nolabaiteko izaera xenofoboa, auzotasuna ukatzen baitzitzaien kanpotarrei, eta horien artean beste herrialdeetako euskaldunak ere egoten ziren. Baina talde batzuk bereziki baztertuta zeuden,

253 GOYHENETCHE, Manex (1999) II. lib., 211 254 FERNÁNDEZ DE PINEDO, Emiliano (1974), 356-357 151 esate baterako, ijitoak eta agotak. J. Ramon Iturrizak talde berean sartzen zituen ijitoak eta frantsesak, Bizkaian antzeko lanbideetan aritzen zirelako: motzaile, zikiratzaile, galdaragile....255 Ijitoak baztertuta edo jazarrita zeuden, lapurtzat eta gaizkiletzat zeuzkatelako. 1563an, Bizkaian, herrietatik ijitoak kanporatzeko agindua eman zen, zeren hacían muchos hurtos y agravios y daños a los vecinos del Señorío. 1617an, Gipuzkoako Batzar Nagusiek hauxe adierazten zuten: Andan cantidad de igitanos y de igitanas haciendo maleficios. XVIII. mendean, antzeko aginduak ematen ziren urte batean ez bazen bestean. Hala ere, agindua horrenbestetan errepikatzeak ez zela betetzen esan nahi du. Begi bistakoa da ijitoak Euskal Herrian antzinatik egon zirela256. Hain txertatuta zeuden gizartean, non deiturak ere euskaldunak hartu baitzituzten: Etxebarria, Ezpeleta, Txabarri, Etxepare, etab. Bereziki ugari ziren Nafarroan257. Diskriminaturik bizi zen beste talde bat agotak ziren. Horiek, mendeetan jasan zuten bereizkeria. Auzotasuna ukatzen zitzaienez, ez zitzaketen ondasun komunalak erabil, basoak, adibidez. Zenbait mendetan, herrietatik at bizitzera behartu izan zituzten, eta, gainerako biztanleekin ezkontzea debekatuta ohi zutenez, haien arteko endogamia nagusitu zen. Agot zirela ezagutarazteko arropa bereziak jantzi behar izaten zituzten, eta batzuetan, bularrean antzara- edo katu-oinatzaren itxurako bereizgarri gorri bat eraman behar zuten. Legenarra zabaltzen ote zuten susmoa zegoen, eta leku askotan, pasatzean kanpaitxo bat jo behar izaten zuten, agot ez zirenak paretik aparta zitezen. Elizan, koruaren, kanpandorrearen ala eskaileraren azpian baztertuta entzun behar zuten meza, eta elizara alboko ate txikiago batetik sartu behar ziren. Elizako zoruan marra bat zegoen (burdin-hesia Arizkunen), agotak aldarera igo ez zitezen. Beste bataiarri bat erabili behar zuten eta ur bedeinkatua beste ontzi batetik hartu.

Bozate auzoan (Arizkunen) XVI. mendean agot asko zegoen, eta ondorengo mendeetan hirurehun eta bostehun biztanle artean ibili ziren. Baigorrin ere nahikotxo ziren: XVIII. mendean, biztanleen %10 omen ziren.

Erregimen Zaharreko ekonomia desagertzen zen neurrian, lur komunalak saltzean eta auzotasun-eskubideak desagertzean, diskriminazio hura ere desagertuz joan zen. Antzinako Erregimeneko oinarri ekonomiko, sozial eta politikoak desegin ahala, agoten bereizketa ere ezabatzen joan zen, eta azkenean, nekazari-esparruko auzoetako edo familietako susmo hutsean baino ez zen geratu.

MUGIMENDU SOZIALAK: MATXINADAK Ezaugarri orokorrak: Herri-mugimenduen artean iraultzak eta errebelamenduak bereizi behar dira. Biek dituzte aspektu erreibindikatzaileak, baina eskatzen dena zeharo bestelakoa da batzuetan eta besteetan.

255 GRACIA CÁRCAMO, Juan (1989), 92 256 ANGULO MORALES, Alberto eta REGUERA, Iñaki (2006), 147-148 257 GRACIA CÁRCAMO, Juan (1989), 93 152

Erdi Aroan eta Antzinako Erregimenaren garaian, matxinadetan parte hartzen zutenak erreboltariak izaten ziren, baina sekula ere ez iraultzaileak. Jasanezinak eraginda errebelatzen zen gizartea, baina proiekturik gabe. Errebelamenduak azkenean etsipena zekarren beti. Horren aurrean, iraultza, ordea, “eraikitzailea” da. Bizimodu edo zibilizazio berria eraikitzeko egiten da iraultza. Errebolta atzerakoia, erreakzionarioa da. Matxinatuek iraganeko garai “egokietara” itzuli behar zela eta ohituren arabera gobernatu behar zela aldarrikatzen zuten. Matxinadetako erreboltatuak amorratuta zeuden, baina ez ziren iraultzaileak. Nagusitzen zirenean, gehienetan, ez zuten proiekturik. Haserreak irauten zuen artean, zenbait helburu bete zitezkeen (fiskoaren agentearen aurka egin, “handiki” baten etxea lapurtu, etab.), baina ondoren, errepresioa zetorren. Honako puntu hauen bidez laburbil daitezke matxinada horien ezaugarriak: 1. XVI.-XVII.-XVIII. mendeetan gertatu ziren (baten bat, XIX. mendearen hasieran). Antzinako Erregimenaren garaian, beraz. 2. Era askotako arrazoiek eragindakoak ziren: gehiegikeriak, zergak, goseteak, eskasiak, askatasun tradizionalen kontrako agintarien erasoak. Gehienetan, bizirik irauteko premia larriak sorrarazten zituen. 3. Matxinatuek krisietatik ateratzeko, irtenbide kolektiboen aldekoak ziren eta foruan zeuden eskubide tradizional eta kolektiboak defendatzen zituzten. Izan ere, matxinada batzuei kontraforuek eman zieten hasiera, foruekin bat ez zetozen aginduek, alegia. 4. Berrikuntzen kontrakoak ziren. Askatasun berrien kontrakoak, hau da, liberalismoaren askatasun indibidualen kontrakoak. Nekazari eta artisau xumeak burgesen kontra altxatu ohi ziren. 5. Karlistaldien aurrekariak izan ziren penintsula aldean (liberalismoaren kontrakoak, alegia). 6. Iraultza liberalaren kontrakoak kontinente aldean. 7. Ez ziren, beraz, bestelako gizarte berria lortzeko altxamendu iraultzaileak, herri xumearen biziraupen-mailari eusteko matxinadak baizik.

Matxinada nagusiak

Komuneroen matxinada (1520-21) Gune nagusia Gaztelan izan zen arren, Euskal Herrian ere izan zen istilurik. Nafarroan agaramontarrak sartu ziren Orreagatik eta Iruñea hartu zuten. Noaingo porrotarekin amaitu zen saioa. Bizkaian eta Araban, bandoen arteko gatazkak luzatu ziren. Araban Aiaratarren eta Belaskotarren arteko 153 borrokak izan ziren erakundeetan nagusigoa lortzeko. Gipuzkoan, nekazarien eta merkatarien arteko gatazka gertatu zen.258

Oñatiko mutina (1538) Oñatiko kondearen aurka, urkamendia ken zezan borrokatu ziren oñatiar batzuk.259

Larragako errebolta (1592) Hemen ere herriko pikota kentzeko altxatu zen Larragako herria.260

Fivatiers direlakoen errebolta (1637) Lapurdin fivatiers esaten zitzaienek (nobleen lurretako kolonoak) zergak ordaintzeari uko egin zioten, harik eta jaunek noblezia-tituluak erakutsi edo frogatu arte (titulu asko XVI. mendean zehar galdu edo erre egin baitziren). Basailu horiek Ezpeletako baroiaren gaztelua eraitsi eta Senperen Ibarroneko eihera suntsitu zuten.261

Nafarroako jauntxoen kontrako erreboltak (1624, 1627, 1675) Herritarren eta nekazarien altxamenduak izan ziren jaunen kontra. Batzuetan, komentuak ziren jaun-eskubideak zeuzkatenak. Muru eta Astraineko herritarrak, besteak beste, Irantzuko monasterioaren kontra matxinatu ziren. Urraul, Esa eta Irunberriko herritarrak, Leireko monasterioaren kontra. Fiteroko herritarrak, Andra Maria abadia-elizaren kontra.262

Bilboko erregimentu eta ordezkaritza-sistemaren aurkako matxinada (1607) Artisauen matxinada izan zen (jostunak, sokagileak, margolariak, zapatariak, etab.). Helburua udal gobernu-era tradizionalera itzultzea izan zen. Sistema irekiagoak eta demokratikoagoak lortu nahi zituzten. Gobernu- organoetan oligarkak nagusitu aurreko kontzeju irekietara itzultzea errebindikatzen zuten eta eurek ere (gremioetako bigarren mailako artisauak, alegia) gobernu karguak bete ahal izatea.263

Gatzaren estankoaren kontrako matxinada (1631-1634) Foruen arabera, Bizkaira ekartzen ziren merkantziei ez zitzaien zergarik ezartzen, eta egoera hartan, 1631ko urtarrilaren 18ko errege-aginduak gatzaren estankoa ezartzea agindu zuen; hots, gatz guztia konfiskatu eta Errege-

258 ESTÉVEZ, Xosé (1999), 79 259 ESTEVEZ, Xosé (1999), 80 260 ESTEVEZ, Xosé (1999), 80 261 ESTEVEZ, Xosé (1999), 81 262 ESTEVEZ, Xosé (1999), 81 263 ESTEVEZ, Xosé (1999), 83 154 ogasunak bakarrik salduko zuela ordenatu zuen, prezioa %44 igoz. Erabaki hura kontraforua zen. Inposizioa XVII. mendeko krisiaren unerik gogorrenean gertatu zen, hain zuzen, Gaztelako koroak finantza-premia larriak zituenean. Bizkaiko kargudunek onartu egin zuten erregearen agindua, pase forala egin gabe. Gatazka luzea izan zen. Gertakari nagusiak 1631ko iraileko Gernikako Batzar Nagusian, 1632ko urriko Bilboko mutinean eta 1633ko otsaileko Batzar Nagusian izan ziren. Matxinatuek neurriz kanpoko zergak kendu eta Foruak ezartzen zuen egoerara itzultzea eskatzen zuten. Baina kontraforu-arazoak bigarren mailan geratu ziren, protagonismoa herriaren eta kargudunen arteko borrokak hartu baitzuen. Matxinatuek kargudunei euskaraz egiteko eta karguak herritarrek eskura jartzeko eskatzen zieten, eta oihuka: “unos comen sardina y otros gallina” aldarrikatzen zen. Argi erakusten zuen horrek, hura herri xumearen eta merkatari aberatsen arteko borroka zela, eta gertatu zela, Bizkaiko erakundeetako karguak aspalditik merkatari aberatsek eta jauntxoek eskuratuta zeuzkatelako.264

Baionako erreboltak (1590, 1641, 1665) XVI. mendetik aurrera, Baionako herria, zergen presioak eraginda, etengabeko auzi eta liskarretan bizi zen. Orduan han matxinatu zirenak ofizialak, jornaldunak eta, batez ere, herritar xeheak izan ziren. 1590ean, tindatzaileen altxamendua gertatu zen, landare koloratzaileen gaineko zerga berria ezarri nahi izan baitzitzaien. 1641ean, gatzaren gabela eta kontsumoko bestelako gai batzuen gaineko zerga ezartzea zela eta, matxinada handia izan zen. Estatuak 1640an gerra-ontziak bidali zituen Baionara, zerga-bilketarako bulegoa indarrez irekitzeko. Hirurehun bat herritar armatuk ontziari gogor eraso zioten eta atzera egin behar izan zuen hark. Ondoren, Estatuak ezarritako zigorra etorri zen eta 1680tik aurrera armadaren presentzia egon zen Baionan.265

Nafarroako konplota (1648) Nafarroako 1648ko konplota Portugalen eta Kataluniaren independentzien aldeko mugimenduen garaian kokatzen da. Arrazoia erreinuaren burujabetza berreskuratu nahi zuten herritarren borondatea zen. Nolanahi ere, errebelamendua antolatzeko ahalegin serio bakarra, Migel Iturbide kapitainarena izan zen. Alabaina saioak porrot egin, eta bera Madrilen atxiloturik, hil egin zuten.266

Tuterako mutina (1654) Nafarroako Gorteek ehiza eta arrantzari buruzko legea ezarri zuten 1654an. Tuteran, herritarrek legearen berri izan zutenean, bildu, eta alkatea hartu zuten preso, kontseiluko arma guztiak hartuta, legea onartu zuten

264 ESTEVEZ, Xosé (1999), 85 265 ESTEVEZ, Xosé (1999), 91 266 ESTEVEZ, Xosé (1999), 93 155 agintarien bila abiatu ziren, haiek lege berria indargabetzera behartzeko. Diruzainaren, fiskalaren eta herriko hainbat jauntxoen etxeei eraso zieten. Matxinatuen amorraziotik aldentzeko, Gil de Etxauri artzapezak teilatutik ihes egin behar izan zuen. Istilu haien aurrean, Nafarroako Aldundiak ehizaren legearen aplikazioa atzeratzea erabaki zuen, Gorteak berriro bildu arte.267

Lapurdiko gerra zibila (1655-1659) Handikien kontrako borroka izan zen. Arrazoia funtsean politikoa izan zen. Monarkia absolutuak Pays d´Elections izeneko administrazioa eta fiskalitatea zabaltzeko saioarekin lotu behar da, hau da, Estatuak kontrol zuzeneko lurraldeetako sistema zona libreetara ere –Ipar Euskal Herrira, esaterako– hedatu nahi zuen. Lapurdiko armadako buruzagiaren izendapenak piztu zuen gerra. Jean de Caupenne hil zenean, erregeak, ohi bezala, haren semea izendatu beharrean (Caupenne familiaren esku egon ohi zen kargua), Urtubiako Salvat Alzate izendatu zuen. Martin Xurio sindiko nagusiak, Caupennekin zuen harreman estua zela medio, ez zuen erregearen erabakia onartu. Bitartean, M. Arcangues erregearen prokuradoreak Uztaritzeko biltzarra eginarazi eta Xurio kendu zuen kargutik. Biltzarrean batzuk kontraforutzat jo zuten Luis XIV.aren erabakia. Lapurdiko gizartearen polarizazioa erabatekoa zen. Batetik, Alzate eta Biltzarraren erabakia onartzen zutenak, mila gizon inguru, Lapurdiko milizian antolatuta zeuden eta ezaugarritzat gerriko zuria zerabilten (“sabelxuriak”); bestetik, Xurioren aldekoak zeuden, herriaren libertate-eskubideen defendatzaileak: hiru mila partisano inguru ziren eta haien ezaugarria gerriko gorria zen (“sabelgorriak”). Gerraren hasieran, sabelgorriak ari ziren nagusitzen. Alderdi horretakoek Arrangoitzeko gaztelua eskuratu, Uztaritzeko presondegiari eraso, Sokoako gotorlekuko kanoiak bereganatu eta Azkaineko guduan, Bordeleko Parlamentuak bidalitako tropak menderatu zituzten. Baina 1659an, behin Xurio hilda, antolamendua galdu eta sakabanatu egin ziren. Ondoren sendotu egin zen erregearen agintea, eta matxinatuei isun handiak ezarri zitzaizkien. Biltzarra ezabatzea ere pentsatu zuen Frantziako erregeak, baina azkenean, larriki ahulduta, indarrean irauteko aukera eman zion.268

Matalazen matxinada Zuberoan (1661) 1640tik aurrera, Zuberoako lur komunalak, errege-domeinutzat hartzen zirenak, salgai jarri ziren. Irurikoak, Arnaud-Jean de Peyrer, Trois-Villesko kondeak erosi zituen. Horrela zenbait herritan, aristokratak nagusi bihurtzeko prozesua hasi zen. Iruri (Trois-Villes) konderri bilakatu zen eta kondea, gainera, Zuberoako Batzarren iritziaren kontra izanik ere, Mauleko gazteluaz jabetu zen. Zuberotarrek euren lurrak erreskatatzeko dirutza handiak ordaindu behar zituzten.

267 ESTEVEZ, Xosé (1999), 93 268 ESTEVEZ, Xosé (1999), 94 156

Matxinada 1661ean hasi zen. Erreboltariak herrialdeko erakunde tradizionalen alde eta aristokraten kontra asaldatu ziren. Apaizen zenbait eskubideren alde eta protestanteen nagusitasun ekonomikoaren kontra ere jokatzen zuten. Matxinatuen burua Bernat Goienetxe izan zen, Mitikileko apaiza, Matalaz deitzen zutena. Atharratzeko gaztelutik abiatu zen Matalaz hainbat nekazari armaturekin (800 bat; hala ere, beste batzuen esanetan matxinatuak 7.000 inguru ziren). Sohütako gatazkan, Matalaz eta matxinatuak menperatu zituzten: 100- 400 hildako izan ziren, eta erreboltariak zigortzeko beste 50 lagun exekutatu zituzten. Arberoako bizkondeak Gotaineko gazteluan Matalaz atxilotu, eta Lextarreko plazan exekutatu zuten.269

Lapurdiko erreboltak (1669-1671) Marinelak derrigorrez itsasoratzearen kontrako erreboltak izan ziren. Jean B. Colbert Frantziako ministroaren itsas politikak guztiz egoera larriak sortarazi zituen Lapurdin. Colbertismoak, ikuspegi administratibo zeharo zentralistatik abiatuta, flota handi bat sortu nahi izan zuen (ontzi militarrak eta merkatariak). Hori zela eta, Lapurdiko kostaldeko herrietako eta Azkaine, Ahetze edo Senpereko gizon asko ontzirarazi zituzten. 1635. urte inguruan, Lapurdik 70.000 biztanle inguru zituen eta horietatik 4.500 marinelak ziren. Derrigorrezko ontziratzeak eta gabela (gatzaren gaineko zerga) ezartzea, Lapurdiko ohiko askatasunen aurkako aginduak ziren. Horregatik hasi zen gatazka: 1669ko erreboltan, Larralde seneskalordea hil zuten. 1671n, borroka Lapurdiko itsasalde osora zabaldu eta, azkenean, indultu batez bukatu bazen ere, ordainetan 152 marinel ontziratu behar ziren Colberten ontzietan.270

Donazaharreko altxamendua (1685) Nafarroa Behereko erakundeetan, intendenteek eragin handiko eginkizuna ohi zuten erregearen esku-hartze politikoan. Eta intendente guztietan Foucault nabarmendu zen, Frantziako monarkiaren interesa sutsuki eta gupidagabe defendatu baitzuen. Aintzilan bazen herriak ustiatzen zuen gatzaga bat. 1683. urteko agindu batek, ordea, gatzaga hura erregearen jabetzako bihurtu zuen, Donibane Garazin gatzaren gabela kobratzeko bulegoa ireki, eta mugaz bestaldeko gatza saltzea debekatu zen. 1685ean, azoka-egun batean, Donazaharreko herriak horren berri izan zuenean zalaparta sortu zen. Foucault intendentea ez zen txikikeriatan ibili eta, “herria baketzeko”, bi matxinatu urkatu eta beste biri galeretako zigorra ezarri zien. Hala ere, handik urte bira, Nafarroako Gorteek berreskuratu egin zuten Aintzilako gatzaren ustiatzea, eta bai herrialde osoan saltzeko eskubidea ere.271

269 ESTEVEZ, Xosé (1999), 95-97 270 ESTEVEZ, Xosé (1999), 97-98 271 ESTEVEZ, Xosé (1999), 98 157

Aduanen matxinada (1718) Matxinada hori Borboitarren zentralizazio-prozesuan gertatu zen da. 1717ko abuztuaren 31ko dekretuak, aduanak itsas portuetan edota Frantzia eta Portugaleko mugetan ezarri behar zirela agintzen zuen. Ordura artean lehorrean egon ziren aduanak –Euskal Herriaren eta Espainiaren artekoak– portuetara alda zitezela agintzen zen. Dekretua foruen kontrakoa zen, eta gainera, herri xehearentzat erabat kaltegarria, zeren hura ezarriz gero, atzerriko produktu guztiak karutu egingo ziren. Bizkaiko Batzar Nagusiak protesta gogorra egin zuen, baina alferrik zela ikusirik, herria altxatu zen. Algortan eta Bermeon, aduana-ontziak erre zituzten. Begoña, Basauri, Deustu eta Abandoko biztanle askok, Bilbon sartu eta, merkatari aberatsen etxeak erre zituzten. Gainera, handiki batzuk ere hil zituzten, matxinoentzat errudunak haiek eta gobernu-kargudunak zirelako. Erregearen erantzuna gogorra izan zen. Armada Bizkaian sartu zen, eta zigor larriak ezarri zituzten. Hala ere, 1722an, aduanak aurreko lekuetara itzuli ziren berriro.272

Gasteizko erreboltak (1738) 1738ko gatazka landa-eremuko jauntxoek Gasteizko udal-aginpidean zuten kontrolak piztu zuen. Jauntxo haiek agintariengan eragin handia zutenez, euren lurrak zergetatik libre uztea lortu zuten, eta hiriko salerosketei eta kontsumoari, aldiz, are zerga astunagoak ezarri zitzaizkien. Merkatariek, herritarrek lagunduta, Gaztelako Kontseilura jo zuten. Handik laburrera (1742- 1748), hiriko burgesek jauntxoen lekua hartu zuten udal-karguetan. Hala ere, koroaren indarrez, gauzak aurreko egoerara bihurtu ziren.273

Haragiaren matxinada (1755) Matxinada hau espekulazioak eragin zuen: produktu-eskasia, prezioen gorakada: espekulazioa eta matxinada lotuta azaldu ziren. 1754an Gipuzkoako Diputazioak zenbait produktu, bereziki haragia, probintziatik ateratzeko debekua eman zuen. Agindu hark espekulazioa, estraperloa eta prezioen gorakada eragiten zituen. Haragiaren matxinada Deba Garaian piztu zen. Agintarien erantzuna gogorra eta berehalakoa izan zen. Indar armatua herrietan sartu zen, eta ez zuen inolako erresistentziarik aurkitu. 1755eko Batzar Nagusiek beste agindu batez probintzian abereak libreki sartzea eta ateratzea onartu zuten, eta, horrela, espekulazioa moztea eta prezioei eustea lortu zen.274

272 ESTEVEZ, Xosé (1999), 107 273 ESTÉVEZ, Xosé (1999), 108; MADARIAGA ORBEA, Juan (1998), 156 274 ESTÉVEZ, Xosé (1999), 108; MADARIAGA ORBEA, Juan (1998), 156 158

Alearen komertzio librearen kontrako matxinada (1766) Altxamendua, Gipuzkoako mendebaldean eta Bizkaiko ekialdean jazo zen. Aurreko urteetan gari-uzta txarrak izanda, garestitu egin zen garia, eta egoera hartan jauntxoak eta burgesak, alea saldu barik, pilatzen hasi ziren. Horrela, eskasia handiagoa eragiten zuten, gero karuago saltzeko. Une hartan Madrilgo gobernuak lege batez gariaren tasa kendu zuen eta produktua noranahi komertzializatzeko askatasuna eman (nekazari-produktuen komertzializazio librea ezartzen zuen legeak). Azkoitian hasi zen matxinada. Azkoititik ateratzen ari ziren gari-kargak gelditu zituzten matxinoek eta, ondoren, herritarrek nahi zuten prezioan jarrarazi. Matxinada berehala zabaldu zen inguruko herrietara. Donostiako alkateak armada osatu eta Azpeitira bidali zuen. Errepresio gogorra izan zen.275

Emakumeen Lapurdiko erreboltak (1773, 1784) Lapurtarrek tabakoaren gaineko zergarik ez ordaintzeko eta norberaren kontsumorako tabakoa ereiteko eskubidea zuten. Eskubide horiez baliatuta, mugako herrietan tabakoaren estraperlorako erakunde indartsua eratu zen. Tabakoa Haltsuko errotan eho eta mugako herrietan barrena banatzen zen. 1773an, Frantziako Estatuak iruzurrari kontra egiteko, tabakoaren monopolioa ezarri nahi izan zuen. Erabaki haren aurrean, errebolta antolatu zuten Sara, Itsasu, Zuraide eta Haltsuko emakumeek. Azkenean, ez zen monopoliorik sortu eta tabakoaren estraperloak lehen bezain indartsu eta oparo iraun zuen. 1784an, monarkia Errobi ibaiaren mendebaldeko lurralde lapurtarra zonalde libretik ateratzen ahalegin izanak piztu zuen errebolta. Horretarako, fiskalitate aldetik, Lapurdi bitan banatzen zuten aduanak finkatu nahi ziren. Saioak erantzun bortitza jaso zuen Hazparne inguruko herrietan. Guienako intendentea, Neville, eta Baionako erregeordea, Caupenne markesa, Hazparnera abiatu ziren 150 granada-jaurtitzaile eta bost brigadekin ordena ezartzeko, baina haserreak hartutako emakume piloa jarri zitzaien kontra (esaten zutenez bi mila inguru ziren). Tropa-buruak haiek hil edo atzera egiteko dudan zeuden. Azkenean, atzera egitea erabaki zuten. Hala ere, berehala etorri ziren ohiko errepresio-bideak: atxiloketak, eskualdearen okupazio militarra… Hazparneko apaizaren bitartekaritzari esker, eskarmentuak ez ziren hain gogorrak izan. Hala ere, matxinatuak zigortzeko, elizako kanpandorrea eraitsi zuten, herriko emakumeak biltzeko erabili zelako. Gainera, eskualdean zeuden armak bahitu ziren.276

Modenesen aurkako Gasteizko mutina (1803) 1802ko dekretuek Arabako merkataritza eta diru-zirkulaziorako askatasuna mugatzen zituzten. Aldundiak eta Batzar Bereziek, foruen kontrako neurriak zirela iritzita, euren protesta helarazi zioten Karlos IV.a erregeari.

275 ESTÉVEZ, Xosé (1999), 111-116 276 ESTÉVEZ, Xosé (1999), 117; MADARIAGA ORBEA, Juan (1998), 158 159

Protesta hori gorabehera, Espainiako erregearen ordezkaria zen Juan Modenesek, indarrean ezarri zuen araua, eta Gasteizko hiru bizilagun atxilotu zituzten estraperloan ari zirela salatuta. Berehala sortu ziren istiluak: gasteiztar asko bilduta, Modenesen etxera abiatu ziren oihuka. Gobernariaren etxeko ateak bota zituzten eta, azkenean, guardiek istilua baretu zuten. Giroa lasaitu ondoren, negoziazio luze eta gogorra izan zen Godoyren eta Arabako agintarien artean, 1802ko agindua aplika ez zedin. Modenesen ordez beste gobernari bat izendatu bazen ere, Godoyk tinko eutsi zion bereari eta foruen kontrako arauak ezarri zituen.277

Zamakolada (1804-05) Simon Zamakola Arratiako jauntxoak, bilbotar merkatarien kaltetan Abandon “Puerto de la Paz” izeneko portua sortzea proposatu zion Godoy lehen ministroari eta trukean bizkaitarren gudu-zerbitzuaren antzeko zerbait eskaini. Lortu egin zuen Zamakolak Bizkaiko Batzar Nagusietan onartzea landa-eremuko jauntxoentzat oso probetxugarria zen proposamen hura. Erabateko kontraforua zen eta herria ohartu zenean, matxinada hasi zen. Bilbo inguruko nekazariak Zamakolaren, korrejidorearen eta diputatuen kontra egiten hasi ziren eta laster lortu zen portu berria ez egitea. Zamakolaren proposamena ez zen burutu baina altxatuen kontrako errepresioa gogorra izan zen: atxiloketak, isunak etab. ugari egon ziren.278

KULTURA ETA IRAKASKUNTZA XVI. mendean, Carranza artzapezpikua, frai Juan Zumarragakoa, Martin Azpilkuetakoa, frai Diego Estellakoa, Malon Etxaidekoa, Inigo Loiolakoa, Frantzisko Xabierrekoa, Juan Alabakoa, Huarte San Joanekoa, Joan Beltsua Ugartekoa, Elkano, Legazpi, Garibai, Idiakez, Erzilla, etab., legegile, filosofo, ingeniari eta erlijioso euskaldun asko zeuden, eta haietariko batzuek maila kultural unibertsala zeukaten. Baina haien guztien artean ez zen ez eskolarik, joerarik edo talderik eratu. Bakarka aritu ziren eta euren lana, sarritan, Euskal Herritik kanpo egiten zuten. Hala ere, ez zen Euskal Herrian garatu foku kulturalik, korronte artistikorik, literariorik edo filosofikorik, XVIII. mendearen erdialdera arte, behintzat.279 Iratxeko unibertsitatea 1534an sortu zen, 1550ean Oñatikoa, eta 1619an Iruñeko ikastetxe unibertsitarioa.280

277 MADARIAGA ORBEA, Juan (1998), 159 278 MADARIAGA ORBEA, Juan (1998), 159 279 AZAOLA, José Miguel de (1972), 232-233 280 ANGULO MORALES, Alberto eta REGUERA, Iñaki (2006), 121 160

Horietan guztietan –Hego Euskal Herriko euskaldunen artean, behintzat– kultura-hizkuntza gaztelania zen, ez euskara. Euskaldunak ziren arren, lan literarioak edo historikoak gaztelaniaz idazten zituzten. Hala ere, baziren salbuespen batzuk: Esteban Garibaikoak bere liburuetako gaztelaniazko kontakizunetan euskarazko hitz edo bertso zaharrak tartekatu ohi zituen, eta berari eskerrak ezagutzen dira Erdi Aroko euskal epikaren perlarik zaharrenak eta bikainenetako batzuk. 1592an Joan Idiakezek euskarazko atsotitzen bilduma bat osatzeko eskatu zion eta Garibaik bi bidali zizkion, gaztelaniazko itzulpen eta guzti. Eta ezin da aipatu barik utzi, 1564 eta 1567 artean, Joan Perez Lazarragakoak euskaraz sortutako poesia eta “artzain- eleberri” errenazentista.281

XVI. eta XVII. mendeetan, Ipar Euskal Herriko herritarrek, ordea, kultura- arloan gehiago erabili zuten euskara. 1545ean argitaratu zuen Bernat Etxeparek bere Linguae Vasconum Primitiae liburua. Etxepare Nafarroa Behereko herri txiki bateko apaiza zen. Erreforma protestantearen garaian, euskal kulturak berebiziko suspertzea izan zuen kalbinisten eskutik: Joannes Leizarragak Testamentu berriaren itzulpena burutu zuen, Beltran Zalgizek esaera zaharren bilduma bat eta Jakes Belakoak hiztegi bat eta euskararen lehen gramatika idatzi zituzten. Aipatzekoa da halaber Pierre d´Urte Camino ere, euskal gramatika bat, hiztegi bat eta Genesiaren itzulpena egin zituena. XVII. mendearen hasieran, Katolizismoak, Kontrarreformarekin, bere presentzia indartu eta ortodoxia inposatu zituen. Testuinguru horretan, aipatzekoa da Sarako eskolarekin egin zen aurrerapen literarioa. Euskara literario klasikoa esaten zaiona sortu zuten: Pedro Agerre “Axular” (Gero), Joanes Etxeberri (Manual debozionezkoa, Noelak), Joanes Haranburu (Debozino eskuarra), Pierre Argaignarats (Deboten brebiarioa), Kristobal Harizmendi (Ama birjinaren ofizioa), besteak beste. Erlijio gaietarik aparte, Piarres Etxeberrik nabigazio-liburu bat moldatu zuen eta Monjongo Dassanzak beste bat albaitaritzaz. Aipagarriak dira halaber Silvain Pouvreau eta Esteve Materre frantses jatorriko euskal idazleak. Hego Euskal Herrian euskararen antzinatasunaz arro ageri –jatorrizko nobleziaren froga zen haientzat–, baina gaztelaniaz idazten zuten artean, Ipar Euskal Herrian, euskara lantzeko eta erabiltzeko ardura zegoen. Joan Klaberiak honela adierazten zuen hori 1636an282, Joanes Etxeberriren Elizara erabiltzeko liburuaren eskaintzan: Burlatzen naiz Garibaiez halaber Etxabez zeñak mintzatu baitire erdaraz Euskaldunez. Ezen zirenaz geroztik Euskaldunak hek biak, Eskuaraz behar zituzten egin bere historiak.

281 GARTZIA, Pruden (2005), 43-44 282 AZURMENDI, Joxe (1992), 325 161

Literaturaz gain, Ipar Euskal Herrian, 1794ra arte, euskara administrazio- hizkuntza ere izan zen, Hego Euskal Herrian ez bezala. Baina Frantziako iraultzaileek, iraultzaren erdigunean ezarri eta hizkuntza kontua politizatu egin zuten. Handik aurrera, administrazio-idazkiak frantsesez egingo ziren, eta ez hori bakarrik, Errepublika barnean, frantsesez egiten ez zuena Errepublikaren etsaitzat joko zen.

ILUSTRAZIOA eta R.S.B.A.P. Euskal Herriko Adiskideen errege-elkartea (Real Sociedad Bascongada de Amigos del Pais,1764, Bergara) euskal kulturaren historiak izan duen goren- goreneko gertakizunetarikoa izan zen. “Azkoitiko zalduntxoek” esaten zitzaienek fundatu zuten: Xabier Munibe Idiakezek (Peñafloridako Kondeak), Manuel Inazio Altuna Portuk eta Joakin Egia Agirrek (Narroseko markesak). Hirurak ziren aurrerazaleak, kultura-handikoak, atzerrian estudiatu eta Europako zientzia Euskal Herrira ekartzen saiatu ziren. Honako hauek ziren elkartearen helburuak: 1. Euskal Herria zientzian, arte ederretan eta letretan trebatzea 2. Ohiturak zuzendu eta lantzea 3. Alferkeria, ezjakintasuna eta horien ondorioak baztertzea 4. Euskal herrialdeen arteko harremanak ugaldu eta sendotzea Lau batzordetan antolatu ziren elkarteko kideak: 1) nekazaritza-eremua, 2) arte eta zientzia-esperimentalak, 3) industria eta komertzioa eta 4) politika eta arte ederrak. Benetan emankorra izan zen taldeen eta batzordeen lana: batetik, laborantza-sailekoak gogor ahalegindu ziren lan-makina berriak ekartzen, lurren azterketak egin eta zegozkiekeen ongarri eta landare mota berriak sartzen, zuhaitz mota berriak landatzen, abere-arrazak berriztatu eta ukuiluratzeko teknika berriak ezagutarazten, etab.; bestetik, industria-sailekoak, ola zaharretara aurrerapenak ekartzen ahalegindu ziren. Elkartearen eskutik hezkuntza-zentroak sortu ziren. Oinarrian umeen eskolak zeuden (Loiolan, Bergaran, Gasteizen, Bilbon eta Donostian) eta goiko mailan, bereziki aipatu beharreko Bergarako Errege-Mintegia. Irakasle famatuak ekarri ziren Europatik, ikastetxe hartan jardun zezaten (L. J. Proust, Chabanneau, Thuborg), eta irakaskuntzaz gain, balio unibertsaleko lan bikainak burutu ziren: platino malgua lortzeko teknika (Chavanneau, Thuborg); Wolframioa eta Tungstenoa isolatzea (Elhuyar anaiak), burdinoletarako hobekuntza teknikoak, meatzetako burdinaren inguruko ikerketak, txertaketa medikoetan egindako saioak, nabigazio-pilotuen formazioa, etab.283 Azkenik, aipatu behar da Entziklopedia frantsesak harpidedun ugari izan zituela Euskal Herrian.

283 ANGULO MORALES, Alberto eta REGUERA, Iñaki (2006), 131 162

FRANTZIAKO IRAULTZA ETA EUSKAL HERRIA

Ipar Euskal Herria 1789an, Luis XVI.ak Frantziako Estatu Orokorrak deitu zituenean, euskal lurraldeek bereizita erantzun zuten. Frantziako herritar gehienentzat Iraultzak pribilegioen eta zerga injustuen deuseztatzea zekarren, baina euskal herrialdeek bazuten aurretik euren konstituziorik eta herriak hautatutako ordezkariez eratutako biltzarrik: Hori zela eta, Iraultzak ez zuen euskaldunen artean zaletasun handirik sortu. - Lapurdin nobleziak eta kleroak ez zuten inoiz izan ordezkapenik eta, Estatu Orokorrek horixe eskatzen zutenez, 1789ko apirilaren 19an erantzuna prestatu zuten: kleroa ordezkatzeko Ziburuko parrokoa, eta nobleen aldetik, Makeako bizkondea aukeratu zituzten. “Hirugarren estatua” ordezkatzeko, bi anaia, Dominique eta Dominique Joseph Garat bidali zituzten. “Kexa-koadernoetan” –frantsesez eta euskaraz idatzita– Lapurdiko erakunde foralak berrezartzea eskatzen zen, eta Baionako apezpikua euskalduna izatea ere. - Zuberoako Estatuek kleroaren aldetik Oloroeko apezpikua, nobleetatik Uharteko markesa, eta “hirugarren estatutik”, Mauleko alkatea zen D´Arraing aukeratu zituzten 1789ko maiatzeko 18an. Herrialde horretan ere, foruen defentsa tinkoa egin zuten. - Nafarroa Beherearen jarrera, ordea, bestelakoa izan zen. Nafarroa aparteko erreinua zela eta, ez zuten Parisera ordezkaririk bidali. Donibane Garaziko Biltzarrak erregearengana zuzenean jotzea erabaki zuen. 1789ko ekainaren 15ean bilduta, 1620ko Elkartzeko Ediktua – Nafarroa eta Frantziako erreinuek batzen zituena– deuseztatzea erreklamatu zuten –nafarrek ez baitzuten inoiz hura onartu–, eta Nafarroako herriaren eskubideak berrezartzea eskatu zuten; erregeak erreinuaren foruak zin egitea, txanpon propioa berreskuratzea, Donapaleuko Kantzelaritza martxan jartzea eta Nafarroako armarria kendu zen lekuetan berriro jartzea. Labur esanda, Nafarroaren independentzia aitortzea eskatu zen, kontuan izan behar baita, erregearen pertsona baino ez zela, Nafarroa Frantziarekin lotzen zuena. Erregearengana bidalitakoak hauek izan ziren: Kleroa ordezkatzen, Baionako apezpikua, Nobleziaren aldetik Logras, Olhonceko markesa, eta “hirugarren estatua” ordezkatzen, Garruzeko Arnaud de Vivié eta Donibane Garaziko notarioa zen Frantzisteguy. Gai guztiak kudeatu zituena, Polverel abokatua izan zen. Nafarroa Behereko ordezkari horiek ez zuten lortu erregeak eurak errezibitzea ezta erreinuaren foruak aitortuak izatea ere. Bestalde, euren hautesleek eskatu bezala, ez zuten parterik hartu Frantziako Estatu Orokorretan. Horrek guztiak ez zien balio izan ezertarako Ipar Euskal Herriko herrialdeei, dena baitzegoen erabakita euskaldun ordezkariak Parisera iritsi baino lehen. Frantziako Estatu Orokorrek ez zuten onartu euren batzarretik kanpoko inolako legerik; are gutxiago, iraultzaileen ustez jatorria Antzinako Erregimenean zuten foru eta tradiziorik. 163

Horrela, bada, Estatu Orokorrek, 1789ko abuztuaren 4an, deuseztatu egin zituzten Iparraldeko herrialdeetako foruak eta bai Nafarroako erregetza bera ere. Frantziako Asanblada Nazionalak “departamentutan” banatu zuen Estatua eta, horrela, 1790ean “Pirinio Behereetako Departamendua” (Pyrénées-Atlantiques) sortu zuen: horretan euskaldunak eta biarnotarrak elkartuta geratu ziren. Departamendu berrian euskaldunak gutxiengoa izan ziren beti. Hiru herrialdeak ezabatuta gertatu ziren eremu politiko gisa. Prefektura (hiriburua) Paue hirian ezarri zen eta Baiona eta Oloroe hartu ziren beste hiri nagusitzat.284 Terrorea eta “Elkarte popularrak” Iraultzak ezarritako legeei men ez egiteak, apaiz kontrairaultzaileen alde jokatzeak eta penintsula aldeko euskaldunekin harremanak izateak iraultzaileen susmo txarrak eta etsaigoa erakartzen zizkien Iparraldeko herritarrei. 1792tik aurrera, Euskal Herrian ere ugaldu egin ziren “elkarte popular iraultzaileak”. Gehienak Pariseko Jakobinoen Klubeko kideak ziren. Donibane Lohitzuneko elkartea izan zen horietan bortitzenetarikoa. Salbuespeneko auzitegiak eta gillotina ezarri zituzten Donibane Lohitzunen eta Baionan.285 Euskaldunen deserritzea 1793ko azaroaren 25ean, Donibane Lohitzuneko udalak eta elkarte iraultzaileak Sarako herritarren deportazioa eskatu zuten, “zeren herri horretakoak ez dira aristokratak besterik” zioten. 1794ko martxoaren 3an Sara, Itsasu eta Azkaineko herritarrak eta Ezpeletako, Zuraideko, Ainhoako, Kanboko, Larresoroko, Makeako, Mendiondoko, Luhusoko... “susmagarriak” deserriratzeko agindua eman zen. Deportatuek –4.000tik gora– ezin izan zuten ezer eraman aldean eta Landetako elizetan bildu ziren. Han higiene-baldintza egokirik gabe, urik gabe eta, askotan, janaririk gabe egon ziren. Capbretoneko elizan zeuden 229 deportatuetatik 15, adin-nagusikoak (70 urtetik gorakoak) eta 16, 15 urtetik beherako umeak ziren. Azkainen, 162 herritar kanporatu ziren eta euretatik 7, 70 urtetik gorakoak, 14, 10 eta 15 urte bitartekoak, eta 30, 10 urtetik beherakoak ziren. 1794ko iraileko aginduaz, deportazioei amaiera eman zitzaienean, deserritutako 1.600 herritar hilda zeuden. Itzuli zirenak hondatuta geratu ziren, euren ondasunak bahituta aurkitu baitzituzten. Konbentzioaren ordezkariak, ostera, aberastuta zeuden.286 Behin Robespierren terrore-aldia amaituta, lasaitu egin zen giroa. “Elkarte popularrak” eta salbuespeneko auzitegiak desagertu egin ziren. Deportazioetan hondatutako zenbait biktimek, egoera berria aprobetxaturik, mendeku hartu zuten. 1796-97ko negualdian, talde armatu bat aritu zen Uztaritze eta Itsasu inguruetan. Salbuespeneko auzitegiko burua eta deportazioa bultzatu zutenatariko bat, Mundutegi, hil egin zuten, haren familiaren aurrean etxea arpilatu eta gero.287

284 GOYHENETXE, Eukeni (1985), 75-79 285 GOYHENETXE, Eukeni (1985), 82-83 286 GOYHENETXE, Eukeni (1985), 84-85 287 GOYHENETXE, Eukeni (1985), 87-88 164

Frantziako Iraultzaren ondorioak Hego Euskal Herrian (Konbentzio Gerra) 1793an Luis XVI.a tronutik kendu eta hil zutenean, Frantziako iraultzaileen kontra gogor jokatzen hasi ziren Europako monarkiak. Estatu absolutistek mugak itxi zizkioten Frantziari eta aliantza handia eratu zuten Frantziako errepublikaren kontra borrokatzeko. Testuinguru hartan, Espainiako errege Karlos IV.ak armada bidali zuen Frantziako mugetara. Horrela, Gipuzkoako eta Nafarroako mugetan ere Espainiako armada jarri zen (Ventura Caro jeneralaren agindupean), eta, horrekin batera, Gipuzkoako eta Nafarroako armada foralak ere han kokatu ziren (Narroseko markesaren agindupean). Gerra-deklarazioa martxoaren 7an egin zen. 1793an Espainiako armada Nafarroa Beherean sartu eta konkista sinbolikoak egin zituen Alduden eta Chateau-Pignon izeneko gotorlekuan. Espainiako gobernuak euskal herrialdeetako armada foralen kolaborazio handiagoa eskatu zuen. Gipuzkoako Batzar Nagusiek, ordea, soldadu gehiago ez emateaz gainera, bidalita zituztenak ere erretira zitezela agindu zuten, defentsarako benetako motiborik ez zegoela eta. 1794an, Frantziako armadak muga gainditu eta berehala Gipuzkoa erdia eta Nafarroako mendebaldea okupatu zituen: Monçey jeneralak Baztanetik sartu eta Irun eta Hondarribia hartu zituen. Frantsesak agertu zirenean Donostiako agintariek ez ziren hiria defendatzeko prestatu, eta gainera, haiekin bakeak egiten ahalegindu ziren.288 Donostiako alkate Mitxelenak frantsesei hiria oposiziorik gabe hartzeko, baldintza hauek proposatu zizkien: - Donostiarren erlijio katolikoa errespetatzea. - Gipuzkoaren estatus-politiko forala, 1200. urtearen aurreko egoerara itzultzea (erabateko independentziara). - Gipuzkoarrak armak hartzen ez behartzea. Era berean, eta tonu berean, Getarian Batzar Nagusiak, –korrejidorerik gabe– biltzarra eginda, Gipuzkoa errepublika frantsesaren inguruko herrialde neutral eta independentea bihurtzearen alde azaldu ziren. Bakea eskaini zioten armada frantsesari, gobernu frantses iraultzailea aitortzearen truke. Frantsesek Gipuzkoa goberna ez zezatela eskatu zuten, eurek bazituztelako horretarako erakunde propioak, eta, azkenik, Frantziaren babespeko Gipuzkoako Errepublika aldarrikatzea.289 Baina frantsesek ez zuten eskaintza onartu eta herrialde konkistatu gisa okupatu zuten Gipuzkoa. 1795ean frantsesak Bilbon sartu zirenean Bizkaiak eta Arabak ere Gipuzkoak egindakoaren antzeko eskaintza egin zieten frantsesei.

288 AGIRREAZKUENAGA, Joseba; MAJUELO, Emilio; URQUIJO, Mikel (1998), 41 289 AGIRREAZKUENAGA, Joseba (2012), 47-48 165

Jokabidea aldatuta, urte berean, frantsesek, euskal lurraldeen anexioa – foruak errespetatuta– proposatu zuten. Baina une hartan, Espainiak eta Frantziak Basileako Bakea sinatu zuten eta gerra amaitu zen.290 Basileako bakea Besteak beste, honako hauek izan ziren bake-akordioaren baldintzak: 1. Frantziak Espainiari penintsulan konkistatutako lurraldeak itzultzea. 2. Espainiak Frantziari trukean Santo Domingo isla ematea. 3. Karlos IV.ak mendekurik ez hartzea euskal “frantsestuak” zigortzeko. Espainiako aginte zentralak, aurrerantzean, administrazio publiko bateratuaren aldeko politika bideratu zuen. Foruak ez ziren deuseztatu baina Godoyren instrukzioei jarraituta, Euskal Herriko foruen kontrako eraso historiografikoa hasi zen 291

290 AGIRREAZKUENAGA, Joseba (2012), 47-51 291 Ik. XVIII. mende amaierako eta XIX.eneko hasierako foruei buruzko eztabaida politikoa izeneko atala.

166

ARO GARAIKIDEA

Euskal herrialdeetako foruak gatazka eta eztabaidagai izan ziren Espainiako estatu liberalaren formazio-bidean. Liberalen proiektuaren arabera, Espainiako estatu-nazioa egituratzeko, lurralde osoan erakunde politiko berberak, lege bakarra eta ekonomia-marko bateratua antolatu behar ziren. Bi izan ziren Hego Euskal Herrian estatu eta gobernu ereduari buruzko eztabaidan izan ziren ideologia nagusiak: - batetik, euskal herrialdeak Espainiako nazioaren partetzat hartzen zituena - bestetik, Euskal Herria aparteko naziotzat hartzen zuena. Liberalismoa ezartzeko bidean, euskal herrialdeek –horietako bakoitzak– euren ordezkaritza politiko eta administratiboaren erreferente nagusiei eutsi zieten: Batzar nagusiei eta Diputazioei. Baina XVIII. mendearen amaierarako, liberalismoa ezartzeko prozesuaren testuinguruan, arazoak sortzen hasi ziren: - Erakundeek (exekutiboek batez ere) ez zuten populazioaren borondaterik islatzen. - Aginte zentralaren helburua foru-erakundeen boterea mugatzea zen. - Aduanen kokalekua arazo larria bihurtu zen 1778tik aurrera. Merkatariek aduanak kostaldean jarri nahi zituzten, produktuak Espainiako barne- merkatuan egoki saltzeko. Lur-jabe handiek, berriz, euskal lurraldeak, ohi zen bezala, librekanbio-esparru izatea nahi zuten. Iraultzaren eta kontrairaultzaren arteko eztabaida azaldu zen; batetik, burgesia merkataria estatu liberalaren aldekoa zen, eta, bestetik, lur-jabeak, Hego Euskal Herriko erakundeen soberaniaren eta Errejimen Zaharraren aldekoak ziren.292

Napoleon Iberiar penintsulan (1808-1814) Frantziako enperadoreak Britainia Handiko Erresuma Batuaren kontra itsas blokeoa indartzeko eta inperio frantsesaren aldeko estatu batzuk sortzeko, penintsula okupatzeko proiektu-militarra azaldu zuen. 1807ko urriaren 27an Fontainebleauko ituna izenpetu zuten Frantziako eta Espainiako ordezkariek. Akordioaren arabera, Portugaleko erreinua okupatu eta herrialde hori, Espainiako erregearen menpeko hiru printzerritan banatuko zen; trukean Lisboarako bidea zabalik utzi behar zion Espainiak Frantziari. Artean, bi talde ari ziren elkarren kontra Espainiako Gorteetan: batetik, Godoyren taldea edo erreformistak eta, bestetik, boteretik baztertuta sentitzen ziren sektore pribilegiatuak, erreformen kontrakoak, Fernando printzearen inguruan batzen zirenak. Horiek, Aranjuezeko mutina antolatu zuten 1808ko martxoaren 17an. Protagonista Napoleonen armadaren presentziarengatik

292 AGIRREAZKUENAGA, Joseba; MAJUELO, Emilio; URQUIJO, Mikel (1998), 37 167 haserre zegoen herria izan zen. Altxamenduaren ondoren, Godoy kendu zuten kargutik, eta martxoaren 19an Karlos IV.ak halabeharrez uko egin zion koroari eta bere seme Fernando printzearen esku utzi zuen. Handik egun gutxira, enperadorearen izenean, Murat jenerala, frantses armadaren burua Madrilen zegoela aprobetxatuta, Napoleon jarri zen Espainiako Gorteko bi taldeen arteko epaile gisa, eta dei egin zien Fernando VII.ari eta Karlos IV.ari berekin bil zitezen. Baionan elkartu ziren eta Napoleonek, borboitarrak koroari uko egitera behartu ondoren, bere anaia Jose I.a izendatu zuen Espainiako errege. Ordurako, armada frantsesak kontrolpean zeuzkan Espainiako hiri nagusiak.

Baionako Biltzarra (1808) Napoleonek aginduta, Baionan bildu ziren Espainiako jabe handiak eta erakunde nagusietako ordezkariak, penintsulako egoera politiko berria antolatzeko. Euskal Herritik, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako ordezkariak azaldu ziren. Mariano Luis Urkixo bilbotarra, aurreko urteetan Karlos IV.aren estatu-idazkaria izandakoa, Biltzarreko idazkari izendatu zuten. Handik gutxira, José Napoleon I.aren Estatu-idazkaritzako ministro bihurtu zen. Baionako Biltzarrak izaera legegilea zuen eta bertara bildutakoek Espainiako Konstituzioa idazteko asmoa agertu zuten. Euskal herrialdeetako ordezkariek, berriz, asmo bera adierazi zuten, hain zuzen, euren erakunde tradizionalak (foruak) kontserbatu nahi zituztela. Ez zuten begi onez ikusten aduanak kostaldera edota Frantziarekiko mugetara aldatzea. Arabako ordezkariak, esate baterako, herrialdea Espainiako konstituziotik kanpo uzteko eskatu zuen, arabarrek euren foru-konstituzio propioa bazutelako. Era berean, Nafarroako ordezkariek euren konstituzio bereziei, hau da, foruei, eutsi nahi zietela adierazi zuten. Euskal herrialdeetako ordezkariek fronte komuna prestatu zuten argudio politiko-juridiko argiak erabiliz: herrialdeetan konstituzio tradizional egokiak zeudela indarrean eta ez zegoela egoera aldatu beharrik. Biltzarrak foruen moldatzea geroko uztea erabaki zuen: Nafarroako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako foruak hurrengo Gorteetan aztertuko zirela, herrialde horiei eta nazioaren interesari komeni zitzaiena erabakitzeko. Baionako Biltzarrak, horrela, Espainiako monarkia tradizionalaren eta Frantziako sistema politikoaren erdibideko konstituzio bat onartu zuen ekainaren 15ean bildutako gorte batzuen bitartez. Hari Baionako Estatutua esan zitzaion.

Euskal Herria eta Frantsesen lurralde-antolamendua 1810ean, Napoleonek Ebrotik iparralderako eremuak Frantziaren kontrol zuzenean jarri zituen, eta ibai horretan ezarri zuen muga berria. Horrela, Euskal Herria Frantziako enperadorearen agintepean geratu zen, Espainiako erreinutik kanpo eta bi gobernuz antolatuta: Nafarroako gobernua, Josep Dufour jeneralaren agintean, eta Bizkaikoa, Thouvenot jeneralarenean. Bestalde, Diputazio eta Batzar Nagusi tradizionalak ezabatuta geratu ziren eta haien ordez Probintzietako Kontseiluak sortu ziren. 168

Egoera militarrak aginduta, 1811ko urtarrilaren 15ean, frantsesek Istriako dukea izendatu zuten buru, euskal lurralde guztietako eta ondoko beste lurralde batzuetako (Burgos, Soria, Santander, etab.) armadaz gain, gai zibilez eta administratiboez ere ardura zedin.

Gerraren amaiera eta Donostiaren suntsitzea Espainiaren Independentzia Gerra 1814an amaitu zen. Frantsesen kontrako armadak, Napoleonek Errusian topatu zituen zailtasunak aprobetxatuta, azken erasoa hasi zuen (Arapileseko eta Gasteizeko borroken ondoren) eta José I.ak Espainia utzi behar izan zuen. Hego Euskal Herriak oso denbora laburrean hainbat gerra ezagutu zituen bata bestearen atzetik, eta tropen mugimenduak izan ziren etengabe, alde batetik bestera. Espainiaren Independentzia Gerran tropa aliatuek –espainolek, portugaldarrek eta, batez ere, ingelesek osatuta–, frantsesak penintsulatik botatzeko aitzakiaz, Donostia suntsitu zuten. Gasteizko guduaren ondoren, Donostia zen, hain zuzen, frantsesen esku geratu zen azken hiri nagusia. 1813ko ekainean, ekintza militarrak hasi ziren eta haiekin batera hiriaren setioa eta blokeoa, eta bukatzeko, abuztuaren 31ko gauean, Donostia arpilatu eta erre zuten. Gazteluan (Urgullen) babesturik zeuden frantses soldaduak, azkenean, errendatu egin ziren irailaren 8an. Luzaro egon zen Donostia sugarretan. Bertako 600 etxeak, Trinitate kaleko 40 bat izan ezik, errauts bihurtu ziren. Ihes egin ez zuten biztanleek (nora jo ez zutelako, segurki), gerraren zakarkeria jasan behar izan zuten: arpilaketak, bortxaketak, heriotzak.... Udalaren kalkuluen arabera –7.000 lagun ingurutik–, denetara 1200 bat biktima izan ziren.

Euskal Herria eta Cadizeko Konstituzioa Frantsesen kontra egiteko, espainolek “junten” bidez antolatu zuten altxamendua, eta horiek izan zuten 1808-1814ra bitartean benetako boterea. Hasieran, “juntek”, izaera lokala zuten, baina gero biltzar horietatik Junta Zentral Gorena sortu zen 1808ko irailean. Junta Zentral Gorena Cadizen bilduta, bere erabakiz desegin eta gero, bost laguneko erregeordetza sortu zen, ohiz kanpoko Gorteak bataraziko zituena. Horrela, Cadizen bildu ziren espainolen ordezkariak 1809an, estatu-eredu berria antolatzeko ahalmena harturik. Gorteetako lehen saioa 1810eko irailaren 24an izan zen. Absolutistak kontra izan arren, hasieratik proposatu zuten liberalek nazioaren subiranotasuna aldarrikatzea; eta Gorteak ziren horren adierazle. Gorteek, beraz, Biltzar eratzaile edo konstituziogile gisa funtzionatu zuten. Ondoren, batzorde bat antolatu zen, konstituzioa idatz zezan. Konstituzio hura 1812ko martxoaren 19an onetsi zen. Frantsesen armada, artean, Durangaldean zegoela, Gabriel Mendizabal jeneralak Bilbon sartu zenean, Batzar Nagusiei deia egin eta Bilboko San Nikolas elizan, Bizkaiko 100 herritako ordezkariak bildu ziren 1812ko urrian. Mendizabal frantsesen kontrako militar-burua zen eta Batzar Nagusietan 169 konstituzio berria (Cadizkoa, alegia) irakurtzea agindu zuen, Bizkaiko ordezkariek onar zezaten. Irakurri ondoren, bi proposamen aurkeztu ziren: bata, Ildefonso Sanchok eta beste bost ordezkarik eginda, konstituzio berria, beste barik onartu egin behar zela eskatzen zuena: El Señorio de Vizcaya (…) recibe gustosa y espontáneamente sin reserva ni restricción ninguna y quiere que se cumplimente (…) Bigarren proposamenak konstituzioa onartzea proposatzen zuen, baina aldi berean, Espainiako Gorteei Bizkaiko Konstituzioa, forua, alegia, gordetzeko eskaria egitea. Horrela, Espainiako eta Bizkaiko konstituzioak uztartzea lortu nahi zen. Bozkatu ondoren, bigarren proposamenak irabazi izuen: Batzar Nagusietan onartutako testuak Bizkaiko eta Espainiako konstituzioen arteko uztartzea eta bizikidetza arautu behar zirela agintzen zuen eta, harik eta konstituzio bien arteko egokitasuna lortu arte, besterik gabe ontzat ez hartzea. Onartu bai, baina –ohiturari jarraituz–, agindua ez betetzea erabaki zen. Hala ere, Cadizen zegoen Espainiarako aginte nagusiak ez zuen onartu Bizkaiko Batzar Nagusien erabakia. F. Xabier Castaños militar buruzagiak, Bizkaira bidalita, inolako salbuespenik gabe, konstituzioa bere horretan onar zezatela agindu zuen: (...) reprimir dichos desordenes (…) hiciese inmediatamente publicar y jurar la Constitución sin dilación, restricción ni modificación alguna, sino lisa y llanamente. Gerra amaituta, erbestetik itzuli zenean, Fernando VII.ak, 1812ko Konstituzioa baliorik gabe utzi zuen eta, horrela, euskal foruek indarrean iraun zuten.293

Gerra Karlistak eta foruen arazoa Espainiako errege Fernando VII.ak seme-alabarik ez zuen eta ultramonarkikoek haren anaia Karlos María Isidro bultzatu zuten ondorengotzarako. Alabaina, 1830ean, erregeak María Cristina Borboikoarekin ezkondu, eta alaba jaio zenean, egoera aldatu zen. Hala ere, Borboitarren tradizioko “lege salikoak”, emakumeei erregina titularra izatea ukatu egiten zienez, ezin ziezaiokeen erregeak alabari koroa utz. Orduan, Fernando VII.ak, “berrespen pragmatikoa” agindu zuen, lege salikoa indargabetzeko, eta horrela alabari koroa lortzeko bidea zabaldu zion. Egoera berriarekin gatazka hasi zen: Karlosen aldekoen (karlisten) oposizio gogorraren aurrean, Fernandok liberal moderatuen (isabelinoen) artean bilatu behar izan zuen laguntza, bere alaba Isabel erregina izan zedin. Erregea hil zenean, 1833an, karlistek altxamendu armatura jo zuten. Madrilen, Isabel II.a, artean, hiru urte besterik ez zituela, erregina egin zuten, baina adinez txikia zenez, haren ama, María Kristina Borboikoa, izendatu zuten erreginaorde.

293 AGIRREAZKUENAGA, Joseba (2012), 76-80 170

Karlismoaren eta liberalismoaren oinarri soziopolitikoak Euskal Herrian

- Karlismoa: Hasieran koroaren zilegitasunaren auzia azaldu zen arren, Euskal Herriko karlismoak arrazoi sakonagoak zituen: Lehen eta behin, karlismoa liberalismoaren kontrakoa zen; batetik, erlijioarengatik. Karlismoak ez zuen onartzen liberalismoaren elizaren kontrako jarrera. Karlistek erlijio tradizional eta integrista defendatzen zuten; gainera, karlistak sistema sozial eta ekonomiko tradizionalen aldekoak ziren: liberalismoa haientzat, aberatsek euren onurarako atzerritik ekarritako sistema modernoa zen. Bestalde, karlistak liberalismoak zekarren zentralismoaren kontra jarri eta foruen alde azaltzen ziren. Neurri liberalizatzaileen kontra zeuden karlistak (XVIII. mendeko matxinoak bezala): herri-lurrak saltzearen eta ekonomia liberatzearen kontra. Karlistentzat, sistema liberalak burgesiaren onura eta baserritarren bizimodu tradizionalaren galera zekarren gizartean, merkantilismoarekin biziraupenezko ekonomiatik merkatuen demanda espezializatuetarako jauzia egiten ari zen une hartan. Karlisten artean, baserritar, maizter eta jabe, eta hirietako artisau eta merkatari txiki gehienak zeuden; bai noble txikiak eta noble handien talde bat ere. Horien guztien aitzindari legez, elizgizonak ageri ziren. Hori zela eta, apaiz gerrillariaren irudia ohikoa bihurtu zen karlisten artean. Karlismoak Nafarroako erdialdean –Lizarra eta Tafallako merindadeetan–, Arabako Lautadan, eta Gipuzkoa eta Bizkaiko mendialdean zeukan indarra.294

- Liberalismoa: Liberalismoak absolutismoaren kontra egiten zuen eta bai Elizaren autoritate zibilaren kontra ere. Legearen aurreko hiritar guztien berdintasuna aldarrikatzen zuen eta, haientzat, pertsonen arteko desberdintasun-irizpide bakarra ekonomikoa zen, gizabanako bakoitzak, bere gaitasunari eskerrak askatasunez lortutako aberastasunak markatzen zuena, alegia. Liberalismoak, askatasun tradizional kolektiboak ukatu eta askatasun indibidualak aldarrikatzen zituen. Liberalismoa herrietako aberatsen ideologia zen, goi- burgesiarena. Bestalde, Liberalismoak, Espainiako estatu-nazio modernoaren alde egiten zuen. Estatu liberalaren ereduan estatuak ahalik eta gutxien hartu behar zuen esku ekonomian: eskaintza eta eskariaren legeak (merkatuko legeak) jarri behar ziren jokoan, besterik gabe. Estatuak ez zien prezioei mugarik ezarri behar, ez eta gutxieneko soldatarik ezarri ere. Estatu-barneko aduanak ezabatu egin behar ziren, atzerriarekikoak bakarrik gordeta: hau da, estatu liberalak berak definitutako nazioko merkatu ekonomiko librea ezarri behar zen.

294 AGIRREAZKUENAGA, Joseba; MAJUELO, Emilio; URQUIJO, Mikel (1998), 67 171

Liberalak nagusiki izaten ziren hirietako merkatari handiak eta bizilagun asko, noble handi gehienak, herri-lurrak erosiz aberastutako baserritarrak, errotari gehienak eta Erriberako latifundistak. Pentsaera liberalak indarra zeukan hiriguneetan, bereziki kostaldekoetan, industrialdeetan, eta Arabako eta Nafarroako Ebro aldean.295

I. Karlistaldia 1833. Altxamendua “Guardias de Honor” izeneko talde monarkikoa altxatu zen Bilbon eta Diputazioa hartu zuten. Pedro Novia de Salcedo eta Fernando Zabala izan ziren buruzagiak. Gasteizen ere, Berastegi buruzagi zutela, hiria okupatu zuten talde armatuek. Nafarroan, Santos de Ladronen altxamendu karlistak porrot egin zuen. Donostian, Espainiako armadaren kuartela zegoenez, erregimenari leial iraun zuen, baina matxinatutako karlistek Tolosa setiatu zuten, Eibar eta Azpeitia okupatu ondoren. Azaroan, Sarsfield jeneral liberala Bilbora sartu zen eta karlista matxinatuak sakabanatu egin ziren: Nafarroako Ameskoa aldera jo zuten. Etxarrin bildu eta Zumalakarregi aukeratu zuten buruzagi. Espainian ez zen beste altxamendurik ondo atera. Hego Euskal Herria, aldiz, hiri nagusiak izan ezik, karlisten kontrolpean zegoen.296

1833-1835. (Zumalakarregi hil zen arte) María Kristinaren gobernu liberalak bakea lortu nahi zuen eta 1834an, Quesada jenerala bidali, eta bake proposamena egin zien karlistei Irunberrin, baina Karlisten erantzuna ezezkoa izan zen. Handik aurrerakoa, Zumalakarregiren aldia izan zen. Menditarren taldeak armada konbentzional bihurtu zituen. Hiriak ez ezik, Euskal Herri osoa ia kontrolatu zuten karlistek. Une egoki hura aprobetxatuta, Don Karlos erregegaia Euskal Herrira etorri zen Frantziatik. Behin Don Karlos etorrita, altxamendu karlistak indarra hartu zuen Valentzian eta Katalunian ere. Bitartean, 1834an Madrilgo gobernuak Errege-estatutua297 ezarri zuen (arauak ez zuen foruei buruzko aipamenik egiten). Hala ere, 1835ean liberalismo erradikalak indarra hartu zuen Espainian. Karlisten artean eztabaida sortu zen jarraitu beharreko estrategiaren inguruan eta Zumalakarregik Madril hartzea proposatzen zuen bitartean, Don Karlos erregegaiak, lehenago Bilbo okupatu behar zela deklaratu zuen. Karlistak Bilbo setiatzen zeudela Begoñan, Zumalakarregi zauritu zuten tiro bat belaunean jota. Sendatzeko, Zegamara eraman zuten, baina, egun gutxiren buruan hil egin zen zauriaren ondorioz.298

295 AGIRREAZKUENAGA, Joseba; MAJUELO, Emilio; URQUIJO, Mikel (1998), 67 296 AGIRREAZKUENAGA, Joseba; MAJUELO, Emilio; URQUIJO, Mikel (1998), 63 297 1834ko Errege estatutua Martinez de la Rosa ministroaren ekimenez eta liberal erradikal eta moderatuen arteko oreka bilatu nahian egin zen. 172

1835-1837. Zumalakarregiren heriotzatik Madrileko espedizioaren porrotera Madrileko gobernu liberal moderatuak gerra lehenbailehen amaitzeko, soluzioaren aldeko dinamika jarri zuen martxan. Helburua Euskal Herriko foruzaleak bere aldera erakartzea zen. 1836an, Madrilen liberal-erradikalek altxamendua antolatu zuten –“La Granjako sarjentuen” altxamendua–, eta María Kristina erregeordea 1812ko konstituzioa onartzen behartu zuten. Artean, karlistek inguratuta zeukaten Bilbo, baina 1836ko abenduan, Lutxanako guduaren ondorioz, Baldomero Espartero jeneral liberalak setioa apurtu zuen. Hurrengo urtean, 1837ko maiatzean, estrategia aldatuta Don Karlosek espedizio karlista antolatu zuen Madrilera heltzeko, baina saioak porrot egin zuen.299

1837-1839. Espedizio karlistaren porrotetik Bergarako Besarkadara Madrileko porrotaren ostean, etsipena nagusitu zen karlistengan, eta tirabirak azaldu ziren haien artean. Karlista apostolikoentzat (karlista puritanoak eta ultrak) Karlos erregegaiaren dinastia-eskubideek zuten lehentasuna; beste muturrean, karlista trantsakzionistak zeuden, hau da, hitzarmen edo akordio batera iritsi gura zutenak. Bitartean, Madrileko gobernua Euskal Herriko foruen auzia eta dinastikoa bereizten eta José Antonio Muñagorriren proiektua (“bakea eta foruak”) bultzatzen saiatu zen. Ildo beretik, Hego Euskal Herriko jauntxo askok Baionako Batzordea sortu zuten, gerrari amaiera eman eta euskal herrialdeetako foruak sendotzeko. Rafael Maroto jeneral karlistak 1839ko otsailean bere kontra zeuden jeneralak fusilatzeko agindu, eta gerra amaitzeko, armak uzteko proposamena egin zuen: euskal foruei eustea eta militar karlistek Espainiako armadan sartzeko eskubidea izatea planteatu zuen. Horrela, baldintza horiekin, Bergarako hitzarmena izenpetu zen, 1839ko abuztuaren 31n: 1. Baldomero Espartero kapitain jeneralak gobernuari, interes handiz Gorteen aurrean, Foruen kontzesioa edo aldaketa proposatzen duen bere eskaintza betetzeko gomendatuko dio. 2. Maroto teniente jeneralaren agindura dagoen armadako jeneralen, buruzagien, ofizialen eta gainerakoen lanak, mailak eta kondekorazioak bere horretan mantenduko dira (…) eta nahi izanez gero, 1837ko konstituzioa, Isabel I.aren tronua eta honen ama agurgarriaren erregeordetza defendatzen jarraitu ahal izango dute edo, bestela, etxean geratzeko aukera izango dute. 3. Nafarroako eta Arabako dibisioek Gaztelako, Bizkaiko eta Gipuzkoako dibisioen forma bera badute, aurreko artikuluetan adierazitako kontzesioak izango dituzte. Ondoren, eztabaidatzen hasi ziren Gorteak euskal herrialdeetako foruak zelan uztar zitezkeen 1837ko konstituzioan, liberal-progresistek ezarritako konstituzio hartan Espainiako estatuaren erabateko batasuna adierazten baitzen. Gainera, Gorteetan, gehiengoa, espainol unionista amorratuak ziren

298 AGIRREAZKUENAGA, Joseba; MAJUELO, Emilio; URQUIJO, Mikel (1998), 64 299 AGIRREAZKUENAGA, Joseba; MAJUELO, Emilio; URQUIJO, Mikel (1998), 65 173 liberal-progresistek zeukaten. Moderatuek, berriro gerra berpizteko arriskua zegoela ikusta, foruen aldeko jarrera erakutsi zuten. Azkenean, formula nahasia aukeratu zen eta nolabaiteko irtenbidea eman zitzaion arazoari, konpromisoak, formalki behintzat, betetzeko eran. Foruen erreforma ezartzen zuen 1839ko urriaren 25eko legea onartu zen.300

1839ko urriaren 25eko legea Isabel II.ak, Jainkoaren eta Espainiako Monarkiaren Konstituzioaren graziaz erregina denak, eta hau adinez txikia den bitartean, haren amak, Borboiko María Kristina Erregina alargunak, Erreinuko Erregina Gobernatzaile gisa, adierazten dut honako hau ikusi eta ulertu duzuen guztiek, jakin ezazue Gorteek ondokoa dekretatu dutela eta Guk berretsi dugula: 1. art.- Euskal Probintzietako eta Nafarroako foruak berresten dira, Monarkiaren batasun konstituzionalari kalterik eragin gabe. 2. art.- Ahal den bezain laster eta aldez aurretik Euskal Probintziei eta Nafarroari entzun ondoren, Gobernuak aipatutako foruetan haien interesak eskatzen duen beharrezko aldaketa proposatuko die Gorteei, Nazioaren eta Monarkiaren Konstituzioaren interes orokorrarekin bateratuz, bitartean behin-behinerako, azaldutako eran eta zentzuan, atera daitezkeen zalantza eta oztopoak gaindituz, horren berri Gorteei emanez. Beraz, agintzen diegu auzitegi, justizia, buruzagi, gobernadore, eta gainerako agintariei, edozein mota eta mailatako zibilei, militarrei eta elizakoei, gorde, gordearazi, bete eta betearaz dezatela honako Lege hau toki guztietan. Hala ulertuko duzue betetzeko, eta hau inprimatzeko, argitaratzeko eta hedatzeko agindua emango duzue.- Nik, Erregina Gobernatzaileak.- Errege-eskuak sinatua.- Jauregian 1839ko urriaren 25ean. Legearen interpretazio bereiziak egon ziren. Liberal-progresistentzat, Espainiako herrialde guztiek izan behar zuten legearen aurreko berdintasuna bermatuta geratu zen. Espainiako liberal moderatuentzat ere: Lorenzo de Arrazolaren arabera, huraxe zen batasun konstituzionala: erregina bakarra (Isabel), botere legegile bakarra (Gorteak) eta adierazpen nazional bakarra (Espainia) izatea. Hego Euskal Herriko liberal foruzaleen interpretazioa, berriz, bestelakoa zen. Fidel Sagarminagaren ustez, 1839-X-25eko legeak erabat aldatzen zuen 1837ko konstituzioa: lege hura konstituzioari erantsitako legea zen eta, beraz, konstituzioa indarrean mantentzen zen monarkia osoan baina salbuespen batekin; euskal herrialdeetan konstituzio hura, 1839ko lege horrekin mugatuta geratu zen (bestela soberan zegokeen euskal foruen aipamena). Baina zeinek mugatzen zuen zein? Legeak konstituzioa ala konstituzioak legea?301

Euskal foruen aldaketa Foruen krisia bi aldetik begiratu behar zen: batetik, Hego Euskal Herriaren bilakaera ekonomiko eta sozialak izan zuen hazkundea zegoen eta, ondorioz, foruak errealitate berrira moldatu beharra; eta bestetik, nazioarteko eta estatuko testuinguruetan izandako aldaketak, hain zuzen, Frantziako Iraultza eta Espainiako estatu liberal berriaren ezarkuntza. Ondorioz, Frantziako eta

300 AGIRREAZKUENAGA, Joseba; MAJUELO, Emilio; URQUIJO, Mikel (1998), 65 301 ESTORNES ZUBIZARRETA, Idoia (1976), 125 174

Espainiako monarkiek, euren eraketa bateratzailearen prozesua zela eta, presioa eta erasoak egin zituzten euskal herrialdeen foruen kontra. Espainiako monarkian foruen kontrako erasoak Borboitarrekin batera hasi ziren: 1717-1722: Aduanak kostaldera eta Frantziako mugara aldatzea. 1766. Pase Foralaren gainetik pasatzea nekazari-produktuen liberalizazioan. 1793-95eko konfliktoa. Konbentzioko Gerra eta Getariako Batzar Nagusiak. 1795. Godoyen estrategia politikoa foruen aurka (J.A. Llorente, etab.). 1796. Karlos IV.ak Nafarroako sobrecarta (pase foralaren parekoa) abolitzea. 1808. Baionako Biltzarra eta Estatutua: Behin-behineko foruen deuseztapena. 1812ko konstituzioa: Foruen deuseztapena. 1820. Hirurteko Liberala: Foruen deuseztapena. 1823. Absolutismoa berrezarri zenean ez ziren foruak erabat berrezarri (sobrecarta abolituta geratu zen). 1837ko konstituzioa: foruen deuseztatzea.

Foruzaletasuna arrazoi nagusia izan zen Hego Euskal Herriko herritarrentzat karlismoaren alde egiteko, zeren foruek, kontsumitzaileak ziren neurrian, abantailak eskaintzan zizkien, batez ere krisi garaietan. Gainera, foruen deuseztapenak Espainiako soldadutza egin beharra zekarren eta bai prezioen gorakada ere. Jauntxo eta apaizentzat, foruen defentsa legitimitatea eta aldarea defendatzea zen. Buruzagi karlistentzat, berriz, foruen defentsa soldadu boluntarioak erakartzeko aitzakia besterik ez zen. Espainiar Estatuan gerra karlistak ez zuen foruekin loturarik, baina bai Hego Euskal Herrian. Don Karlosek berak ez zuen gerra-hasieran foruen aipurik egiten bere kausaren aldeko elementu bezala. Gerora bai, foruak goratzeak euskal gazte ugari bere alde jarriko zituela konturatu zenean. Horregatik, 1837ra arte itxaron behar izan zen, karlistek ofizialki foruen defentsa aldarrika zezaten. Baina ordurako nabarmena zen alderdi biok (karlistek eta liberalek) ikusten zutela gerraren konponbidea foruak onartzetik etorriko zela, Hego Euskal Herrian behintzat. Espartero jeneral liberala ere, une hartan foruen defentsan azaldu zen. Berdin egin zuen Muñagorrik “Bakea eta Foruak” leloa atereaz.

1839ko urriaren 25eko legearen aplikazioa 1839ko legeak foruak Espainiako konstituzioan integratzea ekarri zuen. Egoera zeharo berria zen hori. Tradizionalisten arabera, Espainiako nazioarekin egindako ituna zen, Gaztelako koroarekiko batasuna sinatu zeneko hitzarmena berresten zuena. Legea Espainiako Gorteetan sortu zen, euskal herrialdeetako egitura politikoa antolatzeko onartuta. 175

1839ko azaroaren 16an agindutako dekretu baten bidez, berriro osatu ziren Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusiak. Handik aurrera, bi diputazio mota bereizi ziren euskal herrialdeetan: foru-diputazioa (euskal foruei lotutakoa) eta diputazio probintziala (Espainiako beste probintzietakoen parekoa): azken horrek, Espainiako Parlamenturako hauteskundeak arautu eta ikuskatu baino ez zuen egingo. Euskal herrialdeen administrazioa foru- diputazioen ardurapean geratu zen. Nafarroako kasua bestelakoa zen. Dekretuaren bidez, indarrik gabe utzi zen Nafarroako sistema politiko tradizionala: handik aurrera, diputazio probintziala izango zen Nafarroako botere politiko guztien jabea. Hortaz, deuseztatuta geratu ziren Erreinu zaharreko Gorteak eta beste erakunde politikoak.302

Foruen moldaketa: Euskal herrialdeek foru-legerako proiektu komuna aurkeztu zuten. Hona hemen aurkeztutako zenbait proposamen: guztiz premiazkoa zela Batzar Nagusiak biltzea eta bertan hartutako erabakiak betetzea. Justizia-sistema alorrean, Hego Euskal Herria Espainiako nazioarekin berdintzea; korrejidorearen figura kendu ondoren, haren egitekoak diputatuen esku geratzea; koloniekin merkataritza harremanak izateko askatasuna; Hego Euskal Herriko industriari Espainiakoari ezarritakoak baino zerga handiagorik ez jartzea. Bizkaiko Batzar Nagusiek foruei oso-osoan, 1833an zeuden moduan, alegia, eutsi egin behar zitzaiela agindu zieten Madrilgo negoziazioetarako hautatutako ordezkariei. Baina 1840an, Madrileko negoziazioetako euskal herrialdeen fronte komuna hautsi egin zen: Nafarroak bide bereizia hartu zuen, eta bere kabuz negoziatzen hasi zen.303

1841. Nafarroako foruen aldaketa (“ley paccionada” izenekoa) José Yanguas y Mirandak, Nafarroako diputazioadren idazkariak prestatu zuen lege berria: lege iraultzailea zen hura, aurreko foru tradizionalarekin erabat hausten zuena. Horren kontra, Ángel Sagaseta de Illurdozek (Nafarroako gorteetako sindikoak) bestelako proiektua aurkeztu zuen, ohiko legediaren aldekoa; baina baztertu egin zen. Behin Yanguasen proposamena onartuta, Nafarroa, Erreinu izateari utzi eta, Espainiako probintzia arrunta bilakatu zen; probintzia berezia, ordea, autonomia fiskala eta administratiboa baitzeuzkan. Aduanak Frantziako mugan jarri ziren, handik aurrera gazteek soldadutza egin beharko zuten eta herrialdeak urtero 300.000 errealeko kupoa ordaindu behar izango zion Espainiako Ogasunari. Nafarroak autonomia izango zuen zerga kontuan.304

1840-41. Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko foruen aldaketak

302 AGIRREAZKUENAGA, Joseba; MAJUELO, Emilio; URQUIJO, Mikel (1998), 79 303 AGIRREAZKUENAGA, Joseba; MAJUELO, Emilio; URQUIJO, Mikel (1998), 79 304 AGIRREAZKUENAGA, Joseba; MAJUELO, Emilio; URQUIJO, Mikel (1998), 81 176

1840tik aurrera hiru herrialdeen arteko harremanak estutu egin ziren: Madrileko gobernuaren aurrean erantzun bateratuak emateko, eta horren ondorioz, elkarren arteko Konferentziak antolatu zituzten. Une hartan, baina, ustekabekoa gertatu zen: Esparteroren erregeordetza-garaian, berak autoritarioki 1841eko urtarrilaren 29an, dekretu batez foruen abolizioa ezarri zuen hiru herrialdeetan. Dekretuaren arabera, foru-diputazioen ordez, diputazio probintzialak besterik ez ziren izango, foru- administrazioa deuseztatu eta Batzar Nagusiak debekatu egin ziren. Egitura judiziala, Espainiako probintzienaren parean jarri zen, eta aduanak kostaldera aldatu ziren.305

1843-44. Foruen berrezartzea eta aldaketa 1843an, Espartero jenerala boteretik kenduta, liberal moderatuek jarri ziren Espainiako agintean, Narvaez jenerala buru zela. Baina moderatuokin ere Batzar Nagusien debekuari eutsita, diputazio probintzialek soilik zirauten indarrean, Esparteroren aginduak ontzat emanik. Pedro Egaña diputatu foruzalearen eztabaida politikoa hasi zen une hartan. Haren ustez, Esparterok ezarritako 1841eko dekretua legez kanpokoa zen, 1839koa hausten zuelako. Egañaren irizpidea nagusitu zen eta Batzar Nagusiak eta foru-diputazioak berrezartzen zituen 1844ko uztailaren 4ko dekretua ezarri zen. Hala ere, aduanak kostaldean utzi, pase forala ahazturik eta segurtasun publikoa guardia zibilaren esku gelditu zen, eta beraz, botere zentralaren esku.306

Nazionalismo espainola 1843tik aurrera liberalismo espainola bere estatu-eredua azken muturreraino eramaten ahalegindu zen. Lehenago 1837ko konstituzioa ezarri zen eta gero 1845ekoa. Iraultza liberalak nazio-kontzeptuaren erabilera bultzatu zuen, hau da, nazio espainolaren kontzeptua. Biztanleen arteko bizikidetza antolatu eta herri bereko kide izatearen kontzientzia suspertu zuen. Ordena publikoa bermatzeko, 1844an Guardia Zibila erakundea sortuta, estatu zentrala eta batua ezarri zen. Inprimatze-legearen bidez, gobernuak zorrotz kontrolatuko zituen handik aurrera argitalpen guztiak. Baina nazionalismo espainolaren jarduna ez zen lege-esparru liberal berria itxuratuta amaitu, estatuaren garatzeari bultzada handia eman baitzioten funtsezko beste berrikuntza bi hauen bidez: lurralde-antolamendua eta administrazio-antolamendua. Lurralde-antolamendu berrian estatua bakarra zen eta probintzietan antolatu zen. Horrela deituko zen lurralde-antolamenduaren erakunde berria. Aurretik, 1833an diseinatu zuen Javier de Burgosek 49 probintzietan banatutako Espainiako mapa. Probintzien banaketa zibilarekin batera esparru judizialak eta militarrak ere banatu ziren.

305 AGIRREAZKUENAGA, Joseba; MAJUELO, Emilio; URQUIJO, Mikel (1998). 82 306 AGIRREAZKUENAGA, Joseba; MAJUELO, Emilio; URQUIJO, Mikel (1998), 83 177

1860ko otsailaren 24ko dekretu batez, Hego Euskal Herrian kaleei euskarazko izenak kendu eta gaztelaniaz jartzea agindu zen. Estatu berriak berak kontrolatutako administrazio-sare zentralizatuan batu zituen erakunde guztiak, eta funtzio berriak bete zitezen langile-talde gotorra egituratu zuen, ideologia liberal eta nazionalari jarraituz: funtzionarioak. Prozesu hartan, berebiziko eragina izan zuen Bravo Murilloren 1852ko ekainaren 18ko dekretuak. Hezkuntza ezinbesteko tresna izan zen orduko sistema sendotzeko. Estatuak hartu zuen horren ardura zuzena. Bi aspektu bereizten ziren hezkuntzan: batetik, instrukzioa edo irakasgai jakin batzuk irakastea eta, bestetik, formazioa edo ideologia eta etika. Hiru mailatan egituratu zen irakaskuntza: lehen hezkuntza, bigarrena eta unibertsitarioa. Eskola publikoen sarea sortu zen lehen hezkuntzaz arduratzeko. Claudio Moyanok arautu zuen hura guztia 1857an, hezkuntza-lege baten bidez. Espainia berezko entitate gisa ulertu behar zen, betidanikoa, ezin eztabaida zitekeena. Nagusitu egin zen, beraz, Independentzia gerrari eta Cadizko gorteei esker bultzada jasotako nazio-kontzientziaren ideia. Orduan asmatu zen Espainia patu komun baten inguruan sorturiko naziotzat hartzen zuen tradizioa.307

II. Karlistaldia 1873ko otsailaren 11n, Amadeo Saboiakoaren abdikazioaren ondoren, Espainiako Gorteek Errepublika aldarrikatu zuten. Andaluzian, lurrak okupatzeko laborarien mugimenduak izan ziren, Katalunian, Estat Catalá aldarrikatzen saiatu ziren eta Euskal Herrian, aitzitik, Karlos VII.a erregegaiak zuzenduta, karlisten altxamendu armatua zabaldu zen.

Gerraren bilakaera: 1872ko apirilaren 21ean, Karlos VII.ak, karlismoak argudiatzen zuen legitimitatean oinarrituta, militarrei altxatzeko deia egin zien. Karlistek joko parlamentarioa baztertu –ordura arte gorteetara aurkezten ziren hauteskundeetan– eta matxinatu egin ziren. Baina altxamenduak porrot egin eta Amorebietako akordioa sinatu zuten. Adostutakoaren arabera, amnistiaren truke karlistek armak utziko zituzten. Baina karlisten talde batzuek borrokei ekin eta, Hego Euskal Herriaren parte handia okupatu zuten hiriguneak izan ezik, eta benetako estatu bat antolatu zuten berton. Administrazioa Diputazioen esku geratu zen. Baina, I. Karlistaldian bezala, Bilbo hartzeko saioak huts egin eta ondoren –1873ko abenduaren 28tik 1875eko maiatzeraino luzatu zen– karlistek Lizarrarantz jo zuten ihesi. Porrot harekin karlismoaren gainbehera etorri zen.308

307 AGIRREAZKUENAGA, Joseba; MAJUELO, Emilio; URQUIJO, Mikel (1998), 73-77 308 AGIRREAZKUENAGA, Joseba; MAJUELO, Emilio; URQUIJO, Mikel (1998), 72 178

Gerra 1876ra arte luzatu zen. Errepublika erori ostean, Errestaurazio garaian, Alfonso XII.a errege zela, karlistek gerra galdu zuten eta garaileek euren baldintzak ezarri zituzten. Handik aurrera, foruei buruzko eztabaida gobernuko lehen ministroak, Antonio Canovas del Castillok bideratu zuen. Canovasen aburuz euskal herrialdeak zerga eta kinta-sistemaren alorretan beste probintziekin berdindu behar ziren. Ezin eztabaidatzekoa zen legearen aurreko berdintasuna. Printzipio hori onartuz gero, beste guztia negoziagarria zen berarentzat. Haren estrategia 1839ko legeari bidea ematea zen, ondo zekielako, horrela, Gobernuak izango zuela euskal herrialdeetako foruak aldatzeko aukera. Foru-diputazioetan liberalak ziren nagusi –liberal moderatu foruzaleak–, eta haien ustez, foruen gaia ez zen karlismoarekin lotu behar. Liberal haiek gerran gobernuari leial iraun zuten eta bidegabekeriatzat hartzen zuten karlistei ezarri beharreko zigorrak, euskal herritar guztiek, liberalek ere, pairatu behar izatea.309

Foruen indargabetzea: 1876ko uztailaren 21eko legea Foru-arazoa Espainiako gorteetan eztabaidatu eta Canovasek aurkeztutako lege-proiektuari buruzko iritziak jaso ondoren, onartu egin zen gobernuaren proiektu hura. Handik aurrera, euskal herrialdeek dirutan eta gizonetan parte hartu behar izango zuten beste probintzien parean. Emaitza ez zen izan Euskal Herriko liberal-foruzaleen gustukoa. Diputazioek ez zuten legea onartu eta ukatu egin zuten. Gobernuak Bizkaiko Diputazioaren funtsak interbenitu zituen zergak kobratzeko eta kartzelan sartu zituzten gazteei armadara joateko deia egin beharraren kontra azaldu ziren alkateak. Azkenean, Canovasek foru-diputazioak deuseztatu eta baliorik gabe utzi zuen foru-administrazioa.310

1876ko uztailaren 21eko legea 1. art.- Konstituzio politikoak beti espainol guztiei ezarri dizkien betebeharrak, hau da, Legeak hala agintzen duenean armen zerbitzura joatea eta euren ondasunen arabera Estatuko gastuetan laguntzea, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako biztanleei ere ezarriko zaizkie, Nazioko beste guztiei bezala. 2. art.- Aurreko artikuluan xedatutakoaren arabera, aipatutako hiru probintziok, Lege hau argitaratzen den unetik aurrera, Legeen arabera dagozkien gizon-kopuruak aurkeztu behar dituzte Armadaren kinta edo deialdi arrunt nahiz apartekoetan. 3. art.- Era berean, Lege hau argitaratzen denetik aurrera, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako probintziek Estatuko aurrekontu orokorretan ezarritako kontribuzio, errenta eta zerga arrunt eta apartekoak ordaindu behar dituzte, dagokien proportzioan eta gastu publikoetarako. 4. art.- Gobernuari baimena ematen zaio, dagokion unean Gorteei berri emanez eta 1837ko irailaren 19ko Legea eta 1841eko Abuztuaren 16koa eta urte bereko urriaren 29ko Dekretua gogoan izanez, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko probintzien audientziarekin,

309 AGIRREAZKUENAGA, Joseba; MAJUELO, Emilio; URQUIJO, Mikel (1998), 85 310 AGIRREAZKUENAGA, Joseba; MAJUELO, Emilio; URQUIJO, Mikel (1998), 86 179

egoki baderitzo, euskal herrialdeen ongizateak, gobernu onak eta Nazioaren segurtasunak eskatzen dituzten antzinako erregimen foralaren erreforma guztiak erabaki ditzan. 5. art.- Gobernuari baimena ematen zaio, dagokion unean Gorteei berri emanez: Lehena: kinta arrunt eta apartekoen kasuetan, bakoitzari dagozkion gizon-kopuruak aurkezteko modua Diputazioen eskuetan uzteko. Bigarrena: tokiko zirkunstantziek eskatzen dutenaren eta esperientziak gomendatzen duenaren arabera, behar diren aldaketak egiteko, Lege honen 3. artikulua betetzea errazagoa izan dadin. Hirugarrena: azken gerra zibilean eurek edo euren gurasoek, armak eskuan hartuta, nazioaren legezko Erregeren eskubideak defendatu dituztela frogatzen duten horiek soldaduskaren salbuespen-kasuetan sartzeko; salbuespen horiek ez dute murrizten, ordea, probintzia bakoitzaren kopurua. Laugarrena: azken gerra zibilean legezko kausaren alde era guztietako sakrifizioak egin ondoren onura hori merezi duten euskal herrialdeek, bai eta kausa berarengatik euren etxeak utzi behar izan dituzten edo jazarpena jasan duten partikularrak zerga berrien ordainketatik salbuetsirik uzteko, bidezkoak iruditzen zaizkien epeetarako, baina inoiz ez hamar urte baino gehiagorako. 6. art..- Lege honek gobernuaren erdieste zehatzak eskatzen dituen zuhurtziarako diren aparteko ahalmenez hornitzen du Gobernua.

Kontzertu ekonomikoak

Bigarren Gerra Karlistaren amaieran foru historikoak galdutakoan, Espainiako gobernu zentralak Kontzertu Ekonomikoaren formula antolatu zuen, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak zegozkien zergak ordain zitzaten. Aurretik antolamendu fiskal propioa zutela eta horietan Estatuko Ogasunak zuen esku- hartze eskasa zeukala kontuan hartuta, herrialde horien finantza-autonomia berezia onartu zen.

Horrela, diputazioek behartuta gelditu ziren zergak bildu eta horietatik kontzertatutako zati bat, kupoa, estatuari urtero ematen. Nafarroan, 1841etik aurrera antzeko sistema erabili zen: ekonomia-hitzarmena edo konbenioa esaten zaiona. Hitzarmena eta kontzertua sortzea foraltasunaren deuseztatze- prozesuari lotuta dago: Nafarroako hitzarmenak 1841eko Lege Paktatua delakoa du iturburu; gainerako probintzietan, Bigarren Gerra Karlistaren ondorengo Foruen abolizioa.

IPAR EUSKAL HERRIA XIX. MENDEAN Frantziako iraultzak errotik aldatu zuen egoera. Ipar Euskal Herriko herritar askok aurre egin zioten iraultzari eta horren ondorio gogorrak pairatu zituzten. Gatazkak “iraultzaren beldurraren sindromea” utzi zuen ondoren, eta horrek azaltzen du geroko politika kontserbatzailea Iparraldean. XIX. mendea, ekonomiaren ikuspegitik, ez zen sasoi ona izan. Herritar askok Ameriketara jo behar izan zuen miseriatik ihesi. Luis Napoleon Bonaparteren eta II. Inperioaren sasoian, amaitu egin zen Euskal Herriaren isolamendua. Burdinbidea, turismoaren lehen urratsak, eta 180

Hazparne, Maule eta Bokale inguruetako industrializazioa izan ziren horren seinale. Gainera, geroago, III. Errepublikaren garaian gauzatuko zen Frantziako kulturarekiko berdintze-saioaz, ezabatuz joan ziren herrialdearen ezaugarri bereziak.

Napoleonen inperioa Napoleonek, 1799ko urriaren 9an estatu kolpea jo, boterea eskuratu eta gobernu autoritarioa ezarri zuen. 1804an Frantziako enperadore koroatu zuten. Haren helburua, Frantziaren nagusitasun militarra, politikoa eta ekonomikoa zabaltzea zen, eta hori lortzeko gerraz baliatu zen. Jokabide inperialista hark ondorioak izan zituen Euskal Herrian: euskal ontziteria hondatu zen, arrantzari kalte handia eragin zitzaion eta kostaldea hustu egin zen. Horrez gainera, Espainiara zihoazen armadak bertotik pasatzea (350.000 bat soldadu 1807-1810 bitartean) zama astunegia izan zen herritarrentzat. Dena dela, 1808an inperioaren gortea hilabete batzuetan Baionan ezarrita egon zenez, hiri horretako merkataritza berpiztu zen orduan. Frantziako Inperioak Espainian zuen nagusitasuna galduta gero, Wellingtonen armadak Ipar Euskal Herria okupatu zuen: 1813an Errobi ibaia igaro eta Hiriburu eta Mugerreko guduak irabazi zituen. 1814ko otsailaren amaieran Baiona setiatu eta martxoaren 31n, Parisen sartu ziren aliatuak.311

XIX. mendearen 1. zatia 1814-15ean, Luis XVIII.arekin monarkia berrezarri zen Frantzian eta 1851ra arte iraun zuen. Ez ziren, hala ere, euskal herrialdeetako foruak berrezarri. 1830eko iraultzaren ondoren, Luis Filipe Orleanskoaren erreinaldia heldu eta erregimen liberalagoa ezarri zenean, gauzak ez ziren asko aldatu. Ipar Euskal Herria bi hauteskunde-barrutitan banatuta zegoen (Baiona eta Maule) eta hautesle gehienak hiri horietako burgesak ziren. Herri xumeak bazuen oraindik, hala ere, bere interesen alde egiteko biderik, kale-protesta esate baterako. Horrela, 1827an Code Forestierrek herri- lur gehienak konfiskatzean, herritarrek galdu egin zituzten haietan zituzten eskubideak (basoaren aprobetxamenduaren gainekoak) eta egoera okertu zen Frantzian. Handik urte batzuetara, 1848ko maiatzaren 9an, Atharratzen matxinada izan zen. Armendaritzen, Amikuzen eta Izuran ere manifestazioak izan ziren. 1848ko iraultzak erabat aldatu zuen egoera: Luis Filipe Orleanskoa abdikatzera behartu eta II. Errepublika aldarrikatu zen (1848-1851). Sufragio unibertsala ezarri zen eta aldaketa hura, demokraten aldekoa bazen ere, kontserbadoreek irabazi zituzten hauteskundeak, beharbada propaganda- sistema eta antolamendua hobeak zituztelako. Egoera hartan, Ipar Euskal

311 RUBIO POBES, Coro (1998), 313 181

Herria salbuespena izan zen: hautagai errepublikazaleek irabazi zuten Nafarroa Beherean, Zuberoan eta Baionan. Lapurdin, ordea, kontserbadoreak nagusitu ziren. Hala ere, 1849ko hauteskundeetan, errepublikazaleen gainbehera etorri zen kontserbadoreen mesedetan. Harrezkero, Ipar Euskal Herrian eskuina izan zen nagusi. Dirudienez, iraultzak ekarri zuen indarkeriak (manifestazioak, barrikadak, etab.) eroan zituen euskaldun gehienak “ordena” gordetzen zuten alderdietara. Errepublika esperantzaz hartu bazen ere, Errepublikaren gehiegikeriak beldurra eta kontrako jarrerak sustatu zituen. II. Errepublikaren garaiko politikan, bi euskaldun nabarmendu ziren: Biltzar konstituziogilea osatzeko egin ziren 1848ko hauteskundeetan, ospetsu egin ziren errepublikano erradikal bi: Agosti Xaho zuberotarra eta Michel Renaud garaztarra.

Agosti Xaho Agosti Xaho, 1811n jaio zen Atharratzen. Hemeretzi urte zituela Parisera joan zen hizkuntzak ikastera. Obra erromantikoak idatzi zituen garai hartan. Pentsalari libre, antiklerikal eta errepublikano erradikaltzat zeukaten guztiek. Penintsula aldeko euskaldun karlisten alde egin zuenean, ordea, bestelako irudia agertu zuen. Lehen karlistaldian Nafarroara joan eta karlismoaren alde jokatu zuen. 1838an, Don Karlos erregegaiaren emazte Beira printzesari muga igarotzen lagundu zion. Parisera itzuli zelarik, Voyage en Navarre pendant l´insurrection des Basques liburu ospetsua argitaratu zuen (1830-1835). XIX. mendeko idealista erromantikoa zen Xaho, kapitalismoaren kontrakoa, sozialista, iraultzailea eta antiklerikala. Lortu zuen eragina bere pentsamendu politikoaren originaltasunean oinarritzen zen batez ere. Euskal nazioaren alde egin zuen eta Pirinioez bi aldeetako euskaldunen batasun politikoa eskatzen zuen. Hautsi egin behar zen muga artifiziala eta, zentzu horretan, esan daiteke euskal nazionalismoaren aitzindari izan zela. Euskal kulturaz arduraturik, euskal linguistika aztertu, eta Antoine d´Abbadierekin batera Études grammaticales sur la langue basque idatzi zuen (“zazpi uskal herrietako uskalduner” eskaini zien lana). 1844an, Ariel egunkaria sortu zuen, euskaraz idatzitako Uscal Herrico Gaseta izeneko eranskina zuena.312 XIX. mendearen 2. zatia Frantziako II. Errepublikaren garaian, burges, katoliko eta nekazari gehienek Luis Napoleonen aldeko botoa eman zuten, ezker-iraultzailearen beldur zirelako. Hala, 1848ko abenduaren 10ean, Errepublikako lehendakari izendatu zuten Luis Napoleon. Hark handik hiru urtera burokrazia, armada eta Eliza alde izan zituenean, estatu-kolpea eman, 1851ko abenduaren 9an, eta konstituzio berriarekin Inperioa ezarri zuen indarrean, plebiszitu-bidez, 1852ko abenduaren 2an. Horrela, hasiera eman zitzaion Napoleon III.aren garaiari, II. Inperioari, alegia.

312 RUBIO POBES, Coro (1998), 313-314 182

Napoleon III.aren helburua, iraultza-aldia amaitzea zen eta Frantziako ekonomia eta gizartea berrituko zituen botere eragile sendo eta iraunkorra osatzea. Euskal Herriko biztanleak erregimen berriaren alde azaldu ziren erabat: 87.827 bototik, 83.474k eman zioten baiezkoa. Errepublikanoak Baionan baino ez ziren nagusitu. Egonkortasun politikoak eta ekonomiaren gorakadak sendotu egin zuten Bonaparteren erregimena, batez ere lehen urteetan. “Gizartearen salbatzaileak”, hots, enperadoreak, aberatsen laguntza izateaz gain, nekazariak eta langileak ere alde zituen. II. Inperioan, Ipar Euskal Herriak garrantzi politiko eta soziala lortu zuen, eta bertako ekonomia indartzen hasi zen. Napoleon III.ak eta bere emazte Eugenia Montijokoak Miarritze aukeratu zuten udako oporraldietarako. Enperatrizak jauregi bat eraikiarazi zuen itsasertzean, eta zenbait hilabetez, 1853tik 1868ra arteko uda-garaietan, Frantziako “hiriburu” eta gorte bihurtzen zen Miarritze: estatuburuak, printzeak eta Europako hainbat aristokrata biltzen ziren bertara. Burdinbidea 1854an iritsi zen Baionara eta 1864an Hendaiara. Horrek biziki indartu zuen kostaldeko turismoa. Turismoarekin batera, kostaldea urbanizatu eta hiriak bainuz, ostatuz eta kasinoz hornitu zituzten. Ondorioz, nabarmen hazi zen populazioa: 1836an 35.000 lagun bizi baziren Lapurdiko kostaldean, 58.000 ziren 1876an. Ipar Euskal Herriaren barnealdean (Nafarroa Beherean eta Zuberoan), ordea, biztanle kopurua nabarmen jaitsi zen: hirietara eta Ameriketara emigratu zuen askok. XIX. mendearen erdialdean, funtsezko aldaketak gertatu ziren: industrializazioa iritsi eta hiru industria-gune nagusi sortu ziren: Hazparnen, Maulen eta Bokalen. Hazparnen, larrugintza tradizionalaren ordez, zapata- industria jarri zen, 1904an 3.000 langiletik gora zituena. Maulen ere zapata industria nabarmendu zen, sandalietan espezializatuta. Bokalen, berriz, labe garaiak eraiki ziren 1882an. Burdina-mea Bizkaitik, Lesakatik eta Beratik garraiatzen zuten eta harri-ikatza Galesetik. Industriaren eraginez suspertu egin zen Baionako portua. Burdina- mearen inportazioek eta Landetako hagen esportazioek eragin zuten hazkunde hura. Aipatutako Landetako basoa, II. Inperioan sortu zen, aurretik zegoen Landetako basamortua pinuz estali zutenean. Ez zen Baionakoa euskal kostaldean indarberritu zen portu bakarra: garai berean, Donibane Lohitzune eta Ziburu arrantzan, eta Miarritze eta Hendaia turismoan espezializatu ziren.313

III. Errepublika XIX. mendeko Frantziaren helburua egonkortasun politikoa lortzea izan zen batez ere eta hori, III. Errepublikarekin etorri zen, estatu sendo eta zentralizatua ezarri zenean. 1870eko irailaren 4an, errepublikanoek Napoleon III.aren erregimenaren kontrako altxamendua egin eta Errepublika aldarrikatu zuten (1870-1914). Orduan ere, Ipar Euskal Herrian iraultzari zioten beldurra nabarmendu zen. Pariseko komuna eta kale-borroka latza izan ziren matxinada haren ondorioak. Aste bete behar izan zen istiluak baretzeko. Ondoren, Errepublika

313 RUBIO POBES, Coro (1998), 315-316 183 kontserbadorea ezarri zen, Thiers buru zuela. Hauteskundeetan, kontserbadoreak atera ziren garaile Ipar Euskal Herrian, lehenagoko garaietan bezala. Hala ere, III. Errepublika ezarri zenean, etengabeko borroka eta eztabaida politikoak sortu ziren Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Literatura-lan asko egin ziren eta prentsak berebiziko eragina izatea lortu zuen. 1886an, errepublikanoen Le Réveil Basque aldizkaria argitaratu zen eta handik urtebetera, Eskualduna egunkari kontserbadorea, Louis Etxeberrik, Bonaparte zaleak, eta Jean Hiriart-Urruti apaizak sortutakoa. Kultura eta hizkuntza berdintasuna lortzeko, gobernu frantsesaren jokabide politikoak Ipar Euskal Herriko nortasun kulturala ahuldu zuen. Eskoletan euskara erabiltzea debekatu zen eta, horrela, etena sortu zen eskolaren eta familiaren artean: eskolan frantsesa erabiltzen zen eta senitartean euskara. Azkenean, frantsesa etxeetan ere sartzen hasi zen. Antoine d´Abbadie izan zen, tenore hartan, euskararen aldeko eragile nagusia. Euskal jaien aitzindaria izan zen. haietan lehiaketak antolatzen ziren eta idazleek, olerkariek eta bertsolariek hartzen zuten parte. Gainera, 1901ean, Euskaltzaleen Biltzarra elkarte kulturala sortu zen Hendaian, euskara gorde eta zabaltzeko xedearekin.314

HEGO EUSKAL HERRIKO EKONOMIA XIX. MENDEAREN AMAIERAN ETA XX.AREN HASIERAN Hego Euskal Herriko ekonomiak Errestaurazio garaian bizi izan zuen hazkunde-prozesu biziaren jatorria aurreko mendeetan zegoen. Luzaroan gorpuztuz joan zen faktoreen ondorioa izan zen. Hona hemen batzuk: - Teknika kapitalistetan ohitutako burgesia merkataria eta enpresaria, eta burdingintza tradizionalean, ontzigintzan eta nabigazioan trebatutako eskulana izatea. - Euskal Herria, Atlantiko aldean, Europaren eta penintsularen arteko bidean egoki kokatuta egotea. - Euskaldunen itsas tradizioan oinarritutako ontzigintza garatua eta esportaziorako merkataritza-zerbitzu azkarra egituratuta izatea. - Burdina-meatzetako mineral-esportazioei eskerrak, geroko industrializaziorako behar izango zen kapitala metatuta izatea. Lehen eta bigarren karlistaldien bitartean izan ziren industrializaziorako lehen urratsak. Orduan sortu ziren Bizkaiko lehen siderurgiak: Boluetako Santa Ana 1841ean eta Barakaldoko Karmengo Ama 1860an. 1868ko Meatzeen Legeak ezarri zuen liberalizazioaren ondorioz, meatzeen ustiakuntza zeharo bizkortu zen. Ontziolen hazkunde bizkorra gertatu zen eta bai 1857an Banco de Bilbaoren fundazioa ere. Lehen trenbidea hasi zen jardunean (Bilbo - Tutera) eta paper-fabrikak eta ehundegiak sortu ziren Gipuzkoan. Euskal Herri osoan agertu ziren ekonomia berriaren kimuak.

314 RUBIO POBES, Coro (1998), 317 184

Hala ere, garapen-prozesua ez zen uniformea izan. Araba eta Nafarroa industrializazio-prozesutik kanpo geratu ziren eta nekazaritzari lotuta iraun zuten.315

Burdinaren merkataritza Altzairua lantzeko, Bessemer bihurgailua asmatu zen eta sistema hori Europako siderurgia osoan ia aplikatu zen. Horretarako erabilitako burdina- meak baina, fosfororik gabekoa izan behar zuen eta, hain justu, horrelakoxea zen Bizkaiko meatzeetan ateratzen zena. Gainera, Bizkaiko mea hori, aire zabaleko meatzetan aurkitzen zen, ustiatzeko oso erraza, hau da, oso kostu txikikoa. Gainera, eskulanak ez zuen ezelako espezializaziorik eskatzen eta merke ateratzen zen. Garraiorako ere arazorik ez zegoen, meatzeak itsasadarretik hurbil zeudelako. Ezaugarri horiek guztiak eta irabazi azkarraren aukerak bultzatuta, bertoko eta atzerriko kapitalistak gogotsu hasi ziren Bizkaiko meatzetan inbertsioak egitera. 1870. hamarkadan, mea-konpainiak sortu ziren. Batzuk britainiarrak ziren: The Bilbao Priver and Cantabrian Railway C.L. (1870) eta Luchana Minning Company (1871). Beste batzuek kapital frantses, belgiar, britainiar, alemaniar eta euskalduna –Ybarra familiarena– zuten, esate baterako, Orconera Iron Ole C.L.k (1873) eta Société Franco-Belge des mines de Somorrostrok (1876). Geroago, bertoko beste familia batzuek ere inbertsioak egin zituzten, besteak beste, Chavarri, Durañona, Gandarias eta Lezama- Legizamon familiek. II. karlistaldiak eten egin zuen mea-esplotazioaren jarduna, baina gerra amaitu eta berriro ekin zitzaion ustiakuntzari. 1880tik aurrera nabarmen igo ziren produkzioa eta esportazioa, eta XX. mendearen hasieran esplotazioak mailarik altuena lortu zuen. Lortutako irabazia, ezarritako kapitalaren %100 - %235 bitartekoak izaten ziren askotan. Burdinaren esportazioa Ingalaterrara bideratzen zen eta horrek nabarmenki bultzatu zuen Euskal Herriko ontziteriaren hazkundea. Euskalduna ontziolak Espainiako itsasontzien produkzioaren %53 ekoizten zuen 1900. urtean. Ingalaterrarekiko harreman haiek, joan-etorriko merkataritzan aritzeko aukera ona eskaini eta errentagarritasun handia ematen zuten. Bilbotik ontziak meaz zamatuta abiatu, eta Ingalaterrako ikatzez beterik itzultzen ziren, Bizkaiko enpresa siderurgikoak hornitzeko. Horrela, inbertsio-erak hobetuta, etekinak handitu egin ziren. Gainera, kapitalista berak izaten ziren askotan itsas enpresen eta meatzeen jabeak.316

Industria siderurgikoa Bizkaian Burdina-mea salduz lorturiko kapitalak Euskal Herrian inbertitzen ziren, industria siderurgiko propioak sortzeko. Bilboko itsasadarra izan zen prozesu horren gune nagusia. Burdina lantzeko eskulan trebea zegoen eta bai burdina-

315 AGIRREAZKUENAGA, Joseba; MAJUELO, Emilio; URQUIJO, Mikel (1998), 136 316 AGIRREAZKUENAGA, Joseba; MAJUELO, Emilio; URQUIJO, Mikel (1998), 136-137 185 mea ere; erregaia (ikatza) Ingalaterratik ekartzen zen itsasontzien itzulerako bidaian, teknologia Ingalaterratik edo Belgikatik eskuratu eta, azkenik, merkatuak penintsulan ziurtatu ziren. 1878an Francisco de las Rivasek eraiki zuen lehen lantegi siderurgikoa: San Francisco Mudelakoa. 1882an, Bizkaiko industrializazioko pertsonaiarik nagusietakoak, Victor Chavarrik, La Vizcaya enpresa sortu zuen. Chavarrik argi ikusten zuen negozioak aurrera aterako baziren, baldintza politiko egokiez lagunduta izan behar zela: beraz, politikan esku hartu behar zen. 1882an Ybarra familiak Altos Hornos de Bilbao sortu eta aurrekoek baino maila tekniko altuagoa lortu zuen. 1882an, Espainiako gobernuak lehiaketa bat eratu zuen Armadarako 3 ontzi korazatu handi egiteko eta kontratua Martinez de las Rivasek lortu eta, horrela, Astilleros del Nervion enpresa sortu zen.317 Chavarrik adierazi bezala, Bizkaiko burgesia industrialak presioa egin zuen Espainiako politikan gobernuak Euskal Herriko industria babes zezan eta bultzatzeko neurriak har zitzan. Horrela lortu zen 1891ko lege protekzionista ezartzea. Arau haren babesean erdi mailako hainbat industria sortu ziren, produktu erdi bukatuak ekoizteko: Talleres de Deusto, Aurrerá, Basconia, Alambres del Cadagua, Tubos forjados, etab. Haien atzean enpresari bizkaitarrak zeuden, Zubiria, Ybarra, Chavarri, Urkijo eta Gandarias, besteak beste. Itsas garraioetan, berriz, Sota eta Aznar nabarmendu ziren. Euskal burgesia industrialak aukera politiko zehatz bati jarraitu zion. Bidea, esan den bezala, euskal industriarentzat onurak lortzeko estatuan eragitea eta esku hartzea zen. Horrela, Euskal Herriko produkzioak pribilegioak lortuko zituen Espainiako merkatuan atzerriko konpetentziari aurrea hartzeko. Euskal Herriko burgesia kanpoko inportazioak gutxitzeko aduana-zergak jartzearen alde borrokatu zen. Burgesia hura izan zen, hortaz, nazionalismo espainolaren oinarriak jarri zituena. “Espainia espainolentzat”, “Gora lan nazionala” eta antzeko leloak aldarrikatzen ziren 1893an egin zen protekzionismoaren aldeko mitinean, hain zuzen, Sagastaren gobernuak Alemania, Austria eta Italiarekin sinatzeko zeukan akordio komertzialaren proiektuaren kontra eginiko deialdian.318 Burgesia hark liberalismo dinastikoaren alde jokatu zuen eta Errestaurazioko bi alderdiko sistemaren ordezkaria izan zen Euskal Herrian. Aipatutako estrategia politikoaren diseinatzailea zen Victor Chavarrik, 1886an Espainiako parlamentuko diputatu izatea lortu zuen Balmasedako barrutitik.319 Baina goi-burgesia hark oztopoak aurkitu zituen Bilbon, tradizionalistek, sozialistek, errepublikanoek, euskal nazionalistek eta foralistek indar handia zeukatelako. Hori zela eta Chavarrik goi-burgesia industrialeko kideen koalizio handia sortzea proposatu zuen; horrela, talde berean jokatuko zuketen Espainian dinastia zaleak bi alderditan zatituta zeuden, Canovas eta Sagastaren alderdietan, alegia,. Bizkaian, ordea, talde bakarra osatuko zuten, Union Liberal Fusionista alderdia, La Piña izenaz ezagutzen zena.320

317 AGIRREAZKUENAGA, Joseba; MAJUELO, Emilio; URQUIJO, Mikel (1998), 137 318 VILLA, Imanol (2006), 164 319 VILLA, Imanol (2006), 163 320 VILLA, Imanol (2006), 164 186

Horrela bada, XX. mendearen lehen hereneko Espainiako ekonomiaren ezaugarriak enpresen arteko konpetentzia mugatzea eta ekonomian estatuaren esku-hartzea izan ziren. Sarritan enpresek eurek adosten zituzten prezioak eta merkatua elkarren artean banatzen zuten. Horren ondorioetako bat Espainian beste herrialde industrialetan baino prezio altuagoak egotea zen. Industria siderurgikoa zen konpetentziarik mugatuena erakusten zuen sektorea. Altos Hornos de Vizcaya Espainiako produkzio siderurgikoaren monopolioa izatera iritsi zen, aduana-mugen bidezko protekzionismoaren adibiderik argiena. Atzerriko konpetentzia saihesteko neurri protekzionistarik eraginkorrenak 1891ko, eta batez ere, 1906 eta 1922ko muga-zergaren legeak izan ziren.

Industria Gipuzkoan Gipuzkoako industrializazio-prozesua azkartu zuten faktoreen artean, honako hauek aipa daitezke: herrialdearen kokalekua eta komunikabide bikainak, manufakturaren arloan zuen tradizioa, eskulan egokia eta kapitalen erabilgarritasuna. Bazen atzerriko eta Bizkaiko kapitalik, baina baita Gipuzkoakoa ere: merkatariena, lur-jabeena, indiano eta lanbide liberaletako dirudunena, bestak beste. Gipuzkoako lantegiak, herrialdean zabalduta, Bizkaikoak baino sakabanatuagoa zeuden. Hala ere, gune batzuetan nabari zen kontzentraziorik, esate baterako, Deba eta Oria ibaien arroetan, Azkoitian, Beasainen eta Donostian. Industrien jarduerari dagokionez, mota askotakoak zeuden herrialdean: armagintza, siderurgia, ehungintza, papergintza, etab. Esan daiteke kapitalismo ez monopolista batek gidatu zuela Gipuzkoako industrializazio-prozesua. Gainera, kapitala ez zegoen pertsona edo familia bakar batzuen esku, eta enpresari txiki eta erdi mailako askok hartzen zuten parte. Gipuzkoako papergintza modernoaren lehen urratsak 1842an egin ziren Tolosako La Esperanza fabrika sortu zen orduan. Hura izan zen Espainian paper jarraitua lantzeko egokitu zen lehen lantegia. Handik aurrera, Oria ibarrean ere beste paper-fabrika batzuk sortu ziren eta Espainiako merkatuaren lehen hornitzaileak izan ziren, gaitasunari eta euren alde bideratutako protekzionismoari esker. Ehungintza aspaldiko jarduera zen Gipuzkoan. Lehenengo enpresa XIX. mendearen erdialdean sortu zen. Kataluniako industriaren lehiaren eraginez Gipuzkoakoak espezializazioaren bidetik jo behar izan zuen: Bergarako San Antonio etxeak, kasu, kotoizko ehunak egiten zituen. Aipatzekoak ziren Azkoitiko abarketak eta bai Tolosako txapelak ere. Gipuzkoako siderometalurgiak arrakasta izan zuen Bizkaitik inportatutako burdinazko lingoteak transformatzen. 1890eko hamarkadan abiatu zen industria hura. Eskulangileen lantegi familiarrak, neurri eta kapital handiagoko enpresekin batera ibili ziren (Orbea, y Cia, Trocaola, Aranzabal y Cia, Garate, Anitua y Cia “GAC”, Victor Sarasqueta, Arizmendi y Goenaga). Lana sektore- maila guztietan banatu zen eta lantegi txikiek eta lantegitik lantegira igarotzen ziren langileek pieza batzuez hornitzen zituzten enpresa handiagoak. Arma 187 laburra (pistolak, etab.) izan zen gehien ekoiztu zen produktua. Industria horiez gainera, baziren beste txikiago batzuk ere, kontsumo alorrekoak gehienak, lurraldeko eskariari erantzuteko.321 Banco Guipuzcoano sortu zen 1899an.

Araba Araba nekazari-eremua zen nagusiki eta 1891ko lege protekzionistak mesede egin zion hango Lautadako gari-produkzioari. Arabako Errioxak ere une onak ezagutu zituen, batez ere Frantziako ardogintzak garai hartan krisia izan zuelako. Hala ere, laster berreskuratu zuten frantsesek euren ohiko produkzioa eta gauzak lehengora itzuli ziren. Egoera gaiztotu egin zen 1888 inguruan, mahastietan filoxera izeneko gaitza zabaldu zelako. XX. mendearen hasieran zenbait industria-enpresa sortu ziren: Azucarera alavesa, Metalurgica eta Industrial alavesa. Ordukoa zen Banco de Vitoria ere. Industria txikiak agertu ziren: El Porvenir Industrial, Maquinista de Alava, Fábrica española de purpurinas –Espainian bakarra–, Etxauriko iturgintza, zenbait fundizio eta eraikuntza metalikoak, etab.322

Nafarroa Nafarroan, Arabako nekazaritzaren antzeko ezaugarriak zeuden oinarrian. Eta gauza bera esan daiteke ardantzeei buruz ere. Nafarroako nekazaritzaren suspertzean eragin handia izan zuen Lehen Mundu Gerraren eraginez prezioek eginiko goraldiak. Hark 1921era arte iraun zuen eta handik aurrera, moteldu egin zen hazkundea. Nafarroako industria ahula zen. Langileen %20k baino gutxiagok jarduten zuten bertan, batez ere, eraikuntzan, zurgintzan, metalurgian eta janari-industrian. 1910eko hamarraldian industria-enpresa batzuk sortu ziren: azukre- industria aipa daiteke –Ntra Sra. de la Concepción, Azucarera del Ebro, Raperie– eta bai alkohola eta erregalizarena –Tuterako Agricola Industrial Navarra– ere. Nekazaritzaren bizkortzearekin batera, kimika-industria sendotu zen ongarriena batez ere: Compañía Navarra de Abonos Quimicos. Metalurgia, Beran eta Altsasun zegoen kontzentratuta: Fundiciones de Vera, altzairua, eta burdin-xaflak eta barrak egiten zituena; Fundiciones de Alsasua, bainuontzietan espezializatua. Nafarroan oihanalde handiak zeudenez, zuraren industria ere sendotu zen, pagoarena eta pinuarena batez ere: Iratiko zerrategia; Hijos de Victoriano Echavarri, Olaztin, trenbidearen trabesak egiten zituena. Abelazkuntzari lotuta, larrugintza eta zapatagintza ere garatu ziren, batez ere Iruñea eta Tutera inguruetan.

321 AGIRREAZKUENAGA, Joseba; MAJUELO, Emilio; URQUIJO, Mikel (1998), 138-139 322 RIVERA, Antonio (1998), 354 188

Eraikuntza-gaien industriak ere eragin handia izan zuen Nafarroan: Cementos Portland, Olaztin, eta Iruñeko zeramika eta mosaiko-lantegia, besteak beste. Paper-industria Atarrabian eta Iruñean (Onena, Sociedad Papelera Española, Artística Navarra). Bankari dagokionez, honako hauek aipa daitezke: Credito Navarro (1863), Vasconia (1901), Caja de Ahorros de Navarra (1923), Caja Municipal de (1872) eta Federación Católico-Social Navarra (1910).323

LANGILE MUGIMENDUA ETA EUSKAL NAZIONALISMOA (1890-1923)

Langile mugimendua Euskal Herrian Errestaurazio garaian Bizkaiko industrializazio-garaian meatzetako langileek pairatu zuten egoerarik kaxkarrena. Horien lanak ez zuen eskatzen inolako espezializaziorik eta umiliaziozko soldatak eta tratua jasaten zuten. Konforme egon ezean, oso erraz ordezkatzen zituzten, eskulan asko zegoelako. Sozialismoa izan zen langile haien artean errotu zen ideologia edo tresna politiko sindikal nagusia, eta Facundo Perezagua izan zen mugimendu hartako pertsonaia nagusia: iraultzaile erradikala, 1879an Pablo Iglesiasekin batera PSOE alderdiaren fundazioan parte hartu zuen. Madriletik Bizkaira iritsita, 1886ko uztailaren 11n, Bilboko elkarte sozialista sortu zuen. 1887an, Ortuellako elkarte sozialista, 1888an Sestaokoa eta Zugaztietakoa (Arboleda), 1890ean Las Carrerasekoa eta 1891n, Trapagarango elkarteak sortu zituen. Langile mugimenduan Perezaguarekin batera zihardutenak, Eduardo Varela, Facundo Alonso, José Beaskoetxea, Valentín Hernandez eta Felipe Carretero, izan ziren, besteak beste.324 Bi eratako erakundeak bereiz zitezkeen mugimendu hartan: batetik sindikatu hutsak –erresistentzia-elkarteak deitzen zirenak– UGT sindikatuaren inguruan, eta, bestetik, izaera politikoa zutenak, PSOEren inguruan. Borroka-ekintzak 1890eko Greba Handian hasi ziren. Bost langile lanetik kanporatu izanak meatzeetako lana geldiarazi zuen: meatzariek greba eginez erantzun zuten. Baina ez zen istilua horretan geratu, eta industrietako langileek ere grebara jo zuten meatzariekiko solidaritatea erakutsirik. Patroiak izututa geratu ziren. Kanporatutako langileak berronartzea eskatzen zen, eta gainera eguneko lanaldia 10 ordura jaistea, destajuko lana eta barrakoiak ezabatzea, eta patroiek kontrolatzen zituzten kantinetan janaririk erostera behartuta ez egotea. Orduan, gerra-egoera ezarri zen, giroak iraultza-itxurak hartu baitzituen. Une hartan greban zeuden 21.000 langileen indarrari, aurre egin ziezaiokeen bakarra, Loma eskualdeko kapitain-jeneralaren armada zen. Loma jeneralak, meatze-aldera heldu zen une beretik, sakon egin zuen lan langileen errealitatea

323 RIVERA, Antonio (1998), 354-356 324 AGIRREAZKUENAGA, Joseba; MAJUELO, Emilio; URQUIJO, Mikel (1998), 147 189 ezagutzeko eta, bere iritzian, meatzarien barrakoiek “ez zuten balio zerritegiak izateko ere”. Patroi eta langileen arteko negoziatzaile ipini zuten jenerala, eta langileen alde jarri zen erabat. Azkenean, patroiek, onartu egin zuten langileek nahi zuten lekuan bizitzeko eskubidea. Kantinak desagertu egin ziren eta lan- jardunaldia hamaika ordura jaitsi zen udaldian eta bederatzira negualdian. Langileek irabazi zuten. Eta nahiz eta patroiek geroago akordioa hautsi, 1890eko Greba Handiak sendotu egin zuen sozialismoaren indarra Euskal Herriko langileengan.325 Langile militante gehienak elkarte sozialistetara bildu ziren arren, 1911n beste erakunde sindikal bat sortu zen, Solidaridad de Obreros Vascos (gero ELA-STV izena hartu zuena) eta, horrela, sindikatzeko aukerak zabaldu egin ziren. SOV sindikatua euskal nazionalismoari lotuta zegoen eta Elizaren gizarte-doktrinaren ideologia zeukan. Izan ere, Elizak langileen artean zabaltzen ari ziren ideia anarkistei eta sozialistei kontrajartzeko, sindikatu katolikoak sorrarazi zituen. SOV sindikatuaren kasuan, gizarte-doktrina hura ideologia nazionalistarekin elkartu zen.326

Euskal nazionalismoa Euskal nazionalismoa, XIX. mendearen amaieran sortu zuen Sabino Aranak. Mugimenduaren oinarrian, besteak beste, foruen deuseztatzeak eta industrializazioak Euskal Herriko gizartean eragindako ondorioak zeuden. Alderdia egiteko asmoa, 1893ko Sabino Aranaren hitzaldietan eta bileretan mamitu zen. Aranak berak, nazio-kontzientzia hartu zuenean, tresna politiko bat sortzeari ekin zion. Foruak galdu ondoren, bere ustez, zapalduta geratu zen Hego Euskal Herria askatzea zuen helburua. 1876an foruak deuseztatu ostean, Bizkaiko eta Nafarroako liberalismo foruzaleko sektore batzuek protestari ekin zioten. Jokabide hartan bi erakunde sortu ziren: Asociación Eúskara de Nabarra (Arturo Campionekin Nafarroan) eta Euskalerria elkartea (Fidel Sagarminagarekin Bizkaian). Haiek izan ziren Aranaren planteamenduen aurrekariak. Bi erakundeok alderdi monarkikoen kontra zeuden eta foruen defentsa gogorrean oinarritu zuten euren estrategia. Bestalde, kapitalismo industrialak aurrera egin ahala, bizimodu tradizionalaren gainbehera sumatzen zen. Ohiko egiturak desagertzen zihoazen eta ezinezko ikusten zen iraganera itzultzea. Euskal nazionalismoa izan zen Sabino Aranak modernizazio industrialari eta proletarizatze sozialari eman zion erantzuna. Arriskuan zeuden euskal tradizioak eta hortik zetorren haren diskurtsoaren erradikalizatzea. Aranarentzat, Euskal Herriko gizartearen dekadentziaren erruduna espainolen inbasioa zen, etorkinek erlijiogabetasuna eta immoralitatea ekarri, eta balore tradizionalak hausten baitzituzten. Aranarentzat ezinbestekoa zen Euskal Herriaren independentzia erdiestea, Jainkoak markaturiko bidetik abiatuz, erlijio baloreak berreskuratzeko. Hona hemen leloa: “Gu Euzkadirentzat ta Euzkadi Jaungoikoarentzat” “Euzkadi euzkotarren aberria da” aldarrikapenaren oinarri historikoak foruak deuseztatzean kokatzen ziren (Bizkaya por su independencia, 1892). Historikoki, 1839. urtearen aurreko egoera independentziazkoa zen eta karlistaldiak, Aranarentzat, foruen aldeko nazio-borrokak izan ziren. Foruen

325 VILLA, Imanol (2006), 168-169 326 AGIRREAZKUENAGA, Joseba; MAJUELO, Emilio; URQUIJO, Mikel (1998), 147 190 erabateko berrezartzea zen, beraz, euskal nazionalismoaren helburua, horrek ekarriko baiziokeen Euzkadiri independentzia. Euskal nazionalismoak euskal herrialdeen konfederazio libretik sortutako Euzkadi izeneko estatuaren proiektua definitu zuen, eta aberriaren funtsezko osagarriak, Aranaren ustez, arraza, historia, legeak, izaera eta hizkuntza ziren, baina horren guztiaren gainean Jaungoikoa. Sabino Aranaren bizitza publikoa 1893an hasi zen, Larrazabaleko berbaldiaz. Hurrengo urratsa, Bizkaitarra izeneko aldizkari nazionalista sortzea izan zen, eta 1894ko uztailean eratu zen lehen euskal elkarte nazionalista: Euzkeldun Batzokija. Hurrengo urtean, elkarte hartan oinarrituta, Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ) sortu zen. 1897an, goian aipatutako Euskalerria elkartea, artean Ramon de la Sotaren buruzagitzapean zegoena, EAJri hurbildu zitzaion eta politikan elkarrekin jokatzea erabaki zuten. 1898ko hauteskundeetan Diputazioko aulkia lortu zuen Sabino Aranak berak. 1902an, hil aurretik –1903an zendu zen–, Aranak bere diskurtsoa moderatu zuen eta independentismoa nolabait bigunduz, autonomismoaren alde jo zuen. Horrela, 1907tik aurrera, bi joera bereizi ziren alderdi barruan: batetik, independentzia zaleak edo Aberritarrak (Luis Arana, Angel Zabala...), eta bestetik, autonomistak edo Euskalerriakoak (Ramon de la Sota...). Eztabaida handiak eduki zituzten eta alderdiak eginiko lehen Batzar Nagusian Sotaren taldea edo burgesia nazionalista moderatua irten zen garaile (1908). 1916an, autonomisten gehiengoarekin, alderdiak Comunión Nacionalista izena hartu zuen. 1921ean, Aberritarrek eta Euzko Gaztediko kide askok, Comunión Nacionalista utzi, eta alderdia birsortu zuten, handik aurrera Partido Nacionalista Vasco deituko zena. 1930ean, Primo de Riveraren diktaduraren amaieran, bi sektoreok berriro elkartu ziren, konfesionaltasunari eutsita. Baina gai horren inguruan alderdia berriro zatitu zen. Laizistek eta progresistek –Comunion taldekoek gehienak– San Andresko adierazpena sinatu eta Eusko Abertzale Ekintza (Acción Nacionalista Vasca) alderdia sortu zuten (Anakleto Ortueta, Tomas Bilbao, Justo Garate...).327

IPAR EUSKAL HERRIA XX. MENDEAREN LEHEN ZATIAN Lehen mundu gerra eta gerra arteko kontserbadurismoa

Ipar Euskal Herriko biztanle gehienak kontserbadoreak ziren XX. mendean. Jean Ybarnegaray, Pétainen aldeko kolaborazionista izan zen hango politikorik nabarmenetakoa. Alemaniaren kontrako gerra biek sakon aldarazi zuten Frantziako errealitatea eta bilakaera bera jazo zen Ipar Euskal Herrian ere. Frantses akulturazio-prozesuak ere aurrera egin zuen, jatorrizko nortasun-ezaugarrien

327 AGIRREAZKUENAGA, Joseba; MAJUELO, Emilio; URQUIJO, Mikel (1998), 150-152 191 kaltean. Hala ere, horiei eutsi nahi zien ekimenak ere sortu ziren, kultura-arloan lehenik eta politikan gero. Ameriketako emigrazioak ere aurrera segitzen zuen, baina ez aurreko mendean bezain gogor. Bestalde, ekonomia, hazi eta dibertsifikatu egin zen arren, ez zen behar adina garatu.

Lehen Mundu Gerra Ipar Euskal Herrian, Europako beste leku askotan bezala, Lehen Mundu Gerrak (1914-1918) erabat markatu zuen herritarren bizitza. 1914ko abuztuaren 3an, Alemania inperialak gerra deklaratu zion Frantziari. Bi egun lehenago, Raymond Poincare Frantziako lehendakariak, Frantzisko Fernando Habsburgokoa Sarajevon hil zutenean, herria mobilizatzeko agindua eman zuen. Gerrarako armada antolatu zenean, soldadu euskaldun asko izan zen tartean. 1918an, aliatuek irabazteak joera ultra kontserbadorearen nagusitasuna areagotzea ekarri zuen. 1919ko hauteskundeek Frantziako eskuin nazionalistari eman zioten garaipena. Ipar Euskal Herrian, Jean Ybarnegaray zen eskuindarren buruzagi nagusia. Bera garaztar legegizona eta soldadu ohia zen, eskuin tradizional katolikoaren defendatzaile sutsua. Orduz geroztik, bera atera zen garaile bi gerren arteko bozketa guztietan. 1928an botoen %88 lortu zuen, 1932an %82 eta 1936an %85,5. Azken hauteskunde haietan Frantzia osoan Herri Fronteko ezkerreko koalizioak erraz irabazten zuen artean, hiru diputatu eskuindar aukeratu ziren Euskal Herrian: Delazangles, Coral eta Ybarnegaray. Azken hau ministro izan zen 1944an Pétainen gobernuan. Giro kontserbatzaile hartan, hala ere, bestelako iritzirik ere izan zen; esate baterako, Pierre Broussain (1869-1920) mediku hazpandarrarena, biziki euskaltzalea bera. Sabino Aranaren diskurtso politikoak erakarrita –gutun bidezko harremana izan zuten euren artean–, aitzindari izan zen Iparraldeko euskal nazionalismoan.328

HEGO EUSKAL HERRIA (1931-1937) Errepublika eta autonomia

Hego Euskal Herriak –herrialde bakoitzak erakunde propioei eutsita– Erdi Arotik gutxienez, antolamendu politiko-juridiko autonomoa zeukan, eta Espainiako Estatu liberala ezarri zenetik arazo politiko bihurtu zen bere egokitzea estatu horretan. 1876an foruak deuseztatuta gero, etengabe aldarrikatu zen foruzaleen aldetik monarkiaren esparruan izaniko autogobernu maila: Foruak berriro ezartzea errebindikatzen zen (Foralismoa).

328 RUBIO POBES, Coro (1998), 399-400 192

Euskal nazionalistentzat foruak herri librearen “kode nazionala” eta horren soberaniaren adierazle ziren. Haientzat, foruzaletasuna eta euskal nazionalismoa gauza bera ziren. Karlismoarentzat, ordea, foruak Espainiako tradizioaren barruan ulertu behar ziren. Victor Praderaren esanetan, foruak Espainiaren batasunaren oinarria ziren.329 Hego Euskal Herriko errepublikanismoaren adar batzuk ere autonomiazale agertzen ziren: Liga Foral Guipuzcoana delakoak, esate baterako, foruak kode demokratiko moduan ikusten zituen eta 1910etik aurrera errebindikazio autonomista asumitu zuen.330 Sozialistak, berriz, euskal nazionalismoaren integrismo erlijiosoak eta izaera eskuindarrak baldintzatuta, euskal nazionalisten kontra zeuden. Euren oinarri sozialak zeharo desberdinak izanik, emozionalki eta kulturalki espainolzaleak ziren. Alderdi sozialista langile immigranteez osatuta zegoen batez ere, eta euskal nazionalistek sarritan “maketo” deituta iraintzen zituzten. Nekez ardura zitezkeen haiek, eurenak ez ziren Euskal Herriko arazo eta helburu politikoez.331 Euskal nazionalismoak sektore moderatuekin batuta (Engracio Aranzadi, Comunión Nacionalista...) eta independentismoa baztertuta, formulazio berria zehaztu zuen, autonomiarena, alegia. Formulazio berri horrek ez zuen baztertzen inola ere aurreko foruzaletasunik. Errebindikazioa garai modernoetara egokitu baino ez zuen egiten.332 1917an autonomia baten aldeko mezua bidali zitzaion Madrileko gobernuari, une hartan kataluniarrek Bartzelonako parlamentarien biltzarrean egin zuten bezalaxe. Hala ere, Primo de Riveraren Diktadurak (1923-1931) Errestaurazio garaian hasitako prozesua eten zuen. Diktadura amaitu ostean, II. Errepublikarekin autonomia lortzeko aukerak azaldu ziren.333 Espainiako II. Errepublika 1931ko apirilaren 12ko udal-hauteskundeetan aldarrikatu zen. Euskal Herrian alderdi eskuindarrek eta EAJk irabazi zuten orduan. Bakoitza bere aldetik aurkeztuta, nagusi atera ziren udal gehienetan. Errepublikano eta sozialisten blokeak, berriz, hiri handietan irabazi zuen: Bilbon eta inguruko gune industrialetan, Donostian, Eibarren, Irunen eta Nafarroako Erriberan. Gasteizen eta Iruñean, ordea, eskuina izan zen garailea, baina alde handirik gabe. Maiatzaren 31n, hauteskundeak errepikatu zirenean, ezkerra nagusitu zen hiri horietan ere. Labur esanda, gune industrial eta urbanoetan ezkerrak irabazi zuen eta nekazari-eremuetan edo zona erdi-nekazarietan, aitzitik, karlismoak eta nazionalismoak. Euskal herritar gehienek errezelo handiz begiratzen zioten Espainian ezarritako erregimen errepublikanoari, beldur handia baitzegoen antiklerikalismoak eta iraultzak arriskuan jarriko ote zituzten Euskal Herriko

329 FUSI AIZPURÚA, Juan Pablo (2002), 24 330 FUSI AIZPURÚA, Juan Pablo (2002), 44 331 FUSI AIZPURÚA, Juan Pablo (2002), 52 332 FUSI AIZPURÚA, Juan Pablo (2002), 35 333 AGIRREAZKUENAGA, Joseba; MAJUELO, Emilio; URQUIJO, Mikel (1998), 195 193 ohiko katolizismoa eta kontserbadurismoa. EAJk ez zuen parterik hartu Donostiako Itunean334, eta ez zuen, beraz, lagundu Errepublika ezar zedin.

Lehen autonomia proiektuak 1931ko apirilaren 14an, Eibarreko udala izan zen estatuan Errepublika aldarrikatu zuen lehena. Arratsalde hartan, aldiz, Getxoko alkatea zen José Antonio Agirrek, ordu batzuk lehenago Katalunian Francesc Maçiak egin bezala, “Euskal Errepublika” aldarrikatu zuen, Espainiako Errepublikaren barruan ulertuta. Katalanekiko desberdintasuna hauxe zen: Esquerra kataluniarrak errepublikano eta sozialista espainolekin bat egiten zuen bitartean (Donostiako Itunean), EAJ erabat desmarkatu zela ezkerreko indarretatik. Apirilaren 17an, Errepublikaren behin-behineko Gobernua akordio batera iritsi zen Maçiárekin prozesu autonomikoari hasiera emateko. Euskal Herrian, ordea, ordena publikoak interbenitu zuen EAJko alkate eta zinegotziak Gernikan bildu zirenean. Hego Euskal Herrian ez zen batasunik izan autonomia bideratzeko orduan. Bi ekimen desberdin azaldu ziren: batetik EAJk bultzatutako alkateen mugimendua, Lizarrako proiektua planteatuz eta, bestetik, ezkerreko indarrek kontrolatzen zituzten Diputazioetako Gestorak, Gestoren proiektuaz.

Lizarrako proiektua Lizarran onartu zuen 1931ko ekainaren 14an alkate-kolektibo handi batek. Proiektua bertan behera bota zen handik hiru hilabetera, konstituzioaren kontra zegoela argudiatuta. Proiektua alkate nazionalisten eta karlisten ekimenetik sortu zen eta ezkerreko indarrek, Gobernu probisionalak eta Gorteek errezeloz eta kontrakar handiz hartu zuten. Euskal nazionalistengandik sortu zen autonomiaren bidea. Errepublika aldarrikatu eta hirugarren egunerako, 1931ko apirilaren 17an, Getxoko, Bermeoko, Mundakako eta Elorrioko alkateek (aipagarria da ekimen horretan José Antonio Agirre, Getxoko alkateak zuen lidergoa) udalen batzarra deitu zuten Gernikara, Errepublika onartu eta haren barruan Euskal Gobernua eratzeko. Batzarra ez zen egin, debekatu egin zutelako, baina ekimen hura euskal alkateen mugimenduaren hazia izan zen. Maiatzaren 8rako zabalduta zegoen mugimendua Hego Euskal Herri osoan eta alkate taldeak Eusko Ikaskuntza elkarte kulturalari, autonomia posible baterako proiektuaren zirriborroa egiteko eskatu zion. Ondoren, behin hori eginda, alkateen batzar nagusia egingo zen, txosten hura azter eta onets zezan. Batzar nagusi hura 1931ko ekainaren 14rako deitu zen Iruñera.335 Ekimen hartarako gaitz gertatzen zen ezkerraren kolaborazioa EAJren konfesionaltasunarengatik eta hasieratik euskal nazionalistek ez ziotelako monarkiari oposiziorik egin. Gainera, hiriburuetako alkateek ez zuten parterik hartu mugimendu hartan.

334 1930eko abuztuaren 17an Donostian egindako hitzarmena. Bertan garai hartako errepublikano garrantzitsuenak batuta, monarkiaren kontrako frontea sortu zuten. 335 FUSI AIZPURÚA, Juan Pablo (2002), 70 194

1931ko maiatzaren 31n, Eusko Ikaskuntzak amaituta zeukan estatutu- proiektua. Hona hemen horren ezaugarriak: Hego Euskal Herriko lau herrialdeek izaera politiko propioa duen erakunde natural eta juridikoa osatzen dute eta Euskal Estatu bihurtzeko eskubidea daukate. Haren barnean, herrialde bakoitza autonomoki antolatuko litzateke. Botere legegilea, 80 kidez eratutako –20 lurralde bakoitzeko– Kontseilu Nagusiari legokioke, eta gai komunez arduratuko litzateke; herrialdetako gai partikularrak, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Nafarroako Gorteek tratatuko lituzkete. Batzar Nagusiek eta Gorteak izendatuko lituzkete Kontseilariak eta euren agintaldia 4 urtekoa litzateke. Botere exekutiboa, Kontseilu Nagusiko Batzorde Exekutiboari legokioke, eta 8 kidek osatuta, lehendakari bat izango luke –erakunde horrek berak izendatuta 2 urterako–. Euskal Estatuak konpetentzia zabalak izango lituzke: administrazio lokala, justizia, presondegiak, zerga-politika eta politika ekonomikoa, ordena publikoa eta defentsa, osasungintza, irakaskuntza, legislazioa, lan publikoak, turismoa, etab., eta Errepublikaren Estatuarekiko harreman ekonomikoetan Kontzertu Ekonomikoen erregimenari eutsiko lioke. Kanpo-harremanak, aduana, txanpona, korreo eta telegrafoak, gerra eta zuzenbide penala eta merkantila Estatu zentralaren eskumenean leudeke. EAJko batzarrak bi aldaketa sartu zizkion Eusko Ikaskuntzaren proiektuari ekainaren 7an: 1. Etorkin ez-euskaldunei, euskal hiritartasuna lortzeko bizialdia, 2 urtetik –horrela markatzen baitzien proiektuak–, 20 urtera igo zitzaien 2. Vatikanoarekiko harremanak Euskal Estatuaren esku uztea. Eta aldaketa horiek eginda onartu zuen Alkateen Mugimenduak estatutu- proiektu hura, ekainaren 14an Lizarran egin zen Batzar Nagusian. 1931ko Errepublikan, politika laiko eta antiklerikalarekin konprometitutako Gobernuarentzat, Lizarrako estatutuak ezarritako klausula erlijiosoak Errepublikari zuzendutako desafioa ematen zuen. Hura funtsezkoa izan zen, Gorteek proiektua atzera bota zezaten. 1931ko ekaineko hauteskundeetan, euskal nazionalisten, karlisten eta katoliko independenteen koalizioak garaipen handia lortu zuen Hego Euskal Herrian, 24 diputatutik, 15 lortu baitzituzten: Euskal Herriko eskuinak hauteskundeak irabazi zituen arren, estatutua galdu egin zuen.336

Batzar kudeatzaileen (edo Gestoren) proiektua Alkateen mugimenduaren aurrean, beste proiektu autonomiko batzuk agertu ziren: Lehenago Gipuzkoako Diputazioaren Batzorde Kudeatzaileak (maiatzaren 7an), eta gero Nafarroako Batzorde Kudeatzaileak estatutu- proiektu probintzialak prestatzen hasi ziren. Gauza bera egin zuen ondoren Arabakoak ere. Batzorde Kudeatzaile edo Gestora horiek Gobernu zentralak, probintziak kudeatzeko, izendatutako erakundeak ziren, artean Diputazioetarako hauteskunde probintzialak egin gabe zeudelako. Gestora haietan ezkerreko indarrak ziren nagusi eta EAJk ez zuen horietan ordezkaririk. Horrela bada, prozesu autonomikoa aurrera eramateko, bi ekimen aurkitu ziren aurrez aurre: batetik, alkateena edo Lizarrakoa (EAJk eta karlistek kontrolatuta) eta, bestetik, batzorde kudeatzaileena (ezkerrak kontrolatuta). Gestoren proiektua prestatzean, Sozialistek aldaketak egin zizkioten Eusko Ikaskuntzaren txostenari; hiru aspektutan bereziki:

336 FUSI AIZPURÚA, Juan Pablo (2002), 75-79 195

1. Kontseilu Nagusia demokratizatzeko, herrialde bakoitzeko 20 kontseilari izan beharrean, biztanleen ordezkatze proportzionala proposatu zuten. 2. Euskal Herriko eremu ez-euskaldunak babesteko, arlo judizialean batez ere, justizia-funtzionarioen hornidura Espainiako estatuaren esku uztea. 3. Kontzertu Ekonomikoaren arloan, Euskal Herrian jarritako zergak ez izatea estatuan jarritakoak baino txikiagoak.337 1931ko ekainaren 28ko hauteskundeetako emaitzak Euskal Herrian, Estatukoen aldean, zeharo desberdinak izan ziren. Espainian errepublikanoek eta sozialistek erabateko garaipena lortu zuten, baina Hego Euskal Herrian eskuina atera zen garaile (EAJ eta Comunión Tradicionalista edo karlistak). Dena dela, Euskal Herriko eskuindarren garaipena ez zen erabatekoa izan. Ezkerrak botoen %44 lortu zuen eta, gainera, lau hiriburuetan eskuinak baino emaitza hobeak aterata.338

Tentsioa Hego Euskal Herrian eta Lizarrako estatutuaren porrota Gorteetan Gorteak martxan hasi zirenean, hamabost diputatu eskuindarrek –sei EAJkoak, bost karlistak eta lau katoliko independenteak– Minoría vasco- navarra izeneko taldea osatuta, erlijioa, foruen berrezartzea eta Lizarrako estatutua defendatzeko konpromiso komuna hartu zuten. Ezkerreko bederatzi diputatuek, ordea, ez zuten aparteko Euskal Herriko talde parlamentariorik osatu eta estatuko taldeekin nahasirik zeuden. Hortaz, Minoría vasco-navarra hura Euskal Herriarekin identifikatuta geratu zen. Eta Gorteetako gehiengoa Minoría haren kontra azaldu zen haren joera eskuindar eta klerikalarengatik. 1931ko udan Hego Euskal Herrian “gerra zibil giroa” sumatzen zen eta hori ez zen mesedegarri izan estatutuarentzat. Elkarren etsai ziren talde armatuak bata bestearen kontra aritu ziren. Tentsio erlijiosoa ere handitu zen. Katoliko asko pelegrinazioan joaten ziren Ezkiogara: Ama Birjina agertzen omen zen han. “Lizarrako estatutuaren birjina” esaten zioten.339 Abuztuaren 22an, Gobernu errepublikanoak, aurkako eraso bortitzengatik eta altxamendura deitzeagatik, euskal nazionalisten eta eskuindarren prentsak galarazi zituen. Giro hartan, Lizarrako estatutuak ez zuen Gorteetan onartua izateko inolako posibilitaterik. Konstituzioaren 1. artikulua adostu zenean, hain zuzen, autonomien marko konstituzionala ezartzen zuena, Lizarrako proiektuari ateak itxi zitzaizkion erabat. Handik gutxira, “diputatu vasco-navarroek” Gorteak utzi zituzten, baina ez estatutua ukatu zelako, ordena erlijiosoei buruzko konstituzioaren 26. artikulu polemikoarengatik baizik. Konstituzioa onesteko azken bozketan, 1931ko abenduaren 31n, ez ziren diputatu haiek Gortean izan. Hurrengo egunean itzulita, euskal diputatu nazionalistek Alcala Zamora onartu zuten

337 FUSI AIZPURÚA, Juan Pablo (2002), 77 338 FUSI AIZPURÚA, Juan Pablo (2002), 81 339 DE LA GRANJA, José Luis eta DE PABLO, Santiago (2002), 68 196

Errepublikako presidente. Karlistak, ordea, abstenitu egin ziren. Zatiketaren hasiera izan zen hura. Handik aurrera, talde politiko bakoitzak bere bideari jarraitu zion: euskal nazionalistentzat funtsezkoa zen autonomia estatutua, karlistentzat, berriz, elizaren defentsa eta errepublika ukatzea.

Batzorde kudeatzaileen estatutuaren bide luzea 1931ko abenduan Hego Euskal Herriko prozesu autonomikoa hasieratik abiatu behar zen berriro konstituziora moldatzeko. Orduan ezkerreko indarren ekimena hasi zen. Azañaren Gobernuak abenduaren 8an dekretu bidez estatutua aurrera ateratzeko jarraitu behar zen prozedura markatu zuen. Lau tramite burutu behar ziren: 1. Proiektua erredaktatzea: hori Batzorde kudeatzaileek egin behar zuten. 2. Udalek proiektua onestea. 3. Herriak proiektua onestea, erreferendum baten bidez. 4. Azkenik, Gorteek proiektua berrestea.340 1932ko urtarrilean, prozesua estatutu bakar baten bidez abiatzea erabaki zen, eta estatutu probintzialik ez planteatzea. Baina Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako herrialdeetan baiezkoa atera zen arren, Nafarroan ez zen hori gertatu, karlismoak jarrera aldatu zuelako. 1932ko hasieran karlismoaren hiru adarrak bateratu egin ziren Iruñean: Rodeznoko kondearen jaimistak, Juan Olazabalen integristak eta Victor Praderaren mellistak. Azken bi horiek Euskal Herriko estatutuaren eta EAJren aurka zeuden, eta horregatik, Comunión Tradicionalista alderdiak Batzorde kudeatzaileen proiektuaren kontra jokatu zuen. Batzordeen proiektua erredaktatzeko, taldeak testua muga konstituzionaletara egokitzen ahalegindu ziren, eta 1932ko udaberrian nazionalistek, errepublikanoek eta sozialistek baiezkoa eman zioten proiektuari Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina ez Nafarroan, han ezkerrak ere proiektua gaitzetsi baitzuen. Azañaren Gobernuak Gorteek Kataluniako estatutua azkar onets zezaten lortu zuen eta estatutu hura Donostian aldarrikatu zen 1932ko irailaren 15ean, monarkiaren aurkako Ituna –Donostiako Ituna, alegia– bertan sinatu izanagatik. Indalecio Prietok, unea aprobetxatuz, bultzada eman nahi izan zion euskal estatutuaren prozesuari. Alabaina helburu horiek ez ziren onik atera, 1932ko urritik 1933ko udaraino enfrentamendu bortitzak izan zirelako euskal nazionalisten eta errepublikano-sozialisten artean, batez ere Bizkaian. Horren ostean, gobernadore zibil errepublikanoek gogor zapaldu zuten EAJ, eta alderdi horretako muturreko sektore batek, Jagi-Jagi aldizkariaren bitartez, bere jarrera erradikalizatu eta bere independentismoa azpimarratu zuen. Ezkerrak, bere aldetik, estatutuarekiko interesa galdu zuen, bere etsaiek, hots, euskal nazionalistek gobernatutako autonomia aurreikusten zuelako. Ezkerraren ustez, estatutua lortu baino lehen komenigarria zen Euskal Herria “errepublikanotzea”. 1933ko lehen zatian berriro azaleratu zen tentsio erlijiosoa: batetik, Gorteek

340 FUSI AIZPURÚA, Juan Pablo (2002), 90 197 kongregazio erlijiosoei buruzko legea atera zuten eta, bestetik, errepublikano- sozialisten gehiengoa zuen Bilboko udala Jesusen Bihotzaren monumentua eraisten ahalegindu zen. Horrek guztiak alderdi eskuindarren eta klerikalen kontrakotasun gogorra eragin zuen.341 Prozesu autonomikoa etenda geratu zen eta 1933ko abuztuaren 6ra arte ez zen estatutua udalen onespenera aurkeztu. Nafarroa, esan bezala, prozesutik kanpoan geratu zen. Bizkaiak eta Gipuzkoak zalantzarik gabeko baietza eman zioten proiektuari, baina Arabako udaletan baiezkoa atera arren, horien heren bat kontra azaldu zen. Hurrengo urratsa erreferenduma egitea zen. Gobernuak –Martínez Barrio buru zela– 1933ko azaroaren 5erako deitu zuen, eta emaitza, erabat baiezkoaren aldekoa izan zen Bizkaian eta Gipuzkoan: zentsuaren %90 baino gehiagok eman zuen botoa, eta %98k baiezkoa eman zuen. Arabaren baiezkoa, ordea, %46,5ekoa izan zen.342

Udalen Batzarrean Euskal Estatutuaz egin zen bozketaren emaitzak (Iruñea, 1932-VI-19) Udalak Alde Aurka Abs guztira Bizkaia 109 1 6 116 Gipuzkoa 84 2 3 89 Araba 50 11 14 77 Nafarroa 109 137 35 267 Euskal Herria 354 137 58 549

Euskal Estatutuaren gaineko erreferendumean izaniko emaitzak ehunekoetan (erroldaren ehunekoak) (1933-XI-5) Lurraldea “BAI” “EZ” Balio gabeak Abs. Bizkaia 88,4 1,9 9,7 Gipuzkoa 89,5 1,5 0,1 8,9 Araba 46,4 11,9 0,2 41,5 (*) Guztira 84,0 2,9 0,1 13,0

Estatutuaren blokeoa Gorteetan Orduan, Bilboko El Liberal aldizkariak aurreratu zuen Gorteetako eskuindar zentralista eta unionisten gehiengoak ez zuela inola ere estatutua onartuko. 1933ko abenduaren 21ean Estatutua Gorteetara helduta zegoela, hurrengo egunerako, José Luis Oriol Uriguen diputatu tradizionalista arabarrak erreferendumean izan zuen onespen eskasa argudiatuta, Arabaren esklusioa eskatu zuen.343 Hala ere, eztabaidak aurrera jarraitu zuen, harik eta EAJk Gorteetatik irten arte: EAJk Gorteak utzi zituen, 1934ko ekainean, kultiboen kontratuen

341 FUSI AIZPURÚA, Juan Pablo (2002), 99-105 342 AGIRREAZKUENAGA, Joseba; MAJUELO, Emilio; URQUIJO, Mikel (1998), 201 343 FUSI AIZPURÚA, Juan Pablo (2002), 116 198 kontrako legea zela eta, Kataluniako gobernu autonomoarekin solidaritatea erakusteko. Horrela bada, Euskal Herriko estatutuaren eztabaida geldituta egon zen Gorteetan, 1936ko urtarrilean, horiek disolbatu arte.344 Arabaren arazoak argi utzi zuen ezer gutxi konpon zitekeela eskuindarrek Gorteak menperatzen zituzten artean.

Udalen errebolta eta urriko iraultza Istilu politikoek eta sozialek 1934an iritsi zuten euren unerik larriena. Uda aldian, Bizkaiko eta Gipuzkoako udal gehienak, euskal nazionalismoaren eta ezkerraren sostenguarekin, Ricardo Samperren gobernu eskuindarraren kontra azaldu ziren. Arrazoia: batetik, Manuel Marraco Haziendako ministroak Kontzertu Ekonomikoari egindako erasoarengatik –errenta eta luxuari buruzko zerga berriak zuzenean bildu nahi izan baitzituen, euskal diputazioekin akordatu gabe– eta, bestetik, gobernuak ardo-kontsumoa desgrabatzea erabaki zuelako. Horrek Euskal Herriko udalen eta diputazioen hondamen ekonomikoa ekarriko zuen, horien sarreren erdia atal horretatik ateratzen baitzen.345 Horrez gainera, udalek salatu egin zuten agintaritza probintzialek ez zituztela herrialdeak ordezkatzen: probintzietako batzorde kudeatzaileak (Gestorak) Gobernuak ezarritako agintariez osatuta zeuden (une hartan Alderdi Erradikalekoak), eta Gestorak, haiek Kontzertu Ekonomikoa babesten ez zutela ikusirik, eurentzat hartu zuten eginkizun hura.346 Udalak Kontzertuaren eta udal-autonomiaren alde egiteko, batzorde bat eratzen hasi ziren botazio bidez, baina gobernazioko ministroa zen Rafael Salazar Alonsok debekatu egin zituen botazio haiek eta isunak eta kargugabetzeak ezarri zitzaizkien inplikatutako alkate eta zinegotziei. Euskal nazionalistek eta ezkerrekoek inoiz baino batuago Zumarragako batzarrean bildu zituzten udaletako ordezkariak. Ekintza hori legez kanpokotzat jo zen eta hainbat ordezkari prozesatu eta batzuk kartzelan sartu zituzten. 1934ko urriko iraultzak ez zuen Euskal Herrian Asturiasen bezalako izaera sozialik izan, ezta Katalunian izan zuen kutsu nazionalistarik ere. Bizkaian eta Gipuzkoan aste osoko greba orokorra egin zen eta matxinadak izan ziren Bilbo eta Donostia inguruko gune industrialetan. Gertakaririk larrienak Eibar eta Arrasaten izan ziren. Hiri horietan, urriaren 5ean, iraultzaileek bi buruzagi eskuindar hil zituzten: Carlos Larrañaga Eibarreko lider tradizionalista, Dagoberto Rezusta Gipuzkoako Gestorako agintari erradikala eta Marcelino Oreja Bizkaiko diputatua. Azken biok Arrasateko Union Cerrajera lantegiko zuzendariak ziren. Armadak eta poliziak erreprimitu zuten matxinada. Iraultza PSOEk eta UGTk antolatu zuten, anarkista, ANVko eta Jagi- Jagiko batzuen laguntzarekin. Ez dirudi EAJ eta STVko buruzagiek parte hartu zutenik, neutral agertu baitziren matxinadaren aurrean. Hala ere, ezkerrekoekin batera, erakunde nazionalistak ere errepresioa jasan zuten, batez ere Bizkaian. 1934ko azken hiletan eta 1935ean, EAJ eta Espainiako eskuinaren arteko haustura, konponezina bihurtu zen. Arrazoi asko zegoen horretarako:

344 FUSI AIZPURÚA, Juan Pablo (2002), 122 345 FUSI AIZPURÚA, Juan Pablo (2002), 124 346 FUSI AIZPURÚA, Juan Pablo (2002), 122 199 estatutuaren blokeoa, udalen matxinadaren ondorioak, urriko iraultzaren ondoko errepresioa, Kataluniako autonomiaren suspentsioa eta Companys eta haren kideei ezarritako zigorra, errendamenduei buruzko legeak eragindako Bizkaiko eta Gipuzkoako baserritarren etxegabetzeak, etab. 1935ean, Donostiako Urumea frontoian eta Espainiako Gorteetan eskuindarrek eta nazionalistek elkarren kontra egindako deklarazioek markatu zituzten horien arteko harreman txarrak. Orduan jaulki zuen José Calvo Sotelok bere esaldi ospetsua: “Hobe Espainia gorria zatitua baino”.347 1936ko otsailaren 16ko hauteskundeek hiru guneko egitura politikoa azaldu zuten Euskal Herrian; gune bakoitza bere leloarekin: Eskuindarren koalizioa (Comunión Tradicionalista, Renovación Española eta CEDA): “Iraultzaren aurka” Euzko Alderdi Jeltzalea: “Euskal zibilizazio kristauaren, Euzkadiren askatasunaren eta justizia sozialaren alde” Ezkerrekoen koalizioa edo Fronte Popularra (Unión Republicana, Izquierda Republicana, PSOE, PC eta ANV-EAE): “Amnistia, estatutua, etxegabetze batere ez gehiago”348 - EAJk 9 diputatu atera zituen (5 Bizkaitik eta 4 Gipuzkoatik) - Eskuindarrek 8 diputatu (1 Arabatik eta 7 Nafarroatik) - Fronte Popularrak 7 diputatu (4 Bizkaitik, 2 Gipuzkoatik eta 1 Arabatik)

1936ko Estatutua Fronte Popularrak estatutua zeroan bere programan. EAE-ANVk gainera, zuzenean hartu zuen parte koalizioan. Bestalde, EAJk bazekien autonomia lortuko bazen, Fronte Popularrarekin izango zela eta ez eskuindarrekin. Eta, beraz, bide hari ekin zioten. 1936ko udaberrian, EAJk ezkerrera hurbiltzeko urratsak egin zituen eta haren diputatuek konfiantzazko botoa eman zioten Azañaren gobernuari. Apirilaren 14an, Fronte Popularraren gehiengoaren adostasunez, Gorteetako Estatutuaren Batzordea eratu zen –Indalecio Prieto presidente eta José Antonio Agirre idazkari zirela–, eta hark, 1933ko plebiszituaren emaitzak ontzat hartuz, berehala eman zuen amaitutzat Araban planteatutako arazoa. I. Prietoren ustez, estatutuaren onespenak, ahalik eta azkarren egin zedin, laburra eta Kataluniako estatutuaren parekoa izan behar zuen. Eskuindarrak kontra agertu arren, parlamentuko batzordeak onartu egin zuen eta testua erabakita geratu zen.349 Gerra zibila piztu zenean, Fronte Popularreko gobernuak, EAJ gerran bere alde guztiz inplikatzea behar zuenez, estatutuaren onartze-prozesua bizkortu zuen. Horrela, 1936ko urriaren 1ean, Espainiako Gorteek, gerra- egoerarengatik Valentzian bilduta, onartu egin zuten.

347 FUSI AIZPURÚA, Juan Pablo (2002), 134 348 DE LA GRANJA, José Luis eta DE PABLO, Santiago (2002), 78 349 AGIRREAZKUENAGA, Joseba; MAJUELO, Emilio; URQUIJO, Mikel (1998), 203 200

Euskadiko behin-behineko gobernua eratzeko, Errepublika indarrean zegoen eremuetako zinegotziek José Antonio Agirre aukeratu zuten lehendakari. Eusko Jaurlaritza gerra-egoerarengatik estatu zentralaren ordezkari bihurtu zen Bizkaian eta Gipuzkoan (Araba errebeldeek zeukaten okupatuta). Jaurlaritzak estatuaren botereak bere gain hartu zituen: dirua egitea, funtzionarioak kontrolatzea, armada sortzea, gerra gidatzea, etab.350 Labur esanda, Errepublikaren garaian, EAJk zeharo aldatu zuen bere aliantza-politika. 1931n aliatu zituenak, karlistak, alegia, etsairik gogorrenak bihurtu zitzaizkion, eta erregimen demokratikoaren aurkako kolpe militarra prestatzen hasi ziren. Lehen biurtekoan etsai zirenak, ordea, bidelagun egin ziren 1936an estatutua lortzeko eta Errepublika defendatzeko. EAJren ibilbide politikoak bira handia egin zuen eta, azkenean, gerra zibilean Fronte Popularrarekin bat egin zuen. Ibilbide berri haren emaitzak 1936ko estatutua onestea eta lehen Eusko Jaurlaritza sortzea izan ziren.

Gerra Zibila Hego Euskal Herrian Altxamendu militarraren hasierako ekimena UME (Union Militar Española) izeneko militar kolpisten erakundean prestatu zen, eta Valentín Galarza jeneralak plana aurkeztu zien kideei, Sanjurjo jeneralaren izenean. Errepublikaren gobernuak bazuen militarren asmoen berri, eta, jeneral susmagarriak kargutik kendu ez, baina destinoz aldatu zituen: Francisco Franco Kanarietara bidali zuten, Emilio Mola Nafarroara eta Manuel Goded isla Balearretara. Monarkikoen sektoreak, karlistak, cedistak –CEDA alderdi eskuindarrekoak–, falangistak, etab., konspirazio militarraren alde zeuden eta, gainera, eskuina 1932an baino antolatuago zegoen. Lider politiko agresibo bat zeukan, José Calvo Sotelo, eskuin muturreko monarkikoa bera. Bazeukan talkarako prest zegoen talde bat ere: Falange Española. Tradizionalistak (karlistak) Errepublikaren laikotasunari kontra egiteko prest zeuden. Nafarroan, boluntario tradizionalistak, erreketeak, Molaren aginduetara jarri ziren. Hasieran, konspirazio militarrak indar eta antolamendu eskasa lortu zuen, baina Emilio Mola jenerala buru jarri zenean, gauzak erabat aldatu ziren. Bera izan zen kolpisten buruzagia 1936ko uztailera arte. Bere plana, hiru edo lau lekutan aldi berean gauzatuko zen altxamendu militarra egitea zen. Juan Yagüe teniente koronelak, Legioan indar handia zuenak bat egin zuen konspirazioarekin eta, horrela, ziurtatu egin zen Afrikako armadaren funtsezko parte-hartzea. Gonzalo Queipo de Llano izango zen Sevillan, Afrikatik abiatutako armadak penintsulan zeukan sostengua. Goded Mallorcan altxatuko zen, eta beste hiriburu batzuetako zenbait jeneralek ere altxamendu militarrarekin bat egiteko konpromisoa hartu zuten. Hala ere, estatu-kolpearen protagonista nagusia, azken unera arte konprometitu barik zegoen Francisco Franco jenerala izan zen. Uztailaren 14an, ezkertiar batzuek Calvo Sotelo lider eskuindarra hil zuten Madrilen; antza denez, eskuindarrek hildako José del Castillo

350 FUSI AIZPURÚA, Juan Pablo (2002), 151 201 tenientearen heriotza mendekatzeko egin zuten. Gertaera horrek azeleratu egin zituen kolpisten planak eta Franco izan zen, uztailaren 17an, Afrikako tropen agintea hartuta, estatu-kolpeari hasiera eman ziona. Gerra zibilean, Espainia bezala, Hego Euskal Herria ere bi zatitan banatuta gelditu zen: alde bat –Nafarroa eta Araba– errebeldeen mendean, eta bestea –Bizkaia eta Gipuzkoa– errepublikarekiko leialtasunari eusten. Errepublikaren aldeko eremuak, altxamenduarekin bat egin zuten lurraldeez ia guztiz inguratuta geratu ziren, eta egoera horrek eragin handia izan zuen gerraren bilakaeran. Hamaika hilabetez iraun zuen gerra zibilak Hego Euskal Herrian. 1936ko uztailaren 18tik 1937ko uztailaren 2ra. Autonomia Estatutua ezarri ondoren heldu ziren errebeldeak Bizkaiko mugetara. Eusko Jaurlaritzak gidatu zuen gerra, José Antonio Agirre lehendakaria buru zela. Emilio Mola jeneralak Nafarroatik eraso zion Gipuzkoari eta errebeldeek Irun okupatu eta mendebalderantz jo zuten Deba ibaira iritsi arte. Gipuzkoa, horrela, errebeldeen esku gelditu zen 1936ko irailean. Une batez, lasaitu egin zen frankisten presioa, Madril konkistatzeko saioetan zebiltzalako. Bitartean, Agirreren gobernuak eusko gudarostea osatu eta Bilbo eta inguruak babestu zituen “Burdinazko Hesia” eginda. Gainera, unea aprobetxatuta, gudariek kontraerasoa ere egin zuten Araba aldera. Francoren armada penintsulara heldu eta gero, Extremaduratik abiatu eta Madril ondoraino heldu zen. Madril aurrean jarrita, nahiz eta baliabide militarren aldetik nagusitasuna izan, ez zuen lortu errepublikanoak garaitzea. Gerra erdigunean irabaztea ezinezkoa zuela ikusita, Francok, estrategia aldatu eta Iparraldeko fronteari berriro ekitea erabaki zuen. 1937ko udaberrian, beraz, Francoren armadek gogortu egin zuten presioa Euskal Herrian. Bizkaira zuzendu zituzten troparik indartsuenak eta horrek borroka, ordura artekoa baino bortitzagoa bihurtu zuen. Errebeldeen bandoan ari zen Legion Condor alemaniar hegazkin-eskuadra hirietako zibilak erasotzen aritu zen: besteak beste, Durango eta Gernika bonbardatu zituen. Artean, bando hartan ari ziren italiarrek hegoaldetik eta ekialdetik eraso zioten Bizkaiari. Bi hilabete eta erdiren buruan sartu ziren Bilbon errebeldeak. Erretiran, Eusko Jaurlaritzak ez zituen Bizkaiko industriak suntsitu, eta gogor kritikatu zuen jokabide hura Errepublikako Gobernuak, gerra amaitu gabe baitzegoen (1939an bukatu zen). EAJk Santoñako Ituna sinatu zuen frankisten alde borrokan ari ziren boluntario italiarrekin. Euskal batailoi nazionalistak errenditu egingo ziren, eta, trukean, italiarrek gudariei bizia errespetatu behar zieten euren armadaren menpean gerra-preso hartu eta, gero, itsasoz ebakuatzeko aukera emango zieten. Hitzarmena ez zen bete. Frankisten agintari gorenak indarra kendu zien italiarrei eta hainbat gudari zigortu zituzten.351

351 AGIRREAZKUENAGA, Joseba; MAJUELO, Emilio; URQUIJO, Mikel (1998), 214-215 202

BIBLIOGRAFÍA

- AGIRRE, José: “Casas de labranza”. Anuario de Eusko Folklore, t. V. 1925 - AGIRREAZKUENAGA, Joseba; MAJUELO, Emilio; URQUIJO, Mikel: Historia. Batxilergoa 2. Erein. 1998 - AGIRREAZKUENAGA, Joseba: Euskal herritarren burujabetza. Alberdania. 2012 - ALBERDI, José Ignacio: “Merkataritza XI.-XV. mendeetan”. Euskal Herria. Historia. LUR. 1998 - ALDAY RUIZ, Alfonso: “Las sociedades postpaleolíticas”. Historia del Pais Vasco. Prehistoria y Antigüedad. Hiria. 2006 - ANGULO MORALES, Alberto eta REGUERA, Iñaki: “Los valores de la sociedad vasca en la Edad Moderna”. Historia del Pais Vasco. Edad Moderna. Hiria. 2006 - ARIZAGA BOLUMBURU, Beatriz: “Euskal Herria Erdi Aroan”. Euskal Herria. Atlas historikoa. LUR. 1996 - AROCENA, Ignacio: Oñacinos y gamboínos. Ed. Gomez. 1959 - ARRIETA ALBERDI, Jon: “La idea de España entre los vascos de la Edad Moderna”. La idea de España en la Edad Moderna. Real Sociedad Económica de Amigos del Pais (Valencia). 1998. - ARRIZABALAGA BALVUENA, Álvaro: “Los grupos humanos durante el Paleolitico”. Historia del Pais Vasco. Prehistoria y Antigüedad. Hiria. 2006 - AZAOLA, José Miguel de: Vasconia y su destino. II. Los vascos ayer y hoy. Vol. 1 Revista de Occidente. 1972 - AZKARATE, Agustín: “Antzin eta Erdi aroen artean”. Euskal Herria. Historia. LUR. 1998 - AZKARATE, Agustín: “Los Pirineos Occidentales durante el periodo Franco-Visigótico”. Historia de Euskal Herria. II. lib. LUR. 2004 - AZKARATE, Agustín: “Waskonia”. Euskal Herria. Atlas historikoa. LUR. 1996 - AZURMENDI, Joxe: Espainolak eta euskaldunak. Elkar. 1992 - BARANDIARAN, Ignacio: “Harri-landu adinaren bilakaera kulturala Euskal Herrian: Paleolito eta Epipaleolito (Mesolito) aroak”. Euskal Historiaz, II. EHU. 1985 - CARO BAROJA, Julio: Brujería vasca. Txertoa. 1975 - CARO BAROJA, Julio: Introducción a la historia social y económica del Pueblo Vasco. Txertoa. 1974 - CARO BAROJA, Julio: Linajes y bandos. Diputación de Vizcaya. 1956 - CARO BAROJA, Julio: Los vascos. 1971 - CIPRÉS TORRES, Pilar: “La religión en la época alto-imperial”. Historia del Pais Vasco. Prehistoria y Antigüedad. Hiria. 2006 - DE LA GRANJA, José Luis eta DE PABLO, Santiago: Historia del Pais Vasco y Navarra en el siglo XX. Biblioteca Nueva. 2002. - DÍAZ DE DURANA, J. Ramón: “Bandoen arteko borrokak”. Euskal Herria. Historia. LUR. 1998 - DÍAZ DE DURANA, J. Ramón eta FERNÁNDEZ DE LARREA, J. Andoni: “Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherearen antolamendu politiko 203

administratiboa”, “Mugak, politika harremanak eta lurralde loturak Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian IX.-XV. mendeetan” eta “XV. mendeko zuzperraldia eta nekazaritzaren hazkundea. Laborantza sistemen berreraketa eta berrantolakuntza”. Euskal Herria. Historia. LUR. 1998 - ESTÉVEZ, Xosé: Historia de Euskal Herria. t.II. Del hierro al roble. Txalaparta. 1999 - ESTORNES LASA, Bernardo: Historia General de los vascos. Epoca romana. Auñamendi. 1960. - ESTORNES ZUBIZARRETA, Idoia: Carlismo y abolición foral. Auñamendi. 1976 - FERNÁNDEZ DE LARREA, Jon Andoni: “Hazkundearen azkena eta nekazaritzaren krisialdia (1250-1450)”. Euskal Herria. Historia. LUR. 1998 - FERNÁNDEZ DE PINEDO, Emiliano: Crecimiento económico y transformaciones sociales del Pais Vasco 1100/1850. Siglo XXI. 1974 - FUSI AIZPURÚA, Juan Pablo: El País Vasco. Autonomía. Revolución. Guerra Civil. 1931-1937. Biblioteca Nueva. 2002 - GARCÍA CAMINO, Iñaki: “La alta Edad Media en el Pais Vasco. Siglos VIII- X”. ”. Historia de Euskal Herria. II. lib. LUR. 2004 - GARCÍA FERNÁNDEZ, Ernesto: “Hiribilduen sorkuntza prozesuak eta herri eraketa (XI.-XV. mendeak)”. Euskal Herria. Historia. LUR. 1998 - GARTZIA, Pruden: Lazarraga, Ernazimendua euskaraz. Pamiela. 2005 - GONZÁLEZ, María Cruz: “Gizarte antolamendua” (antzin aroan). Euskal Herria. Historia. LUR. 1998 - GORROCHATEGI, Joaquín: “Hizkuntzaren egoera Antzin Aroan”. Euskal Herria. Historia. LUR. 1998 - GOYHENETCHE, Manex: Historia General del Pais Vasco. 3 lib. Ttartalo. 1999 - GOYHENETXE, Eukeni: Historia de Iparralde. Txertoa. 1985 - GRACIA CÁRCAMO, Juan: “Mendigos, bandoleros y otros marginados sociales”. Bizkaia 1789-1814. Bizkaiko Foru Aldundia. 1989 - IMIZCOZ BEUNZA, José María: “Erregimen zaharreko gizartea”. Euskal Herria. Historia. LUR. 1998 - LARRAÑAGA, Koldo: “Gogo moldeak eta bereziki erlijiozko sentimenarenak Antzin Aroan”. Euskal Herria. Historia. LUR. 1998 - LEMA PUEYO, José Ángel: “Arrantza”. “Eskulangintza XI. mendetik XV. mendera”. Euskal Herria. Historia. LUR. 1998 - MADARIAGA ORBEA, Juan: “Gizarte gatazkak XVI-XVIII. mende bitartean”. Euskal Herria. Historia. LUR. 1998 - MAÑARICUA, Andrés E.: Historiografía de Vizcaya. La Gran Enciclopedia Vasca. 1973 - MAÑARICUA, Andrés E.: Vizcaya, siglos VIII al XI. Los orígenes del Señorío. Caja de Ahorros Vizcaína. 1984 - MEAZA RODRIGUEZ, Guillermo: “Ingurune naturala”. Euskal Herria. Atlas historikoa. LUR. 1997 - MIRANDA GARCÍA, Fermín: “Nafarroaren eraketa”. Euskal Herria. Historia. LUR. 1998 - MONREAL, Gregorio: “Las instituciones vascas”. Cultura vasca I. Erein. 1977 204

- OLAIZOLA, Juan María de: El Reino de Navarra en la encrucijada de su Historia. El Protestantismo en el Pais Vasco. Pamiela. 1993 - ORTIZ DE URBINA ALAVA, Estibaliz: “Procesos culturales y estructuras de poblamiento en el primer milenio a.c. El Bronce final y la Edad del Hierro” eta “La actividad económica” (época romana)”. Historia del Pais Vasco. Prehistoria y Antigüedad. Hiria. 2006 - OTAZU Y LLANA, Alfonso: El igualitarismo vasco: mito y realidad. Txertoa. 1973 - PAUL ARZAK, Juan Ignacio: Historia del Pais Vasco. Luis Haranburu ed. 1991 - RIVERA, Antonio: “Barrualdeko probintzietako ekonomia: Araba eta Nafarroa”. Euskal Herria. Historia. LUR. 1998 - RUBIO POBES, Coro: “Ipar Euskal Herria XIX. mendean” eta “Iparraldea XX. mendean”. Euskal Herria. Historia. LUR. 1998 - SANTOS YANGUAS, Juan: “Euskal Herriko herriak eta hiriak Antzin Aroan”. Euskal Herria. Historia. LUR. 1998 - SANTOS YANGUAS, Juan: “El proceso de conquista”. Historia del Pais Vasco. Prehistoria y Antigüedad. Hiria. 2006 - TORREGARAY Pagola, Elena: “La Antigüedad Tardía en el País Vasco (siglos III-IV d. C)”. Historia del Pais Vasco. Prehistoria y Antigüedad. Hiria. 2006 - VILLA, Imanol: Historia breve del País Vasco. Sílex. 2006 - YRIZAR, Joaquín: Las casas vascas. Biblioteca Vascongada Villar. 1965 - ZABALA, Federico de: Historia del Pueblo Vasco. 3 lib. Auñamendi. 1971- 1973 - ZENBAITEN ARTEAN: Euskal Herriko baserriaren arkitektura. Historia eta tipologia. Eusko Jaurlaritza. 2002 - ZUAZO, Joseba: “Euskal Herriaren historia merkantilismoaren garaian”. Euskal Herriko historiari ekarpenak. GITE-IPES. 2011

205

AURKIBIDEA

Euskal Herriko Geografia 1 Paisaia 1 Erliebea 2 Hidrografia 3 Klima 3 Landaredia 5 Populazioa 7 Etxe itxurak 7

Historiaurrea 10 Behe Paleolito Aroa 10 Erdi Paleolito Aroa 11 Goi Paleolitoa Aroa 12 Goi Paleolito Aroko artea 14 Epipaleolito Aroa 16 Neolito Arotik Brontze Arora 17 Azken Brontzea eta Burdin Aroa 21

Antzinaroa 27 Herriak idaztietan 27 Erromatarren konkista 28 Erromatar administrazioa 29 Ekonomia erromatarra Euskal Herrian 31 Gizartea 35 Antzinaro berankorra 38 Sinesteak, erlijioa 40 Hizkuntza Antzinaroan 41

Goi Erdi Aroa 44 Europako testuingurua 44 Baskoiak bisigodoen kontra 44 Baskoiak frankoen kontra 45 Musulmanen kontra 49 Euskal Herria eta monarkia asturiarra 52 Economía eta gizartea Goi Erdi Aroan 53

Erdi Aro Klasikoa 59 Nafarroa 59 Araba 76 Bizkaia 79 Gipuzkoa 85 Ipar Euskal Herria 88 Bandoen arteko borrokak Euskal Herrian 91 Hiribilduak 98 Erdi Aroko demografia eta oinarri ekonomikoak 103 Nafarroa: azken krisia 111 206

Aro Modernoa 117 Barneko eta kanpoko Euskal Herria 117 Nafarroako erakundeen hispanizazioa 118 Sorginen kontrako prozesuak 120 Protestantismoa Euskal Herrian 122 Hego Euskal Herria Antzinako Erregimenean 126 Habsburgotarrak 126 Borboitarrak 127 Erregimen forala 133 Araba 137 Bizkaia 138 Gipuzkoa 139 Nafarroa 140 Zuberoa 141 Nafarroa Beherea 142 Lapurdi 142 Euskal Herriko ekonomia Aro Modernoan 143 Gizartea Aro Modernoan 148 Matxinadak 151 Kultura eta irakaskuntza 159 Ilustrazioa eta RSBAP 161 Frantziako Iraultza eta Euskal Herria 162 Ipar Euskal Herria 162 Hego Euskal Herria. Konbentzio Gerra 164

Aro Garaikidea 166 Napoleon penintsula iberiarrean 166 Gerra karlistak eta foruen arazoa 169 Lehen karlistaldia 171 Bigarren karlistaldia 177 Ipar Euskal Herria XIX. mendean 179 Hego Euskal Herriko ekonomia 183 Langile mugimendua eta euskal nazionalismoa 188 Ipar Euskal Herria XX. mendearen lehen zatian 190 Hego Euskal Herria. Errepublika eta autonomia 191